47. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Ordenantza, Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2023ko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Vianako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2024ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 4an, eta jendaurreko aldian inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 49. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeren 325. artikuluan.

Vianan, 2024ko otsailaren 16an.–Alkatea, M.ª Blanca Yolanda González García.

ORDENANTZA, VIANAKO UDALAREN
HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK
ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Vianako udal-mugarteko herri-ondasunak administratzeko, xedapen-egintzak gauzatzeko, babesteko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.

2. artikulua.

Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua.

Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua.

Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA
ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua.

Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Vianako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunen inguruan Vianako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua.

Herri-ondasunak desafektatzen ahalko dira bai erabilera laga bai haien gaineko kargak ezartzeko eta baita lurzati txikiak saldu edo trukatzeko ere. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen araberako erregelamenduzko izapidea bete beharko da horretarako. Herri-ondasunak lagatzeko edo kargak ezartzeko erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, lagatzearen edo kargak ezartzearen helburuak desagertzen direnerako edo finkatutako baldintzak betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Vianako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua.

Vianako Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.

8. artikulua.

Vianako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua.

Vianako Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua.

Vianako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua.

Vianako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Kalte-ordaina eman ondoren edo eman gabe, zuzenbidearen arabera bidezkoa den moduan.

12. artikulua.

Vianako Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua.

Vianako Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie auzotarrei Vianako Udalak.

14. artikulua.

Herri-ondasunen adjudikaziodunak nahitaez jakinarazi beharko dio Vianako Udalari lehorreko, ureztapeneko, labore iraunkorretako eta larreetako lurzatien sailkapenean NPEak egindako edozein aldaketa. Hori guztia Udalak herri-ondasunen errentagarritasuna kaltetzen duten aldaketak errekurritzeko aukera izan dezan.

Ez jakinaraztea falta astuntzat jotzen da.

IV. TITULUA.–TITULARTASUNA

15. artikulua.

Vianako Udalak dio Vianako herria dela ondoko herri-lurren jabe eta edukitzaile juridiko bakarra. Hona hemen haien deskripzioa:

V. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN
APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

16. artikulua.

Vianako Udala bere herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin eta naturaren kontserbazioarekin bateragarri eginen du.

Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

c) Herri-larreen aprobetxamenduak.

d) Bestelako aprobetxamenduak.

17. artikulua.

1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Vianako Biztanleen Udal Erroldan inskribaturik egotea, gutxienez ere 1 urte lehenagotik, aprobetxamendua hasten den urtearen hasieran.

c) Benetan bizitzea Vianan urtean bederatzi hilabetez gutxienez.

d) Zerga betebeharrak egunean izatea Vianako Udalarekin.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Vianako Udalak argituko ditu, banan-banan, osoko bilkuran.

18. artikulua.

1. Onuradunek zuzenean berek landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste moduren batez ustiatu.

2. Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 17. artikuluan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Ondorioz, ez da egonen adjudikatutako lurzatien arabera proportzionalki dagozkion lanak egiten ez dituen bazkiderik.

3. Herri-lurzatien lehentasunezko edo zuzeneko adjudikazioak beti familia-unitateei eginen zaizkie, eta ezin zaizkie adjudikatu legez eratutako kooperatiba edo lantaldeei.

4. Legez eratutako kooperatiba edo lantaldeetako kideak nekazariak izanen dira eta/edo jarduera nagusi edo bigarren mailako jarduera nekazaritza izanen dute.

19. artikulua.

Ordenantza honen ondorioetarako, laborantza lanak honelakoa behar du zuzenean eta pertsonalki egina dela ulertzeko: adjudikazio-hartzaileak berak egin beharko ditu laborantza lanak, eta ezin izanen du soldatapekorik hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Vianako Udalari, behar den baimena eman dezan. Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 20. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

20. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioen kasuan, ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Vianako Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Vianako Udalak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien onuradunei, kanona kendu ondotik. Vianako Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu. Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

21. artikulua.

