46. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4E/2024 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: "2024. urterako laguntzak SINAI-Nafarroako I+G+b Sistemako eragileek I+G ekipamendua eta azpiegiturak eros ditzaten". DDBN: 744639.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean jasota dagoenez, ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b) sortzea, zabaltzea eta hainbat eremutan aplikatzea funtsezkoa da Nafarroaren aurrerakuntzarako. I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako.

Horrez gain, lege horrek, bere helburuak eta xedeak lortzeko tresna zela iritzirik, sistemaren efizientzia sustatzen duten neurriak ezarri zituen I+G+b-ko azpiegiturak erosteko eta horien erabilera partekatzeko laguntzen bidez.

Aurrekoarekin bat, zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G ekipamendua eta azpiegiturak erosteko laguntzen 2017ko lehen deialdiak Nafarroako gaitasun zientifiko eta teknologikoa handitzen lagundu zuen, azpiegitura zientifiko eta teknikoak mantentzeko eta eguneratzeko balio izan zuelako. Horrela, ekipamendua eta azpiegiturak erosteko laguntzak eman ziren, azpiegiturak erabili behar dituzten erakundeek erabilera partekatua egiten lagundu zen, erakundeek sarean funtzionatzea sustatu zen, eta kalitateko ikerketa zientifiko-teknikoa bultzatu zen.

Halaber, bigarren eta hirugarren deialdiak egin ziren 2020an eta 2022an, hurrenez hurren, eta es­ka­era ugari jaso ziren.

SINAI-Nafarroako I+G+b Sistemako eragileen artean kalitate handiko ikerketa zientifiko-teknikoa sustatzen jarraitzeko asmoz, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko azaroaren 28an hartutako erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, 1.750.000 eurokoa, "2024. urterako laguntzak SINAI-Nafarroako I+G+b Sistemako eragileek I+G ekipamendua eta azpiegiturak eros ditzaten" izeneko deialdia aldez aurretik onesteko; bada, aipatu erabakiarekin bat, 2024rako deialdia onestea proposatzen da, gure erkidegoan goi mailako ikerketarako azpiegiturak indartzen lagunduko baitu.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: "2024. urterako laguntzak SINAI-Nafarroako I+G+b Sistemako eragileek I+G ekipamendua eta azpiegiturak eros ditzaten".

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa badago:

AURREKONTUKO PARTIDA HONEN BALIOKIDEA DEN PARTIDA:

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-7819-467302: SINAIko eragileen I+G ekipamendua

2025

1.750.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko otsailaren 15ean.–Zientzia, Teknologiako eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da 2. oinarrian aipatutako erakundeei ekipamendu zientifiko eta teknologikoak erosten eta hobetzen laguntzea, ekipamendu horiek erabilgarri edukitzeak kalitateko ikerketa zientifiko-teknikoa gauzatzeko bidea eman dezan.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Erakunde onuradun izaten ahalko dira Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan definitutako exekuzioko eragile hauek, baldin eta onuradun gisa egiaztatuta badaude otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduaren bidez araututako Nafarroako SINAI-I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroan:

a. Unibertsitateak.

b. Ikerkuntza zentroak.

c. Zentro teknologikoak.

d. Enpresetako I+G+b Unitateak (EIU).

2. Erakunde horiek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Erakundeak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta betetzeke dagoen berreskuratze-agindu baten mende badaude, Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jotzeagatik, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuko definizioaren arabera, krisian dauden enpresatzat sailkaturik badaude ere.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten erakundeak.

3. Laguntzen eskaerarekin batera, erakunde eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko.

3. oinarria.–Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira ekipamendu zientifiko-teknologikoa erosi, hobetu eta instalatzeko jarduketak, eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta ikerketa jarduerarako behar diren altzariak barne.

Alde horretatik, ekipamendu zientifiko-teknologikoaren hobekuntzatzat jo behar dira ekipamendu bati ezaugarriak gehitzea edo haren zaharkitzapena atzeratzea dakarten jarduketak, eta onuradunek behar bezala justifikatu beharko dituzte inguruabar horiek.

