47. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

70E/2024 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Díaz Corachkinak Zarrakaztelun sustatutako txerri-ustiategia 2.500 gizentze-plaza eduki arte handitzeko proiektuak ingurumenean edukiko duen inpaktuaren adierazpena egiten da.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko a) 3 epigrafean sartzen direnetakoa da. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Halaber, baimen substantiboa izapidetzen ari dira Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak arautzen duen administrazio-prozeduraren arabera, eta proiektua 1. eranskineko 10.13 epigrafean sartuta dago; beraz, arau horren arabera, ingurumen-baimen bateratua behar du.

–Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea.

Titularrak ingurumen-baimen bateratua eskatu zion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari; eskaerarekin batera ingurumen-inpaktuaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen.

2023ko urtarrilaren 26an (18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen-inpaktuaren azterketa eta ingurumen-baimen bateraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez, eta kontsulta tramitea ireki zuen proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin. Jendaurreko informazioaren izapidean bi alegazio jaso dira. Testua bera da bietan.

Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Abere Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta Zarrakazteluko Udalari. Honako hauen erantzunak jaso dira espedientean: Ingurumen Eraginaren Atalarena, Lurraldearen Antolamenduaren Atalarena, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalarena eta Animalien Ekoizpenaren Atalarena (Abeltzaintza Zerbitzua). Horrez gain, zazpi pertsona interesduni egin zitzaien kontsulta, eta erantzun bat jaso zen, alegazio modura. Jendaurreko informazioaren izapidean ere alegazio bat jaso zen.

Txosten honen 1.a eranskinean laburtuta jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsultak eta jendaurreko informazioaren tramitean jasotako alegazioak.

2023ko martxoaren 13an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jakinarazpena igorri zion titularrari, eta espedienteari erantsi zizkion kontsulten izapidearen ondoriozko erantzunak, eta adierazi zion proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskatzen ahal zuela, bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin.

2023ko ekainaren 2an, titularrak dokumentazio berria aurkeztu zion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen.

Gainera, espedientearen analisi teknikoa egitean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidearen ardura daukan organoa denez gero, 2023ko irailaren 27an txostena eskatu zion Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari. Gero, atal horrek adierazi zuen hasieran proposatutako sarbidea (abelbidean zehar, NA-128: Azkoien - Zarrakaztelu - Zaragozako muga errepideko bidegurutzetik abiatuta, 37,4 puntu kilometrikoan) ezin dela baimendu Abelbideei buruzko Foru Legearen arabera, alternatiba bideragarria baitago.

–Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Handituko den ustiategia Figaroletik 3 kilometro baino gehiagora dago, hego-mendebaldean, Bardeako ubideko II. erkidegoaren ureztatze tradizionaleko eremu batean. Ustiategia zapalda leuneko ibar batean dago, ureztatzeko terrazek eratutako glazisaren barnean. Nabe berria orain dagoenarekiko paralelo eginen da. Bera eta mindak biltzeko putzua 705. lursailean egonen dira, eta itxitura lekuz aldatuko da, ordokiko okupazioa handitzeko. Urbanizatutako lurretan ez da aldaketa handirik eginen. 705. lursaileko nabeaz gainera, proiektuaren aurretik ustiategian ur-putzu bat eta minda-putzu bat daude ondoko lursailean (710), hegoan; lursail horretan bertan behera utzitako ustiategi bat ere badago.

Ingurumen-balioko elementu hauek daude: ustiategia handituko den lursailean zuhaixka-larrea dagoen muino bat dago eta lursailaren iparraldeko eta mendebaldeko inguruan, ureztatzeko oholen artean, landaretza naturala dago. Lursail horren hegoaldean eta ekialdean beheragune bat dago azaleko ur-isurketa biltzen den tokian, eta bertan larrea sortu da. Larre hori bertan behera utzitako instalaziora hedatzen da. Proiektatutako instalazioak ez lioke ezertan eraginen.