Vianako Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratzen direla ziurtatzeko. Ikuskapen hori egiteko trabak jarri edo eskatzen zaien dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie, aitzineko artikuluan aipatzen diren ondorioak jasan beharko direlarik, bidezko diren zehapenez gainera.

Lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen ulertuko da honakoetan:

a) Nekazaritzako makinak izanda, adjudikatutako herri-lurretan erabiltzen ez dutenak, gutxienez lurra ereiteko prestaketa lanetarako, ereiteko, ongarritzeko, tratamendu fitosanitarioak egiteko, ureztatzeko eta uzta lekuz aldatzeko lanetan parte hartzeko.

b) Baldin eta egiaztagiria eskaturik justifikatzeko lanak egin direla, erosi direla erregaiak, ongarriak, lehengaiak edo saldu direla norberak egindako produktuak, agindutako epean aurkezten ez badira.

c) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematen badituzte.

e) Udal zerbitzuen edo Nekazaritza Batzordearen txostenen arabera edo Udalean aurkeztutako salaketaren arabera, adjudikatu zaizkien lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenak, aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera.

f) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

22. artikulua.

Vianako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modalitatetan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Vianako Udalak zuzenean ustiatzea.

1. ATALA.–LEHENTASUNA DUTEN HERRITARRENTZAKO APROBETXAMENDUAK

23. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 17. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek guztira soldata horren halako bat eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean desgaitasun fisikoa edo mentala duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko, lehentasuneko aprobetxamenduak eskatzeko beharrezkoa baita, ondoko agiriak aurkeztu beharko zaizkio Udalari:

a) Familia-unitateko kide guztien errenta aitorpenen kopia konpultsatua edo Foru Ogasunaren egiaztagiria, aitorpenik egin behar ez dutela dioena, eta horrekin batera, kide guztien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

b) Familia-unitateko kide guztien ondasunen katastroko ziurtagiria eta bakoitzaren jarduerena ere, hiri-lurreko, landa-lurreko eta abeltzaintzako erregistro fiskalak eta lizentzia fiskala adieraziz, baita bakoitzaren ibilgailuen ziurtagiria ere, zirkulazioaren gaineko udal zergari dagokionez.

c) Zinpeko aitorpena, ekarritako ziurtagirietako ondasunak familia-unitateko kide orok Vianan nahiz beste inon dituen guzti-guztiak direla. Hiri-lurreko ondasunen artean adierazi beharko da zein den familiaren etxebizitza. Orobat, adierazten ahalko da, agiri bidez justifikaturik betiere, ondasunen bat edo ondasun guztiak ez direla familiako inorenak, nahiz eta katastroan familia-unitateko kideren baten izenean agertu, baina adierazpen hori aintzat hartu ahal izateko, Udalean katastroa aldatzeko aurkezturiko eskaera orriaren kopia konpultsatua ekarri beharko da.

d) Zinpeko aitorpena, familia-unitateko kide bakoitzak errentan harturik edo jabetzatik aparteko bestelako moduren batean lantzen dituen lurrena, dela udal honetako mugartean dela beste batzuetan.

e) Zinpeko aitorpena, familia-unitateko kide bakoitzak duen abelburu kopuruari eta abere-espeziari buruzkoa.

4. Adjudikaziodunek bete beharko dituzte artikulu honetan aipatzen diren baldintzak adjudikazioak dirauen bitartean, eta Udalak noiznahi ikuskatzen ahalko du betetzen ari ote diren.

24. artikulua.

Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu mota honetan:

–Eredu-lotea:

  • Ureztalurra: 40 erregu.
  • Lehorreko lurra: 70 erregu.

25. artikulua.

23. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea.

d) Bederatzi kidetik gorako familia-unitateak, 5 koefizientea.

26. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Vianako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, 24. eta 25. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

27. artikulua.

1. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.

2. Urte anitzeko laborantzen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborantzaren bizitzaren arabera luzatzen ahalko da, baina inoiz ere 24 urtetik gora.

