45. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

26/2024 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez izendatzen baita turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresek Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordean izanen duten ordezkaria, baita haren ordezkoa ere.

Azaroaren 18ko 511/1991 Foru Dekretuaren bidez (urtarrilaren 27ko 15/1997 Foru Dekretuak aldatua), Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordea eratu zen.

Foru dekretu horren 4. artikuluak ezartzen du Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordea batzordeburuak eta lau batzordekidek osatuko dutela.

Administrazioaren ordezkaritzatik kanpo batzordekide postu bat turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresen ordezkari batek beteko du, zeina Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteak proposaturik izendatuko baita.

Azaroaren 18ko 511/1991 Foru Dekretu horren 6. artikuluak ezartzen du ordezko kideak izendatzen ahalko direla bai batzordeburuarentzat bai batzordekideentzat.

Garraioen zuzendari nagusiaren apirilaren 15eko 33/2020 Ebazpenaren bidez, Francisco José Asín Pérez jauna Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko kide titular izendatu zen, turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresen ordezkari gisa; eta Garraioen zuzendari nagusiaren irailaren 2ko 163/2008 Ebazpenaren bidez, Jon Iturriaga Fernández de Jáuregui jauna Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko ordezko kide izendatu zen, turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresen ordezkari gisa.

2023ko abenduaren 1ean, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteak idazki bat bidali zuen, eta bertan proposatu zuen Mikel Hernandorena Goyeneche jauna izendatzea batzordekide titular, turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresen ordezkari gisa, eta Francisco Javier Sanz Borda jauna ordezko batzordekide.

Garraioen Ikuskapenaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak jakinarazi du, azaldutakoa kontuan hartuta, beharrezkoa dela berritzea turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresek Garraioaren Arbitraje Batzordean duten ordezkaritza, enpresa horiei dagokien batzordekide berria izendatuz, bai eta haren ordezkoa ere.

Bestetik, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 56.g) artikuluak xedatzen du ezen Garraioaren Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Atalari dagokiola Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeari esleitutako eginkizunak zuzentzea eta kudeatzea.

Horregatik guztiagatik, eta Garraioaren Arbitraje Batzordea eratzen duen azaroaren 18ko 511/1991 Foru Dekretuaren 4. eta 6. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoaren arabera, non ezartzen baita zuzendari nagusiei dagozkiela, 32.1.d) artikuluan ezarrita dagoen moduan, 2005eko martxoaren 1a baino lehenagoko foru araudiak kontseilariei esleitutako ebazpen-eskumenak, salbu eta gehiengo absolutuko foru legeen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kontratuei buruzko foru legeriaren bidez kontseilariei esleitzen zaizkienak eta zehatzeko ahala erabiltzeari buruzkoak, horiek lege edo erregelamendu mailako xedapenen bidez berariaz esleituak dituzten organoei baitagozkie,

EBAZTEN DUT:

1. Mikel Hernandorena Goyeneche jauna Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko kide titular izendatzea, turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresen ordezkari gisa, hala proposatu baitu Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteak.

2. Turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresek Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordean duten batzordekide postua bete gabe dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, haren ordez honako hau arituko da:

–Francisco Javier Sanz Borda jauna, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteak proposaturik.

3. Indarrik gabe uztea, batetik, Garraioen zuzendari nagusiaren irailaren 2ko 163/2008 Ebazpena, zeinaren bidez Jon Iturriaga Fernández de Jáuregui jauna izendatu baitzen Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko ordezko kide, turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresen ordezkari gisa; eta bestetik, Garraioen zuzendari nagusiaren apirilaren 15eko 33/2020 Ebazpena, zeinaren bidez Francisco José Asín Pérez jauna izendatu baitzen Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko kide titular, turismo ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraio publikoko enpresen ordezkari gisa.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ikuskapenaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeari eta Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteari.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2024ko otsailaren 6an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2402544