47. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11/2024 FORU AGINDUA, urtarrilaren 31koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, maiatzaren 23ko 54/2023 Foru Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez 2022ko eta 2023ko kanpainen eskaera bakarraren deialdia egiten baita.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2022 Foru Aginduaren bidez, honako hauen deialdia egiten da 2022ko kanpainarako: Eskaera bakarra, xede dituena nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ordainketa zuzenak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak finantzatuak, eta, orobat, xede dituena Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren laguntza batzuk, erreserba nazionalerako eskubide eskaerak, SIGPACen aldaketa egiteko eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean inskriba dadin.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 23an eman 54/2023 Foru Aginduaren bidez, honako deialdi hauek egiten dira: 2023ko kanpainarako laguntzen eskaera bakarraren aurkezpena; Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren laguntza jakin batzuk; 2023-2027ko Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) eskualdeko esku-hartzeak; patataren hazi ziurtatuaren ekoizleentzako laguntzak, natura mugapenak dituzten eskualdeetan nekazaritzako jarduera horri eusteko; eta azukre-erremolatxaren laborantzarako de minimis araubideko estatuaren laguntza.

Bi foru aginduetan, kanpainaren eskaera bakarrean jasotako laguntzen deialdia egiteaz gain, natura mugapenak edo beste mugapen espezifiko batzuk dituzten Nafarroako eskualdeetarako laguntzaren oinarri arautzaileak ezartzen dira, 2014-2022 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Programaren barnean. Zehazki, martxoaren 11ko 32/2022 Foru Aginduaren IV. eranskinean eta maiatzaren 23ko 54/2023 Foru Aginduaren I. eranskinean jasotzen dira.

Eranskin horietan, adierazten da zer erreferentzia data hartu behar diren kontuan ardi eta ahuntz azienden kopururako.

2022ko kanpainaren aurretik, erreferentzia nahitaezko zentsuko aitorpena izan da, zehaztuta dagoena irailaren 16ko 685/2013 Errege Dekretuaren 11.4 artikuluan (errege dekretu horren bidez, ardi eta ahuntz espezieetako animaliak identifikatu eta erregistratzeko sistema ezarri da).

Hala ere, 2022ko kanpainatik aurrera, ardi eta ahuntz azienda identifikatzeko sistema elektroniko bat eta datu-base informatizatu bat edukita, ardientzako erreferentzia da SIMOGAN datu-basean jasotako bost balioen batez bestekoa, laguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo bost hilabeteetako bakoitzeko lehenengo lanegunean kontabilizatuta.

Data horiek bi arauetako ardi eta ahuntzen abeltzaintzarekin lotutako laguntzetan jasotzen badira ere, ez dira oinarri arautzaileen eranskinetan biltzen, hor oraindik aipatzen baita aurreko identifikazio sistema, urteko nahitaezko zentsuko aitorpena, eta eskakizun formal horrek balioa galdu du.

Horregatik, beharrezkoa da bi foru aginduak zentzu horretan aldatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Martxoaren 11ko 32/2022 Foru Agindua aldatzea, zehazki, «Kalte-ordaina har dezakeen azalera» izeneko IV. eranskinaren 6. oinarriaren 4. puntuaren idazketa. Hona hemen:

"4. Bazkarako azalera kalte-ordaina emateko modukotzat joko da larreekin bateragarriak diren espezieak dituzten abeltzaintzako ustiategietan. Ustiategi horietan, kalte-ordaina hartzen ahal duen bazkarako azalera, hektareatan, ez da inoiz izanen handiagoa larrearekin bateragarriak diren espeziekoak izanik ustiategian dauden azienden AzLUen balioa baino. Behi, ardi eta zaldi azienden kasuan, 6 hilabetetik aurrerako abereak hartzen dira kontuan, eta ardi, ahuntz eta txerrien kasuan, 4 hilabetetik aurrera. SIMOGAN datu-basean jasotako bost balioen batez bestekoa izanen da kontuan hartuko diren AzLUak, laguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo bost hilabeteetako bakoitzeko lehenbiziko lanegunean kontabilizatuta."

2. Maiatzaren 23ko 54/2023 Foru Agindua aldatzea, zehazki, «Kalte-ordaina har dezakeen azalera» izeneko I. eranskinaren 2. oinarriaren C) puntuaren bigarren paragrafoaren idazketa. Hona hemen:

"Behi, ardi, ahuntz eta zaldi aziendarako, SIMOGAN datu-basean jasotako bost balioen batez bestekoa izanen da kontuan hartuko diren AzLUak, laguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo bost hilabeteetako bakoitzeko lehenengo lanegunean kontabilizatuta."

3. 54/2023 Foru Aginduaren I. eranskinaren 2. oinarriaren C) puntuaren hirugarren paragrafoa kentzen da.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Aldaketa hau 2022ko eta 2023ko kanpainen eskaera bakarrari aplikatuko zaio.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 31n.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2402293