47. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 8koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako toki erakundeen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdirako oinarri arautzaileak onesten dituena, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta gainerako autonomia erkidegoekin batera, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioa (aurrerantzean, APEPA) sinatu du. Haren bidez, batera kudeatzen dira langile publikoen prestakuntzarako funtsak, eta prestakuntza planak gauzatu eta garatzen dira, bakoitzari dagokion eremuan. Erabaki horren edukia aldatu egin zen, besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren doktrinagatik, 225/2012 eta 7/2013 epaien ondorioz. Izan ere, toki erakundeek eta autonomia erkidegoen eremuko toki erakundeen federazio edo elkarteek sustatutako prestakuntza planak direla-eta, epai horiek ezarri zuten autonomia erkidegoen eskumena dela planak onestea, haiei jarraipena egin eta kontrolatzea, planak aldatzea eta negoziazioan sortutako desadostasunak ebaztea.

Aurrekoa kontuan hartuta, Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzako Batzorde Orokorrak, 2013ko uztailaren 19ko bileran, APEPAren aldaketa bat onestea erabaki zuen, lehen aipatutako Konstituzio Auzitegiaren epaiek aitortutako eskumen banaketara egokitzeko.

APEPAk autonomia erkidego bakoitzeko enplegurako prestakuntzako batzorde paritarioei esleitzen dizkie toki erakundeen eta autonomia erkidegoen eremuko toki erakundeen federazio edo elkarteen prestakuntza arloko eginkizunak.

Horren babesean, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 10eko 4/2014 Foru Agindua onetsi zen, toki erakundeen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dituena APEPAren esparruan.

Lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea indarrean jarri zenean, aldatu egin ziren langile publikoen prestakuntzarako funtsak kudeatzeko erreferentzia esparruan nahitaez bete beharreko zenbait manu, eta, horren ondorioz, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren maiatzaren 18ko 107/2016 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez oinarri arautzaile berriak ezarri baitziren toki erakundeen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdirako, APEPAren esparruan.

Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Orokorrak, 2018ko martxoaren 9ko bileran, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko IV. Akordioaren testu berri bat (2005eko irailaren 21ekoa) onestea erabaki zuen, Lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legean xedatutakora egokitzeko.

Irailaren 9ko 30/2015 Legea uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez garatu da (aipatu aginduak uztailaren 3ko 694/2017 Dekretua garatzen du, eta hura finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen ditu). Agindu honetan ezarritako arauditik kanpo gelditzen da langile publikoen prestakuntza, salbu eta V. kapituluan (prestakuntza eskaintzaren kalitateari, ebaluazioari, jarraipenari eta kontrolari buruzkoa) aplikatu beharreko alderdiak; izan ere, administrazio publikoen eremuan sinatzen diren prestakuntzari buruzko akordioetan ezarritakoaren arabera sustatzen diren berariazko programen bidez garatuko da langile publikoen prestakuntza, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.7 artikuluan eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Estatuaren 2021erako Aurrekontu Orokorren abenduaren 30eko 11/2020 Legeak, azken xedapenetako hogeita hamahirugarrenaren bidez, Lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6. artikulua aldatzen du. Horri esker, dirulaguntza hau emateko ebazpena baino lehenago egiten ahal dira langile publikoak prestatzeko prestakuntza ekintzak.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea aplikatzeko, Nafarroako administrazio publikoek behar diren neurriak hartu behar dituzte beren langileei emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko oinarrizko prestakuntza mailakatu eta iraunkorra ziurtatzeko, bai eta edukietan eta prestakuntzan genero ikuspegia txertatzeko ere, foru lege horren xedapenak eraginkor egiteko eta administrazio jardunean genero ikuspegia eraginkortasunez barneratzea ahalbidetuko duen ezagutza praktiko nahikoa bermatzeko.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa betetzeko, kasuko prestakuntza planen bidez, eguneratze eta birziklatze programa berariazkoak ezarriko dira berdintasun arloko ardura duten organoei atxikitako langileentzat, ahal dela lan orduetan egitekoak.

Izandako aldaketa guztien ondorioz, toki erakundeetako langile publikoentzako prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaile berriak onetsi beharra ikusten da, APEPAren esparruan.

