47. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Komunikazio inklusibo eta ez-sexistaren gaineko Ordenantzaren behin betiko onespena

Ikusirik Sakanako Mankomunitatearen komunikazioan hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista erabiltzeko Ordenantzaren hasierako onespena, Batzar Nagusiak 2023ko abenduaren 14an emandakoa, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 3. zenbakian, 2024ko urtarrilaren 4an, argitaratua, eta iraganik jendaurreko aldia hari buruzko alegaziorik jaso gabe, behin betiko onetsi da Sakanako Mankomunitatearen komunikazioan hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista erabiltzeko Ordenantza.

Ordenantza honen behin betiko onespenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Lakuntzan, 2024ko otsailaren 16an.–Mankomunitateko burua, Aitor Larraza Carrera.

ZIOEN AZALPENA

I

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta diskriminazioaren debekua oinarrizko eskubideak, demokraziarako funtsezko balioak eta gizakiaren garapen jasangarria lortzeko zutabeak dira. Eskubide horiek aitortuta eta finkatuta daude arautegien esparruan eta politika arloko konpromisoetan, nazioartetik hasi eta tokian tokiko mailaraino.

Desberdintasun horren adierazpen agerikoenetako bat da emakumea hizkuntzan eta komunikazioan ikusezin geratzea, baita irudi sexistak eta baztertzaileak erabiliz irudikatzea ere.

Komunikazio inklusiboa eta ez-sexista emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzeko tresnetako bat da. Horrek esan nahi du genero estereotipoak saihestu eta pertsonen aniztasuna ikusarazi behar direla bizitzako arlo guztietan.

Berdintasunaren eta sexu diskriminaziorik ezaren printzipioa Sakanako Mankomunitatean aplikagarria den gorputz juridikoaren parte da. Nazioartean, nabarmendu behar da Emakumearen aurkako Bereizkeria-mota guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioa (CEDAW), Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1979an onetsia eta Espainiak 1983an atxikia. Emakumearen aurkako genero indarkeriari buruzko 35. Gomendio Orokorrak, zeinaren bidez eguneratu baitzen CEDAW Batzordearen 2017ko 19. Gomendio Orokorra, 30.b paragrafoan ezartzen du botere publikoek neurriak hartu behar dituztela komunikabideek indarkeriari aurre egin behar izaten dioten emakumeen irudi kaltegarri eta estereotipatu bat zabaltzea saihesteko.

Beijingeko Ekintza Plataformak zehazten du komunikabideek hizkera ez-sexista erabili behar dutela eta estereotipo sexistak desagerrarazi behar dituztela komunikazioan, hezkuntzan eta trebakuntzan, eta giza eskubideen eta ikerketaren arloetan. Arraza bereizkeria mota guztiak ezabatzeari buruzko 1969ko Nazioarteko Konbentzioak (1968an berretsia) 5. artikuluan xedatzen duenez, estatuek arraza bereizkeriaren forma guztiak debekatu eta ezabatu behar dituzte, eta pertsona guztiek legearen aurrean berdintasuna izateko duten eskubidea bermatu behar dute, arraza, kolorea eta jatorri nazionala edo etnikoa bereizi gabe. Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko 2006ko Konbentzioak, 2007an berretsiak, 9. artikuluan ezartzen du partaide diren estatuen betebeharra dela desgaitasuna duten pertsonei informazioa eta komunikazioak baldintza berdinetan eskuratzea bermatzea.

Europar Batasunak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna funtsezko printzipio eta balio gisa ezartzen du 1999ko maiatzaren 1ean Amsterdamgo Tratatua indarrean jarri zenetik, eta horrek Europar Batasunaren eta haren kideen politika eta ekintza guztiei eragiten die. Era berean, 2000. urteko Oinarrizko Eskubideen Gutunak 23. artikuluan ezartzen du emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuta egonen dela bizitzaren eremuetan. 2008an, Europako Parlamentuak hizkuntza ez-sexistari buruzko txostena onartu zuen. Han ondorioztatzen denez, hizkuntza ez-sexista edo hizkuntza neutralaren helburua da, generoari dagokionez, erabiltzen den lexikoan adierazpide markatu, diskriminatzaile edo laidogarritzat har daitezkeenak saihestea, sexu bat bestearen gainetik jartzea inplikatzen baitute, testuinguru gehienetan pertsonen sexuak garrantzirik ez duenean, edo izan behar ez lukeenean.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko martxoaren 10eko 2010/13/EB Zuzentarauak, estatu kideek ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateari buruz dituzten lege, erregelamendu eta administrazio xedapen jakin batzuk koordinatzeari buruzkoak (Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko Zuzentaraua), 6. artikuluan ezartzen du estatu kideek bermatuko dutela, neurri egokiak aplikatuz, beren jurisdikziopean dauden zerbitzu emaileek eskaintzen dituzten ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuek ez dutela arraza, sexu, erlijio edo nazionalitatean oinarritutako gorrotoa bultzatzen. Europako Parlamentuaren 2022ko azaroaren 10eko Ebazpenak, Batasuneko arraza-justiziari, diskriminaziorik ezari eta arrazismoaren aurkakoari buruzkoak (2022/2005(INI)), ordezkaritzak eta aniztasunak gizarte inklusiboak garatzeko tresna gisa duten garrantzia azpimarratzen du.

Emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeari eta horien aurka borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren 2011ko Hitzarmenak, 2014an berretsiak, 17. artikuluan jasotzen ditu estatu kideek abiarazi behar dituzten sustapen neurriak, komunikabideek eta informazioaren teknologien sektoreak autoerregulaziorako jarraibideak eta arauak izan ditzaten, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta haien duintasuna indartzeko. Sexismoa prebenitzeko eta borrokatzeko Ministroen Batzordeak estatu kideei emandako CM/Rec (2019) 1 Gomendioaren arabera, komunikazioa eta hizkuntza genero berdintasunaren funtsezko osagaiak dira, eta ez dute eredu maskulinoaren nagusitasuna sostengatu behar. Ildo horretatik, estereotiporik gabeko komunikazioa hezkuntza eta sentsibilizazioa lantzeko eta jokabide sexistak prebenitzeko modu egokia da.

Estatu mailan, Espainiako Konstituzioaren 9.2 eta 14. artikuluak dira erreferentzia nagusiak. Artikulu horietan, botere publikoak behartzen dira pertsonaren berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izatea bermatuko duten baldintzak sustatzera, eta berdintasunerako eta sexuagatiko bereizkeriarik ez izateko eskubidea aldarrikatzen da. Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, 14.11 artikuluan, ezartzen du botere publikoen jardun irizpide orokorra izanen dela hizkuntza ez-sexista ezartzea administrazio eremuan, eta hori bera sustatzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan.

Tratu berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko uztailaren 12ko 15/2022 Lege integralak 5.2 artikuluan aitortzen du diskriminazioaren biktimek eskubidea dutela informazio osoa eta ulergarria jasotzeko, bai eta beren egoera pertsonalari buruzko aholkularitza ere, beren testuinguru, behar eta gaitasunetara egokituta, administrazio publikoek izaten ahal dituzten zerbitzu, organismo edo bulegoen bidez.

Sexu askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 9. artikuluan jasotzen denez, botere publikoek, beren eskumenen esparruan, sexu indarkeriak prebenitzeko kanpainak bultzatuko dituzte, eta 10. artikuluaren arabera sexu indarkeriaren prebentzioan lagunduko duten neurriak sustatuko dituzte informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien eremuan, era horretako jokabideen apologia barne dela, betiere adierazpen askatasuna, independentzia eta zerbitzuen prestazio askea errespetatuz.

Otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta benetakoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzkoak, 13. artikuluan xedatzen du administrazio publiko eskudunek beharrezko neurriak hartuko dituztela administrazioaren dokumentazioa eta formularioak egokiak izan daitezen eta aniztasuna aintzat har dezaten, sexu orientazio, sexu identitate, genero adierazpen, sexu ezaugarri eta familien osaerari dagokienez.

Nafarroako Foru Komunitatean, berriz, apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak, emakumezkoenganako indarkeriaren aurka ekiteari buruzkoak, 18. artikuluan ezartzen du Foru Administrazioak bermatuko duela bere hedabideen programazioan ez ematea emakumeen irudiarekin lotutako irudi edo eduki iraingarririk, edo emakumeen kontrako indarkeriaren testuingurua osatzen duten estereotipo eta aurreiritziak usu ematen dituenik, oinarrizko araudi aplikagarrian aurreikusitakoarekin bat.

Nafarroako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Legeak, 37. artikuluan, ezartzen ditu informazioaren eta komunikazioaren tratamenduan berdintasuna sustatuko duten neurriak. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak 21. artikuluan ezartzen du botere publikoen jardueraren printzipio izanen dela komunikazio inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea, genero estereotipoetan oinarritutako eredurik erabili gabe. Gainera, gizarte harremanen eremuan ere sustatuko da, eta administrazio publikoek komunikazio inklusiboari eta ez-sexistari dagokienez dituzten betebeharrak aintzakotzat hartzea ere bai.

13/2023 Foru Legeak, apirilaren 5ekoak, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeari buruzkoak, Nafarroako Foru Komunitatean berdintasuna eta etnian edo arrazan oinarritutako diskriminaziorik ezaren oinarrizko eskubidea aitortzen du, eta errespetuzko hizkuntza sustatzea jasotzen du, bereziki, ez arrazista, ez xenofoboa, eta ez diskriminatzailea, hedabideetan terminologia gutxiesgarriaren erabilera ezabatzen laguntzeko, mezu komertzialak eta publizitarioak barne.

Horrela, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna egiazkoa izatea eragozten duten oztopoak kentzeko konpromisoarekin, bereziki Sakanako eskualdean, Mankomunitateko Batzar Nagusiak 2020an Sakanako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana onartu zuen, eta han onartutako neurrietako bat izan zen, hain zuzen ere, ordenantza bat sortzea.

