50. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

24/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez hautatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko NPEaren Plan Estrategikoaren esparruan landa garapeneko zuzeneko ordainketak eta urteroko ordainketa jakin batzuk jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasun indartuaren alorra kontrolatzeko eskumena izanen duten agintaritzak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren bidez, Europar Batasuneko estatuek nekazaritza politika erkidearen esparruan sortu beharreko plan estrategikoei (NPEaren plan estrategikoak) laguntzeko arauak ezartzen dira. Laguntza horiek Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) ematen dituzte. Aipatu erregelamenduaren bidez, halaber, indargabetu egiten dira 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak, eta egungo baldintzazkotasuna ezartzen da, baita NPEaren plan estrategikoen esparruan baldintzazkotasun indartuari eta baldintzazkotasun sozialari dagokionez aplikatu beharreko Kudeaketarako Lege Betebeharrak (KLB) eta Nekazaritza eta Ingurumen Baldintza Egokiak (NIBE) ere.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduak, nekazaritza politika erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoak, 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du eta ezartzen du zein den laguntzen onuradunei aplikatu beharreko penalizazio sistema, baldintzazkotasun indartuaren eta baldintzazkotasun sozialaren sistemari dagozkion betebeharrak betetzen ez dituztenean.

Horiek horrela, onetsi egin zen 1049/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, zeinaren bidez ezartzen baitira baldintzazkotasun indartua eta baldintzazkotasun soziala aplikatzeko arauak, betebehar horiek baitituzte nekazaritza politika erkidearen esparruko laguntzen onuradunek, baldin eta zuzeneko ordainketak jasotzen badituzte, edo urteroko ordainketa jakin batzuk, landa garapenekoak eta Urruntasunagatiko eta Uhartetasunagatiko Aukera Espezifikoen Programaren esparrukoak. Errege dekretu horrek baldintzazkotasun indartuari eta baldintzazkotasun sozialari buruzko oinarrizko araudia osatzen du, eta prozedurak ezartzen ditu erakunde ordaintzaileek penalizazioak aplika ditzaten, betiere oinarri izanik kontroletan atzemandako ez-betetzeei buruz kontrol erakunde arduradunek eginiko txostenak.

Abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluan jasotzen da autonomia-erkidegoak izanen direla, haien lurralde-eremuan, kontrola eta kudeaketa egiteko agintaritzak. Halaber, eta Estatuko Administrazio Orokorrarenak diren eskumenak eragotzi gabe, ezartzen du autonomia-erkidegoek hautatuko dituztela kontrol erakunde espezializatuak, baldintzazkotasun indartuari dagozkion betebeharrak aztertzen direla bermatzeko. Horrez gain, aukera ematen du erakunde ordaintzaileari egozteko baldintzazkotasun indartuaren sistemari dagozkion betebehar guztiak edo batzuk kontrolatzeko ardura.

Baldintzazkotasuna kontrolatzeko sistema nekazaritzako politika bateratuaren esparru berrira egokitzeko, bidezkoa da, horrenbestez, eskudun diren organoak izendatzea Nafarroako Foru Komunitatean baldintzazkotasun indartuaren esparruan kontrol eginkizunak betetzeko.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Baldintzazkotasun indartuaren esparrua kontrolatzeko agintaritza eskudunak.

1. NEParen esparruan landa garapeneko zuzeneko ordainketak eta urteroko ordainketa jakin batzuk jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasun indartuaren alorra kontrolatzeko eskumena izanen dute honako agintaritza hauek:

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, Nafarroako Foru Komunitatearen erakunde ordaintzaile gisa.

–Abeltzaintza Zerbitzua, kontrol organo espezializatu gisa.

2. Organo horiek izanen direnez kontrol agintaritza eskudunak, kontrolerako laginak hautatuko dituzte, haien ardurakoak diren kontrolak, betebeharrak edo arauak ezarriko dituzte, kontrol txostenak eginen dituzte eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 eta 2021/2016 (EB) erregelamenduek zein abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuak ezarritako beste edozein funtzio gauzatuko dute.

3. Kontrol agintaritza eskudun bakoitza foru agindu honen eranskinean zehazten diren betebehar edo arauez arduratuko da.

2. artikulua. Baldintzazkotasun indartuaren koordinazio agintaritza.

1. Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzua izanen da Nafarroako Foru Komunitatean baldintzazkotasun indartuaren kontrolak koordinatzeaz arduratuko den agintaritza.

2. Koordinazio agintaritzak emanen die kontrol erakunde espezializatuei kontrolak egiteko behar duten informazioa, kontrol erakunde espezializatuen kontrol txostenak jasoko ditu, kontrolen foru plana eginen du, penalizazioak kalkulatu eta proposatuko ditu eta baldintzazkotasuna betetzen den kontrolatzeko ezarritako sistemak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko beste edozein eginkizun beteko du.

3. artikulua. Baldintzazkotasun indartuaren esparruan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren funtzioak.

Kontrol agintaritza gisa berezko dituen eginkizunez gain, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Depar­tamentuak ondoko eginkizun hauek ere izanen ditu, erakunde ordaintzailea den aldetik:

a) Nekazariei ematea baldintzazkotasun indartuari dagozkion betebeharren zerrenda, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren 3. artikuluan jasota dagoena, hain zuzen ere.

b) Sistema bat ezartzea, baldintzazkotasun indartua(ren) betetzea eraginkortasunez kontrolatzen dela bermatzeko, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

c) Kontrolen foru plana onestea.

d) Laguntzak murriztu eta kentzeko ebazpenak ematea eta betearaztea.

e) Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa erakunde autonomoari bidaltzea, irailaren 30a baino lehen, aurreko urteari dagokion txosten bat, zeinak kontrol erakunde espezializatuek, eta, hala badagokio, kontrolak egiten dituzten erakunde ordaintzaileek eginiko baldintzazkotasun kontrolen emaitzak jasoko baititu, aplikatutako murrizketak eta kentzeak barne hartuta.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Baldintzazkotasun arauak indargabetzea.

