45. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17E/2024 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2., 4., 12. eta 20. oinarriak aldatzen baitira industriako enpresa handien inbertsioetarako laguntzen 2024ko dirulaguntza deialdian. DDBN: 735429, A) motako proiektuetarako; DDBN: 735471, B) motako proiektuetarako.

Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 1020E/2023 Ebazpenaren bidez, industriako enpresa handien inbertsioetarako laguntzen 2024ko deialdia onetsi zen (2024ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 22koa).

Oinarri arautzaileak argitaratu ondoren, beharrezkotzat jo da 2., 4., 12. eta 20. oinarrien idazketa aldatzea, ebazpen honen xedapen-zatian azaltzen diren ondorioetarako.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Industriako enpresa handien inbertsioetarako 2024ko oinarri arautzaile hauek aldatzea:

1.1. Hemendik aurrera, idazketa hau izanen du 2. oinarriko ("Onuradunen betebeharrak") 2. atalak, subrogazioa laguntza ordaindu aurretik egin ahal izateko:

"2. Laguntza jasoko duen enpresan egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du. Laguntzen organo kudeatzaileak baimenduko du subrogazioa."

1.2. Hemendik aurrera, idazketa hau izanen du 4. oinarriko ("Inbertsio proiektuen betebeharrak") 1. ataleko a) letra, argiagoa izan dadin:

"a) A) motako proiektuak, "Inbertsiorako eskualdeko laguntzak" delakoen xede direnak:

Manufaktura industria: 10.2 taldea eta Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren –aurrerantzean 2009ko EJSN– C taldeko13. mailatik 33.era bitarte, biak barne.

Ez dira lagunduko EBFTaren I. eranskinean zerrendatutako produktuen fabrikazio jarduerak (arrantzako eta akuikulturako produkturen eraldatze-sektorea izan ezik), ez eta nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko jarduerak ere."

–B) motako proiektuak, "De minimis laguntzak" delakoen xede direnak:

Manufaktura-industriak (2009ko EJSNaren C taldea), salbu EBFTaren I. eranskinean zerrendaturiko produktuak (arrantzako eta akuikulturako produkturen eraldatze-sektorea izan ezik)."

1.3. Urtea zuzentzen da 12. oinarriko ("Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak") 1.1 atalean, 2023 izan behar baitu, eta ez 2024:

"1.1. Nafarroan 2023ko urtarrilaren 1etik baino lehenagotik diharduten enpresak: (...)."

1.4. Baldintza aldatzen da 12. oinarriko ("Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak") 1.2 ataleko a) letran. Hemendik aurrera, idazketa hau izanen du:

"a) 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hastea enpresaren ekoizpen jarduera Nafarroan, baldin eta inbertsio proiektua ez bada ekoizpen ezarpen berritzat hartu aurreko deialdietan."

1.5. Testu hau gehitzen zaio 20. oinarriari ("Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntza araubidea"):

"Halaber, laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik, Batzordearen 2022/2473 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 46. artikuluan ("Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzak") ezarritako baldintzak betetzen dituelako. Erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, arrantzaren eta akuikulturaren produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen dituzten enpresentzat Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2022ko L327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa).

Aipatu erregelamenduaren 4.2 artikuluan ezartzen denarekin bat, emate aldian laguntzen onuradunek bete beharko dituzte arrantza politika komunaren arauak, eta aipatu aldian ikusten bada ez direla arau horiek betetzen, dirulaguntza itzuli beharko dira, ez betetzearen larritasunaren proportzioan".

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko otsailaren 21ean.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

Iragarkiaren kodea: F2403038