50. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18/2024 FORU DEKRETUA, otsailaren 21ekoa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2024ko Berdinna Saria Gizakien Salerosketaren Aurkako Ekintza Elkarteari ematen diona.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko Berdinna Sariaren xedea da nabarmentzea eta publikoki aintzatestea Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jarduna. Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez.

Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak azaroaren 10ean eman 136/2023 Foru Aginduaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2024ko Berdinna Sariaren deialdia egin zen eta hura emateko oinarriak ezarri ziren.

Jasotako hautagaitzen artean, saria emateko irizpideetan oinarritutako balorazioa egin ondoren, epaimahaiak aho batez proposatu du Gizakien Salerosketaren Aurkako Ekintza Elkarteari ematea saria, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen aritzeagatik, sexu-esplotazioa helburu duen emakumeen eta neskatoen salerosketa desagerrarazten laguntzeagatik eta gure erkidegoan zaurgarritasun-egoera, prostituzioa eta gizakien salerosketa pairatzen duten emakumeei laguntzeko sarean parte hartzeagatik; izan ere, Las Poderosas taldea parte-hartze eta eraldaketa pertsonal eta kolektiboko eredu bihurtu dute emakumeak ahalduntzeko arloan.

Berdintasunaren arloan etengabe eta irmoki egindako ekarpenagatik sari hau jasotzeko aintzat hartu diren merezimenduetatik honako hauek aipatu behar dira:

–Ibilbidea:

Gizakien Salerosketaren Aurkako Ekintza Elkartea irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, 2015ean Nafarroan jaio zena bi xede nagusirekin: batetik, sexu-esplotazioa helburu duen emakumeen eta neskatoen salerosketaren aurka borrokatzea tokiko, nazioko eta nazioarteko alderdietatik, eta bestetik, berdintasunaren aldeko balioak sustatzea, bide ematen dutenak pertsonen arteko harremanetan gizarte eta herritartasun osasuntsua lortzeko. Gaur egun, 100 boluntariok baino gehiagok osatzen dute.

–Garrantzia:

Elkartea, bere ibilbidean, nabarmendu da Nafarroan ezin konta ahala esku-hartze egiteagatik sentsibilizazioaren arloan eta prestakuntza emateagatik berdintasunaren arloan, indarkeriaren eta desberdintasunaren testuinguruan, hori baita prostituzioaren eta sexu-esplotazioa duen gizakien salerosketaren oinarria, hausnarketa egiteagatik genero-rolen inguruan eta maskulinitate osasungarriak sustatzeagatik. Haren webgunean eskuragarri dauden eta sarbide librekoak diren argitalpen batzuk nabarmenduko ditugu:

  • Gazteentzako tresnak, sexu-esplotazioa helburu duen emakumeen eta neskatoen salerosketa prebenitzeko. Harreman afektibo-sexual libre eta osasungarriak pertsona guztientzat (2016).
  • La trata de mujeres y niñas con fines de explotación sexual en Navarra (2017).
  • De cómo contamos la trata. Nafarroako komunikazioaren profesionalentzako gida, prestatu dena oinarri hartuta prostituzioaren eta gizakien salerosketaren pairatu dutenek eta kazetariek osatutako lantaldeak (2017).
  • Cuida tu espacio autodefentsa feministarako gida. Irma Estrada Silvak ("La Colocha") diseinatu eta irakasten duen metodologian oinarrituta dago (2019).
  • Libres para soñar. Suakairekin batera argitaratutako disko-liburua. Nafarroan bizi diren 13 emakume migraturen kontakizunak jasotzen ditu, bai eta Las Poderosas kolektiboak sortutako eta interpretatutako 5 abesti ere (2021).
  • Guía Las Poderosas. Indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakume migratzaileekin izandako esperientziak (2021).

–Gizakien Salerosketaren Aurkako Ekintza Elkarteak eta Las Poderosasek sortutako beste ekimen garrantzitsu batzuk:

  • "We have a dream" dokumentala (Badugu amets bat), Las Poderosasekin eta En Buen Sitio Producciones-ekin elkarlanean sortua 2019an.
  • Edo #metachodemacho sentsibilizazio kanpaina, lehen aldiz 2017an plazaratua, non Nafarroan ezagunak diren gizon batzuek parte hartu baitzuten ikasitako rolen inguruan hausnartzeko.

–Nafarroako Foru Komunitatean duen eragina eta oihartzuna:

Gizakien Salerosketaren Aurkako Ekintza Elkartea erakunde garrantzitsuenetako bat izan da Nafarroan prostituzioa eta gizakien salerosketa pairatzen duten emakumeei laguntzeko. Zerbitzu horren ondorioz, Las Poderosas taldea sortu zen, 10 nazionalitatetako 50 emakume baino gehiago biltzen dituena. Parte hartzeko prozesu eredugarri batekin, helburu du norbera, taldea, komunitatea eta gizartea eraldatzea eta lagun egiteko, ikusarazteko eta sentsibilizatzeko tresnak eskaintzea.

Berdinna Sariaren bidez, halaber, erakundeari aitortu nahi zaio Nafarroan zaurgarritasun-egoera, prostituzioa eta gizakien salerosketa pairatzen duten emakumeei ("ahaztuetan ahaztuak") laguntzeko sare bat sortzeko egindako lana, bideak ezarri baititu sostengua emateko, kasuak dagokionari bideratzeko eta hobekuntzak batera garatzeko. Era berean, nabarmentzekoa da 100 boluntariotik gorako inplikazioa. Adin desberdinetako emakume eta gizonak dira, entitate hori balio handiko giza kapitalaz hornitzen dutenak eta gizarte-inklusioan eredugarriak direnak. Bestalde, nabarmena da emakume horien bozgorailu-lana, batzuetan horretarako modurik ez dutenen izenean egindakoa, bai eta mundua aldatzeko, giza eskubideak defendatzeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurka borrokatzeko gogoa ere.

Gizakien Salerosketaren Aurkako Ekintza Elkartea, azken batean, Nafarroan berdintasuna sustatzen duen erakundea da, eta sari hau merezi du.

Hori horrela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko otsailaren hogeita batean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Gizakien Salerosketaren Aurkako Ekintza Elkarteari ematea 2024ko Berdinna Saria.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2024ko otsailaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2403207