45. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19/2024 EBAZPENA, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak otsailaren 13an emana. Honen bidez, funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak 2023-2024 ikasturtean STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzeko deialdiaren oinarriak onesten dira.

Hezkuntzako kontseilariak emandako otsailaren 6ko 9/2024 Foru Aginduaren bidez, STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzea onetsi zen, zeina funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzendua baita.

Xedapen-zatiaren 3. puntuak ezartzen du Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko duela nola sartuko diren sarean funts publikoekin lagundutako ikastetxeak.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, zeinean proposatzen baitu onets daitezela funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak 2023-2024 ikasturtean STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzeko deialdiaren oinarriak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeak 2023-2024 ikasturtean STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzeko deialdiaren oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jasota daude.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari igortzea, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2024ko otsailaren 13an.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEAK 2023-2024 IKASTURTEAN STREAM-AI PENTSAMENDU KONPUTAZIONALEKO SAREAN SARTZEKO DEIALDIA

OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztiei dei egitea beren proposamena aurkez dezaten Nafarroako STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzeko.

Bigarrena.–Helburuak.

STREAM-AI Nafarroako pentsamendu konputazionaleko sareak honako helburu hauek ditu, zeinak ezarri baitziren Hezkuntzako kontseilariak emandako otsailaren 6ko 9/2024 Foru Aginduaren eranskinean (foru agindu haren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko funts publikoekin lagundutako ikastetxeei zuzendutako STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzea):

1. Irakasleen pentsamendu konputazionalaren eremuko prestakuntza eta garapen profesionala sustatzea, adimen artifizialaren (AA) aurrerapenetan eguneratzea eta robotika integratzea barne. Aldi berean, prestakuntza integrala bultzatu nahi da STEAM arloan (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika), arreta berezia jarrita pentsamendu konputazionaleko trebetasunen garapenean, eta arlo horien diziplina anitzeko ulermena eta aplikazioa ziurtatzea.

2. Gaitasun digitala eta pentsamendu konputazionala garatzea ikasleengan: ikasleen gaitasun digitala garatzea, ikasgelan adimen artifizialeko (AA) eta robotikako jarduerak txertatuz, STEAM ekimenekin osatuta. Jarduera horiek pentsamendu konputazionala sustatzeko diseinatuko dira; ikasleen trebetasunetara eta ikaskuntza-mailetara egokituko dira, eta hezkuntza-ikuspegi integrala eta diziplina anitzekoa sustatuko da.

3. Pentsamendu konputazionalaren bidez gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzea: ikerketa-prozesuak, elkarlana, informazioaren erabilera kritikoa eta sormena sustatzea. Horretarako, teknologiaren erabilera positibo, seguru eta arduratsuaren bidez gaitasun horiek garatzeko esparru gisa erabiliko da pentsamendu konputazionala.

4. Inklusioa eta aniztasuna pentsamendu konputazionalaren bidez: ikasle guztien inklusioa sustatzea, aniztasunetik abiatuta genero-ikuspegiarekin lan eginez eta pentsamendu konputazionala aniztasun horri heltzeko eta errespetatzeko tresna gisa erabiliz.

5. Pentsamendu konputazionalaren inguruko irakasle-komunitate bat sortzea: pentsamendu konputazionalean, adimen artifizialean eta STEAMen oinarritutako esperientziak eta baliabideak partekatzeko lankidetza-espazioak eskaintzea.

6. Pentsamendu konputazionalaren bidez erabaki estrategikoak erraztea: sareko proiektuak erabiltzea pentsamendu konputazionalarekin lotutako prozesuak eta tresnak probatzeko, horrek erraztu eginen baitu etorkizunean erabaki estrategikoak hartzea.

7. Aurreko helburuekin edo haien etorkizuneko bilakaerarekin lotuta zehazten den beste edozein.

Hirugarrena.–Hartzaileak.

2023-2024 ikasturtean, STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea ezartzen hasiko da, eta Nafarroako Foru Komunitateko 25 ikastetxek baino ez dute parte hartuko sarean.

Honako hau da lehentasun-hurrenkera, dauden 25 plazak bete arte:

1. Bigarren Hezkuntza ematen duten Hezkuntza Bereziko ikastetxeak: Lehentasuna emanen zaie ikastetxe horiei, pentsamendu konputazionala hezkuntza espezializatu eta egokituan integratzeak duen garrantzia aitortuta.

2. Lanbide Heziketa Berezia (LHB) ematen duten ikastetxeak eta Curriculum Bereziko Unitateak (CBU) dituzten ikastetxeak: Ikastetxe horiek bigarren postuan hartuko dira kontuan. Plaza baino eskaera gehiago egonez gero, HLBPI-indize txikiena duten ikastetxeak lehenetsiko dira. Ikastetxe horien artean berdinketarik egonez gero, inskripzioak jasotzen diren hurrenkeraren arabera ebatziko dira. Funtsezkoa da ikastetxe horiek hezkuntza bereziko ikasleen parte-hartze aktibo eta zuzenekoa bermatzea garatu beharreko proiektuan, benetako inklusioa bermatzeko, ez soilik nominala.