Egungo abeltzaintzako ustiategira Erronkariarren Errege Altxonbidetik sartzen da. Horren ardatzean bide zoruduna dago, eta bide horren alboetan larreak eta sakan bateko ubidea tartekatzen dira. Sarbide hori gabe aurreko errepideko 38. kilometro-puntutik abiatzen den nekazaritza-bidea bat erabiliko da, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostenean xedatzen denarekin bat etorriz.

Jarduketa nolakoa izanen den ikusita (nekazaritzarako erabiltzen den lursail berdindua, ez landaretzarik ez natura-balioko beste elementurik, lurrak nabearen pasaguneak betetzeko erabiliko dira), uste da obrak ez duela inpaktu handirik izanen inguruneko elementuetan. Ustiategiak orain daukan ur-emakida handitzeko eskatu du (ura Bardeako ubideko II. erkidegoaren hargune batetik jasotzen du). Horretarako, baimena eskatu dio Ebroko Konfederazio Hidrografikoari. Mindak nekazaritza-banaketaren bidez kudeatuko dira: jardukeran sortzen diren mindak Zarrakazteluko, Kasedako eta Sos del Rey Católicoko (Aragoi) udalerrietako lursailetan banatuko dira. Lurralde planeko lurren ia bi heren ureztatze-lurrak dira eta gainerakoak zereal-sailak eta lehorreko lurrak dira. Oro har, lursailak nahiko sakabanatuta daude. Gorpuak kanpoko kudeatzaile bati emanen zaizkio, berak kudea ditzan.

Katalogatutako espezieen eta babespeko eremuen babesa indartze aldera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzetan neurri espezifikoak sartu dira estepako hegaztien kontserbaziorako kritikoak diren eremuetan abereen gorozkiak banatzeko: Nafarroan, "Zarrakaztelu - Mélida" (AC: 22) eta "Errege Bardeak" (AC: 21), eta Natura 2.000 sareko "Errege Bardeak" eta "Dos Reinos aintzira". Hori dela eta, aintzat hartu dira Sustrai Erakuntzak jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutako alegazioak, biodibertsitateari dagokionez.

Ingurumen-inpaktuaren azterlana eta txosten hau aztertuta, kontuan eduki beharreko alderdi nagusiak, baliabideen kontsumoaz eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolaz gainera –ingurumen-baimen integratuaren espedientean zehazten eta baloratzen diren ondorioak–, honako hauek dira, gizakien erabileretan eta azaleko uretan sortzen ahal dituzten inpaktuak direla eta: ur-isurketak izaten diren habitat naturalen babesa, simaurrak banatzeko lurralde planaren esparruan katalogatutako fauna espezieei kalterik ez egiteko aplikatu beharreko neurriak, eta gaueko zerurantz argia igortzea.

Espedientearen ingurumen-inpaktuaren analisi teknikoaren ondoren (bertan proiektuak ingurumenean edukiko dituen ondorioak ebaluatu dira), Ingurumen Ebaluazioaren Atalak jakinarazi du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura zuzen egin dela eta proiektutakoak ez duela inpaktu esanguratsurik edukiko ingurumenean, behin ingurumen-inpaktuaren azterlaneko neurri zuzentzaileak eta ebaluazio honen ondorioz ezartzen diren neurri osagarriak aplikatuz gero.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematea proiektu honetarako: Zarrakazteluko udal-mugarteko Lo de la Reina parajean 2.500 gizentze-plaza eduki arte handitzea txerri-ustiategia handitzeko proiektua, Díaz Corachkinak sustatua.

2. Ezartzea jarduera egin beharko dela goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzei jarraikiz, baita ebazpen honetan aipatzen diren hauek betez ere:

–Ustiategian bertan, ezin da ukitu ekialdean dagoen muinoa, zuhaixka-larrea dagoena, ez eta horren ondoko bazka-saila ere. Gainera, ezin da materialik ez lurrik pilatu berez bilakatzen utzitako lursailaren hegoaldeko eta ekialdeko mugetan dauden larre-lurretan.