2. "Ekipamendu zientifiko-teknologikorako proposamen" bakoitzaren gastu diruz lagungarriak 20.000 eurotik gorakoa eta 1.000.000 eurotik beherakoa izan beharko du. Ekipamenduaren erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

"Ekipamendu zientifiko-teknologikorako proposamen" jotzen da funtzionatzeko autonomia duten ekipoen erosketa unitate bat; ekipo bakarra edo ekipoen multzoa izan daiteke, espazio bakar bat hornitzekoa dena edo helburu zehatz bat duena.

Halaber, funtzionatzeko autonomia duen baina zaharkituta geratu den ekipo bat eguneratzeko edo hobetzeko behar diren elementuek ere osa dezakete proposamen bat.

Amaitzeko, eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta jarduerarako behar diren altzariak har ditzake barnean.

3. Diruz lagundutako jarduketak eskaera aurkezten den egunetik aurrera egin behar dira, 2025eko uztailaren 31ra arte. Beraz, ekipamendu zientifiko-teknologikoaren erosketa (fakturazioa) aldi horren barruan egin beharko da; aldiz, ordaintzeko eta ekipamendu hori onuradunaren instalazioetan jartzeko, 2025eko abuztuaren 31ra arteko epea izanen da.

4. Diruz lagungarria den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), ekipo ondasunez hornitzearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxan dagoen "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian. Kontratu publikoei buruzko legediaren mende dauden erakundeei dagokienez, araudi horretan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatu beharko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko da.

5. Ez dira diruz lagungarriak izanen honako hauek:

a) Zientziari lotu gabeko erabilera orokorreko altzariak, gailuak eta tresnak, irakaskuntzan edo zerbitzu teknikoak egiteko aplikatzen direnak eta kalitatea kontrolatzeko direnak.

b) Bulegoko altzariak.

c) Kudeaketako ekipo informatikoa (prozesua kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo espezifikoak izan ezik).

4. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren gehieneko kopurua gastu diruz lagungarriaren %50 izanen da, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 26.6 artikuluarekin bat etorriz.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita, eta bi hilabetera argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) eduki beharko da nahitaez.

3. Erakunde eskatzaile bakoitzak ekipamendu proposamen bakoitzeko eskaera bat aurkeztu beharko du.

4. Dirulaguntza eskatzeko dokumentazioa bat etorriko da laguntzen fitxan erabilgarri dauden ereduekin, eta agiri bereizietan aurkeztuko dira, behar bezala identifikatuta (agiriaren izenaz gain, ekipamendurako proposamen zehatza ere adieraziko da, adibidez, "P1-Memoria teknikoa"):

a) Eskaera telematikoa, 2. eta 9. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Erakundeak eskatzen dituen ekipamendu zientifiko-teknologikorako proposamen guztien laburpen zerrenda. Zerrenda horrek eskatu diren proposamenen lehentasun-ordena izanen du, II. eranskineko 4. irizpidea baloratzeko.

c) Ekipamendu proposamen bakoitzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

i. Ekipamendua erosi beharra justifikatzen duten I+G jarduerei buruzko memoria teknikoa.

ii. Ekipamendurako proposamena defendatzen duen ikerketa-taldearen deskribapena.

iii. II. eranskineko 1. irizpidea (Bikaintasun zientifiko-teknikoa) eta 2.a (Inpaktua) baloratzeko esanguratsuak diren beste alderdi batzuen deskribapena.

iv. Proformako fakturak edo agiri baliokideak, jarduketaren kostu osoa frogatzen dutenak.

v. Obra lizentzia (halakorik behar izanez gero).

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak erakunde interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, II. eranskinean ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei %50eko laguntza aplikatuko zaie, 4. oinarrian ezarri bezala, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Berdinketarik bada, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, 2., 3. eta 4. irizpideak hartuko dira kontuan, ordena horretan.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (I+G+b Zerbitzua) aditu independenteen (pertsonak edo erakundeak) laguntza eskatzen ahalko du. Horretarako, aurrez, interes-gatazkarik ez dagoela eta konfidentzialtasuna gordeko dutela frogatu beharko dute. Halaber, zilegi izanen du eskaerak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak eskatzea erakunde eskatzaileei.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Erakunde onuradunen zerrenda, lortutako balorazioaren hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntzak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan (GHE).

