45. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

73E/2023 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onespena ematen baitzaio "Nafarroako Proiektu Eolikoa" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa xehatuari, San Marcos II haize-parkeari buruzkoa. Sustatzailea "Agrowind Navarra 2013 SL" enpresa da.

2023ko otsailaren 22an, Severo Campíñez Romero jaunak, Agrowind Navarra 2013 SLUren ordezkari gisa, eskatu zuen onets zedila "’Nafarroako Proiektu Eolikoa’ izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa, horrek ahalbidetuko baitu ‘Linte (II. fasea)’ izeneko haize-parkearen proiekturako behar diren administrazio-baimenak lortzea, bai eta onura publikokoa dela zehazki deklaratzea ere, abenduaren 1eko 1995/2000 Errege Dekretuan eta maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan (irailaren 28ko 89/2022 Foru Dekretuak aldatua) ezarritakoari jarraikiz".

Espediente honen xedea da San Marcos II haize-parkearen instalazioak aldatzea, "Nafarroako Proiektu Eolikoa" udalez gaindiko proiektu sektorialaren barruan dagoena, aurretiazko administrazio-baimena lortzeko aurkeztu den "Linte (II. fasea) haize-parkearen proiektura" egokitzeko. Nafarroako Gobernuak emandako 2018ko urriaren 3ko Erabakiaren bidez onetsi zen erreferentziazko udalez gaindiko proiektu sektoriala.

Zehazki, hau planteatzen da:

–SMII-03 haize-sorgailuaren kokapena aldatzea.

–SMII-01etik SMII-03ra bitarteko haize-sorgailuen potentzia eta lurgaina handitzea eta haien plataformak lekualdatzea eta/edo biratzea.

–Sorturiko energia eramateko azpiegitura eta parkerako ibilgailuendako sarbide-azpiegitura aldatzea.

Aldaketa horiek guztiek Larragako udal-mugarteari eragiten diote.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emandako martxoaren 16ko 46E/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion espedientea izapidetzeari, eta, aldi berean, espedientea jendaurrean jarri zen, eta entzunaldia eman zitzaion Larragako Udalari. Ebazpen hori 2023ko martxoaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Espedientearen jendaurreko informazioko eta entzunaldiko izapideetan, alegazio-idazki bakarra aurkeztu da, Conrado García Napal jaunak idatzia. Hona hemen hura laburbilduta, eta erantzuna:

–Edukia:

I. Interesdunak, Larragako biztanlea, gogorarazi du alegazioak aurkeztu zizkiola Agrowind Navarra 2013 SLk sustatutako "Nafarroako Proiektu Eolikoa" izenekoari. Haietan adierazi zuen proiektua bideraezina zela "artxiboetan dokumentazioa falta zelako", eta, bere iritziz, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emandako martxoaren 16ko 46E/2023 Ebazpenak berresten duela baieztapen hori, zeren "Erabakia onetsi zen egunean (2018ko urriaren 3a) ez zeuden eta Nafarroako Gobernuak berak egin zituen zenbait txosten ageri baitira horretan, eta horrek baitakar 2018. urtearen ondotik eginiko jarduketa guztien erabateko deuseztasuna".

Haren ustez, "2018ko urriaren 3ko Erabakia urratzen ari da, Herri-lurren Atalaren txostenei dagokienez, eta, orain, berriz ere ebatzi da bete behar dela, 46E/2023 Ebazpenaren laugarren puntuan, eta sustatzaileak sistematikoki ez du beteko".

II. Alegazio-egileak adierazi du oraingo aldaketaren arrazoia izan direla aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta onura publikoa zehazki deklaratzea lortzeko "Linte (II. fasea) haize-parkearen proiektua" jendaurrean jartzeko izapidean berak egindako alegazioak. Espediente hori, haren iritziz, ordura arte ezezaguna zen enpresa batek egiten zuen, Parque Eólico Navarra SLUk, eta, orain, Agrowind Navarra 2013 SLk heldu dio berriz udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko ekimenari, "Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jarraitu nahi izan ez duen fartsari estaldura emateko".

III. Interesdunak 2030erako Nafarroako Energia Planaren eguneratzeari aurkeztu zizkion ekarpenak aipatu ditu, eta uste du ezen, ekarpen horiekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak erabat independentea izan behar duela energia berriztagarrien sustapen berrietan. Hori dela eta, ulertezina iruditzen zaio ezen, garraio-sarera sartzeko gaitasunaren lehiaketa egiteke egonik (Energiaren Estatu Idazkaritzak emandako 2021eko ekainaren 29ko Ebazpenaren bidez onetsi zen), Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak enpresa jakin batzuei etorkizuneko lehiaketarako akordioak eskaintzea edo datuen babesaren mende dauden datuekin jardutea.