Azkenik, dirulaguntza horien kudeaketan metatutako esperientziaren ondorioz eta toki erakundeetako langileentzako prestakuntza planak nola gauzatu diren ikusita, oinarrietan beharrezko jotzen diren beste aldaketa batzuk egiteko aprobetxatuko da.

Espedientean bada txosten juridiko bat, oinarri arautzaileak zuzenbidearen araberakoak direla adierazten duena, eta kontu-hartzailetzak espedientea fiskalizatu du aurretiaz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera. Orobat, Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 277/1990 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Toki Araubidearen Foru Batzordeak foru agindu honen gaineko txostena eman du. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak txostena eman du, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren babesean eratu baitzen.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdirako oinarri arautzaileak onestea, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan, foru agindu honen eranskinean baitaude, eta indarrik gabe uztea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren maiatzaren 18ko 107/2016 Foru Agindua, Nafarroako toki erakundeen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdirako oinarri arautzaileak onesten dituena, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan.

2. Foru agindu hau Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioari igortzea, baita Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari ere.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2024ko otsailaren 8an.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Agindu honen xedea da dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, toki administrazioko langile publikoei zuzendutako enplegurako prestakuntza planak funts finalistekin finantzatzeko. Prestakuntza plan horiek dira Nafarroako toki erakundeek eta toki erakundeen federazio edo elkarteek sustatzen dituztenak, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan (Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzako Batzorde Orokorrak 2018ko martxoaren 9an onetsi zuen idazketaren arabera).

2. oinarria. Helburua.

APEPAren 1.artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntza horiek administrazio publikoetan eta horien langileen artean prestakuntza bultzatu eta zabaltzea dute helburu, haien beharrei erantzuteko, kudeaketarako gaitasuna hobetzeko, aldaketa prozesuetara egokitzeko eta haien lidergotza hartzeko, baita herritarrei ematen zaien zerbitzu publikoa hobetzeko ere.

3. oinarria. Entitate onuradunak.

APEPAren 10.3 artikuluko a) eta b) letretan aipatzen diren prestakuntza planen sustatzaileak izaten ahal dira oinarri hauen bidez araututako laguntzen onuradunak, eta Nafarroaren kasuan, zehazki, honako hauek:

a) Udalak eta gainerako toki erakundeak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan aipatzen direnak.

b) Nafarroako toki erakundeen federazio edo elkarteak, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 71. artikuluan ezarritakoaren babesean zilegitasunez eratuta daudenak.

4. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, onuradun izateko. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da baldintza horiek betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordaindu aurretik.

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan jasotakoak ere entitate sustatzaileen betebeharrak dira, eta betiere honako hauek:

a) Kasuko deialdian eskatzen den dokumentazioa aurkeztea, eta dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean justifikatzea deialdian edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen direla.

b) Deialdiaren urte naturalean gauzatzea laguntza ematea eragin duen jarduera.

c) Dirulaguntza zer ekitaldi ekonomikotan ematen den, hartan egindako gastuak justifikatzea, 14. oinarrian finkatutako moduan eta epeetan.

d) APEPAren 21.1.g) artikuluan aipatu bezala, urteko txostenean sartzeko beharrezkoa den informazioa ematea egindako prestakuntza ekintzei buruz; orobat, horien jarraipena egin dadin estatistiketan. Informazio horrek sexuaren arabera bereizitako datuak izan behar ditu, deialdi bakoitzean zehaztutakoaren arabera.

e) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egiaztatze jarduketak onartzea, baita Kontu-hartzailetza Orokorraren finantza kontrola eta Kontuen Ganberaren kontrol fiskalizatzailea ere, hala dagokionean, eta halako jarduketak egiteko eskatzen dizkioten argibide guztiak ematea.

f) APEPAn ezarritako betebeharrak betetzea, baita Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzako Batzorde Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak onetsi ondoren deialdi bakoitzean gehitzen direnak ere.

g) Behar diren bertaratze eta/edo aprobetxamendu ziurtagiriak ematea, prestakuntza jarduera bakoitzaren bertaratze edo gainditze irizpideen arabera, Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzako Batzorde Orokorrak aldez aurretik finkatutako baldintzen arabera. Ziurtagiri horietan finantzaketa iturria adierazi beharko da, dagokion letra mota eta logotipoa erabiliz.

h) Prestakuntza ekintzetan parte hartuko dutenak hautatzea, parte-hartzaileen profila ekintzen helburuetara eta edukietara egokitzen dela zainduz.

i) Funts hauekin finantzatutako prestakuntza ekintzen kalitatea eta doakotasuna bermatzea.

j) Diruz lagundutako jarduerak finantzaketa publikoa izan duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen hedapenarekin eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

k) Entitateak deialdi honen berri emateko eta zabalkunderako baliatzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista erabili beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

l) Prestakuntza jarduerak planifikatzea eta egitea ahalik eta irisgarrien izateko moduan, gaitasunen aniztasunari erantzuteko eta familia bizitzarekin bateragarri egiteko.