II

Komunikazioak –fenomeno soziala izanik– ezagutza sortzen du, munduaren ikuspegi bat proposatzen du, mezuak jasotzen dituzten pertsonengan subjektibotasun jakin bat mugiarazten du, eta munduaren irudikapen hori errealista eta egiazkotzat onartzen dute pertsona horiek. Horrenbestez, gizonen eta emakumeen artean oraindik ere gertatzen diren harreman asimetrikoak informazio eta komunikazio prozesuan islatzen eta finkatzen dira, eta, aldi berean, hizkuntzaren erabilera jakin batzuek bultzatzen dute harreman horiek denboran mantentzea. Horrez gain, emakumezko haur, nerabe eta helduenganako gorrotozko eta indarkeriazko diskurtsoa nagusitzen da, batez ere baliabide teknologikoen bidez. Eta arreta espezifikoa ematen zaio matxismoaren, LGTBI-fobiaren eta arrazakeriaren arteko intersekzioari, emakumeak uzten baititu egoera bereziki zaurgarrian eta indarkeria jasateko arrisku handiarekin.

Testuinguru horretan, informazioaren eta komunikazioaren produkzioan eta kudeaketan beste diskriminazio mota batzuekin batera agertzen diren sexismo adierazpenak saihesteko formulak bilatu behar dira, eta komunikazio inklusiboa eta ez-diskriminatzailea sustatu, Sakanako Mankomunitateak erabiltzen dituen kanal guztietan.

Sakanako Mankomunitateko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planean deskribatutako neurriek, beste batzuekin batera, administrazio mankomunatuaren prozedurak hobetzen lagundu badute ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko erreferentziazko legezko betebeharrak betetzeko beharrak eta azken urteotan informazioaren eta komunikazioaren teknologietan gertatu diren aurrerapen tekniko eta sozialek ordenantza hau egitea eskatzen dute.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politika mankomunatuetan aurrera egitea, horiek sendotzea eta jasangarritasunetik bideratzea da erronka, eta, kasu honetan, informazioaren eta komunikazioaren bidez.

III

Ordenantza 7 titulutan egituratuta dago, eta 20 artikulu, 4 xedapen gehigarri eta 2 azken xedapen ditu.

Atariko tituluan, arauaren xedea, helburua, aplikazio eremua eta printzipio orokorrak zehazten dira.

I. tituluak Sakanako Mankomunitatearen antolaketaren barne eta kanpo informazioaren eta komunikazioaren politika eta kudeaketa arautzen ditu.

II. titulua langileen barne-kudeaketari, ordezkaritza politikoari eta langileen trebakuntzari buruzko betebeharrei buruzkoa da.

III. tituluak Sakanako Mankomunitatean ordenantza hau bermatzeko eta gauzatzeko eskumenak dituzten organoen eta Berdintasun Zerbitzuaren antolaketa instituzionala jasotzen du eta haien funtzioak garatzen ditu.

IV. tituluak kontratuetan, lankidetza hitzarmenetan eta dirulaguntzetan komunikazio inklusiboa eta ez-sexista erabiltzeko berariazko neurriak arautzen ditu.

V. tituluak herritarren eskubideak bermatzeko neurriak garatzen ditu, informazioaren sarbide unibertsalari dagokionez eta komunikazio inklusiboaren arloan emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen berdintasun eta diskriminaziorik ezaren eskubidea errespetatzeari dagokionez.

VI. titulua hedabide sozialak sustatzeko eta arautzeko neurriei buruzkoa da.

VII. titulua ordenantza honi aplikatu beharreko gardentasun eta kontu-emate araubideari buruzkoa da.

Ordenantza xedapen gehigarriekin amaitzen da, eta haietan jasotzen dira aurrekontu-zuzkidura, ordenantzaren jarraipena eta ebaluazioa, zuzentarauen ezarpena, dokumentazio ofiziala egokitzea eta ordenantzan aurreikusitakoa gauzatzeko tresnak garatzea.

Azken xedapenak ordenantza hau erregelamendu bidez garatzeko gaikuntzari buruzkoak dira, eta indarra hartuko duen data ezartzen dute.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da Sakanako Mankomunitatearen esparruan egiten diren informazio eta komunikazio guztiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa betetzen dutela bermatzea eta galaraztea sexua beste diskriminazio mota batzuei lotua agertzen den adierazpide mota guztiak.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza honek Sakanako Mankomunitateko organoek eta haren menpeko erakunde eta ente guztiek informazioa eta komunikazioa ekoizteko eta kudeatzeko jardueretan erabiltzen duten jardunbidea arautuko du.

2. Ordenantza honetan jasoko dira barne zein kanpo komunikazioa, ahozko, idatzizko nahiz ikonografia bidezko informazioa, paperean, ikus-entzunezkoetan edo euskarri digitalean, web plataformetan, sareetan eta publizitatean.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Sakanako Mankomunitatearen eta haren mendeko organismo eta ente guztien jarduketak arautuko dituzten printzipioak arau hauetan ezarritakoak dira: Emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 6. artikulua; LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen 4. artikulua; Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea, eta indarrean dagoen gainerako araudia.

2. Informazioaren eta komunikazioaren ekoizpen eta kudeaketa osoan genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala jaso beharko dira.

3. Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzuak, zeinahi kudeaketa formula erabiliz, ematen dituzten hirugarren erakundeei ere, botere publiko honekiko harremanetan dauden denbora tartean eta horri dagozkion gaietan, artikulu honetako aurreko apartatuak betetzeko eskatzen ahalko zaie.