–Erronkariarren Errege Altxonbidearekin lotutako natura-baliodun elementuei (ura isurtzen den lerroa eta larreak) kalte ez egiteko proiektuan ezarritako neurriak aplikatu behar dira ustiategira doan tartean.

–Jardueraren lurralde planaren eraginpeko eremuko biodibertsitatea behar bezala babesteko, "Dos Reinos aintzira" eta "Errege Bardeak" kontserbazio bereziko eremuetan eta estepako hegaztien kontserbaziorako kritikoak diren "Zarrakaztelu - Mélida" (AC: 22) eta "Errege Bardeak" (AC: 21) eremuetan, simaurrak kudeatzeko planak eta horren ondoko berrikuspenek mindak, digestatoa edota simaurrak behar bezala kudeatzeko protokoloa bete beharko dute. Protokolo hori ebazpen honen IV. eranskinean dago.

–Ustiategia gobernatzeko eta abere hilak kudeatzeko sistemak ezin du eman animalia sarraskijaleak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzeko aukerarik. Hildako animaliak gorpuentzako edukiontzi espezifikoetan utziko dira, eraikin itxietan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta haiek animalien hondakinetara iristea saihesteko.

–Ustiategia ingurumenean integratzen laguntzeko, proposatzen da milazkadi itxia sortzea (Tamarix gallica / T. canariensis). Nahi izatera, zuhaitz autoktonoak eta bertako inguruabarretara egokitutakoak landatzen ahalko dira nabeen ondoan, itzala emateko, edo zuhaiztitxoa sortzen ahalko da ezponden behealdean edo barruko muinoaren ondoan. Hor, hegalean zulatutakoa lur-soberakinekin berdintzeko aukera aztertzen ahalko da.

–Zulaketen ondoriozko soberako lurrak, landare-lurrak ez besteak, obran bertan erabiltzen ez badira, baimendutako hondakindegi batera eraman beharko dira edo, bestela, kudeatzaile egokiaren esku utzi beharko dira (nolakoak diren kontuan hartuta); ez da zuzena izanen lursailean edo ondoko lurretan botatzea.

–Argi-kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, gehienez ere % 5ekoa izanen da kanpoko argiteriako argi-puntuen goiko hemisferioek igorritako argi-fluxua, bat etorriz EA-03 jarraibide tekniko osagarriaren 1.1 apartatuan xedatutakoarekin. Jarraibide tekniko hori manu honetan dago jasota: 1890/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, kanpoko argiteria-instalazioen energia-eraginkortasunari buruzko Erregelamendua onartzen duena.

Komeni da argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestea, eta haien ordez sodio-lurrunezko lanparak, edo LED-anbarrak (argi zuria edo horia) erabiltzea, edo 440 nm-tik beherako uhin-luzerako erradiazioa iragaztea. Argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihetsi ezin direnean, kanpoko argiak lanorduetan edo behar diren lanetan erabiliko dira. Gainerako orduetan itzalita egon beharko dute.

–Jardueraren gaineko ingurumen zaintza:

  • Instalazioa martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du, memoria bat eta dokumentazioa jasotzen dituena, egiaztatzeko egin direla baimen honetan xedatutako paisaian integratzeko landaketak.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinaraztea (Tuterako barrutia), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Txerriak gizentzeko ustiategi bat handitu nahi da, 2.500 plaza edukitzeko, 14. poligonoko 705. lursailean, instalazioek hartzen duten eremuan (ondoko 710. lursaila ere hartzen du). Ustiategia Figaroletik 3 kilometro baino gehiagora dago, hego-mendebaldean, zapalda leuneko ibar batean, Bardeako ubideko II. erkidegoaren ureztatze tradizionaleko eremu batean, Zarrakazteluko udalerrian.