Indargabetzen da Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren otsailaren 20ko 63/2015 Foru Agindua. Agindu horren bidez, agintaritza eskudunak izendatu ziren nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak, landa garapenerako laguntzak eta mahastizaintzaren sektorerako laguntzak emateko baldintzak kontrolatzeko.

Edonola ere, aplikatzekoa izaten jarraituko du Landa Garapen, Industria eta Toki Administrazioko kontseilariak emandako martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren 1. artikuluko 2. apartatuko b) eta c) letretan jasotako laguntzen eskatzaileentzat (foru agindu horrek ordainketa zuzenak, landa garapenerako urteko zenbait prima edo mahastizaintzaren sektorearen aldeko zenbait programarengatik egiten diren ordainketak jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasun arauak ezartzen ditu).

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko otsailaren 21ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

ERANSKINA.–BALDINTZAZKOTASUN INDARTUA KONTROLATZEKO ESKUDUN DIREN AGINTARITZEN ARDURAPEKO BETEBEHARRAK EDO ARAUAK

1. Abeltzaintza Zerbitzua:

a) Kudeaketarako Lege Betebeharrak (KLB).

–5. KLB: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 28ko 178/2002 (EE) Erregelamendua, Elikagaiei buruzko legeen printzipio eta betekizun orokorrak ezartzen dituena, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritza sortzen duena eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen dituena, abeltzaintzako ekoizpenarekin ikustekoa duten betebeharrei dagokienez.

–6. KLB: Kontseiluaren 1996ko apirilaren 29ko 96/22/EE Zuzentaraua, ondorio hormonalak eta tireostatikoak dituzten substantzia jakin batzuk eta β-agonistak aziendaren hazkuntzan erabiltzea debekatzen duena eta 81/602/EEE, 88/146/EEE eta 88/299/EEE zuzentarauak indargabetzen dituena.

–9. KLB: Kontseiluaren 2008/119/EE Zuzentaraua, 2008ko abenduaren 18koa, Txahalak babesteko gutxieneko neurriei buruzkoa.

–10. KLB: Kontseiluaren 2008/120/EE Zuzentaraua, 1991ko abenduaren 18koa, Zerriak babesteko gutxieneko neurriei buruzkoa.

–11. KLB: Kontseiluaren 1998ko uztailaren 20ko 98/58/EE Zuzentaraua, Abeltegietan abereak babesteari buruzkoa.

2. Erakunde ordaintzaileak (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua) eskumena izanen du honako hauek guztiak aztertzeko eta betetzen direla ziurtatzeko: ingurumenari, klima-aldaketari eta lurraren nekazaritzarako baldintza onei dagozkien arau eta betebehar guztiak, bai eta Abeltzaintza Zerbitzuaren ardurakoak ez diren osasun publikoaren, animalien osasunaren eta landare osasunaren kudeaketa arloko legezko betebeharrak ere.

Antolaketa egituraren eta eskumenen esparru material eta funtzionalaren arabera dagokion zerbitzu edo atalak egiaztatuko du erakunde ordaintzailearen (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua) eskumenekoak diren betebehar edo arauetatik datozen beharkizunak betetzen direla. Honela eginen da egiaztapen hori:

2.1. Ikuskapenen Atala:

Nekazaritza eta Ingurumen Baldintza Egoki (NIBE) guztien arau guztiak, 10. NIBEa (Ongarritze jasangarria) izan ezik; horretan, B10.3 arauaz (Simaurrak eta mindak aplikatzea) arduratuko da, lurzatietan egiaztatzeari dagokionez.

Honako hauei dagozkien Kudeaketarako Lege Betebeharrak (KLB):

–1. KLB: uren politika. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentaraua, Uren politiken arloan jarduteko esparrua ezartzen duena Europar Batasunean.

–2. KLB: nitrato kutsaduragatik kalteberak diren eremuetan jarduteko programa. Lurzatietan egiaztatzen ahal diren betebehar guztiak, eta 2.4 B, abeltzaintza instalazioei dagokienez.

–3. KLB: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentaraua, Basa hegaztien kontserbazioari buruzkoa.

–4. KLB: Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentaraua, 1992ko maiatzaren 21ekoa, Natur Habitatak eta Basa Fauna eta Flora Zaintzeari buruzkoa.

2.2. Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala:

a) Nekazaritza eta ingurumen arloko baldintza egokien eremua: 10. NIBEaren (Ongarritze jasangarria) arauak ustiategietan egiaztatzen dira.

b) Honako hauei dagozkien Kudeaketarako Lege Betebeharrak (KLB):

–2. KLB: nitrato kutsaduragatik kalteberak diren eremuetan jarduteko programa. Nekazaritza-ustiategietan egiaztatzen diren betebehar guztiak.

–5. KLB: Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 28an emandako 178/2002 (EE) Erregelamendua, Elikagaiei buruzko legeen printzipio eta betekizun orokorrak ezarri, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen dituena, nekazaritzako ekoizpenarekin ikustekoa duten betebeharrei dagokienez.

–7. KLB: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1107/2009 (EE) Erregelamendua, Produktu fitosanitarioak merkaturatzeari buruzkoa eta Kontseiluaren 79/117/EEE eta 91/414/EEE zuzentarauak indargabetzen dituena.

–8. KLB: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 2009/128/EE Zuzentaraua, Pestiziden erabilera jasangarria lortzeko erkidegoko jarduera-esparrua ezartzen duena.

Iragarkiaren kodea: F2403418