45. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2024 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, industriako enpresa txiki eta ertainetan (ETE) inbertsioak egiteko laguntzen 2024ko deialdiaren 2., 3., 10. eta 18. oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 733784.

Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 937E/2023 Ebazpenaren bidez, industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2024ko deialdia onetsi zen (2024ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 15ekoa).

Oinarri arautzaileak argitaratu ondoren, beharrezkotzat jo da 2., 3., 10. eta 18. oinarrien testua aldatzea, ebazpen honen xedapen-zatian azaltzen diren ondorioetarako.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Industriako ETEetan inbertsioak egiteko laguntzen 2024ko deialdiko oinarri arautzaile hauek aldatzea:

1.1. 2. oinarriko ("Onuradunen betebeharrak") 4. atalak testu hau izanen du aurrerantzean, subrogazioa laguntza ordaindu aurretik baimendu ahal izateko:

"Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimenduko du, beharrezkoa bada, enpresa onuradunaren subrogazioa. Hori egin baino lehen, laguntzaren intentsitatea berriro kalkulatuko du, 8. oinarriarekin bat, eta ezin izanen da inoiz izan hasiera batekoa baino handiagoa."

1.2. 3.a) oinarriko lehen jardueraren enuntziatuak testu hau izanen du aurrerantzean, argiagoa izan dadin:

"–Manufaktura industria: Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren –aurrerantzean 2009ko EJSN– C saileko 10.2 taldea eta 13.etik 33.era bitarteko dibisioak (biak barne).

Ez dira lagunduko EBFTaren I. eranskinean zerrendatutako produktuen fabrikazio jarduerak (arrantzako eta akuikulturako produkturen eraldatze-sektorea izan ezik), ez eta nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko jarduerak ere."

1.3. Urtea zuzentzen da 10. oinarriko ("Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak") 1.1 atalean, 2023 izan behar baitu, eta ez 2024:

"1.1. Nafarroan 2023ko urtarrilaren 1etik baino lehenagotik diharduten enpresak: (...)."

1.4. Baldintza aldatzen da 10. oinarriko ("Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak") 1.2 ataleko a) letran. Hemendik aurrera, testu hau izanen du:

"a) 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hastea enpresaren ekoizpen jarduera Nafarroan, baldin eta inbertsio proiektua ez bada ekoizpen ezarpen berritzat hartu aurreko deialdietan."

1.5. 18. oinarriari ("Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntza araubidea") 2. atala gehitzen zaio. Testu hau izanen du:

"Halaber, laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik, Batzordearen 2022/2473 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 46. artikuluan ("Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzak") ezarritako baldintzak betetzen dituelako. Erregelamendu horrek (2022ko L327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ekoan argitaratua) barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntza kategoria batzuk ezartzen ditu, arrantzaren eta akuikulturaren produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen dituzten enpresentzat, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Aipatu erregelamenduaren 4.2 artikuluan ezartzen denarekin bat, emate aldian laguntzen onuradunek bete beharko dituzte arrantza politika komunaren arauak, eta aipatu aldian ikusten bada ez direla arau horiek betetzen, dirulaguntzak itzuli beharko dira, ez-betetzearen larritasunaren proportzioan".

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko otsailaren 12an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

Iragarkiaren kodea: F2402584