3. Lehentasunezko edo zuzeneko behin-behineko adjudikazioa egin ondoren, eta egutegiko hogeita hamar eguneko epean, 8 urtetik gorako laborantza-baimena eskatzen ahalko da. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Landaketa proiektua, alderdi tekniko hauek zehazten dituena: landatuko den espeziea, barietateak, laborantza sistema, aurreikusitako balio-bizitza eta lurraren emankortasuna mantentzea eta hobetzea bermatzen duten laborantza teknikak.

b) Lursaila bere lehengo egoerara itzultzeko proiektua, baimendutako epearen amaieran edo adjudikazioa amaitu aurretik.

4. Udalak eskaera ukatzen ahalko du modu arrazoituan, interes orokorreko arrazoiak kontuan hartuta, hala nola auzotar berriak sartzeko aukera, landaketen plangintza ordenatua, hobekuntza-proiektuen aurreikuspena, eta abar.

Kasu horretan, eskatzaileak Udalari jakinaraziko dio urteko laboreetarako lote bat eskuratu nahi duen edo eskaerari uko egin dion.

5. Udalak urte anitzeko laborantza baimentzen ahalko du, laborantzaren balio-bizitzaren iraupena ezarrita, baina ez da inoiz ere izanen 24 urte baino luzeagoa (8 urteko hiru ziklo), hala, beste herritar batzuek herri-lurrez gozatzeko aukera izatea bermatzen baita.

Kasu horretan, adjudikaziodunak laborea landatzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren eskubide eta baimen guztiak lortu beharko ditu.

Landaketarako edo obrarako lizentzia eman aurretik, adjudikaziodunak fidantza bat gordailutuko du edo abal bat eratuko du, lursaila lehengoratzeko proiektuaren zenbatekoaren baliokoa.

6. Laborantzari dagokion epea amaitu ondoren edo lehenago amaituz gero, Udalak erabakiko du lursaila bere lehengo egoerara itzuli behar den edo landaketaz arduratuko den (bi kasuetan ez da inolako kalte-ordainik izanen).

Lehenengo kasuan, adjudikazioaren unean zegoen bezala geratu behar du lursailak (labore iraunkorra kenduta, hondarrak eta materialak –zutoinak, alanbreak, etab.– aterata eta hondealanak eta fintze lanak eginda, hurrengo laboreak instalatu ahal izateko, etab.).

Bigarren kasuan, lursail osoa, landaketa barne, toki-erakundearen eskura egonen da, beste herritar batzuei adjudikatzeko prozedurari ekin diezaion. Aurreko adjudikaziodunak ez du inolako eskubiderik izanen laborantzaren gainean, eta ezin izanen du eskatu landaketarekin sortu ahal izan diren beste erabilera edo eskubide batzuk.

7. Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko baldintzak galtzen badira (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan eta ordenantza honen 17. artikuluan jasotakoak) eta laborantza pertsonalki eta zuzenean egiten ez bada (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 168. artikuluko irizpideekin bat etorriz), lursaila lehengoratuko da, aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatuz.

8. Onuraduna hiltzen bada, familia-unitate bereko beste kide batek egiten ahalko du herri-lurrean urte anitzeko laborantzarekin jarraitzeko eskaera, baldin eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan eta ordenantzaren 17. artikuluan jasotako onuradun-baldintzak betetzen baditu.

Bestela, lursaila itzuliko da, 6. apartatuan ezarritakoa aplikatuz.

9. Adjudikaziodunak eta alkatetzak alderdi horiek guztiak biltzen dituen hitzarmen bat sinatuko dute. Udaleko osoko bilkurak berretsiko du hitzarmena.

28. artikulua.

Aprobetxamendu modu honetan, onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalaren osoko bilkurak ezarriko du eta ezaugarri bereko lurretan eskualdeko errentamendu-prezioaren %50 izanen da.

Kanona urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK

29. artikulua.

Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 18. eta 19. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

30. artikulua.

Loteen azalera.

Udalak erabakiko du zein den herritarren arteko adjudikazio zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskabide dauden kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; adjudikazio-hartzaileak nekazariak badira, haien ustiategiaren tamainaren alderantzizko proportzioan.

Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearentzako, aprobetxamendu modalitate honetan:

a) Lehorreko lurra: 40 erregu.

b) Ureztalurra: 70 erregu.

Oinarrizko loteari hurrengo koefizienteak aplikatuz lortuko dira loteak:

a) Koefizientea 2 izanen da, familia errenta, zati familiako kideen kopurua, lanbide arteko gutxieneko soldataren 0,75 edo txikiagoa duten familia-unitateentzat.

b) Koefizientea 1,5 izanen da, familia errenta, zati familiako kideen kopurua, lanbide arteko gutxieneko soldataren 0,75 baino handiagoa eta 1 baino txikiagoa duten familia-unitateentzat.

c) Koefizientea 1 izanen da, familia errenta, zati familiako kideen kopurua, lanbide arteko gutxieneko soldataren 1 baino handiagoa duten familia-unitateentzat.

Familia errenta honela zehazten da:

"Zerga-oinarriaren atal orokorra + Aurrezkiaren atal berezia + Aurrezkiaren atal bereziaren murriztapena - kuota likidoa + errenta salbuetsiak".

Familia-unitateen kideen azken ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopia aurkeztu ez duten familia-unitateei 1 koefizientea aplikatuko zaie.

31. artikulua.

Adjudikazio epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da. Urte anitzeko laborantzen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborantzaren bizitzaren arabera luzatzen ahalko da, baina inoiz ere 24 urtetik gora. Ordenantza honen 27. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

Herri-lurretako aprobetxamenduetako altak eta bajak, ahal dela, azaroan eginen dira urtero.

32. artikulua.

Aprobetxamendu modu honetan, onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalak ezarriko du eta ezaugarri bereko lurretan eskualdeko errentamenduaren prezioaren %90 izanen da.

Kanona urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

33. artikulua.

Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.

34. artikulua.

Lurren eskuragarritasuna.

1. Adjudikazio guztietako eredu loteen azalera aldatu ahalko da, kontuan izanik zer lur diren eskura, lurzatien neurrira egokitzeko, dela lurzati berrantolamendu berrietan daudelako, dela zatitu ezin daitezkeen lurzati osoak direlako.

2. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

3. Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

35. artikulua.

Vianako Udalak uzten ahal dizkie hala nahi duten familia-unitateen titularrei gutxi gorabehera 898 m²-ko baratzeak, baldintza hauekin:

a) Laborantza zuzenekoa eta pertsonala izanen da, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan.

b) Adjudikazioa gehienez ere 8 urterako izanen da.

Ordaindu beharreko kanona Udalak ezarriko du eta ezaugarri bereko lurretan eskualdeko errentamenduaren prezioaren %90 izanen da.

Kanona urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

Vianako Udalak eskaera horietarako lur azalera aski gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herri-lurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

3. ATALA.–VIANAKO UDALAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA

36. artikulua.

A) Enkante publikoa.

1. Vianako Udalak, lehen eta bigarren ataletan aipaturiko prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa. Hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arte iraunen du adjudikazioak.

2. Udalak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

3. Enkantea egin ondoan laborantzako lurrik gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatu ahal izanen du.

B) Garrantzi edo azalera txikiko herri-lurren enkantea.

1. Era berean, garrantzi edo azalera txikiko herri-lurren okupazioak erregularizatzeko ("introducidos" deritze gaztelaniaz), eta horietako bakoitzaren azterketa xehatua egin ondoren, enkante publikoaren prozeduraren bidez adjudikatuko dira. Prozedura hori ezarrita dago 6/1990 Foru Legearen 144. artikuluaren c) apartatuan eta 157. artikuluan eta Erregelamenduaren 178. artikuluan (280/1990 Foru Dekretua).

2. Mugakideek modu ez-zilegian landutako herri-lur guztiak aztertu eta identifikatu ondoren, eta ortoargazkien sorta aztertuta justifikatu ondoren mugakide horiek herri-lurrak bidegabeki okupatu dituztela eta katastroko mugaketa ez dela zehaztugabea, titular eta/edo laborari mugakide guztiei komunikatuko zaie legez kontra landutako herri-lurrak enkante publiko bidez adjudikatuko direla.

