47. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak departamentu honen eskumeneko esparruan, ikusirik Zizur Nagusiko Camino de Santiago, Catalina de Foix eta Erreniega Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan 2024ko otsailaren 19, 20, 21 eta 22rako eskola jantokietan iragarritako greba deialdia.

AUZO LAGUN S. COOP. enpresako langileen plantillako gehiengoaren akordio espresu bidez, greba deialdia egin da 2024ko otsailaren 19, 20, 21 eta 22rako, 12:15etik 15:15era bitarte, Zizur Nagusiko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko diren Camino de Santiago, Catalina de Foix eta Erreniega ikastetxeetako eskola jantokietan.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen grebarako eskubideak bateragarria izan behar du gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Konstituzio Auzitegiak zenbait adierazpen egin ditu grebetan gutxieneko zerbitzuak finkatzeari dagokionez. Adierazpen horietatik ondorioztatzen da ezen, oinarrizko zerbitzuak emateko bermeak grebarako eskubidea egikaritzeko mugapena dakarrenez, beharrezkoa eta ezinbestekoa dela tartean diren interesen arteko haztapena ezartzea. Horretarako, zerbitzua ziurtatzeak elkarren aurka jarritako eskubideak koordinatzearen ondoriozko beharrezko berme izan behar du, ulertuta greban parte hartuko duten pertsonen eskubidea mugatu beharko dela baldin eta, greba baten bitartez beren interesen defentsa egikaritzeak oinarrizko zerbitzua emateari lotutako eskubidearen titularrei nahiz hartzaileei kalte are larriagoa eragiten badie edota eragiten ahal badie. Hori dela-eta, aurrez azaldutakoarekin bat, eta hizpide den greba deialdia medio, grebaren ezaugarri zehatzak hartu behar dira aintzat.

Hizpide den kasuan, ondoz ondoko lau egunetarako deitutako greba da, 2024ko otsailaren 19, 20, 21 eta 22rako, eta Zizur Nagusiko hiru ikastetxe publikoetako eskola jantokietan zerbitzuak ematen dituzten langileak daude deituta. Hori dela-eta, greba deialdiak 1.200 bat ikasleri eragiten die eta kalte larriak eragiten ahal dizkie, eta guztiak dira adingabeak. Bidenabar, kontuan hartu behar da greba deitutako lau egunak eskola ordutegi arrunteko egunak direla, eta ikasleak ohiko moduan bertaratuko direla printzipioz, beste mota batzuetako greba deialdiak dauden egunetan ez bezala, hala nola greba orokorretako eta irakasleen grebetako deialdietan gertatzen denez.

Bestalde, hezkuntzarako eta integritate fisikorako nahiz moralerako eskubide konstituzionalak eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak botere publikoek beharrezko zerbitzuak ematea ziurtatzeko neurrien eta prebentzio neurrien bidez bermatzekoak dira, eta eskubideok ezin dira babesik gabe utzi grebara joateko eskubidea modu legitimoan egikaritzearen aurrean.

Jantoki zerbitzua funtsezkoa da grebaren ondorioz ukitutako eskubideak funtsezkoak diren heinean (hezkuntzarako eskubidea eta haurren eta nerabeen garapen integralarekin eta babesarekin lotutakoak), eta hori agerian geratzen da ere bai nola Estatuko araudian (1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabekoen Babes Juridikoari buruzkoa, Kode Zibila eta Judiziamendu Zibilari buruzko Legea zati batez aldarazi dituena) hala foru araudian (12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa).

Zerbitzu funtsezkoaren izaera hori Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ere berretsi du, 1994ko maiatzaren 20ko eta 2009ko apirilaren 14ko epaien bitartez. Aipatutako epaietako lehenengoak ezartzen duenez, "eskolatuei eguerdian bazkalorduaz osorik gabetzeak urratu egiten ditu osasunerako eta hezkuntzarako eskubide konstituzionalak".

Horrenbestez, eta adierazitakoan oinarrituta, funtsezko zerbitzu publikoaren izaera aintzat hartuta, neurriak hartu behar dira ikasleei eragiten ahal zaizkien kalte larriak saiheste aldera, bermatuta Zizur Nagusiko ikastetxe publikoetako eskola jantokiek funtzionatuko dutela. Hori guztia kontuan hartuta, Konstituzioaren arabera, langile guztiek dutela greba egiteko zein ez egiteko eskubidea.

Gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan kontuan hartu da, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, jantoki zerbitzua ezinbestekoak dela ikasle adingabeei arreta egokia eta beharrezkoa emateko. Aldeak ezarri dira hezkuntzako etaparen arabera eta ikasleak matrikulatuta dauden ikasmailaren arabera. Argi dago ikaslerik gazteenak zaurgarriagoak direla eta arreta espezifikoagoa eta egokia behar dutela, autonomia gutxiago duten aldetik. Horrez gainera, ziurtatu behar da eskola jantokietako higiene- eta osasungarritasun-baldintzak egokiak direla greba deialdiaren egunetarako; izan ere, horiek ezean, arriskuan jarriko litzateke ikasleek osasunerako duten eskubidea.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehenengo xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin dutenei entzun ondoren.

Greba Batzordearen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–2024ko otsailaren 19, 20, 21 eta 22rako Zizur Nagusiko Camino de Santiago, Catalina de Foix eta Erreniega Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan aurreikusitako greba deialdirako honako hauek izanen dira Hezkuntza Departamentuaren gutxieneko zerbitzuak:

1.1. Otordu zerbitzua: gutxieneko zerbitzutzat ezartzen da eskola jantokietan ikasle guztientzako otordu zerbitzua.

1.2. Zaintzako langileak: jantokian zaintzako langileak egon beharko dira ratio hauen arabera:

–Haur Hezkuntzako ikasleentzat: zaintzaile bat 25 ikasle bakoitzeko (eta beste zaintzaile bat 15 ikasleko edota gehiagoko frakzioetarako).

–Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleentzat: zaintzaile bat 30 ikasle bakoitzeko (eta beste zaintzaile bat 20 ikasleko edota gehiagoko frakzioetarako).

–Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleentzat: zaintzaile bat 50 ikasle bakoitzeko (eta beste zaintzaile bat 20 ikasleko edota gehiagoko frakzioetarako).

–Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleentzat: zaintzaile bat 50 ikasle bakoitzeko (eta beste zaintzaile bat 25 ikasleko edota gehiagoko frakzioetarako).

1.3. Mahaiak muntatzea eta jasotzea eta eskola jantokiak garbitzea ziurtatu beharko da.

1.4. Ikasleei janaria emateko erabili eta botatzeko materiala erabiltzen ahalko da.

2.–Langile horien lanuzteek eta lan-gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4.–Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari, eta berau helaraztea Auzo Lagun S. COOP. sozietateari, Zizur Nagusiko Camino de Santiago, Catalina de Foix eta Erreniega Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Hezkuntza Departamentuaren Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 16an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2402897