Horregatik, dagoena bezalako nabea eraikitzeko asmoa dute, oraingoarekiko paraleloan, bai eta minda-putzu bat ere, 705. lursailaren ipar-ekialdean. Obrak amaitutakoan ustiategian honako hauek egonen dira: bi nabe, 1.250 bana plazakoak; bi minda-putzu, bata proiektukoa eta egun 710. lursailean dagoena; ura biltzeko baltsa, 1.000 m³-koa, aurreko lursail berean.

Nabe berriaren oinplanoa 69,9 x 15,5 metrokoa izanen da, eta 6 metroko altuera edukiko gailurreraino. Estalkia bi isurkikoa izanen da. Animaliak lurzoruaren gainean goratutako hormigoizko hobietan kokatuko dira, eta hobi horiek mindaren kanpoko andelari lotuta egonen dira. Minda-baltsaren edukiera gordina 2.000 m³ izanen da. Lurpean egonen da, plastikozko xafla batez irazgaiztuko da eta gainean xafla malguzko estalkia edukiko du; gainera, ihesak detektatzeko eta kontrolatzeko sistema edukiko du. Nabe berria jartzen denean, maila metalikozko itxitura mendebaldera hedatu beharko da; gainera, baltsaren ingurua hesi ipini beharko da. Nabearen ondoan elikadura-siloak eginen dira, eta nabeen arteko zamatokia handituko da.

Guztira, ustiategian 3.600 m³ minda biltzen ahalko dira. Gainera,l uraren eta elektrizitatearen hornidura-sareak handituko dira: ura Bardeako ubideko II. erkidegoaren hargune batetik helduko da eta elektrizitatea gaur egun ustiategian erabiltzen ari diren gasoliozko sorgailu batetik. Sorgailua lokal tekniko batean egonen da. Lokal horretan bulegoa, aldagela eta komuna ere egonen dira. Gaur egun, ustiategiko sarbidea NA-128 (Azkoien - Zarrakaztelu - Zaragozako muga, Erronkariarren Errege Altxonbidea) errepideko 37,4 kilometro-puntutik abiatzen da. Proiektuaren arabera, sarbidea errepide horretako 38. kilometro-puntutik abiatuko da, abelbideen gaineko eskumena daukan unitatearen aldeko txostena lortu ezean.

Jarduera honako hau izanen da: 20 - 110 kilo arteko zerriak haragitarako gizenduko dira; abereak aldi berean sartu eta aterako dira, gizentze-zikloak 2,5-3 izanen dira urtean, eta haien artean huste sanitarioa eginen da. Ustiategiak aurreikusi du 3.693 m³ minda balorizatzea eta nekazaritzako ongarri modura aprobetxatzea 81 ha-ko laborantza-lurretan. Lur horietako 6,4 ha Sos de Rey Católico herrian daude (Aragoi) eta gainerakoetatik bi heren Kaseda eta Zarrakazteluko arto-sail ureztatuetan daude eta heren bat lehorreko gari-sailetan. Jardueraren kudeaketak baliabide eta lehengaien kontsumo hauek eragingo ditu urtean: 1.530 tona pentsu, 4.940 m³ ur eta 1.718 litro gasolio. Gainera, amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak) isuriko dira atmosferara.

II. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI
ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN ETA INFORMAZIO
PUBLIKOAREN IZAPIDEAREN LABURPENA

Hona hemen tramite horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:

–Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Zarrakazteluko Udala

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Ekologistak Martxan - Landazuria

Ekologistak Martxan

Sustrai Erakuntza Fundazioa

X

SEO/BirdLife

Gurelur

Greenpeace Espainia

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak dokumentazioak bete beharreko baldintzak azaldu ditu. Besteak beste, txostenean adierazten da proiektuaren ingurumen zerrendan Erronkariarren Errege Altxonbidea sartu behar dela, oraingo instalazioko sarbidea dagoen abelbidea; gainera, izapidetzen ari den aldaketarako ezinbestekoa izanen da Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak, Nafarroako abelbideen gaineko eskumena daukan organoak, egindako txostena.