ñ) Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko adierazpena aurkeztea, hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

Horretarako, 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluko c) letran sartuta dauden entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta.

Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

5. oinarria. Finantzaketaren xede diren jarduerak.

1. 3. oinarrian zehazten diren entitate sustatzaileek laguntzak eskatzen ahalko dituzte era hauetako planak finantzatzeko:

a) Banakako planak. Gutxienez ere 200 langileko toki erakunde bakar bateko langileengan eragina izatea da banakako planen ezaugarria, zein diren ere haien barnean sartzen diren unitate edo organoak. 3. oinarriko a) letran aipatzen diren onuradunek bakarrik sustatzen ahalko dituzte plan horiek, eta sustatzaileaz bestelako hartzaileak izaten ahalko dituzte administrazio berean.

b) Plan elkartuak. Bi toki erakunderen edo gehiagoren langileengan eragina izatea da plan elkartuen ezaugarria, eta 3. oinarrian aipatzen diren toki erakundeek eta elkarte edo federazioek sustatzen ahalko dituzte, APEPAren 8. artikuluan ezarritako moduan.

2. APEPAren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, prestakuntza planetan honako arlo hauetako jarduera osagarriak sartzen ahalko dira: parte-hartzearen inguruko informazioa, zabalkundea eta sustapena; premiak hautemateko azterlanak; prestakuntza programei aplika dakizkiekeen metodologiak eta tresnak diseinatzea; dokumentazioa lantzea eta eskuratzea; ikerketa; aholkularitza; prestakuntza prozesuen eta prestakuntzak laneko jardunean duen eraginaren gaineko ebaluazioa; eta administrazio publikoen enplegurako prestakuntza programarekin zerikusia duten beste guztiak.

Deialdi bakoitzean ezarriko dira ekintza horiek egiteko mugak eta irizpideak, Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzako Batzorde Orokorrak urtero erabakitzen duenaren arabera.

3. Entitate sustatzaileek genero ikuspegia txertatuko dute edukietan eta prestakuntzan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen xedapenak gauzatzeko, eta administrazio-jardunean genero ikuspegia benetan txertatzea ahalbidetuko duen ezagutza praktiko nahikoa bermatzeko.

6. oinarria. Planen balorazioa, dirulaguntza emateko irizpideak eta dirulaguntzaren kuantifikazioa.

1. Finantzaketa jasotzen ahalko dute Nafarroako toki erakundeek eta haien elkarte eta federazioek aurkeztutako enplegurako prestakuntza planek, baldin eta APEPAn, oinarri arautzaile hauetan eta deialdi bakoitzean ezarritako betekizunak eta helburuak betetzen badituzte.

2. Onuradunek aurkeztutako planak baloratzeko, emandako dirulaguntzaren banakako kuantifikazioa zehazte aldera, parametro nagusia izanen da toki erakunde sustatzailearen plantilla osatzen duten langileen guztizko kopurua, banakako planen kasuan, edo toki erakunde bakoitzeko plantilletan dauden langileen batura, plan elkartuen kasuan.

Tokiko langile publikotzat hartuko dira funtzionario publikoak, behin-behineko langileak eta administrazio zein lan araubidean kontratatuak.

Balorazio irizpide kualitatibo gisa, aurkeztutako planak gutxieneko kalitate irizpide batzuetara egokitzen diren zehazte aldera, honako hauen haztapena ezarriko da deialdiaren oinarrietan:

–APEPAren ondoriozko prestakuntza planetarako aurreko ekitaldian jasotako laguntzen gauzatze maila.

–Prestakuntzarako erabiliko diren baliabide propioak.

–Prestakuntza kudeatzeko erabiliko diren giza baliabideak.

–Plana plangintza estrategikoko proiektu batean txertatuta dagoen eta beharren azterketa batekin duen lotura.