Adierazi du Nafarroako Gobernuaren webgunean Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa ageri dela, zeinaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria baita Energia Plana eguneratzea sustatzen duen Gobernuko kontseilaria, eta lotura duela garraio-sarera sartzeko gaitasunaren etorkizuneko lehiaketarako puntuak lortzeko partikularrekin eta toki-administrazioekin dokumentuak sinatzen ari diren sustatzaileekin.

Interesdunaren ustez, hala aritzea ez da zilegi; lehia askea eta garraio-sarerako etorkizuneko lehiaketa manipulatzen ari dira, eta datuak babesteko legeria eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren printzipioak urratzen ari dira. Jakinarazi du alegazio horren kopia aurkeztuko diola Europar Batasunari, Next Generation funtsetako iruzurraren aurkako arauak urratzen ari baitira (sustatzaileak Next Generation funtsak lortzen ahal ditu, espedientean agertu gabe Agrowind Navarra 2013 SLrenak beste inorenak ez diren eskubideak eta betebeharrak eskualdatzeko kontratuaren jatorria), eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari, nahasmendua eragiten baitu etorkizuneko garraio-sarera sartzeko lehiaketan.

IV. Interesdunak uste du ezen, beste batzuetan adierazi duen bezala, Agrowind Navarra 2013 SL merkataritza-sozietateari mesede egin diola arau batzuk onesteak, hala nola 2022ko irailaren 28ko 89/2022 Foru Dekretua (indargabetua) eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emandako maiatzaren 6ko 45E/2021 Foru Agindua. Adierazi du merkataritza-sozietate horrek Nafarroako Gobernuaren bulegoetan lan egin zuela, inolako estaldura juridikorik gabe, aipatutako foru agindua onets zedin, zeinaren aurkako txostena eman baitzuen Nafarroako Kontseiluak, Nafarroako Parlamentuak txostena eskatuta (39/2021 Irizpena, 2021eko abenduaren 20koa).

Interesdunaren iritziz, auditoretza egin behar zaio "Nafarroako Proiektu Eolikoaren" espedienteari hasieratik, eta espedientea Europar Batasunean salatzeko ekimena beretzat gordetzen du, zuzeneko edo zeharkako dirulaguntzak jaso baitira, baita Next Generation funtsetatik datozen funtsak ere, eta aztergai dugun kasurako berariazko arauak onetsi baitira.

Uste du Nafarroako Gobernuak berehala geldiarazi behar duela orain jendaurreko informazioan jarri den izapidetzea.

V. Interesdunaren ustez, Nafarroako Gobernuak haize-sorgailu berrien ezarpena geldiarazi behar du 4/2022 Foru Legearen 31. artikulua bete arte; izan ere, artikulu horrek ezartzen du, besteak beste, Nafarroako Gobernuak ezarri behar duela, erregelamendu bidez eta gehienez urtebeteko epean, zer lurzorutan baimentzen edo debekatzen ahal den energia eolikoko instalazio bat egitea.

VI. Alegazio-egileak salatu du ezen, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emandako maiatzaren 6ko 45E/2021 Foru Agindua eta "Nafarroako Proiektu Eolikoaren" espedientea onesteko, HFP/1030/2021 Aginduari eta HFP/55/2023 Aginduari jarraiki beharko zitzaiela, eta haren tresnak eta izapideak izapidetzeko prozeduretan agertzen diren alegazio-egile guztiei entzunaldia eman behar zitzaiela.

VIl. Interesdunak adierazi du espedientean ez dagoela jasota aprobetxamenduaren gehikuntzaren %10i dagokion lurzorua Administrazioari eman izanaren justifikaziorik, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak hirigintza-izapidetzeko prozedura guztietan eskatzen duen bezala.

Aurreko alegatuetan oinarrituta, interesdunak galdegin du espedientearen izapidetzea geldiarazteko eta "Nafarroako Proiektu Eolikoaren" espedientea auditore independente bati eta Iruzurraren Batzordeari edo Europar Batasunari igortzeko. Bestela, adierazi du bere kasa eginen duela.