Txostenean adierazten da kanpoan uzten ahal direla dokumentazioarekin batera aurkeztutako lurralde planeko lursail batzuk, zeren eta babestu beharreko habitatak dauden larreekin eta urtaroko istilekin. Halaber, adierazten da modu berezian antolatu behar dela nola banatzen diren mindak estepako hegaztien kontserbaziorako kritikoak "Zarrakaztelu - Mélida" (AC: 22) eta "Errege Bardeak" (AC: 21) eremuetan eta Natura 2.000 sareko "Errege Bardeak" eta "Dos Reinos aintzira" eremuetan. Azkenik, proiektua paisaian integratzea dela eta, adierazten da azterlanean ezarpen berriko proiektua balitz bezala ikertu behar direla jardueraren inpaktuak; horren ildotik, ezarpenaren egoera eta indarreko ingurumen-baimenean ezarritako neurri zuzentzaileen eraginkortasuna baloratu behar dira.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen-baldintzak (148/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan abeltzaintzako instalazioen ingurumen-baldintza teknikoak ezartzen dituena), bai eta otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuarekin (zerri-haztegi intentsiboak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena) bat etorriz aplikatu beharreko baldintzak ere. Gainera, zerri-ustiategi estentsiboak antolatzeko oinarrizko araudia aldatu da kokapenari eta nabeetako eta kanpoko minda-putzuko amoniako-emisioak murrizteari dagokionez. Ezartzen da baltsa estalian sortzen den metano gasaren emisioen murrizketa justifikatzen duen azterlana txertatu behar dela dokumentazioan, eta zehaztu behar dela zer teknika aplikatuko den egun dagoen estali gabeko baltsan, zolda solidorik egon ezean, emisio kutsagarriak % 40 murrizteko, zolda gabeko baltsa erreferentziatzat hartuta.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde eta hirigintza planeamenduari buruzko zenbait ohar plazaratu ditu, informazio modura, "Ebroko Ardatza" 5. LAPk (Lurralde Antolamenduko Plana) –hor kokatuta baitago udalerria– horiei buruzko muga edo debekuak ezartzen ahal dituelako.

Lurzoruaren sailkapenaren arabera, ustiategia hedatuko den eremuko lurrak legeria sektorialaren babespean daude, ureztatze bidez modu naturalean ustiatzen ahal diren lurrak baitira (SNUPrtEN: R); Bardeako ubideko III. erkidegoko lurrak (Zarrakaztelu) hain zuzen ere. Beraz, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak proiektuak ureztatze-lurretan edukiko duen eraginari buruzko txostena egin behar du.

Zarrakazteluko Udalaren hirigintza-plangintzari dagokionez, adierazten da lursaila nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, eta kategoria horretarako jarduera-mota hori baimengarria dela. Horrez gain, proposamenak akaberen eraikuntza-baldintzak betetzen ditu, ba eta mugetara eta laborantza-sailera utzi beharreko distantziak ere, baina ohartarazten da egun dagoen instalazioan ez dela landatu ezer azken jarduketa egin zenetik.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eta bide publikoetarako eta intereseko ibilbideetarako distantziak errespetatzea. Horren arabera, hegoaldeko mugan, bidearen ondoan, egin nahi den itxitura atzera eraman beharko da tarte batean, eskatzen diren distantziak mantentzeko.

Adierazi da, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko dituela udalaz gaindiko proiektu sektorialak, eta berariaz aipatu dira ureztalurrak eta abeltzaintzako ustiategietatik zenbait elementutara dauden distantziak.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari, eta kontsulta ezarri den izapidetze-fasean aldeko txostena eman du. Hala ere, adierazi du baimenaren izapideak irauten duen bitartean sustatzaileak animalien ongizateari buruzko informazioa osatu beharko duela, zehazki, animaliak dauden lekuko argiztapenari buruzkoa.