4. Artikulu honetan jasotzen den jardunbidearen printzipioak aplikatuko zaizkie, halaber, kontratuak edo lankidetza hitzarmenak izenpetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoei, Sakanako Mankomunitateak eskaintzen dituen laguntzen onuradun direnei eta, orobat, pertsona nahiz erakunde horiek sustatzen edo gauzatzen dituzten ekintza guztiei ere, ordenantza honetan ezarri bezala.

I. TITULUA. –INFORMAZIOAREN KUDEAKETA ETA BARNE NAHIZ KANPO KOMUNIKAZIOAREN POLITIKA

4. artikulua. Neurri orokorrak.

1. Sakanako Mankomunitateak eta bere mendeko erakunde eta ente guztiek, era guztietako informazioak eta/edo komunikazioak sortu eta/edo kudeatzean, hauek bete behar dituzte:

a) Erabiltzen dituzten hizkuntzan eta irudietan ez izatea emakumeen eta LGTBI+ pertsonen pertzepzio sozialean eragin negatiboa izaten ahal duen genero estereotiporik.

b) Sexu bat bestearen gainetik edo azpitik ezartzen duten rol estereotipatuetan oinarritutako aurreiritziak, jardunbideak, hitzezko adierazpenak edo irudiak erabiltzea saihestea eta prebenitzea.

c) Emakumeen presentzia islatzea ikuspegi feminista intersekzionaletik, bizitza sozial, politiko, kultural eta ekonomikoaren eremu guztietan eta edozein arlo eta rol sozialetan.

d) Emakumeen eta gizonen trataera, protagonismoa eta balorazioa berbera izanen dela bermatzea, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa zorrotz betez.

e) Kale, plaza, parke, ekipamendu mankomunatu eta espazio publikoen izendapenean sustatzea emakumeen izenak, kolektibo feministen izenak, edo emakumeen eta gizonen berdintasunari edo giza eskubideen defentsari lotutako gertaerekin lotutako izendapenak erabiltzea.

f) Partaide diren udalerrien, Nafarroako Gobernuaren edo beste administrazio publiko batzuen ekimenetan eta/edo kanpainetan parte hartzea, tratu-berdintasunaren eta informazioan eta komunikazioan diskriminaziorik ezaren printzipioa sustatzeko.

5. artikulua. Neurri espezifikoak.

1. Sakanako Mankomunitateak eta bere mendeko erakunde eta ente guztiek komunikazio inklusiboa erabiliko dute, gutxienez honako hauetan:

a) Herritarren eskura dauden dokumentu, formulario eta eredu ofizialetan.

b) Zigilu, tanpoi, logotipo, idazpuru eta gisako elementuetan.

c) Iragarki, dibulgazioko idazki, aldizkari eta buletinetan.

d) Prestakuntza ekintzen eta jardueren dibulgazioan.

e) Lokal eta instalazio mankomunatuetan eta horien errotulazioan.

f) Laneko jantzi, uniforme, ekipamendu eta tresnetan.

g) Bando ofizial, ediktu, kartel eta argibide plaketan.

h) Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluetan.

i) Interes turistikoko lekuetako eta zerbitzuen kontroleko trafiko seinale horizontal eta bertikaletan.

j) Web orrian, sare sozialetan eta mankomunitateko beste edozein plataforma digitaletan.

k) Azterlanetan, memorietan eta ikerketetan.

l) Ordenantzetan, planetan eta izaera juridikoko edo plangintzako beste edozein dokumentutan.

m) Estatistiketan, inkestetan eta datuak biltzen dituen edozein dokumentutan.

n) Zuzenean edo hirugarren pertsona eta/edo erakunderen baten bidez sortzen den bestelako edozein dokumentu, espediente, inprimaki nahiz euskarritan.

2. Sakanako Mankomunitateak eta bere mendeko erakunde eta ente guztiek, beren eskumenen esparruan, honako hauetarako neurri egokiak garatuko dituzte:

a) Tratu berdintasuna eta sexuagatiko diskriminaziorik eza sustatzen duten eduki fisikoak eta digitalak sortzea eta zabaltzea, informazioaren eta komunikazioaren genero ikuspegitik eta ikuspegi intersekzionaletik.

b) Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioan sexismoaren edozein adierazpen prebenitzea eta haren aurka egitea.

c) Sexuaren arabera bereizitako informazioa eta ikuspegi intersekzionala eransteko bidea ematen duten beste hainbat aldagai sistematizatzeko tresnak eta gaitasunak hobetzea.

d) Feminismoan, antirrazismoan, dibertsitate funtzionalean eta, oro har, ordenantza honetan jasotzen diren genero arloko eta/edo ikuspegi intersekzionaleko neurrien diseinuarekin eta gauzatzearekin lotutako gaietan adituak diren pertsonen parte-hartzea bermatzea.

e) Mankomunitatearen lurralde eremuan komunikazio inklusiboaren egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egin daitezen sustatzea.

II. TITULUA.–LANGILEAK ETA BARNE FUNTZIONAMENDUA

6. artikulua. Lanpostuen izena.

1. Lanpostuei eta lan deialdiei izena emanen zaie, bai lanpostua betetzen duen pertsonaren sexua esanez, bai betetzen duen lanpostua aipatuz.

2. Lanpostuen deialdi publikoetako hautaketa probetan, baremazio osoan, hizkera ez-sexista erabiltzea baloratuko da.

7. artikulua. Ordezkaritza politikoa.