–Planen diseinua eta edukia.

–Planaren jarraipena egiteko aurreikuspenak eta emaitzak ebaluatzeko aplikatuko diren teknikak.

7. oinarria. Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Oinarri hauetan araututako dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, Espainiako, Europar Batasuneko edo nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin.

8. oinarria. Prozedura instruitzeko, deialdia egiteko eta ebazteko eskumena duten organoak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak instruituko du prozedura, hurrengo ataletan ezarritakoari jarraituz.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioaren ardura izanen da –APEPAren 21. artikuluaren babesean eratu baitzen, hartan adierazitako eginkizunekin– Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari helaraztea dirulaguntzen deialdiaren proposamena.

Batzordearen burua Funtzio Publikoko zuzendari nagusia izanen da, eta osatuko dute Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendariak, toki erakundeen ordezkari batek –Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuko duenak–, eta Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzako Batzorde Orokorrean ordezkaritza duten erakunde sindikalek –APEPAren 20.d) artikuluan aipatzen direnek–.

3. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari dagokio prozeduraren deialdia egitea eta ebazpena ematea.

9. oinarria. Dirulaguntzak emateko prozedura. Instrukzioa eta ebazpena.

1. Norgehiagokako araubidean tramitatuko da laguntzak emateko prozedura, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen I. tituluko II. kapituluaren arabera.

2. Diruz lagunduko den zenbatekoa prestakuntza planaren %100era iristen ahalko da, funtsen izaera finalista dela-eta, langile publikoen prestakuntza finantzatzera zuzenduta baitaude. Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalaren aurrekontuan lurraldeka azalduko da Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako zenbatekoa, Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzako Batzorde Orokorrak onetsitako funtsak kudeatzeko akordioan esleitu zaiona toki erakundeek aurkeztutako prestakuntza planak finantzatzeko.

3. Prozedura ofizioz hasiko da, laguntzen urteroko deialdiaren ebazpenaren bidez. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta honako hauek jasoko ditu nahitaez: oinarri arautzaileak onesten dituen foru aginduaren aipamena, baita argitaratzeko lekua eta data ere; dirulaguntza zein aurrekontu-kredituri egozten zaien eta gehieneko zenbateko osoa; dirulaguntza ematearen xedea, baldintzak eta helburua; dirulaguntza norgehiagoka araubidearen bidez ematen dela dioen adierazpena; dirulaguntza eskatzeko baldintzak eta horiek egiaztatzeko modua; prozeduraren instrukzioa eta ebazpena egiteko organo eskudunak zein diren; eskaerak aurkezteko epea, bai eta ebazteko eta jakinarazteko epea ere; eskaerarekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak eta informazioak; eskaerak baloratzeko irizpideak; jar daitezkeen errekurtsoak, eta horiek jakinarazteko edo argitaratzeko bideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. eta 45. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

4. Dirulaguntzen eskaerak deialdian ezarritako moduan eta epean aurkeztuko dira, baliabide elektronikoak erabilita beti, 16. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza aurkezteak esan nahiko du eskatzaileak baimena ematen diola instrukzio organoari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak.

5. Dirulaguntza proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa denean, eskaera moldatzeko eta prestakuntza plana zenbateko horri egokitzeko eskatuko zaio onuradunari, betiere, hasierako planaren ildo nagusiak errespetatuta, eta dirulaguntzaren xedeari, baldintzei eta helburuari eutsita. Instrukzio organoa izanen da, Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak egindako balorazioa ikusita, eskaeraren birformulazioa ontzat emateko ardura izanen duena.

6. Ebazpen proposamena egin baino lehen, entitate sustatzaileek aurkeztutako prestakuntza planen gaineko txostenak egin eta plan horiek onetsi beharko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak.

7. Instrukzio organoak, espedientea eta Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioaren txostenak ikusita, laguntzak emateko ebazpen proposamenak prestatuko ditu, behar bezala arrazoituta, non agertuko baita laguntza zer eskatzaileri ematea proposatzen den, zenbatekoa adierazita, baita gainerako eskaeren berariazko ezespena ere, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21.3 artikuluari jarraituz.

8. Prozedurako ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, deialdi honen argitaratze datatik hasita. Ebazpena emateko gehieneko epea igarota, toki erakunde eskatzaileak ulertzen ahalko du bere dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela.