–Jendaurreko informazioaren tramitean egindako alegazioei buruzko azalpena:

Sustrai Erakuntza elkartearen alegazioak jaso dira. Alegazio horiek partikular batek ere sinatu ditu. Alegazio horietan ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapideak dituen zenbait gabezia nabarmendu dira, espedientean ez direlako jaso haztegiei aplikatu beharreko araudi sektorialaren aplikazioari buruzko txostenak. Horrez gain, elkarteak uste du proiektua ez dela bateragarria lurralde horrekin, lurraldeak ezin baititu jasan jardueraren inpaktuak, proiektuaren tamainagatik, banaketa-eremuekiko distantziagatik eta inguruan dauden abeltegi ugarien inpaktu metagarriek eragindako saturazioagatik.

Alegazio horiei dagokienez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren tramitean, titularrak jendaurreko informazioaren tramitearen ondotik aurkeztutako dokumentazioaren 1. eranskinean erantzun ez dituen ingurumen-alderdiak soilik hartu dira kontuan.

III. ERANSKINA.–INGURUMEN-INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA ETA ZAINTZA PLANA

Tramitazio-prozesuan, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat egin da, ingurumen-baimen bateratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko tramitean aurkeztutako informazioa biltzen duena. Bertan, handitze hori egungo instalazioa dagoen tokian egitea lehenesten da eta, ingurumen-alderdiak integratzeko neurri zuzentzaileak sartu ondotik, bateragarritzat jotzen da.

Azterketan, alderdi esanguratsuak jaso dira, eta proiektuak ezarpen- eta funtzionamendu-fasean izan ditzakeen inpaktuak identifikatu eta deskribatu dira. Horrez gainera, proiektua ingurumenean integratzeko neurriak proposatu dira. Proiektuan, alde batetik, obrek proiektuaren esparruan (batez ere ondoko habitatetan) izanen duten ukipena mugatzeko prebentzio-neurriak ezartzen dira, eta bestetik, funtzionamenduan egon bitartean ingurumenean izanen duten eragina murriztekoak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan simaurrak banatzeko lurralde plana dago. Horren arabera, simaur gehienak Nafarroako ureztatze-lurretan banatuko dira eta gainerakoak Aragoin. Proiektuan kudeaketa planaren ukipena mugatzen da: kanpoan uzten dira urtaroko ur lasterrak eta ur-masak. Simaurren banaketa dela eta, abeltzaintzako ustiategietako mindak, digestatoa edota simaurrak behar bezala kudeatzeko protokoloan ezarritako irizpideak aplikatuko dira simaurrak banatzeko "Dos Reinos aintzira" eta "Errege Bardeak" kontserbazio bereziko eremuetan eta estepako hegaztien kontserbaziorako kritikoak diren "Zarrakaztelu - Mélida" (AC: 22) eta "Errege Bardeak" (AC: 21) eremuetan.

Azterketan, halaber, ingurumena zaintzeko plan bat bildu da, eta bertan sartzen dira proiekturako eta jarduerarako aurreikusitako inpaktu nagusien jarraipen- eta kontrol-betebeharrak.

IV. ERANSKINA.–ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETAKO MINDAK, DIGESTATOA
ETA/EDO SIMAURRAK BEHAR BEZALA KUDEATZEKO PROTOKOLOA

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 sarearen barruko lekuak eta Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko eremu kritikoak), nekazaritza jarduerak eta lehorreko laborantza txandakatzeak faunaren kontserbazioari mesede egiten diola bermatu beharko da, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsa ditzaketen edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra-hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Lehorreko zereal alorretan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, lugorriak estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko garrantzitsuak direla ikusirik, simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea saihestu behar da.

–Minda banatzeari dagokionez, leku horietan banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiak dituzten tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.

–Alfer lur iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik zabaltzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak). Gainera, alfer lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein hortik kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sortzen ahal diren isuri edo putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira Estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi batekoak izan edo etengabeak. Erreka zuloak eta horien adarrak ur ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (lur gesalak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuta egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Hezegune gesalen eta erreka-zuloen arro hidrografikoan kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

Iragarkiaren kodea: F2402207