–Erantzuna:

Alegazioaren lehen puntuan, alegazio-egileak uste du ez dela betetzen ari Herri-lurren Atalak emandako txostena. Txosten horrek udalez gaindiko proiektu sektorialaren araudira eramandako zehaztapenak ezartzen ditu, eta, haren arabera, herri-lurretan edozein jarduketa egin aurretik egin behar dira. Lurralde-plangintzaren aldaketa-fasean egonik, lursailetan obrak edo jarduketak egin aurretik, ezin dira bete zehaztapen edo txosten horiek, eta, beraz, ezin da ulertu urratzen ari direla.

4/2022 Foru Legearen 31. artikulua erregelamenduz garatu arte haize-sorgailu berriak ezartzea geldiarazteari dagokionez, gogorarazi behar da Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak aitortzen duela energia elektrikoa ekoizteko jardueran aritzeko enpresa-ekimen askea. Horrenbestez, etorkizuneko erregelamenduak ezertan galarazi gabe, aurkeztutako aldaketak aplikatu beharreko araudia betetzen duen bitartean, ezin da ukatu hura onestea. Bestalde, tasatutako edo araututako kasuetan bakarrik eteten ahal dira administrazio-izapideak.

Alegatutako aprobetxamendu-gehikuntzaren %10 lagatzea hiri-lurzoruaren edo lurzoru urbanizagarriaren jabeendako betebeharra da, eta kasu honetan ez da egokia, udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketaren eremua lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta baitago.

Alegatutako gainerako gaiak ez dira egokiak, ez baitute zerikusirik "Nafarroako Proiektu Eolikoa" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketaren izapidearekin, eta dirulaguntzei edo beste espediente edo izapide batzuei buruzkoak baitira, hala nola udalez gaindiko proiektu sektoriala bera onesteari buruzkoak, "Linte (II. fasea) haize-parkearen proiektua" proiektuaren baimenei buruzkoak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emandako maiatzaren 6ko 45E/2021 Foru Aginduari buruzkoak, edo Energiaren Estatu Idazkaritzak emandako 2021eko ekainaren 29ko ebazpenari buruzkoak.

Ezetsi egiten da alegazioa, horrenbestez, ezertan galarazi gabe alegazio-egileak bere eskubiderako komenigarritzat jotzen dituen akzioak baliatzea.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emandako martxoaren 16ko 46E/2023 Ebazpenak, zeinaren bidez hasiera eman baitzitzaion aldaketa-espediente honi, honako hau jasotzen du ebazpenari dagokion zatian: "2.–Enpresa sustatzaileari adieraztea ezen, espedientea ebatzi dadin, aurretik ebazpen honetan adierazitakoaren arabera osatu beharko duela espedientea".

Sustatzaileak jarraibide horiek bete ditu 2023ko apirilaren 24an aurkeztutako dokumentazioan, zeinak ordezten baitu jendaurrean jarritako dokumentazioa. Haiei dagokienez, honako kontsiderazio hauek egin behar dira:

Sustatzaileak adierazi du San Marcos II haize-parkeko SMII04tik eta SMII06ra bitarteko posizioek gaur egun ez dutela sarerako sarbideko eta konexioko baimenik. 46E/2023 Ebazpenari jarraikiz, sarera energia eramatea bermatua ez duten haize-sorgailuak kendu behar dira, eta, hala badagokio, haiek sartzea izapidetuko da sarera energia eramatea bermatua dutenean.

Dokumentu berrian, indarrean dagoen udalez gaindiko proiektu sektorialari dagokionez planteatzen diren aldaketen zerrenda dago, eta jasotzen da lehenbiziko lau aldaketek ez diotela eragiten parkearen arau-esparruari. Iritzi hori, neurri batean, okerra da. Haize-sorgailuak lekualdatzeak udalez gaindiko proiektu sektorialaren eremuaren mugaketari eragiten dio; zehazki, "Haize-sorgailuen afekzio-eremuari", zeina honela definitzen baita udalez gaindiko proiektu sektorialaren araudiko 1. artikuluan: "Arau-esparrua lur-zerrenda bat da, testu bategin hau osatzen duten 5. planoan ("Katastroaren gaineko arau-esparrua") eta 6. planoan ("Arau-esparrua eta zortasunak") irudikatutakoa. Zerrenda horrek 140 metro inguruko zabalera du, eta haize-sorgailuek okupatzen duten lurraren barnean haiek lotzen dituen linean erdiratzen da, kota handieneko arloei jarraikiz. Horrela, haize-sorgailu bakoitzaren alde bakoitzean hirurogeita hamar metro daude beti linea horrekiko. Era berean, lerrokaduraren hasierako eta amaierako haize-sorgailuetan 70 m-ko distantzia dago haize-sorgailuaren ardatzarekiko, zerrendako sortzailetik ortogonalean neurtua (ingurumen- edo geografia-arrazoiengatik distantzia txikiagoa duten kasuetan izan ezik)."

