46. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

PARTE HARTZEA nekazaritzako elikagaien sektoreari zuzendutako Parisko SIAL 2024 azokan. 2024ko urria.

Azoka urriaren 19tik 23ra izanen da.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez, hobetu nahi du Nafarroako Foru Komunitateak eta haren enpresek nazioartean duten posizionamendua. Plan horretan, identifikatu da zer herrialdetan jarri behar duten indarra nazioartekotze-ekintzek. Herrialde horien artean, Frantzia da lehentasuna duenetako bat, aukera handiak eskaintzen baitizkio nekazaritzako elikagaien sektoreari.

Frantzia Europar Batasuneko herrialde garrantzitsuenetako bat da merkatuari dagokionez, Espainiako elikagaien esportaziorako lehen merkatua baita. Portugalekin, Italiarekin, Alemaniarekin eta Erresuma Batuarekin batera, esportazioen % 60 baino gehiago biltzen dute bost herrialde horiek.

Testuinguru horretan, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak 2024rako ekintzen artean sartu du Nafarroako Gobernuak eta nekazaritzako elikagaien sektoreko Nafarroako enpresa eta entitateek parte hartzea SIAL 2024 nazioarteko azokan (http://www.sial.fr/). Azoka hori Parisen eginen da, urriaren 19tik 23ra.

Nekazaritzako elikagaien sektorean, munduko hitzordurik garrantzitsuena da SIAL. Parisen egiten da bi urtean behin, eta profesionalei soilik dago zuzenduta. Bertan izan ohi dira 130 herrialdetatik gorako 7.500 erakusketari. Bisitariak (265.000) –nekazaritzako elikagaien sektoreko profesionalak– azoka horretara joaten dira teknologia berriak eta produktu zein hornitzaile berriak ezagutzeko asmoz. Bisitarien % 85 Frantziatik kanpokoak dira, horrek erakusten du azoka nazioartekoa dela.

SIAL Paris azokaren 2024ko edizioan, Nafarroako Gobernuak gune bat izanen du Gourmet eremuan.

Ekintzaren xedeak.

–"Nafarroa" marka ezagutzera ematea eta Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen irudi taldekatu, profesional eta erakargarria ematea azokan.

–Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, jakin dezaten zer egoeratan dagoen nekazaritzako elikagaien sektorea nazioartean.

–Laguntza instituzionala ematea nekazaritzako elikagaien sektoreari, nazioartean garatu dadin.

–Negozio-aukerak identifikatzea eta bide ematea Nafarroako enpresei harremanetan jar daitezen bai egungo bezeroekin bai etorkizunean bezero izan daitezkeenekin ere.

Sektorea/segmentua.

–Nekazaritzako elikagaien sektorea.

Ekintzaren edukia.

1. "Nafarroa" erakustokia Nafarroako enpresen eskura jartzea Gourmet gunean.

Hauxe eskaintzen da:

–Enpresa bakoitzeko: 1 modulu.

–2-3 enpresa biltzen dituzten enpresa-taldeak: 1 modulu.

–4-6 enpresa biltzen dituzten enpresa-taldeak: 2 modulu.

–7 enpresa edo gehiago biltzen dituzten enpresa-taldeak: 3 modulu.

2. Azokara joan aurretik, enpresa parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera emanen zaie (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion), jakiteko parte hartzen duen enpresa bakoitza zer mailatan dagoen prestaturik nazioarteko bihurtzeko.

3. Nafarroako entitateen sustapen katalogo bat prestatuko da, azokan banatzeko.

4. Parte hartzen duten erakundeak sustatzea eta zabaltzea, "Nafarroa" erakustokiaren barruan.

5. Azokan sartzeko baimenak ematea (1. puntuan ezarritako irizpideen arabera).

Enpresa bakoitzak bere gain hartuko ditu azokako koerakusketariaren tasa, bidaia-gastuak, otorduak, ostatua eta beste gastu batzuk.

Parte hartzeko baldintzak.

1. Nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa, enpresa-talde edo enpresa-elkarte bat izatea. Horren ondorioetarako, enpresa-elkartetzat edo enpresa-taldetzat hartuko dira haien artean elkartzeko akordio baten bidez lotuta daudenak. Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

2. Nafarroan izatea egoitza bat, edo helbide soziala, eta bertan garapen edo ekoizpen lanak gauzatzea.

3. Web orria ingelesez eta frantsesez izatea izena emateko unean.

4. Harremanetarako komertzial bat izatea, ingelesez eta frantsesez dakiena, SIAL azokaren aurretik, arreta emanen duena azoka bitartean eta bukatu ondoren (curriculuma erantsi).

Azoka honetan elkarte edo talde baten bitartez parte hartu behar duten enpresek 1. baldintza bete behar dute, eta ezin izanen dute aldi berean eskaera indibidualik aurkeztu. Taldeak eskaera bakarra aurkeztuko du, ekintza komertzial honetan parte hartzen duten enpresa guztien datuekin.

Eskaera aurkezteko epea.

Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2024ko martxoaren 22ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-la-feria-sial-2024-en-paris-dirigida-al-sector-agroalimentario

Fitxa horretan, esteka bat dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Jakingarriak.

SIAL azokako ekintza honetan gehienez ere 12 eta gutxienez ere 6 parte-hartzaile izanen dira. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

SIAL azokan beren kasa eta Nafarroako erakustokitik kanpo dauden enpresek "Nafarroa" erakustokian parte hartzeko aukera izanen dute baldin toki hutsik badago.

Taldean, produktu-tipologia bereko bi enpresa izanen dira, gehienez ere. Baldin gehieneko enpresa-kopurua bete ez bada, tipologia bereko enpresa gehiago onartuko dira, eskaera-ordenaren arabera, onartutako enpresen gehieneko kopurura iritsi arte.

Lehentasuna izanen dute beste azoka edo merkataritza-misio batean parte hartu ez duten enpresek, Nafarroako Nazioarteko Planak hizpide dugun azokak jorratzen duen sektorearentzat eta 2024an antolatu dituenen artetik.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak ez parte hartzea erabakitzen badu, azoka hasi baino hilabete lehenago gutxienez aurkeztu beharko da uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Erakustokian arreta ematen egotea azokako egun guztietan eta azoka irekita dagoen ordutegian.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta 6 hilabetera, jakiteko zer aurrerapen izan den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2402639