Iragarkia
5. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1034E/2023 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Murieta udalerrian, Canteras y Hormigones VRE, S.A. enpresak sustatuta, "Zorkuna" kareharrizko harrobiko ezpondak egonkortzeko handitze proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena. Proiektua ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean dago jasota, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ohiko ebaluazioa behar du.
"Zorkuna" harrobia ustiatzeko egun abian dagoen proiektuak ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena dauka, Ingurumeneko zuzendari nagusiak martxoaren 23ko 717/2006 Ebazpenaren bidez emanda. Izapidetzen den proiektuaren xedea meatze-ustiategia aldatzea da, konfigurazio egonkorragoa eta seguruagoa lortzeko. Aldaketa honako honetan datza: ustiapenaren egungo aurrealdea atzera eramatea, eta haren amaierako topografia azterketa geoteknikoan ezarritako baldintzetara egokitzea, segurtasuna bermatzeko gutxieneko baldintzak diren aldetik. Aurrealdea atzera eramateak berekin dakar harrobiaren eraginpeko azalera handitzea.
21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Canteras y Hormigones VRE,S.A. enpresak 2022ko apirilaren 12an aurkeztu zizkion bai proiektua, bai ingurumen inpaktuaren azterketa eta bai lehengoratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 30 egun balioduneko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (171. zenbakia, 2022ko abuztuaren 29an) horren inguruko iragarkia argitaratu ondoren. Izan ere, hala egitea agintzen dute Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eta Erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek eragindako eremua babesteari eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.
Proiektuak eragiten dien administrazioei kontsultak egiteko izapidean (21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutako izapidea), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostenak jaso ditu, Biodibertsitatearen Zerbitzuak eta Lurralde Antolamenduaren Zuzendaritza Nagusiak igorritakoak. Horien laburpena ebazpen honen II. eranskinean jaso da.
2022ko azaroaren 30ean, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren ohiko ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, eta, gero, Biodibertsitatearen Zerbitzura igorri zen espedienteko dokumentazio guztiarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.
Proiektuaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean jaso da. Ingurumen inpaktuaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da), proiektuak ingurumenean izanen dituen eragin nagusiak egoki aztertzen dira, eta ingurumenean inpaktu nabarmenik ez sortzea bermatzeko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen dira.
Aipatu behar da proiektuaren helburua dela lehendik dagoen harrobi bat azterketa geoteknikoan zehaztutako egonkortasun- eta segurtasun-baldintzetara egokitzea; aipatu beharrekoa da, halaber, harrobi horrek jada baduela ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena. Helburu horretarako bideragarritzat hautatu den aukerak oihanpe trinkoa duen artadi batek okupatutako 2,3 hektareako baso bati eragiten dio, harrobiak jada eragiten dionaren antzekoa, eta ez die kalterik eragiten espezie katalogatuei edo interesekoei. Proiektua Natura 2000 Saretik eta Nafarroako Naturagune Babestuen Saretik kanpo garatuko da.
Kontuan hartuta artadi horren azalera osoa, eraginpeko eremuaren egoera marjinala, dauden aukerak eta helburu nagusia segurtasun-baldintzak betetzea dela, uste da ingurumen inpaktu hori bateragarria dela, betiere babes eta zuzenketa neurri egokiak hartzen badira bermatzeko ahalik eta eremu txikienari eraginen diola eta eremu hori pixkanaka lehengoratuko eginen dela.
Ingurumen Eraginaren Atalak egindako txostenean adierazi du izapidetu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatu du proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen baitu ingurumenaren aldetik, eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ditu.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen inpaktuaren ohiko ebaluazioaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Murieta udalerrian, Canteras y Hormigones VRE, S.A. enpresak sustatuta, "Zorkuna" kareharrizko harrobiko ezpondak egonkortzeko handitze proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena ematea. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzekin bat etorriz eginen da jarduera, eta, horrez gain, honako hauek ere beteko dira:
A) Erauzketa jardueraren jarduketa eremuak ondoko perimetroa izanen du (UTM ETRS89 koordenatuak):
UTM X | UTM Y | |
1 | 569.090 | 4.724.188 |
2 | 569065 | 4724152 |
3 | 569005 | 4724143 |
4 | 568964 | 4724189 |
5 | 568945 | 4724249 |
6 | 568956 | 4724285 |
7 | 568977 | 4724338 |
8 | 568996 | 4724401 |
9 | 569034 | 4724455 |
10 | 569067 | 4724493 |
11 | 569084 | 4724494 |
12 | 569099 | 4724547 |
13 | 569119 | 4724583 |
14 | 569123 | 4724607 |
15 | 569101 | 4724627 |
16 | 569098 | 4724667 |
17 | 569127 | 4724745 |
18 | 569177 | 4724799 |
19 | 569234 | 4724799 |
20 | 569271 | 4724791 |
21 | 569309 | 4724764 |
22 | 569360 | 4724721 |
23 | 569391 | 4724672 |
24 | 569396 | 4724636 |
25 | 569365 | 4724593 |
26 | 569334 | 4724551 |
27 | 569306 | 4724513 |
28 | 569229 | 4724407 |
29 | 569189 | 4724364 |
30 | 569188 | 4724350 |
31 | 569171 | 4724332 |
32 | 569143 | 4724318 |
33 | 569124 | 4724318 |
34 | 569102 | 4724304 |
35 | 569092 | 4724304 |
36 | 569091 | 4724261 |
37 | 569096 | 4724242 |
38 | 569108 | 4724235 |
39 | 569113 | 4724223 |
40 | 569132 | 4724209 |
41 | 569106 | 4724191 |
Muga hori lurrean finko paratuko diren mugarrien bidez seinalatuko da.