3. Bigarren Hezkuntza edo Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeak: Ikastetxe horiek hirugarren postuan hartuko dira kontuan. Plaza baino eskaera gehiago egonez gero, HLBPI-indize txikiena duten ikastetxeak lehenetsiko dira. Ikastetxe horien artean berdinketarik egonez gero, inskripzioak jasotzen diren hurrenkeraren arabera ebatziko dira.

4. Gainerako ikastetxeak: Ikastetxe horiek azken postuan hartuko dira kontuan. Plaza baino eskaera gehiago egonez gero, HLBPI-indize txikiena duten ikastetxeak lehenetsiko dira. Ikastetxe horien artean berdinketarik egonez gero, inskripzioak jasotzen diren hurrenkeraren arabera ebatziko dira.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea eta epeak.

Ikastetxeak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

Parte hartzeko eskaera, gutxienez honako informazio hau jasoko duen inprimaki bat betez:

1. Koordinatzailearen datuak:

–Izen-deiturak.

–IFZa.

–Harremanetarako telefonoa.

–Helbide elektronikoa.

2. Ikastetxearen datuak:

–Ikastetxearen izena.

–Herria.

–Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa.

–Ikastetxeko telefonoa.

3. Adimen artifizialarekiko interesak eta esperientziak:

–Zergatik parte hartu nahi duzu sare honetan?

–Zer nahiko zenuke sareak zuri ekartzea?

–Baduzu adimen artifizialarekiko esperientziarik zure eskolak prestatzean eta/edo garatzean? Konta iezaguzu.

–Baduzu pentsatua ikasturte honetarako adimen artifiziala txertatuko duzuen proiekturen bat? Hala bada, azaldu zer izenburu duen proiektuak eta zer hezkuntza-etapatarako den, eta deskribatu proiektua laburki.

Eskaerak aurkezteko, hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bosgarrena.–STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarean sartzea.

Eskabideak aztertu eta hirugarren oinarriaren araberako lehentasun-hurrenkera ezarri ondotik, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak emandako ebazpen bidez onetsiko dira 2023-2024 ikasturtean sarean sartuko diren ikastetxeen zerrenda zein, hala badagokio, sartuko ez direnen zerrenda.

Seigarrena.–STREAM-AI pentsamendu konputazionalaren sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Sarea osatzen duten ikastetxeek konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Lantalde bat eratzea, gehienez bost pertsonak osatua.

b) Lantaldearen koordinatzailea izendatzea.

c) Gutxienez, STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sareak proposatutako prestakuntzan ikasitakoarekin lotutako ikasgelako esperientzia bat garatzea, eta elkartzeko jardunaldian ezagutaraztea.

Esperientziaren dokumentazioak honako atal hauek jaso behar ditu (gutxienez):

–Esperientziaren izenburua.

–Zer hezkuntza-etapatan eta ikasmailatan egin den.

–Zer irakaslek eta taldek hartu duten parte.

–Komunikazio-hizkuntza.

–Hezkuntza-teknologia: erabilitako hardwarea eta softwarea. Adimen artifizialeko aplikazio espezifikoak.

–Jardueraren helburuak.

–Esperientziaren deskribapena (esperientziarako sortutako materialak gehituko dira horretan).

–Gomendatutako webgrafia eta bibliografia.

d) Nahitaezko prestakuntzan (hasierako saioa eta gutxienez beste saio/tailer bat) eta ikasturte-amaieran eginen diren elkartzeko eta esperientziak trukatzeko jardunaldietan parte hartzea.

Baldintza horiek bete ezean, STREAM-AI Nafarroa pentsamendu konputazionaleko saretik at geldituko da ikastetxea.

Zazpigarrena.–Sareari laguntza ematea eta jarraipena egitea.

Sareko ikastetxeek honako laguntza hauek izanen dituzte:

–IkasNOVAko irakaskuntza-aholkularitza teknikoen aholkularitza eta jarraipena.

–Ikastetxeetan adimen artifiziala erabiltzeko onlineko prestakuntza eta aurrez aurreko tailerrak.

–Ikasgelako adimen artifizialarekin zuzeneko lotura duten irakasleek lehentasuna izanen dute prestakuntza-jardueretan parte hartzeko. Prestakuntza-jarduera horien deialdietan, "Onartzeko irizpideak" apartatuan jasoko da ikastetxe horiek lehentasuna izanen dutela parte hartzeko.

–IkasNOVAren webgunean izanen diren baliabide eta material didaktikoak.

–Ikasleekin egindako ekintzen ebaluazioa; ikerketa kualitatiborako aukera.

–Berrikuntza-proiektuetan parte hartu izanaren 25 orduko ziurtagiria ikastetxe bakoitzeko lantaldearen koordinatzaileentzat, eta 15 ordukoa gainerako kideentzat.

Zortzigarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak ikasgelako esperientziak argitaratzen ahalko ditu. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabaltzen ahalko dira, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti aipatu beharko da egileak nor diren. Kontuan hartu behar da beharrezkoak diren irudi-eskubideen gaineko baimenak eduki beharko direla. Deialdian parte hartzeak berekin dakar zeinahi argitalpen-mota egiteko behar diren eskubideak lagatzea.

Iragarkiaren kodea: F2402636