Dokumentuaren apartatu horrek udalez gaindiko proiektu sektorialaren 3. artikulua aipatzen eta erreproduzitzen du, baina haren testua eta izena ez datoz bat 2018ko urriaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (204. zk.) argitaratutako udalez gaindiko proiektu sektorialaren araudiarekin.

Aurreko kontsiderazioak kontuan hartuta zuzendu behar da dokumentua.

Bestalde, 1.4 apartatuak (San Markos II haize-parkearen jarduketa-eremuaren deskribapena) parkea osatzen duten 8 haize-sorgailuen koordenatuak jasotzen ditu, bai eta kokaleku horien eta sortutako energia eramateko eta parkerako ibilgailu-sarbideko azpiegituren ebakin grafikoak ere. Halaber, lurpeko kanalizazioetan zuntz optikoa sartzea aurreikusten du, gai hori jada jasota baitago udalez gaindiko proiektu sektorialean.

Dokumentuaren 3. apartatuak (aurrekontua eta berme ekonomikoa) honako hau jasotzen du: "Kontuan hartuta ‘Nafarroako Proiektu Eolikoa’ udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketan sarbideak eta 30 kV-eko kanalizazio elektrikoak optimizatzen direla, aurreikusten da aurrekontua %0,85 murriztuko dela Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakiaren bidez onetsitako udalez gaindiko proiektu sektorialean aurreikusitakoarekin alderatuta".

Horrenbestez, ez da berme osagarririk aurkeztu behar Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 44.3 artikuluaren ondorioz.

253/2019 Foru Dekretuaren eskakizunei jarraikiz, dokumentu berria zuzendu behar da: deskribapen-memoriari izena aldatu, eta informazio-memoria izena jarri behar zaio; eranskin grafikoak edo dokumentazio grafikoa edukiaren arabera bereizi behar dira, informazio-planoak ala antolamendu-planoak diren; eta gainerako apartatuak informazio-memorian sartu behar dira.

Antolamendu-planoei dagokienez, udalez gaindiko proiektu sektorialaren zehaztapenekin bat etorriz, antolamendu-plano gisa jaso eta identifikatu behar da "Arau-esparrua eta zortasunak" izenekoa, eta, udalez gaindiko proiektu sektorialaren grafismoarekin bat etortzeko, "Katastroan oinarritutako arau-esparrua" izena jarri behar zaio. Era berean, plano horrek udalez gaindiko proiektu sektorialaren araudiak arautzen dituenak baino ez ditu mugatu behar arau-esparru gisa: haize-sorgailuen afekzio-eremua, bide berrien afekzio-eremua eta energia eramateko instalazio osagarrien afekzio-eremua. Horretaz gain, ohartarazi behar da bide berrietara murriztu behar dela bide berrien afekzio-eremua mugatzea.

Gainerako planoak informazio-plano gisa jaso eta identifikatu behar dira.

Aurrekoa ezertan galarazi gabe, eskala grafikoa adieraziz osatu behar dira plano guztiak.

Azkenik, aurkeztutako dokumentazio bektoriala aipatutako 253/2019 Foru Dekretuaren eskakizunetara eta aurreko kontsiderazioetara egokitu behar da, eta arau-esparruei soilik egin behar die erreferentzia.

Bestalde, aurkeztutako dokumentu berriko 2.1 apartatuan ("Proposatutako udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketaren justifikazioa") hau adierazten da: "‘Nafarroako Proiektu Eolikoa’ udalez gaindiko proiektu sektoriala baimen urbanistikotzat hartu behar da bertan aurreikusitako obretarako eta haren zati den Linte haize-parkearen proiekturako".

Hirigintza-lizentziak hirigintza-baimentzat hartzen direnez, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 118. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aurreko esaldiaren ordez hau jarri behar da: "‘Nafarroako Proiektu Eolikoa’ udalez gaindiko proiektu sektorialaren jarduerek eta erabilerek ez dute behar lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen departamentuaren baimenik".

Halaber, dokumentuaren 5. apartatuan jasotako araudi aplikagarriaren zerrenda osatu behar da "Nafarroako Proiektu Eolikoa" udalez gaindiko proiektu sektorialari erreferentzia eginez.