10. oinarria. Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1. Dirulaguntzen ordainketa aurreratua egiten ahalko da, oinarri hauetan eta dagokion deialdian ezarritako baldintzen arabera, indarreko araudiak eskatzen dituen betekizunak bete ondotik.

2. Ordainketa aurreratu bat aurreikus daiteke prestakuntza programa integratua hasi baino lehen; hura gauzatzeko emandako zenbateko osoaren %25 gehienez. Era berean, ordainketa aurreratu bat aurreikus daiteke, beste %35 gehienez, programa integratuaren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60 gehienez, programa integratuaren hasiera egiaztatu ondoren.

3. Orobat, ematen den dirulaguntzaren konturako ordainketak egiten ahalko dira, baldin eta oraindik justifikatu gabe dauden gastu arruntetarako edo langileria gastuetarako badira eta diruz lagundutako jardueratik burutu den zatiari badagozkio. Ordainketa horiek ere aurrerakin gisa hartuko dira.

4. Nolanahi ere den, emandako zenbatekoaren %40 gutxienez diruz lagunduriko prestakuntza ekintza bukatu eta justifikatu ondoren ordainduko da.

5. Administrazioak egin beharreko aurrerakinak, konturako ordainketak eta gainerako ordainketak egin daitezen, aurreko paragrafoetan aurreikusi bezala egin ere, berariazko eskaera aurkeztu behar da lehenago, deialdian adierazitako bitarteko elektronikoen bidez eta behar den dokumentazioa eta justifikazioa erantsita.

6. Ezin da ordainketarik egin sustatzaileak zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuta izan arte, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

7. Onuradunek ez dute abalik, gordailurik edo beste edozein berme bitartekorik eratu beharko, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako moduan.

8. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko da dirulaguntzaren ordainketa, programa burutu eta gero, entitateak 16. oinarrian adierazitako justifikazio agiriak aurkeztu ondoren.

Konturako ordainketa aukeratzen bada, eta azken frogagiriak aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non doituko den aurkeztutako azken frogagiriak baino lehen egindako konturako ordainketa. Kasu horretan, ixteko ebazpenean finkatuko da NAPIk ordaindu beharreko zenbatekoa edo erakundeak itzuli beharrekoa, toki erakunde bakoitzak aurkeztutako frogagiriak ikusita.

11. oinarria. Prestakuntza plana gauzatzea eta haren aldaketak.

1. Zer urte naturaletan egiten den deialdia, hura izanen da dirulaguntzaren xede den prestakuntza plana gauzatzeko epea, noiz den ere laguntza ematen den edo ordaintzen den data.

2. Onetsitako hasierako plantzat hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak baloratu duena eta aurrekontua emandako dirulaguntzaren zenbatekora egokitu duena. Laguntzak esleitzen diren unetik aurrera, entitate onuradunek aldatzen ahalko dute prestakuntza plana aurrekontuaren banaketari edo edukiari dagokionez, hurrengo paragrafoan xedatutakoa gorabehera.

3. Egin nahi den aldaketak funtsezko aldaketa badakar planaren aurrekontuan edo edukian, Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak onetsi beharko du, eta NAPIri jakinarazi behar zaio. Horretarako, ulertuko da prestakuntza planaren funtsezko aldaketa dela jarduerak ordeztea, kentzea edo beste batzuk gehitzea, baldin eta aldaketek prestakuntza planean sartutako ekintzen kopuruaren %20ri baino gehiagori eragiten badiote eta ukitutako ekintza horiek prestakuntza planaren aurrekontu osoaren %20ri baino gehiagori eragiten badiote.

4. Aurreko atalean azaldutako kasuan, sustatzaileak aldaketa onesteko eskatu beharko du, azaroaren 30ean beranduenez, deialdian adierazten diren bitarteko elektronikoen bidez.

5. Justifikazioa egiteko unean, atarian argitaratutako planak jasoko ditu gauzatzeari buruzko datu errealak, abenduaren 31koak.

12. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira hurrengo atalean berariaz jasotzen direnak, baldin eta diruz lagundutako jardueraren araberakoak badira eta, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraituz, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gastu diruz lagungarrien kostuak ezin du gainditu merkatuko balioa.

b) Deialdi bakoitzaren urte naturalean egin behar dira.

c) Benetan ordainduta egon behar dute hurrengo urteko martxoaren 15ean, hots, justifikazio aldia bukatzen den egunean.

d) Gastuak egiteko, hornitzaile bati baino gehiagori eskatu behar zaizkie eskaintzak eta hala egin dela egiaztatu behar da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluak ezartzen dituen baldintzen eta kopuru-mugen arabera.

e) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak ez dira inola ere finantzatzeko moduko gastutzat joko.