3. Enkantearen hasierako prezioa izanen da inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurrek daukaten errentamendu-prezioa.

Enkanteren bat adjudikatu gabe gelditzen bada, Udalak beretzat hartuko ditu modu ez-zilegian okupatutako herri-lurrak.

Udalak jakinarazpena eginen dio titular mugakideari, herri-lurretan sartu dela adieraziz, eta epe bat jarriko dio modu ez-zilegian okupatutako lurretan laborantzako lanak egiteari utz diezaion.

Laborariak ez badio uzten herri-lurra erabiltzeari, Udalak utzarazpen administratiboa abiatuko du, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 119. artikuluarekin eta Erregelamenduaren 62. artikuluarekin eta hurrengoekin (280/1990 Foru Dekretua).

Modu-ez zilegian okupatutako lurren adjudikazioak –"introducidos" delakoena, alegia– argitaratuko dira, eta adjudikaziodunak eta Udalak identifikazio-plano bat sinatu beharko dute; plano horrek katastroko informazioan izanen du oinarria.

Udalak utzarazpena abiatuko du enkantean adjudikatu gabe geratu diren lurretan, eta hesolak paratuko ditu, lurrok markatzeko.

Utzarazitako lurrak berriro okupatuz gero, Udalak titular edo laborari mugakidearen aurkako salaketa jarriko du.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

37. artikulua.

Vianako Udalaren osoko bilkurak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan ediktua paratuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

38. artikulua.

Eskabideak.

1. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Herriko bizilaguna izatea, gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta urtean egiazki eta jarraian bederatzi hilabetez, gutxienez, bizitzea herrian.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

2. Ondoko agiriak gehituko zaizkio:

a) Vianako Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean dituela dioen zinpeko aitorpena.

b) Familia-unitateko kideen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken ekitaldiko aitorpenaren kopia.

Orobat, 23.3 artikuluan aipatutako gainerako agiriak ere aurkeztu beharko dira.

PFEZaren aitorpena ez bada aurkezten ezin da izan herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduaren onuradun.

PFEZaren aitorpena ez bada aurkezten, gainerako baldintzak betetzen badira, ezin da izan herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren onuradun besterik, gutxieneko lotearekin (1 koefizientea).

3. Vianako Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, ordenantza honetan zehazten den bezala.

39. artikulua.

Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Nekazaritzako Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo herritarren arteko zuzeneko adjudikazioan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

2. Modalitate bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki-taulan jarriko da hamar egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua.

Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak horien gaineko ebazpena emanen du, eta adjudikatze modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko du.

41. artikulua.

Adjudikazioa.

1. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

2. Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, laborantzako loteak adjudikatuko zaizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 24., 25. eta 26. artikuluen araberakoak izanen dira.

3. Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen zerrenda eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatiena jendaurrean paratuko dira, hamar egun baliodunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrendak onetsiko dira.

4. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Vianako Udalak behin betiko onetsiko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

42. artikulua.

Vianako Udaleko herri-larreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da beste finka partikular batzuekin, antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta bazkaleku hauetan banatzen da:

a) El Cueto: 6. poligonoko 133. lurzatia.

b) La Raicilla: 4. poligonoko 144. lurzatia.

c) Cuevas: 21. poligonoko 35. lurzatia.

d) Valcebrera: 19. poligonoko 551. lurzatia.

Los Corrales: 19. poligonoko 142. lurzatia.

e) El Soto: 31. poligonoko 295. lurzatia.

f) Los Doce: 18. poligonoko 760. lurzatia.

Valderrobles: 13. poligonoko 492. lurzatia.

Herri-larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunen arabera eginen da:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

43. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako tilularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta abeltzaintzako ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, Udalaren baimena beharko du dagokion jardueran aritzeko.

44. artikulua.

Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Hori dela eta, Vianako Udalak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen onuradunek haien azienda kentzen dutenean aipaturiko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko liburutik edo Udalaren Erregistrotik.

45. artikulua.

