45. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira 2024ko Vianako Printzea Kulturaren Sariaren oinarriak.

Martxoaren 24ko 22/2021 Foru Dekretuaren bidez, Vianako Printzea Kulturaren Saria arautu zen. Haren helburua da aintzat hartzea kulturaren edozein arlotan nabarmentzen diren pertsona edo erakundeek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kulturaren bultzatzaile eta sustatzaile gisa.

Foru dekretu horren 4. xedapena betetzeko, bidezkoa da Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2024ko edizioaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa onartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2024ko edizioaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.

2. 20.000 euroko gastua baimentzea, "Vianako Printzea Saria" izeneko A20000 A2000 2268 334100 kontu-sailaren kargura, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontutik.

3. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Foru agindu hau igortzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 15ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

2024KO VIANAKO PRINTZEA KULTURAREN SARIAREN OINARRIAK

1.–Sariaren xedea eta zuzkidura.

1.1. Vianako Printzea Kulturaren Sariaren helburua da aintzat hartzea kulturaren edozein arlotan nabarmentzen diren eta Nafarroarekin lotura berezia duten pertsona edo erakundeek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kulturaren bultzatzaile eta sustatzaile gisa.

1.2. Saria 20.000 eurokoa da, eskudirutan.

2.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

2.1. Proposamenak posta elektronikoz aurkeztuko dira, premioprincipedeviana@navarra.es helbidearen bitartez.

Proposamenak, orobat, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egoitzan aurkezten ahalko dira (Navarrería kalea 39, 1.a, 31001 Iruña), edo posta ziurtatuaren bidez, posta-helbide horretara bidalita. Gutun azalean honako hau adierazi beharko da: "Vianako Printzea Kulturaren Saria 2024".

Posta ziurtatuaren bidez igorriz gero, mezu elektroniko bat bidali beharko da premioprincipedeviana@navarra.es helbidera, eta igorpenaren berri eman beharko da, proposamenak aurkezteko epearen barnean.

2.2. Hautagaitzak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko martxoaren 22an bukatuko.

3.–Entitate proposatzaileak.

3.1. Hautagaitzak, banaka, honako hauek aurkezten ahal dituzte: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek eta edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa zentroak, enbaxadak, kontsulatuak eta abar), baita legez eratuak dauden edozein herrialdetako hezkuntza, kultur edo gizarte entitateek zein GKEek ere; orobat, antolatzaileek gonbidatzen dituzten pertsonalitateek.

3.2. Hautagaitzak baztertu eginen dira baldin eta aurkezten badira saria norberarentzat eskatuz edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat.

3.3. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

3. oinarrian aipatutako entitate edo pertsonek, hautagaitza aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak, edo kasua bada, proposamena egiten duten pertsonenak, honako hauek adierazita: izena, helbidea, telefonoa, web-orria (baldin badu), IFZ edo antzekoa, eta epaimahaiak gehiago jakin dezan egokitzat jotzen diren beste dokumentu batzuk.

b) Merezimenduen eta ibilbide pertsonalaren eta/edo profesionalaren laburpena (600 hitz gehienez), pertsonaren edo entitatearen hautagaitza aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena. Laburpenarekin batera, nahi izanez gero, bideo bat edo ikus-entzunezko lan bat aurkez daiteke.

c) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.

5.–Tramitazioa.

5.1. Sari honi buruzko beste edozein informaziotarako, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora jo daiteke, telefono bidez (848 424 644) edo posta elektronikoaren helbidea baliatuz: premioprincipedeviana@navarra.es.

5.2. Deialdia egiten duen entitatearen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren auzi guztiak ebaztea.

6.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

6.1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek osatuko dute sariaren epaimahaia. Idazkariak, hizpidea duela baina botorik ez, epaimahaiari lagunduko dio bere zereginetan.

6.2. Epaimahaiak aurkeztu diren hautagaitzak aztertu eta haietan jasotzen diren merezimendu aipagarriak baloratuko ditu.

6.3. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak saria nori eman erabakitzeko saioa egin baino lehen, hautagaitzak aurkeztu dituzten entitate eta kontseilukideek esku hartuko dute hautagaitza bakoitzaren merezimenduak sdefendatzeko.

6.4. Bozketa. Lehenbiziko bozketa bat eginen da hautagaitza guztien artean, eta boto gehien lortzen duten bi hautagaitzekin bigarren bozketa-txanda bat eginen da, non boto gehien eskuratzen duena izanen den irabazlea.

Hala badagokio, berdinketak hausteko bozketak eginen dira lehenbiziko eta bigarren txandetan.

Hautagaitzetako batek botoen erdia gehi bat eskuratzen badu lehenbiziko bozketan, hura izanen da irabazlea.

6.5. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen Saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.

6.6. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, foru dekretu baten bidez, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.

6.7. Sari banaketa jendaurrean eginen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, behar bezala iragarriko den egunean.

7.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2402891