2. Emandako laguntzen kargura finantzatzen ahalko dira prestakuntza ekintzei eta jarduera osagarriei zuzenean egozten ahal zaizkien gastuak, baita onetsitako prestakuntza plana osatzen duten jarduera guztiei egozten ahal zaizkien gastu orokorrak ere, zehazki:

2.1. Hauek bakarrik izanen dira prestakuntza ekintzei zuzenean egozten ahal zaizkien gastuak:

a) Barneko eta kanpoko prestatzaileen gastuak, jarduerak prestatzen, irakasten, tutore lana egiten eta parte-hartzaileak ebaluatzen ari direnean eragindakoak.

b) Baliabide eta material didaktikoen gastuak, hala nola ikasleek behin bakarrik erabiltzeko moduko material eta testuenak (erostea, prestatzea, kopiak egitea eta banatzea), eta prestakuntza jarduerak egiteko erabiltzen diren laneko material suntsikorrak.

c) Edukiak prestatzen egindako gastuak, ikastaroak Internet bidez emateko.

d) Prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen (ikasleak, koordinatzaileak, laguntzako langileak eta irakasleak) ostatu, mantenu eta joan-etorrien gastuak, une bakoitzean aplikagarriak diren arauzko mugekin.

e) Prestakuntza jarduerak egiteko beharrezkoak diren alokairu gastuak, bai instalazioenak bai ekipamenduarenak.

2.2. Onartuko dira jarduera osagarriei zuzenean egotz dakizkiekeen gastuak, APEPAren 17. artikuluaren arabera, jarduera horiek egiteko hirugarrenekin zerbitzuak kontratatzearen ondoriozkoak, emandako guztizkoaren ehuneko biko gehieneko mugarekin.

2.3. Honako hauek hartuko dira diruz lagundutako jarduerak gauzatzeari lotutako gastu orokortzat, baldin eta aurreko 2.1 eta 2.2 atalen arabera zuzenean egotzi ezin badira eta, betiere, zuzeneko gastu guztien %10eko gehieneko mugarekin:

a) Kanpoko zein barneko laguntzako langileen gastuak, plana kudeatzeko eta gauzatzeko.

b) Instalazioak eta ekipamendua alokatzeko gastuak, prestakuntza planean aurreikusitako jarduerei zuzenean ezin egotzi zaizkienak.

c) Aseguruak, parte-hartzaileen istripuen estaldura barne, APEPAren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat.

d) Publizitate eta zabalkunde gastuak.

e) Prestakuntza jarduerak ebaluatzeko eta kontrolatzeko gastuak.

f) Zeharkako beste gastu batzuk, hala nola ura, gasa, argindarra, mezularitza, telefonia, kontsumitutako bulegoko materiala, zaintza eta garbiketa, eta prestakuntza planari egozten ahal zaizkion beste gastu ez-espezializatu batzuk. Zuzeneko gastuen guztizkoen %6 egiten ahal dute gehienez, eta ez dago dokumentu bidez justifikatu beharrik.

13. oinarria. Azpikontratazioa.

1. Diruz lagundutako entitateak azpikontratatzen ahalko du bere prestakuntza planean onetsitako jarduerak egitea, osorik edo partez, baina behin baino ez. Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna bere gain hartuko du administrazio publikoaren aurrean, eta bai hark bai azpikontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunen garapen egokia.

2. Dirulaguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egin ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

3. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

4. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.3 artikuluan ezarritako mugak gainditzen baditu, azpikontratazioaren kontratua idatziz egin beharko da eta, orobat, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak aldez aurretik baimendu beharko du.

5. Onuradunak berarekin lotura duten entitateekin –azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan xedatutakoa moduko lotura dutenekin– azpikontratatzen ahalko du bere prestakuntza planean onetsitako jarduerak egitea, baina merkatuko baldintza normaletan egin beharko du kontratazioa, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak berariaz baimendu beharko du.