Ordezkaritza edo osaera orekatua bermatzeko, Sakanako Mankomunitateak neurri egokiak hartuko ditu hauek lortzeko:

a) Parte hartzen duen ekitaldi guztietan aniztasunaren irudia ematea, esaterako, komunikabideetan, publizitatean, prentsaurrekoetan, jardunaldietan, epaimahaietan, sari banaketetan eta edozein ekitaldi ofizialetan.

b) Ez erreproduzitzea ez informaziorik ez komunikaziorik ere, bitarteko fisiko nahiz digitala edozein dela ere, generoko estereotipoetan oinarritua bada, eta/edo desberdintasun eta diskriminazio harremanak indartzen baditu, emakumeen irudi publikoa eta eskubide politikoak kaltetuz.

c) Indarkeria politikoa jasotzea Sakanako emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduketa koordinatzeko protokoloan.

d) Emakumeen eskubide politikoei eta indarkeria politikoa desagerrarazteari buruzko dibulgazio kanpainak sustatzea.

e) Komunikazioaren erabilera arduratsua eta errespetuzkoa sustatzea, informazio eta komunikazio teknologia berrien bidez, emakumeen eskubideei eta haien parte-hartze politikoari dagokienez, arreta bereziz zainduz hauteskunde kanpainaren legezko aldia.

8. artikulua. Prestakuntza.

1. Sakanako Mankomunitateak berdintasun gaiei buruzko oinarrizko prestakuntza, mailakatua eta iraunkorra bermatu beharko die langile guztiei, ordenantza honetan jasotako xedapenak benetan gauzatu daitezen.

2. Sakanako Mankomunitateak beharrezko neurriak hartuko ditu langile teknikariek eta arduradun politikoek eskura izan ditzaten ordenantza hau betetzen lagunduko dieten tresnak.

3. Aurreko apartatuetan xedatutakoa betetzeko, Sakanako Mankomunitateak:

a) Mankomunitateko teknikarientzako eta politikarientzako prestakuntza plan egokiak diseinatu eta gauzatuko ditu eta urtero eskainiko ditu komunikazio inklusiboaren eta hizkera ez-sexistaren arloko eguneratze eta birziklatze programa espezifikoak.

b) Urteko prestakuntza planetan ezarriko dira helburu zehatzak, prestakuntzaren helburu diren pertsonen profilak, espero diren emaitzak, gutxieneko iraupena eta aurrekontu esleipena. Prestakuntza horietan ikuspegi feminista intersekzionala eta giza eskubideen ikuspegia jasoko dira, eta era berezian landu behar dituzte tratu berdintasuna eta sexuagatiko diskriminazio-eza, arreta berezia jarriz historikoki baztertuak izan diren emakumeen kolektibo zaurgarrietan.

c) Sakanako Mankomunitateko politikarientzat eta/edo teknikarientzat edozein arlotan diseinatu eta/edo eskaintzen diren prestakuntza ekintza guztiek ordenantza hau bete beharko dute, bai eta tratu berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko araudia ere.

III. TITULUA.–ANTOLAKETA INSTITUZIONALA

9. artikulua. Sakanako Mankomunitatearen Batzar Nagusia.

Sakanako Mankomunitateko Batzar Nagusiari dagokio eginkizun hauek betetzea:

a) Ordenantza hau betetzen dela begiratzea.

b) Ordenantza hau garatuko duten zuzentarau, plan eta/edo dokumentu estrategikoak onartzea.

c) Ordenantza honi buruzko urteko txostena eta ebaluazioa onartzea.

d) Emakumeen aurkako indarkeria ekintzak eta/edo tratu berdintasunerako eta sexuagatik diskriminatua ez izateko eskubidearen aurkako edozein egoera gaitzesteko adierazpen publikoak egitea.

e) Indarra duten arauetan ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

10. artikulua. Sakanako Mankomunitateko Lehendakaritza.

Ordenantza hau bete dadin, honako eginkizun hauek dagozkio Sakanako Mankomunitateko lehendakariari:

a) Sakanako Mankomunitatea instituzioen guneetan ofizialki ordezkatzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea legez kontrako publizitatearekin zerikusia duten era guztietako diskriminazio egoerei buruzko kexak edo salaketak, hark zuzenketa prozedurak proposatu ahal izan ditzan eta organo eskudunei bidal diezazkien, hala badagokio, zehapen prozedurak has ditzaten, legezko arau hauen arabera: Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteari buruzko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 19.2 artikulua, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 6. artikulua, edo Estatuan indarrean egoten ahal den arloko oinarrizko legerian ezarritakoa.

c) Sakanako Mankomunitateko Batzar Nagusiak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

11. artikulua. Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Batzordea.

1. Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Batzordea izanen da ordenantza hau bultzatu, koordinatu, jarraitu eta ebaluatzeko organo eskuduna. Horretarako, hari dagokio:

a) Mankomunitatearen informazio eta/edo komunikazioko jarduera guztietan sexismorik gabeko hizkuntza erabiltzen dela zaintzea eta Mankomunitatearen eremuan izaten ahal diren praktika estereotipatu eta diskriminatzaileak saihestea.

b) Elkarrizketarako organo iraunkorra izatea, ordenantza hau aplikatzeko jarduketak kudeatu eta koordinatzeko eginkizunetarako.

c) Ordenantza honetan jasotzen den urteko prestakuntza plana onartzea.

d) Ordenantza honen onarpenaren berri ematea.

e) Ordenantzaren urteko jarraipena eta ebaluazioa gidatzea.

f) Mankomunitatearen Batzar Nagusiak agintzen ahal dion beste edozein.