Adjudikazioa zortzi urterako (8) izanen da.

46. artikulua.

Herriko ohiturarekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Vianako Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

a) Adjudikazio honen arrisku eta mentura adjudikazio-hartzailearen gain egonen da. Horrek ezin izanen du alegatu larreak urritu direla edo beste edozein arrazoi, baldintza hauek ez betetzeko.

b) Ezin izanen du azienda larratu mahastietan edo urte anitzetako laboreak lantzen dituzten lurretan, finken jabeen baimen idatzirik gabe.

c) Uztondoak eta lurzatiak: bazkaleku barneko herri-lurretako lurzatietan sar dezake azienda, baldin zutik edo ereindako laborerik ez badago. Lastoa fruitutzat hartzen da. Beraz, haren aprobetxamendua aziendaren aldetik errespetatu egin beharko da hogei eguneko epean.

d) Uzta bildu eta zortzi egun iraganik goldatu daitezke finketako uztondoak, abeltzain adjudikazio-hartzaileari jakinarazi beharrik izan gabe.

47. artikulua.

Prozedura: Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

48. artikulua.

Eskabideekin batera, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da, hala xedatuta baitago ordenantza honen 38. artikuluan, eta, orobat aurkeztu beharko dira honako hauek: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroko inskripzioa, ustiategiaren liburua eta osasun-ziurtagiria, non ziurtatzen den Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen direla.

49. artikulua.

Udalak behin-behinean eginen du adjudikazioa, inguruabar hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

b) Jasan dezaketen abelburu kopuruaren arabera sailkatuko dira bazkalekuak, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean adjudikatzeko.

c) Bazkatoki bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, baldin guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen abelburu karga baino handiagoa. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudika dakizkioke, baldin behar adina azienda badu eta bete badira herriko gainerako abeltzainen eskaerak.

50. artikulua.

Behin-behineko adjudikazioa eginik, hamar eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

IV. KAPITULUA.–ZURAREN ETA EGURRAREN APROBETXAMENDUAK

51. artikulua.

Herri-basoetako aprobetxamenduak beti egin beharko dira Nafarroako Gobernuan gai horretan eskumena duen departamentuak aitzinetik baimena emanda eta hark ezartzen dituen manu tekniko-fakultatiboen arabera.

Aprobetxamendu horiek arautuko dira Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 12/1990 Foru Legean eta bere Erregelamenduan, otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen hartan, xedatutakoaren arabera.

Etxerako eta materialetarako egurraren kasuan, Udalak ezartzen ahalko ditu herritarren aprobetxamenduetako kantitatea, epeak eta gainerako baldintzak, betiere salmenta inola ere onartu gabe.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuan eginkizun hori bere gain duen Zerbitzua arduratuko da zuhaitzen markaketa, entrega eta ikuskapen lanez.

52. artikulua.

Udalak ematen ahalko du oihan loteen aprobetxamendua, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 207. eta 208. artikuluetan xedatutako baldintzen arabera.

53. artikulua.

Oihan aprobetxamenduak besterenduko dira enkante publikoan, aipatutako Ondasunen Erregelamenduko 209.etik 212.era bitarteko artikuluetan xedatutako moduan.

Udalak aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu enkantera jo gabe, honako kasu hauetan:

a) Lote bakarra denean, eta materiala 10 metro kubikotik beherakoa, erretxinadunetan.

b) Aprobetxamenduak egiten direnean herri-lanetarako edo frogatutako larrialdia izanik interes publikokoak diren obra pribatuetarako.

V. KAPITULUA.–BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

54. artikulua.

Lur horietan osaturiko ehiza barrutien aprobetxamendua berariazko arauen bidez arautuko da.

55. artikulua.

Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza-agiriei lotuko zaie. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

56. artikulua.

1. Vianako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin eta, lur horietan, xede hauetakoren bat duten proiektuak gauzatzekoak badira:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Udalaren erabakia, onesteko proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Udalak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Toki-erakundeek onesten duten araudi berezia araudi hori eragin duen proiektuaren xedera eta ezaugarrietara egokitu beharko da, eta proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den eperako izanen da indarrean.