B) Proiektuak hartzen duen eremuak, iparraldean, Natura 2000 Sareko "Lokiz mendilerroa" Kontserbazio Bereziko Eremuarekin egiten du muga. Harrobiaren mugaren eta KBEaren artean 10 metroko tarte bat errespetatu behar da, eta argi eta garbi balizatuko da lurrean. Lur zerrenda horretan ez da harrobiarekin zerikusia duen eragiketarik eginen, makinen pasabidea eta pilaketak barne.
C) Onura publikoko mendia okupatzeari dagokionez, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/90 Foru Legearen 29. artikuluarekin eta Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren 50. artikuluarekin bat etorriz izapidetutako espedientearen ebazpenean Baso eta Ehiza Zerbitzuak ezartzen duenari jarraituko zaio.
D) Eraginpeko eremuaren perimetroan aurretiaz egin beharreko zuinketa/balizatze lanetarako eta, beharrezko bada, zuhaitzen mozketa egiteko, Basozainei deituko zaie (Lizarra iparraldea lurralde mugapekoak), lanok gainbegira ditzaten lekuan bertan.
E) Proiektuak Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena behar du, aztarnategi arkeologikorik ez dela ukituko azalduz.
F) Ukituko diren azalera berrien landare lur guztia desugertu eginen da eta metatu eginen da aurrerago lehengoratzean erabiltzeko. Behar bezala bereizi behar dira gai antzuak eta landare lurrak. Lurrak ordeztean landare lurrak erabiliko dira azaleko geruzetan, eta beste gai antzu batzuk betelan lanetan. Landare lurren pilak ez dira beste lur batzuekin nahasiko.
G) Landaketaren ondoko hiru urteetan hutsarteak beteko dira eta tubex motako babesgailuak izanen dituzte proiektatutako landaketa guztietan.
H) Lehengoratzea modu mailakatuan eta beheranzkoan eginen da, ustiapena egiten den aldi berean, faseen araberako planari jarraituz.
I) Proiektatutako landaketari garrigaren baso orlako beste espezie batzuk gehitu beharko zaizkio, haren aniztasuna eta errotzeko aukerak hobetzeko. Honako hauek erabiltzea gomendatzen da: Acer monspessulanum, Acer campestre, Juniperus oxycedrus eta Viburnum tinus.
J) Proiektatutako lehengoratze lanak hobetzeko, harrobiko eremuaren eta bermeen betetze bolumena handitzen ahalko da, kanpotik ekarritako hondeaketa lur eta harri garbiekin. Laborantzarako egokia den landare lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betelanaren azaleko geruzetarako erabiliko da.
K) Kanpoko hondeaketa lurrak harrobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).
L) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:
–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.
–Ustiategiko eremuaren barnean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.
–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.
2. Proiektuaren lehengoratze planari buruzko aldeko txostena ematen da, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onar dezan, Erauzketa industrien hondakinak kudeatu eta meategiko jarduerek eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Egokitzat jotzen da 171.114 euroko abala jarri behar izatea lehengoratze plana beteko dela bermatzeko, legar hobirako baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Baso eta Ehiza Zerbitzuari, Basozainei (Lizarra iparraldea lurralde mugapekoak), Murietako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abenduaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Proiektuaren xedea meatze-ustiategia aldatzea da, konfigurazio egonkorragoa eta seguruagoa lortzeko. Aldaketa honako honetan datza: ustiapenaren egungo aurrealdea atzera eramatea, eta haren amaierako topografia azterketa geoteknikoan ezarritako baldintzetara egokitzea, segurtasuna bermatzeko gutxieneko baldintzak diren aldetik. Aurrealdea atzera eramateak berekin dakar harrobiaren eraginpeko azalera handitzea.