2. Mankomunitatearen Berdintasun Batzordea osatuko dute:

a) Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuaren ordezkaritza politikoa.

b) Mankomunitateko Berdintasun arloko teknikariak.

c) Mankomunitateko udalerrietako berdintasun arloko zinegotziak.

3. Emakumeek eta gizonek ordezkaritza orekatua izanen dute Batzordean, bat etorriz Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 11/2019 Foru Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin.

12. artikulua. Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzua.

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak bere gain hartuko ditu bere eremuan komunikazio inklusibo eta ez-sexistaren gaietan egiten diren jarduketen diseinua, dinamizazioa eta aholkularitza, modu berezian, ordenantza honetan ezarritakoari dagokionez. Horretarako, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Komunikazio inklusiboak eta ez-sexistak duen garrantziari buruzko kontzientziazioa piztu, zabaldu eta haren transmisioa bermatzeko estrategiak diseinatzea.

b) Mankomunitateko langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan behar duten prestakuntza identifikatzea eta haren sarbideko irizpideak eta lehentasunak zehaztea.

c) Mankomunitateko zerbitzuei eta haien mendeko erakunde eta ente guztiei aholkuak eta lankidetza ematea komunikazio inklusibo eta ez-sexistaren arloan.

d) Publizitatean eta komunikabideetan emakumeei emandako tratamenduarekin lotutako salaketak edo kexak dokumentatzea.

e) Ordenantza honen jarraipena eta ebaluazioa egiteko tresnak diseinatzea.

f) Ordenantza honen aplikazioari buruzko azterlanak, txostenak eta proposamenak egitea.

g) Herritarrek parte hartzeko bideak eta harremanak ezartzea, bereziki, emakume elkarteekin, elkarte feministekin eta tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza genero ikuspegitik eta ikuspegi intersekzionaletik sustatzen eta defendatzen diharduten hirugarren sektoreko elkarteekin.

h) Ordenantza hau betetzen dela bermatzeko agintzen ahal zaizkion gainerako eginkizunak.

IV. TITULUA.–KONTRATUAK, LANKIDETZA HITZARMENAK ETA DIRULAGUNTZAK

13. artikulua. Kontratazio publikoa eta lankidetza hitzarmenak.

1. Mankomunitateak eta haren mendeko erakunde eta ente guztiek egindako kontratazio agiri teknikoek eta lankidetza hitzarmenek komunikazio inklusiboa eta ez-sexista erabiliko dute.

2. Kontratazio agirietan, edozein kontratu motatan eta lankidetza hitzarmenetan, enpresa esleipendunak hizkuntzaren komunikazio inklusiboa eta ez-sexista erabiltzeko betebeharra izanen du, eta, bereziki, ordenantza honen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa.

3. Aurreko paragrafoak kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/018 Foru Legearen mende geratzen dira, bai eta arlo horretako Estatuko oinarrizko legeriaren mende ere.

14. artikulua. Dirulaguntza publikoak.

1. Mankomunitatearen eta haren mendeko erakunde eta ente guztien dirulaguntzen oinarriek edo arauek komunikazio inklusiboa eta ez-sexista erabiliko dute.

2. Dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek hizkuntzaren komunikazio inklusiboa eta ez-sexista erabili beharko dute, eta, bereziki, ordenantza honen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa bete beharko dute.

3. Komunikabideek ez dute Sakanako Mankomunitatearen edo haren mendeko organismo eta erakundeen dirulaguntzarik hartuko, haien iragarkietan edo edozein publizitate motatan indarkeria edo diskriminazioa eragiten badute, edo estereotipo sexistak, arrazistak, estetikoak, homofobikoak edo transfobikoak, edo desgaitasunetan oinarritutakoak, sustatzen badituzte, eta orobat, prostituzioa sustatzen badute.

4. Mankomunitateak, bere eskumenen esparruan, ordenantza honetan jasotako tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioekiko sentsibilizazioa eta errespetua sustatuko ditu, titulartasun publikoko komunikabideetan eta dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten komunikabideetan.

15. artikulua. Kontrola.

14. eta 15. artikuluetan ezarritakoa betetzeko, Berdintasun Zerbitzuak datu base bat sortuko du, betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko eta jarraipena egiteko.

V. TITULUA.–HERRITARREN ESKUBIDEAK

16. artikulua. Tratu berdintasunerako eta diskriminazio ezarako eskubidea.

1. Herritarrek eskubidea dute Sakanako Mankomunitateari eskatzeko, gaztelaniaz zein euskaraz, komunikazio sistema inklusibo eta ez-sexista erabil dezan, eta orobat, dokumentazio administratiboan eta inprimakietan errespeta dadin pertsonen aniztasuna, edozein direla ere haien jaiolekua, jatorrizko arraza edo etnia, sexua, erlijioa, sinesmen edo iritzia, adina, desgaitasuna, sexu joera edo identitatea, genero adierazpena, gaixotasuna edo osasun egoera, egoera serologikoa eta/edo patologiak eta nahasmenduak izateko joera genetikoa, hizkuntza, egoera sozioekonomikoa edo beste edozein izaera edo egoera pertsonal nahiz soziala.