Indarraldia iragandakoan, proiektuak ukituriko herri-lurrak sartuko dira berriz ere ordenantza honetan ezarritako aprobetxamenduaren prozedura orokorrean.

57. artikulua.

Udalak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

Herri-lurrak luberritu nahi badira bertan laborantzan aritzeko asmotan, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da.

VI. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

58. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izanen dira.

1. Arau-hauste oso astuntzat honako egitate hauek hartzen dira:

a) Norberak zuzenean ez lantzea herri-lurretan adjudikatutako lurzatiak. Adjudikazio-hartzaileak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Salbuespen gisa onartuko dira doitasuneko ereintza eta uzta, makineria berezia behar dutelako, eta produktu fitosanitaroen erabilera, horiek erabiltzeko baimen berezia beharrezkoa baita.

b) Herri-lurretako lurzatietan nekazaritza lanak egitea Udalaren adjudikaziorik izan gabe. Debeku horren barnean sartzen da beste familia-unitate bati adjudikatutako herri-lurretako lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere.

c) Vianako biztanle izateari uzteagatik, herrian urtean bederatzi hilabetetan benetan ez bizitzeagatik, edo Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik.

d) Ez ordaintzea ezarritako epeetan kanonen edo erregelamendu bidez finkatutako bestelako tasen zenbatekoak.

e) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien adjudikaziotik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogapenetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.

2. Arau-hauste astuntzat honako egitate hauek hartzen dira:

a) Nekazaritzako lanak ordenantza honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen kaltetan.

b) Laborantza iraunkorrak (arbolak, mahastiak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.

c) Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

d) Beste lurzatietatik bereizteko ildo-bizkarrak goldatzea.

e) Bideak nahiz abelbideak goldatzea.

f) Bideetan eta abelbideetan harria edo bestelako materialak botatzea.

g) Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.

h) Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

i) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, eta horren ondorioz herri-lurretan kalte egitea eta herritarrak horietaz modu ordenatuan baliatzeari traba egitea.

j) Lurzatietatik uzta hondarrak edo bestelako materialak ateratzea bideetara.

k) Norberaren alorrak hirugarrenei errentan ematea.

l) Udalari ez jakinaraztea lurzatien sailkapenean aldaketak, NPE, lehorreko lur, ureztapen, labore iraunkor eta larreen ondorioetarako.

m) Adjudikaizoaldia amaitzean, ez uztea lurzatiak erabiltzeko baldintza egokietan.

3. Egitate hauek arau-hauste arintzat hartzen dira:

a) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

59. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapenak izanen dituzte.

1. Arau-hauste oso astunak:

a) 1. arau-haustea, 3.000 euroko isunarekin.

b) Berreroriz gero, 6.000 euroko isunarekin.

c) Jarraituz gero, herri-lurraren emakidaren iraungipenarekin.

2. Arau-hauste astunak:

a) 1. arau-haustea, 1.000 euroko isunarekin.

b) Berreroriz gero, 3.000 euroko isunarekin.

c) Jarraituz gero, herri-lurraren emakidaren iraungipenarekin.

3. Arau-hauste arinak:

a) 1. arau-haustea, 100 euroko isunarekin.

b) Berreroriz gero, 200 euroko isunarekin.

c) Jarraituz gero, herri-lurraren emakidaren iraungipenarekin.

4. Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauetan ezarritakoari jarraikiko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Legea eta aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hasteko eskumena izanen du Alkatetzak eta/edo Nekazaritza Batzordeak. Zehapen-prozeduren instrukzioa idazkaritzari dagokio, eta horiek ebazteko eskumena, berriz, alkatetzari.

5. Udal zerbitzuetako funtzionarioek egiaztatzen dituzten egitateak salaketa agirietan edo bestelako dokumentu publiko batean jasoko dira, legezko baldintza egokiak betez, hau da, datu hauek adieraziz: data, egitateak, tokia edo lurzatiaren zenbakia eta egilea. Agiri horiek froga balioa izanen dute, deusetan ukatu gabe administratuek berek beren eskubide edo interesen alde aurkezten dituzten frogak.