Proiektuak zuzenean eragiten dion eremuak 23.647 m² hartzen ditu harrobiaren ipar-ekialdean, Murieta udalerriko 1. poligonoko 302. lursailaren barruan, "Mendia" esaten dioten inguruan. Harrobiak eragiten dion azalera osoa, proiektuaren zabaltze eremua barne, 133.090 m² da. Harrobirako sarbidea Murietatik abiatzen den bide batetik egiten da, 1.000 metro inguruko distantziara.
25 urteko denbora muga eta urteko 75.000 m³-ko aprobetxamendu-bolumena aurreikusten da, guztira 1.875.000 m³-ko ustiapen bolumenerako. Beste bi urte behar izanen dira lehengoratze lanak bukatzeko. Hondakin ez-erabilgarrien bolumena % 20 izanen dela kalkulatzen da.
Ustiaketan, bankuek 20 metroko altuera izanen dute, 555 eta 655 metro arteko kotakoak eta 15 metroko berma zabalerakoak. Ustiategiaren ezpondak 64°-ko angelua izanen du. Ustiapena beheranzkoa izanen da, eta horrek pixkanaka lehengoratzea erraztuko du. Lehengoratzean, bankuak 10 metroko altuerakoak izanen dira, 5 metroko bermakoak.
Proiektuak hartzen duen eremuak, iparraldean, Natura 2000 Sareko "Lokiz Mendilerroa" Kontserbazio Bereziko Eremuarekin egiten du muga, baina handik kanpo garatzen da. Ekialdetik, 13,2 kv-ko linea elektriko batek mugatzen du. KBEari kalterik ez eragiteko 10 metroko tarte bat utzi da, eta 15 metrokoa linea elektrikoari dagokionez.
Ustiatze lanei ekiteko, lehendabizi, landaredia moztu eta belar-sastrakak garbitu eginen dira, eta aprobetxagarria ez den 2,5 metroko desugerketa potentziala kalkulatu da (lur eta arroka meteorizatuak). Horrenbestez, desugertu beharreko bolumenak 59.123,85 m³ eginen luke. Lur horiek mendebaldeko sarbide pistarako behar den egokitzapenean eta ustiategiko beste eremu batzuk lehengoratzean erabiliko dira. Gero, zulaketa eta leherketa eginen dira. Eta azkenik, zatikatutako materiala hondeagailu hidraulikoaren bidez kargatu, eta kamioietan garraiatuko da harrobian bertan dauden tratamendurako instalazioetara. Ustiaketa eta lehengoratzea 7 fasetan proiektatu dira. Lehenengo biak sarbideak prestatzeko, belar-sastrakak garbitzeko, soiltzeko eta lanerako plataformak egokitzeko izanen dira. Gainerako bost faseak beheranzko ustiapenari dagozkio, eta adierazitako amaierako topografia eratzen dute.
Aurkeztutako lehengoratze planak, lehenik eta behin, lurraren erregulazioa jasotzen du, eta banku bakoitzaren azken konfigurazioa lortu ondoren eginen da. Behin hori egindakoan, lurra prestatuko da, gai antzuak eta landare lurra zabalduz. Eta azkenik, landareztatu eginen da, landare belarkarak eta zurkarak ereinez, bai eta, geroago, Quercus ilex eta Arbutus unedo zuhaitzak landatuz. Zuhaixkak landatzea ere aurreikusten da, hala nola Arctostahyllos uva ursi, Thymus vulgaris eta Buxus sempervirens. Planak bere baitan hartzen du, halaber, instalazioak bota eta kentzea. Azaldutako lehengoratze proiektuaren aurrekontua 171.114 eurokoa da.
II. ERANSKINA.–INGURUMEN INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA
Ingurumen inpaktuaren azterketan ingurune hauen inbentarioa egin da: fisikoa, biotikoa, pertzeptuala, sozioekonomikoa eta kulturala, barne direla geologia, klimatologia, edafologia, topografia, airearen kalitatea, inpaktu akustikoa, lur azaleko zein azpiko hidrologia, landaredia, fauna, paisaia, erabilerak eta laborantza, kultura ondarea, azpiegiturak eta ingurune sozioekonomikoa. Eranskin gisa, paisaia inpaktuari, landarediari, habitatei eta Natura 2000 Sarean duen eraginari buruzko azterlan berariazkoak sartu dira.
Ustiaketarako 6 aukera eta sarbiderako 2 aukera (horietako batek garatzeko bi aukera ditu) identifikatu eta ebaluatu dira. Proiektuaren diseinuak hautemandako problematikari (aurrealdearen egonkortasunari) irtenbidea ematen dioten jarduketa aukera eta sarbideak jasotzen ditu, helburutzat hartuta ahalik eta azalera gutxien hartzea jarduketen ondorioz. Beheranzko ustiapena eginen da eta lehengoratze lanak mailakatuak izanen dira; jarduteko metodo horrek paisaiaren integrazioa eta landareztatzea lehenengo faseetatik erraztuko du.