2. Mankomunitateko zerbitzuen sarbidean eta arreta ematean diskriminazio egoerarik ez gertatzea bermatuko da, errespetuaren eta berbiktimizazioaren printzipioa aplikatuz.

3. Sakanako Mankomunitateak neurri egokiak hartuko ditu, eskubideen ikuspegitik honako helburu hauek lortzeko:

a) Desgaitasuna duten pertsonei arreta eta laguntza emateko bestelako modu egokiak sustatzea, informazioa eta komunikazioa eskuratzeko bidea dutela ziurtatzeko, Internet barne, nahitaez bete beharreko irisgarritasun arauak aplikatuz.

b) Generoko eta lurraldeko arrakala digitala deuseztatzen laguntzea, landa inguruneko emakumeek informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako sarbidea izatea errazten eta bultzatzen duten tresnekin.

c) Espazio publikoetan emakumeen parte-hartzea, emakumeen eta gizonen presentzia paritarioa eta bi sexuen irudi plurala bermatzea eremu guztietan, ezagutzaren eta iritzi sorkuntzaren espazioei arreta berezia eskainiz.

d) Informazioaren eta komunikazioen teknologiak berdintasun irizpideetan oinarrituta ezartzen eta gizarte digitalaren eraikuntza feminista eta bidezkoa lortzen laguntzeko ekintzak bultzatzea.

e) Gorrotozko diskurtsoa eta bestelako intolerantzia motak prebenitzeko sentsibilizazio programak eta kanpainak bultzatzea.

f) Herritarrei zuzendutako kontzientziazio kanpainen diseinua eta garapena sustatzea, informazioan eta komunikazioan berdintasuna sustatzeko, bai eta ingurune digitaletan generoko rol eta estereotipoei eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko ere.

g) Gizartearen eta instituzioen arbuioa zabaltzea misoginia, xenofobia, arrazakeria, LGTBIfobia edo pertsonen duintasunaren aurkako adierazpen kultural eta sinboliko guztien aurrean, espazio fisikoan zein digitalean.

h) Aniztasunaren eta kulturartekotasunaren balio positiboa aitortzen duten kanpainak sustatzea, ikuspegi feminista intersekzionaletik.

i) Herritarren asoziazionismoa indartzea, ahalduntze feminista, arrazismoaren aurkako estrategiak eta emakumeen parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko.

17. artikulua. Informazio eta komunikazio eskubideak.

1. Diskriminazioaren eta/edo indarkeriaren biktima guztiek eskubidea dute beren testuinguru, behar eta gaitasunetara egokitutako informazio osoa eta ulergarria jasotzeko, Mankomunitateko zerbitzuek izaten ahal dituzten zerbitzu, erakunde edo bulegoen bidez.

2. Bermatuko da, behar diren bitartekoen bidez, eremu fisiko eta/edo digitalean gertatutako diskriminazioaren eta/edo indarkerien biktima guztiek, bereziki diskriminazio mota asko eta elkarri lotuak jasan dituztenek, beren eskubideei eta dauden baliabideei buruzko informazioa eskuratzeko bide guztiak dituztela eskura. Horretarako, neurri bereziak hartuko dira, eta, bereziki, honako hauek:

a) Orientazioa eta informazioa eskaintzea, formatu irisgarri eta ulergarrian, desgaitasuna duten pertsonei, hala nola irakurketa erraza, Braille, zeinu-hizkuntza, gaztelaniaz zein euskaraz, eta beste komunikazio modalitate edo aukera batzuk, sistema alternatiboak eta handigarriak barne.

b) Behar diren bitartekoak ziurtatzea, beren egoera pertsonal, sozial edo linguistikoagatik, informazioa eskuratzeko zailtasunak izaten ahal dituzten biktimek komunikatzeko aukera izan dezaten lurralde bakoitzeko berezko hizkuntza aitortuetan, eta Sakanako Mankomunitateko hizkuntzak ezagutzen ez dituzten atzerritar jatorriko emakumeek interprete baten laguntza izan dezaten, arrazoizko epe batean.

c) Biktima diren haur eta nerabeek eta adineko emakumeek beharrezko informazio guztia beren adinera egokitutako formatu irisgarri eta ulergarrian eskuratzeko aukera dutela bermatzea.

VI. TITULUA.–PUBLIZITATEA ETA HEDABIDE SOZIALAK

18. artikulua. Prebentzio eta kontrol neurriak.

1. Sakanako Mankomunitateak, bere eskumenen esparruan, zaindu behar du eduki diskriminatzaileak zabal ez daitezen eremu digitalean.

2. Zilegi ez den publizitatetzat hartzen da publizitate asmoko komunikazio komertziala edo instituzionala, diskriminazio elementuak baditu, gai horri buruzko Estatuko legerian aurreikusitako arrazoiengatik.