6. Arau-hausteak delitu edo hutsegitea direnean, alkateak jurisdikzio organo eskudunari igorriko dio espedientea eta ez dio zehapen prozedurari segidarik emanen agintaritza judizialak deus erabakitzen ez duen bitartean. Epaileek zehapena emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen. Halakoetan, deliturik edo hutsegiterik ez dela egon jotzen bada, Udalak segida ematen ahalko dio zehapen espedienteari, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jo dituen egitateetan oinarriturik, halakorik bada.

7. Ordainketa egiten bada zehapena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean, alegaziorik egin gabe, isunaren %50eko murrizketa izanen da.

II. KAPITULUA.–ARRISKUA ETA MENTURA

60. artikulua.

Adjudikazioen arriskua eta mentura adjudikazio-hartzailearen gain egonen dira erabat, eta ezin izanen du prezioa murriztea edo adjudikazioa partzialki desegitea eskatu, ezta inguruabarren batengatik ereiterik ez badu ere, ezta uzta murriztu edo uztarik gabe gelditzen bada ere. Adjudikazio-hartzaileak ponpaketa instalazioetan izaten diren geldialdi teknikoak, konponketak edo mantentze lanak direla-eta gertatzen diren ondorioak bere gain hartuko ditu eta ezin izanen dio inola ere Udalari erantzukizunik eskatu.

61. artikulua.

Herri-lurretako edozein lurzati adjudikatzean, hura landua edo lugorri utzia badago, adjudikazio-hartzaile berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondotik. Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko adjudikazio-hartzailearena izanen da uzta bildu arte, eta orduan adjudikazio-hartzaile berriak okupatuko du.

62. artikulua.

Ez da onartuko herri-lurretan adjudikatutako lotea osatzen duten lurzatietakoren bati uko egitea. Adjudikatutako herri-lurretako loteko lurzati bati uko eginez gero, adjudikatutako herri-lurzati osoa galduko da. Herri-lurretako lote osoari borondatez uko egiten bazaio, galdu eginen da, aprobetxamendu guztiak bukatzeko falta den aldirako. Hala ere, Udalaren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 17. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste esleipen baterako aukera izanen du.

Udaleko osoko bilkurak, orobat, adjudikazio-hartzaileen artean lurzatiak trukatzea baimentzen ahalko du, hala eskatzen badute, betiere labore jakin batzuen kokalekua hobetzeko nekazaritza kanpaina zehatz batean. Baimena emateko kontuan hartuko dira aukera-irizpideak, azaleren baliokidetasuna eta abar.

Enkante-loteei uko egiten ahalko zaie, lehentasunezko edo zuzeneko adjudikazioei eragin gabe, eta adjudikazioa amaitu arte geratzen diren urteei dagokien urteko kanonaren %20ko penalizazioa ezarriko da.

63. artikulua.

Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera galduko da Vianako biztanle izateari uzteagatik, herrian urtean bederatzi hilabetetan benetan ez bizitzeagatik, edo Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik. Zehapen lehen neurri batekin, eta ez-betetzeak jarraituz gero, lurzatia kentzearekin.

64. artikulua.

Herri-lurrak ustiatzeagatik sor daitezkeen gastuak adjudikaziodunak ordaindu beharko ditu, eta dagokion adjudikazioan zehaztuko da haien zenbatekoa.

III. KAPITULUA.–ERREKURTSOAK

65. artikulua.

Ordenantza hau interpretatzean, Udalaren osoko bilkuraren egintzen edo erabakien ondorioz sortzen ahal diren gorabehera guztiak, ordenantza hori aplikatzeari dagokionez, errekurtso hauetako bat jarriz ebatziko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Udalari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazi eta hurrengo hilabetean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da Vianako herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza, eta ordenantza honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan jaso gabeko kasu berezietan, Udalak behar diren erabakiak hartuko ditu, herri-lurren aprobetxamenduen arloan indarrean den araudiari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L2402879