Proiektatutako aldaketak zuzenean eragiten dion lursailean artadi bat dago:Quercus ilex ssp. ballota, oihanpe ugarirekin(Buxus sempervirens,Juniperus oxycedrusetaArbutus unedo), besteak beste. Artadi horrek, iparraldean, Natura 2000 Sareko "Lokiz Mendilerroa" Kontserbazio Bereziko Eremuarekin egiten du muga, baina proiektua handik kanpo garatuko da. KBE horri kalterik ez eragiteko 10 metroko tarte bat utzi da.
Proiektuaren eremuak hartuko duen ingurunea azterturik, ingurumen inpaktuaren ebaluazioak (IIE) analizatu eta baloratu egiten du proiektatutako ustiategiak ingurunean izanen duen eragina. Laburbilduz, 29 inpaktu identifikatu dira guztira, eta inpaktu larritzat, arintzat edo bateragarritzat hartu dira. Inpaktu larrien artean, nabarmentzekoa da proiektuak jasotzen duen erauzketa jarduerak berak, bere izaeragatik, geologian, lurzoruan eta landaredian eragindakoa. Inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da. Proiektuan, ez da inpaktu kritikoko ekintzarik identifikatzen.
III. ERANSKINA.–PROIEKTUAK ERAGITEN DIEN ADMINISTRAZIOEI EGINDAKO KONTSULTEN IZAPIDEAN JASOTAKO TXOSTENEN LABURPENA
Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du aurkeztutako dokumentazioak 21/2013 Legearen 35. artikuluan adierazitako edukia jasotzen duela, eta jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidea amaitu eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu ondoren, espedientearen azterketa teknikoa eginen dela 21/2013 Legearen 40. artikuluari jarraituz, ingurumen inpaktuaren adierazpena egite aldera.
Onura publikoko mendien gaineko eraginari dagokionez, adierazi da, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparruan, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea aplikatu behar dela, 29. artikuluan onura publikoko mendien okupazioa arautzen baitu. Horren ondorioz, eta Mendien Erregelamendua onestuen duen 59/1992 Foru Dekretuaren 29.3 artikuluan eta 50. artikuluan xedatutakoak aplikatuz, sustatzaileak, IIE prozedurarekin batera, Onura publikoko mendiaren okupazioa tramitatu beharko du. Horretarako, "EPM okupazioa" izeneko separata bat (horri buruzko arauzko dokumentazioa barne) aurkeztu behar du Oihanak Kudeatzeko Atalean, han izapidetu dezaten.
Lurraldearen Antolamenduaren Atalak honako hau jakinarazi du:
–Harrobiaren eremuak iparraldean Lokiz mendilerroarekin (KBE) egiten du muga. Jarduera herri lurrean garatzen da.
–Eremua ez dago Lurralde Antolamenduko Planak (LAP 4) ezartzen dituen Babes Bereziko Eremuetan, ez eta planean arrisku naturalak izan ditzaketen eremutzat adierazitako zonetan ere; beraz, jarduketa bateragarria da LAPean jasotako lurralde garapeneko ereduarekin.
–Murietako Udal Planaren arabera, harrobiaren eremua eta handitzea proposatzen den inguruko lurra lurzoru urbanizaezin orokor eta baso lurzoru gisa sailkatuta daude. Hirigintzako araudiak, muga batzuekin, 10/94 FLn xedatutako arauak (34. artikulua eta 31. artikulua) aplikatzera jotzen du; erregimen horretan, harrobiak baimendu daitezkeen eraikuntzaz kanpoko jardueren artean sartzen dira bi kategorietan.
–Ingurumen arloko organoak dagokion baimen izapidean baloratuko ditu esku hartzearen ingurumen tratamendua eta paisaia integrazioa.
–1/2017 FLDren 110. artikuluan xedatutakoari jarraituz, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren eta erabileren baimena lortu beharko da, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. eta 118. artikuluetan araututako prozedura bete behar da.
–Baimenaren espedientea izapidetzen den bitartean, kasuan-kasuan izapidetzen dena, egin nahi den jarduketa baldintzatzen ahal duten eragin sektorialei buruzko txostenak eskatuko zaizkie organo eskudunei.
–Horrez gain, legeria sektorialari dagokionez, pertsona edo erakunde sustatzaileak administrazio publikoetako edo erakundeetako beste organo batzuen beharrezko baimen guztiak eskuratu behar ditu.
Iragarkiaren kodea: F2317455
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
