1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
357/2023 FORU AGINDUA, abenduaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, gutxieneko eta funtsezko laguntza-zerbitzuak arautzen dituena ANFAS erakundearen zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonentzat.
Nerea Berruezo, Iñigo Asensio, Leyre Merino, Marina Ramirez, Natividad Castañeda, Laura Rincón, Izaskun Arriarán eta María Asensio jaun-andreek, ANFASeko ELA eta LAB sindikatuen enpresa-batzordeko kideak diren aldetik, jakinarazi dute greba-deialdia egin dutela ANFAS erakundean 2023ko abenduaren 20rako, 08:00etatik 20:00etara, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuan erregistratutako idazkiaren bidez.
Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.
Desgaitasuna, mendekotasuna eta/edo nahasmendu mentala duten pertsonentzako egoitzak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke. Egoitza horiek beren instalazioetan egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsona kalteberak hartzen dituzte. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, hori gabe kalte larriak izaten ahal baitituzte osasunean.
Greba-deialdiaren aurrean, desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko pisuetako egoitza-zerbitzua ezin da guztiz geldituta egon. Argi dago kasu hau funtsezko zerbitzua dela komunitatearentzat, zeren, zerbitzu horren hartzaileen ezaugarriak kontuan hartuta –gaixotasun mentala duten pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak eta/edo mendetasun-egoeran dauden pertsonak–, larritasun bereziko zirkunstantziak daudela ikusi behar da. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta botere publikoek babestu behar dituzte, izatez, gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.
Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu, eta erabiltzaileen ongizate pertsonala babesteko eskubidea bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 28., 49. eta 50. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.
Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateak hartua du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluaren arabera.
Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, aintzat hartu dira egoiliarrek greba orduetan behar dituzten zerbitzuak eta arreta, kontuan harturik, betiere, beraien autonomia maila eta behar duten laguntza, egiten diren jarduerak, langileek esleituta dituzten eginkizunak, eta zentroko egoiliarrek hartzen dituzten zerbitzuak.
ANFAS erakundeak kudeatzen dituen pisuetako egoitza-zerbitzuetarako finkatu diren gutxieneko zerbitzuetan, zerbitzua eguneko 24 orduetan eman behar da, sukalde-zerbitzua bermatu behar da, eta gutxienez profesional batek egon behar du, dela langile koordinatzaileak, dela zaintzaileak, zerbitzuaren arretako 24 orduak betetzeko.
Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1.–2023ko abenduaren 20rako 08:00etatik 20:00etara deitutako greba dela-eta, grebarako eskubidea baliatzean gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira grebaren xede den eremuan:
Egoitza-zerbitzuko pisu guztietan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.
Hori helburu, zerbitzu hori ematen dela bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe ezarri da:
Jaiegunetarako aurreikusitako zuzeneko arretako langileak, baldin eta deialdiaren lanaldiei zegozkienak baino langile gehiago ez badira. Gutxienez, zuzeneko arretako profesional batek izan beharko du (koordinatzailea edo zaintzailea).
2.–Aurreko zenbakian adierazitako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.
Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.
3.–Foru agindu hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, ELA eta LAB sindikatuei, greba-batzordearen ordezkariak diren aldetik, ELA sindikatuaren egoitzan (Iturralde y Suit z.g. 31004 Iruñea), hura baita helbidea jakinarazpen ondorioetarako, bai eta ANFAS erakundeari ere.
4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2023ko abenduaren 15ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2317801