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

8. oinarria.–Egindako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen onuradunek 2025eko abuztuaren 31 izanen dute azken eguna (hori ere barne) finantzatutako ekipamenduaren proposamen bakoitzerako ondoko dokumentazioa aurkezteko:

a) Diruz lagundutako ekipamendurako proposamenei lotzen zaizkien I+G jarduerei buruzko exekuzio edo jarraipen txosten teknikoa.

b) Justifikazio memoria ekonomikoa, egindako jarduketen kostuarena, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen araberakoa.

c) Justifikatutako gastuen dokumentazio lagungarria (ordainketa egiaztatzen duten fakturak eta banku ziurtagiriak).

d) Hornitzailea 3.4 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

e) Kontabilitateko dokumentuak, diruz lagundutako inbertsioak banan-banan kontabilizatu direla justifikatzen dutenak.

f) Dokumentazioa, frogatzen duena deialdi honen kontura finantzatutako ekipamendu edo azpiegitura zientifiko-teknikoa SINAI-Nafarroako I+G+b Sistemako eragile guztien eskura dagoela (SIESS-en web orrirako esteka).

2. Dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu behar da beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.

3. Onuraduna behartua dago organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, jardueren finantzaketa justifikatzeko.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Erakunde pribatuen kasuan, dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ezin izanen da emandako dirulaguntza ordaindu, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduketak.

Laguntzaren zenbatekoa 60.000 euro baino handiagoa bada, diruz lagundutako inbertsioak materialki egiaztatu beharko dira, 10.2 oinarrian ezartzen den moduan.

c) Diruz lagundutako inbertsioak banan-banan kontabilizatuko dituzte.

d) Finantzatutako ekipamendua erabiliko dute dirulaguntza zertarako eman zen, xede zehatz horretarako, bi urtez, gutxienez, laguntzaren ordainketari buruzko ebazpena ematen den egunetik aurrera zenbatuta.

e) Nafarroako SINAI-I+G+b sistemako eragile guztien eskura jarriko dute deialdiaren kontura finantzatutako ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-tekniko guztiak. Hori 5.4.a) oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasoko da.

f) Finantzatutako ekipamendu proposamenei lotzen zaizkien I+G jardueren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi beharko dute.

g) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko dute, eta begiratuko dute berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

h) Zuzendaritza nagusiari eman behar diote hark laguntza ebaluatzeko eskatzen dien informazioa, exekuzioari, emaitzari eta inpaktuari buruzko adierazleak lortze aldera.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

j) Finantzatutako ekipamenduan edo azpiegituran, ongi ikusteko moduko toki batean, kartel edo plaka informatibo bat paratu beharko dute, non Nafarroako Gobernuaren ikur ofizialaz gain, testu hau erakutsiko baita: "Nafarroako Gobernuak finantzatutako ekipamendua", edo "Nafarroako Gobernuak finantzatutako azpiegitura". Kartel/plaka informatibo horrek bi urtez, gutxienez, egon beharko du ikusgai, laguntza ordaintzeko ebazpena ematen den egunetik hasita.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz ez badira gainditzen, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira gardentasunaren adierazpena eta jarduketaren justifikazioa (8. oinarria) aurkezteari loturikoak.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Justifikazio dokumentazioa aztertuta, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari, zeinean onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten baldintzak betetzen dituztela jasoko baita.

2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak direnean, haiek ordaindu ahal izateko, beharrezkoa izanen da organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egitea. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, aktaren bidez edo egiaztapen txostenaren bidez.

3. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du sei hilabeteko gehieneko epean, 8. oinarrian aipatzen den justifikazio dokumentazioa aurkezten denetik hasita.

