44. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Aldaketa, Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2023ko abenduaren 18ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea 39. Ordenantzaren 5.3 eta 7.3 artikuluak. Ordenantza horrek arautzen ditu eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak paratzeko baldintzak.

Hasierako onespenaren erabakia 2024ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 11n, argitaratu zen, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere. Jendaurrean egoteko epea amaituta, eta inork aurkeztu ez duenez alegaziorik, kexarik edo oharrik, hasierako onespena behin betikoa izatera igaro da, eta indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Noain Elortzibarren, 2024ko otsailaren 16an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

ORDENANTZAREN ALDAKETA

5. artikuluko 3. puntua honela gelditu da idatzirik:

Ezaugarri teknikoak.

Oro har, ezin izanen da finkatu zoladuran terraza osatzen duten elementuetako bat ere, salbuespenezko baimena lortzen ez bada, bermatu beharko baita elementuen egonkortasuna, terrazan sartzen diren kontrapisuen bidez (hala nola, loreontziaren euskarriak, eserlekuak eta abar).

Salbuespenez elementuak zoladuran tinkatzeko baimena ematen denean, eskabideak izan behar du tinkatzeko elementuen definizio zehaztua, bermatzen baita terraza kendu ondoren eremu publikoko zoladura lehengoratzea.

Nolanahi ere, baimenaren izaera juridikoa dela-eta, terraza osatzen duten elementu guztiak eramangarriak edo aise desmuntatzeko modukoak izanen dira.

Altzariak (aulkiak, tabureteak eta abar) arrastaka eramatean sortzen diren zarata eta eragozpenak txikiagotzeko, horiek gomak edo neoprenoak eduki beharko dituzte.

Besteak beste, ondoko kasu hauek dituzte berezitasunak; hona hemen:

–Terraza/beladorea itxiturekin:

Ezinbesteko baldintza da dokumentuak aurkeztea, bertan jarduketak zeharo definituta egon behar baitu, honako honi dagokionez: eremu publikoan non kokatzen den, zein lokal osatzen duen, uzten dituen pasabide libreak, egitura, materialak, bolumetria eta altzariz hornitzea.

Egiturari dagokion dokumentazioak –terrazak okupatzen duen espazioaren bolumenaren muga izatea baita bere egitekoa– definitu beharko du zoladuran finkatzeko sistema, eta teknikari eskudunak sinatu beharko du, edo bestela fabrikatzailearen agiria eduki beharko du, instalazioaren baldintza teknikoei buruzkoa.

Terraza angeluzuzena bada, onartuko da haren hiru alde ixtea, eta establezimendutik terrazara joateko sarbidea duen aldea betiere libre egonen da luzera osoan.

Itxituraren gutxieneko garaiera 2,20 m-koa izanen da, eta gehienekoa, berriz, 3,00 m-koa. Gutxienez 1,50 m-ko tartea egon beharko da ondoko fatxadako edozein baoren beheko ertzaren azpian (hala nola, leihoak eta abar).

Ezin izanen da instalazioa baimendu, fatxadako baoetatik gutxieneko tarteari eutsi behar izatearen ondorioz, terrazaren garaiera 2,20 m-tik beherakoa denean.

Oro har, terraza paratuko da ostalaritzako lokalaren luzeran, modu exentuan, eta tarte librea utzi behar da lokalaren eta terrazaren artean, edo fatxadaren ondoan, oinezkoak espaloitik pasatu ahal izateko.

Bi kasu horietan, terrazako elementuek ez diote trabarik eginen oinezkoendako pasabideari, baimenaren titularraren ardura baita pasabidearen baldintzak mantentzea.

Beladorea modu exentuan jarrita dagoenean eta oinezkoendako pasabide librea uzten denean, ezin izanen da jarri pasabidea estaltzen duen eguzki-oihalik, beladorea estalita baldin badago goiko aldean.

Oro har, elementu mugatzaileek gardenak izan beharko dute. Material opakoak baimentzen ahalko dira 0,90 m-ko garaieraraino.

Estalkian bezala, material arineko (olanak, plastikoak) alboko elementu mugatzaileak bilgarriak edo tolesgarriak izanen dira, eta lokalak itxita daudenean bilduta egon beharko dute.

–Eguzkitakoak:

Egitura denez, dagokion proiektua aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatua, edo fabrikatzailearen agiria, instalazioaren ezaugarri teknikoei buruzkoa.

–Eguzki-oihalak:

Terraza guztiak estaltzen ahal dira eguzki-oihalen bidez, horiek eraikinaren fatxadan finkatu beharko baitira. Bilgarriak edo tolesgarriak izanen dira eta gutxienez 2,20 m-ko altueran jarriko dira eta, gehienez, 3 m-tan, gutxienez 1,50 m-ko tartea egon beharko baita ondoko fatxadako edozein baoren, hala nola, leihoen eta abarren beheko ertzaren azpian.

Ezin izanen da instalazioa baimendu, fatxadako baoetatik gutxieneko tarteari eutsi behar izatearen ondorioz, eguzki-oihalaren garaiera librea 2,20 m-tik beherakoa denean.

–Berogailuak:

Eramangarriak izanen dira, eguzkitakoak bezalaxe.

Berogailu elektrikoak soilik onartzen dira eraikinaren fatxadan.

Ez da inola ere baimenduko instalatzea erabilera horretarako behar bezala homologatuta ez dagoen modelorik.

Elektrizitatea behar duten berogailuak direnean, elektrizitatez hornitzeko instalazioa behar bada, bakarrik eraikinaren fatxadan jartzen ahalko dira.

Ezin izanen da inolako kable elektrikorik paratu bide publikoko zoruan.

Fatxadaren ondoan oinezkoak oztoporik gabe igaro daitezen, paramentu honi finkatutako berogailuen osagai bat ere ez da egonen 2,20 metroko altueraren azpitik.

7. artikuluko 3. puntua honela gelditu da idatzirik:

Beste muga batzuk:

–Terraza edo beladorea izanen den espazioa espaloitik hurbil egotearen ondorioz arriskurik baldin badago bide segurtasunerako, Udaltzaingoaren txostena eskatuko da, jarraibideak ezar ditzan, eskatzailearen kargu izanen baitira.

–Beladoreak mugatzen duen espaziotik kanpo mahaiak eta aulkiak jartzeko berariazko baimena beharko da eta, edozein kasutan, maiatzetik urrira bitarte baino ez da erabiliko.

–Zoruan ezin izanen dira elementuak ainguratu sute-ahoen edo kanalizazio elektrikoaren kutxatilen gainean.

–Mahai baxuak eta beladoreak dauzkaten terrazetako ordutegia: maiatzaren 1etik urriaren 31 arte, 09:00etatik 01:00etara (ostiraletan eta jaiegunen bezperetan, ordubete gehiago); eta urteko gainerako egunetan, 09:00etatik 00:00etara (ostiraletan eta jaiegunen bezperetan, ordubete gehiago).

Iragarkiaren kodea: L2402931