3. Sakanako Mankomunitatearen eremuan lan egiten duten hedabide sozialetan, tratamenduagatik edo agertzeko moduagatik, emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, arinkeriaz tratatzen edo bultzatzen duten publizitateko edukiak eta iragarkiak egitea eta zabaltzea saihestuko da, bai eta espresuki edo esan gabe gorrotoa pizten edo emakumeen duintasuna urratzen duten mezuak ere, Estatuko oinarrizko arauetan aurreikusitakoarekin bat.

4. Mankomunitatearen eta haren mendeko erakunde eta ente guztien jardunean, eskakizun bat izanen da sare sozialetan, prentsan eta ikus-entzunezko komunikabideetan txertatutako iragarkietan sexismorik gabeko diskriminaziorik gabeko mezuak erabiltzea, bai eta tratu berdintasunerako eskubidea errespetatzea ere, diskriminazio mota guztiak saihestuz informazioaren tratamenduan eta haren formatu irisgarrian, edukietan eta programazioan.

5. Sakanako Mankomunitateak eta/edo haren mendeko organismo eta erakundeek ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua ematen duten pertsona fisiko eta/edo juridikoekin edo beste publizitate euskarri batzuen kudeatzaileekin, zuzenean zein zeharka, hitzartzen dituzten publizitate instituzionaleko kontratuak edo esparru akordioak, bertan behera geratuko dira erakunde kontratatzaileak eskatzen badu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko eta tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko publizitate instituzionaleko kanpainak txertatzeko eta agindua betetzen ez badute. Kontratua bertan behera geratzeak berekin ekarriko du administrazioarekin kontratatzeko debekua, indarrean dagoen araudian legez aurreikusitako denboran.

6. Sakanako Mankomunitateak kanal fisiko eta digital bat sortuko du zilegi ez den publizitatearekin zerikusia duen edozein diskriminazio egoeraren inguruko kexak edo salaketak jasotzeko, prozedura zuzentzaileak proposatu eta organo eskudunen eskura jarri ahal izateko, hala badagokio, zehapen prozedurak hasteko, Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 19.2 artikuluan, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 6. artikuluan edo arlo horretako Estatuko oinarrizko legerian ezarritakoaren arabera.

19. artikulua. Autoerregulazioko erabakiak hartzea sustatzea.

1. Hedabide sozialetan, publizitatean, Interneten, sare sozialetan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien enpresetan autoerregulazioko erabakiak hartzea sustatuko da, ordenantza honetan adierazitako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloko legeria betetzen laguntzeko, eta pertsona eta herritar talde desberdinen irudi ez-estereotipatua sustatzeko, hedabide horietan egiten diren salmenta eta publizitate jarduerak barne, eta diskriminazioaren eta intolerantziaren aurkako hizkera eta mezuak erabiltzea sustatuz.

2. Sakanako Mankomunitateak sektore honetako enpresetako langileek gai honi buruzko prestakuntza jaso dezaten sustatuko du.

VII. TITULUA.–GARDENTASUNA ETA KONTUAK EMATEA

20. artikulua. Gardentasuna eta kontuak ematea.

1. Mankomunitateko Berdintasun Batzordeak ordenantza honen berri emanen du Mankomunitatearen webgunearen bidez, informaziorako eta komunikaziorako irisgarritasunaren printzipioa betetzeko.

2. Berdintasunerako Zerbitzuak parte hartzeko eta elkarrizketarako mekanismoak antolatuko ditu herritarrekin lankidetzan aritzeko bide gisa, batez ere Sakanako Mankomunitateko elkarte eta elkarte feministekin.

Lehen xedapen gehigarria.–Aurrekontu zuzkidura.

Sakanako Mankomunitateko Batzar Nagusiak urratsak emanen ditu ordenantza hau ezarri eta ebaluatzeko beharrezkoak diren aurrekontuez hornitzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ordenantzaren jarraipena eta ebaluazioa.

1. Urtero, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak txosten bat eginen du, ordenantza honen exekuzioaren bilakaera islatuz eta, gutxienez, betetze mailaren adierazleak, kontrol mekanismoak eta gauzatutako aurrekontua jasoz, eta erabateko eraginkortasuna lortzeko neurri egokiak proposatuz.

2. Mankomunitateko Berdintasun Batzordeak ordenantza ebaluatuko du indarrean sartu eta lau urteko epean. Horretarako, ebaluazioa independentea, objektiboa eta parte-hartzailea izanen da, ebaluatzeko bidean ikuspegi integrala hartzea sustatuko da, eta emaitzak, ondorioak eta gomendioak publikoak izanen dira.

Hirugarren xedapen gehigarria. – Komunikazio inklusiboari eta ez-sexistari buruzko jarraibideak.

Mankomunitatearen Batzar Nagusiak ordenantza hau indarrean jartzen denetik urtebeteko epean onartuko ditu Mankomunitate osoan komunikazio inklusiboari buruzko irizpideak txertatzeko jarraibideak.

Laugarren xedapen gehigarria. – Dokumentazio ofiziala egokitzea.

Ordenantza hau onartu eta sei hilabeteko epean, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Batzordeak beharrezkoak diren prozedurak hasiko ditu dokumentazio ofiziala aldatzeko ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Inplementazioa.

Ordenantza hau onartu eta hiru hilabeteko epean, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak ordenantza hau ezartzeko tresna egokiak diseinatuko ditu.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuak kenkari fiskal hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egunera hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2403008