6. Dirulaguntza emandakoan formalizatu beharko da azpikontratatzeko baimenaren eskaera, aurreko bi ataletan aipatua. Baimena berariaz ematen ahalko da 15 eguneko epean, eskaera jasotzen denetik; eta eman dela ulertuko da epe hori iragaten bada laguntza ematen duen organoaren erabakirik gabe.

7. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduerak egitea, ez osorik ez partez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

14. oinarria. Justifikazioa.

1. Dirulaguntzak eman zaizkien prestakuntza planak egin izana eta horiek eman zaizkien urte naturalean izandako gastuak frogatzeko, justifikazio kontua aurkeztuko zaio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari, hurrengo ataletan zehaztutako moduan eta epean eta, zein den kasua, 16. oinarrian aipatzen diren baliabide elektronikoen arabera.

2. Hurrengo urteko urtarrilaren 1etik martxoaren 15era arte izanen da justifikazioa egiteko epea, eta ezin izanen da luzatu.

3. Justifikazio agirietan, beti jasoko da dirulaguntzaz finantzatuta egin diren jardueren eta horien kostuaren aitorpena, eta deialdi bakoitzean ezartzen diren datuak emanen dira. Gainera, 4. oinarrian aipatu urteko txostena prestatzeko behar den informazioa emanen da, egindako prestakuntza ekintzei buruz.

4. Onuradunek ziurtagiri bat aurkeztuko dute, dirulaguntza jasotzen duen organoaren titularrak emana, jarduera burutu dela eta hartutako dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko. Gastuak fakturen bidez eta merkataritzako trafikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten gainerako dokumentuen bidez frogatuko dira, jatorrizkoak izan edo fotokopia konpultsatuak izan.

5. Baldin eta 2. atalean adierazitako epea iraganik entitate onuradunak ez baditu justifikazio agiriak aurkeztu, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak hamabost eguneko epe luzaezinean aurkezteko eskatuko dio, eta ohartaraziko dio aurkezten ez baditu hartutako zenbatekoak itzuli beharko dituela, baita berandutza interesa ere, dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.c) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

15. oinarria. Itzulketa eta zehapenak.

1. Onuradunek oinarri hauetan eta bidezko deialdietan ezarritako baldintzak edo gainerako arau aplikagarrietakoak betetzen ez badituzte, eta kasuan kasuko itzulketa prozeduraren ondotik, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko dute, dagozkion berandutza interesekin batera, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluko I. kapituluan xedatutakoari jarraituz.

2. Era berean, ez bada betetzen Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu dirulaguntza, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Itzulketa prozedura ofizioz abiaraziko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, haren ekimenez nahiz goragoko agindu baten ondorioz, beste organo batzuen eskaera arrazoituagatik edo salaketa bategatik. Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Kontu-hartzailetza Nagusiak emandako kontrol finantzarioari buruzko txostenaren ondorioz abiaraziko da.

4. Itzulketa prozedura abiarazteko ebazpenean, adieraziko dira prozedura hasteko arrazoia, bete gabe utzitako betebeharrak eta ukitzen duen laguntzaren zenbatekoa. Interesdunak bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak eta dokumentazioa aurkezten ahalko ditu, hari jakinarazi eta 15 eguneko epean.

5. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari dagokio itzulketa prozeduraren ebazpena ematea, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan ezarritako espedientearen eta epearen arabera.

6. Arau-hausteen eta zehapenen araubidea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da. Zehapen prozedurak, arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko, jarraituko dio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari.

16. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Prestakuntza planen gaineko eskaera, egokitzapenak eta aldaketak, baita justifikazioa, zuzenketa eta prozedura osoan zehar egiten den beste edozein komunikazio ere, nahitaez, bitarteko elektronikoaren bidez eginen dira, deialdian ezartzen den aplikazioa baliatuz, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak besterik ezartzen duen komunikazio zehatzetan izan ezik.

2. Komunikazio eta jakinarazpen horiek aipatu aplikazioaren bidez eginen dira. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren web-orriaren bidez sartuko da aplikaziora, bertan zehazten diren identifikazio eta autentifikazio moduen bidez, indarreko araudiarekin bat etorriz.

17. oinarria. Dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, jakinarazi edo argitaratu ondoko hilabetean, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, zer programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaizkien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

18. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

19. oinarria. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen orotan, jarraituko zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoari.

20. oinarria. Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Oinarri arautzaile hauen arabera onesten diren deialdien onespenaren eta ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2402475