Azkenik, hizkera inklusibo eta ez-sexistari dagokionez, aurkeztutako gaztelaniazko dokumentuetan, genero-txostena barne, "persona o empresa promotora o titular" jarri behar da, erreferentzia guztietan, "promotor" (sustatzailea) hitzaren ordez.

Hasteko ebazpenak jasotzen duen bezala, Ingurumen Eraginaren Atalari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari txostenak eskatu zaizkie, hurrenez hurren, ingurumen-legeriaren arabera dagokion prozedurari buruz eta NA-601 errepideko 36+900 kilometro-puntutik hurbil aurreikusi den sarbideko lotuneari buruz.

Ingurumen Eraginaren Atalak, 2023ko martxoaren 16an, txosten bat eman zuen; haren amaieran, adierazten zuen planteatutako aldaketek ez diotela ebaluatutakoez bestelako eragin nabarmenik ekarriko ingurumenari. Beraz, aldaketa ez dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-eremuan, eta, horrenbestez, planteatu den Linte haize-parkea (II. fasea) Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emandako ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenak babestuko luke, zeinaren bidez egin baitzen San Marcos II, Linte, Jenariz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulina haize-parkeen ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren 2023ko apirilaren 21eko txostenak ez du zehaztapenik ezartzen "Nafarroako Proiektu Eolikoa" udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketari buruz.

Bestalde, Zainketa Zerbitzuak honako xedapen hauek ezarri ditu 2023ko apirilaren 24an:

"a) NA-601 errepidean dagoen sarbidea hobetzeko eta egokitzeko, sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako nahitaezkoa den baimen-eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lanen Zuzendaritza Nagusian, Nafarroako Errepide Sarean ukitzen dutena azalduz, baimena lortzeko, hori bidezko bada.

b) Gaur egun erabiltzekoa den sarbideak bete beharreko baldintzek, ezartzekoa den jardueraren ondorioz sortzen ahal den trafiko berriaren aurrean, bat etorri behar dute trazadurari, korapiloen diseinuari eta elkarguneei dagokienez indarrean dauden arauekin.

c) Agrowid Navarra 2013 SLk sustatutako Larragako San Marcos II haize-parkeari dagokion "Nafarroako Proiektu Eolikoa" udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketari (0009-OT-08-2023-000004 espedientea) buruzko txostena goian adierazitako zehaztapenak eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak ezartzen dituenak betetzearen mende gelditzen da."

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko apirilaren 24ko txostena ikusirik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak) ezarritakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztutako alegazioak ebazpen honetan azaldu bezala ebaztea.

2. Behin betiko onespena ematea "Nafarroako Proiektu Eolikoa" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa xehatuari, San Marcos II haize-parkeari buruzkoa eta "Agrowind Navarra 2013 SL" enpresak sustatua, ebazpen honetan azaldutako moduan:

3. Erakunde sustatzaileari dokumentu berri bat bidaltzeko eskatzea, paperean eta formatu digitalean, ebazpen hau betetzetik eratorritako aldaketak jasoko dituena.

4. Enpresa sustatzaileari adieraztea ezen, herri-lurretan edozein jarduketa egin aurretik, interesdunak bete beharko duela udalez gaindiko proiektu sektorialaren araudian eta tresna horren tramitazioan Herri-lurren Atalak emandako txostenean ezarritakoa.

5. Halaber, sustatzaileak bete beharko du espedientea tramitatzean ematen diren txosten sektorialetan xedatutakoa.

6. Obren exekuzioak eragina izan badezake beste azpiegitura eta zortasun batzuetan edo haiek baldintzatzen ahal badute exekuzioa, interesdunak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaiaren arloko eskumena duten organoetan. Besteak beste, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Aire Segurtasuneko Estatu Agentziaren (AESA) baimenak.

7. Ebazpen hau eta 3. puntuan adierazitako dokumentua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatutako dokumentua aurkeztu eta baliozkotzearen mende gelditzen da argitaratze hori eta, beraz, ebazpenaren zehaztapenak bete beharra .

Dokumentu hori Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean ere eskuragarri egonen da.

8. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Eraginaren Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Herri-lurren Atalari, sustatzaileari eta Larragako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Adieraztea ebazpen honek amaiera ematen diola administrazio-bideari eta honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin lotuta.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurrez errekerimendua egin dezakete Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epe horiek.

Iruñean, 2023ko apirilaren 24an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Araudia deskargatu (ZIP, 33 MB inguru).

Iragarkiaren kodea: F2402484