4. 2025. urtean, laguntza aldez aurretik ordaintzen ahalko da, bi modalitate hauetan:

a) Erakunde onuradunak justifikatzen duenean funtsez hornitu beharra duela dirulaguntzaren xedea betetzeko eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako bermeak aurkezten dituenean.

b) Laguntzaren ordainketa partziala egiten ahalko da, konturako ordainketa eginda, onuradunak dagoeneko egindako gastuaren adierazpena aurkezten duenean, baldin eta gastu hori 30.000 eurotik gorakoa bada eta ekipamenduaren guztizko gastuaren %30 adinakoa gutxienez. Halakoetan, ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsez hornitu beharra justifikatzea.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 8. oinarrian adierazitako moduan eginen da.

11. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna eta laguntzak metatzea.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin, emaileak izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, beste administrazio publiko batzuk, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak, nazionalak nahiz atzerrikoak.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Laguntza hauei beste batzuk metatzen ahal zaizkie, baldin eta beste kostu diruz lagungarri eta identifikagarri batzuetarako badira.

Diruz lagun daitezkeen kostu berberei badagozkie osorik edo zati batean, bakarrik metatzen ahalko dira baturak ez badu gainditzen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 26.6 artikuluan adierazitako laguntzaren intentsitatea.

Ez zaizkie metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagokien de minimis motako beste laguntza batzuei baldin horrek berekin badakar aipatutako erregelamenduaren 26.6. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea gainditzea.

12. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta III. kapituluen mende daude, zehazki 26. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.

Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

Laguntza hauek pizgarriak izan daitezen bermatzeko, eskatzaileek ezin izanen diete ekintza diruz lagungarriei ekin eskaera aurkeztu baino lehen.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA.–EKIPAMENDU PROPOSAMENAK EBALUATZEKO IRIZPIDEAK

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1.–Bikaintasun zientifiko-teknikoa

30

2.–Inpaktua

30

3.–Nafarroan antzeko ekipamendua egotea

20

4.–Azpiegituraren lehentasuna

20

GUZTIRA

100

1.–Bikaintasun zientifiko-teknikoa:

–Ekipamenduaren egokitasuna lortu nahi diren helburu zientifiko-teknikoak lortzeko, baita helburuon garrantzia eta egokitasuna ere. 10 puntu gehienez

–Teknikaren egoerarekin eta eskura dagoen eskaintzarekin bat etortzea. 10 puntu gehienez

–Zenbat ikertzailek edo teknikarik erabiliko duten ekipamendua, eta I+G proiektuetan daukaten ezagutza eta esperientzia. 10 puntu gehienez

2.–Inpaktua:

–Espero den inpaktu zientifiko-teknikoa, kontuan hartuta zentroaren bikaintasuna indartuko duten emaitzak eta diziplinetako eta diziplina arteko ezagutza zientifiko-teknikoa. 12 puntu gehienez.

–Inpaktua gai hauen gainean: enplegua, balio erantsiaren sorrera, genero berdintasuna edo/eta garapen jasangarrian laguntzea, baita proposatzen diren jarduerek gizarteari ekartzen dioten onura ikusarazten duen beste edozein ere. 10 puntu gehienez.

–Ekipamendua beste instituzio edo/eta ikerketa talde batzuek ere erabili ahal izatea. 8 puntu gehienez.

3.–Nafarroan antzeko ekipamendua egotea:

–Ekiporik ez badago, edo dagoena zaharkituta badago: 20 puntu.

–Ekipoa lehendik badago baina haren erabilgarritasuna mugatua bada: 10 puntu.

–Ekipoa lehendik badago, eta erabiltzeko moduan: 0 puntu.

4.–Azpiegituraren lehentasuna:

Honako puntuazio hauek emanen dira, erakunde eskatzaileak laguntza eskaeran ezarritako lehentasunaren arabera.

a. 1. lehentasuna: 20 puntu.

b. 2. lehentasuna: 15 puntu.

c. 3. lehentasuna: 10 puntu.

d. 4. lehentasuna: 5 puntu.

e. Erakundearen gainerako lehentasunak: 0 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2402957