44. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

74E/2024 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Caparroso, Murillo el Cuende, Erriberri, Pitillas eta Tafalla udal-mugarteetan (Nafarroa) "Tafalla-Caparrosoko poligonoa", "Tafalla-La Pedrera" eta "Caparrosoko poligonoa-Caparroso" artean 66 kV-ko linea elektriko berria paratzeko proiektuaren ingurumen eraginari buruzko txostena egitekoa. Proiektu hori I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak sustatu du, Caparroso, Murillo el Cuende, Erriberri, Pitillas eta Tafalla udalerrietan.

2023/11/27an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Atalari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. multzoko b) letran sartuta dago.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. 12 kontsulta egin dira, eta haietako 3ren erantzunak jaso dira. Ondare Arkitektonikoaren Atalak adierazi du ez duela eraginik bere eskumeneko gaietan, Erriberriko Udalak aldeko hirigintza txostena egin du eta Tafallako Udalak ez du hirigintza arloko eragozpenik jarri.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen eraginaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Proiektuaren deskribapena:

Proiektuaren helburua eremu horretako elektrizitate horniduraren kalitatea eta segurtasuna hobetzea da. Horretarako, orain dauden 2 linea paraleloen ordez linea bakarra jarriko da. Hala, eremuak zerbitzu hobea izanen du, eskaera berriei erantzunen zaie eta egungo ingurumen eragina murriztuko da.

Linea Tafallako udal-mugartearen hegoaldetik hego eta hego-ekialderantz pasatzen da, N-121 errepidearekiko paraleloan. Pitillaseko udal-mugartera iristean, linea hegoalderantz okertzen da, Murillo el Cuendeko ipar-mendebaldea gurutzatzen du, eta Caparroso udal-mugartera iristen da, Rockwool enpresaren industria instalazioetara. Puntu hori linearen lehenengo zatitzat jotzen denaren amaiera da; hau da, Tafallako azpiestazioaren (AE) eta "Caparrosoko poligonoa" maniobra eta banaketarako azpiestazioaren (MBA) arteko zatiaren amaiera. Bigarren zatian, zirkuitu bikoitzeko linea "Caparrosoko poligonoa" MBAtik hegoalderantz igarotzen da, eta, Aragoi ibaia zeharkatu ondoren, Caparrosoko BTAn amaitzen da, herri horretako erdigune industrialetik iparraldera.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Linea berriak 18.706 metro izanen ditu airean, honela banatuta: 15.423 metro Tafallatik Caparrosoko poligonoko MBAraino, eta 3.283 metro Caparrosoko Poligonoko MBAtik Caparrosoko BTAraino. Fabrikatik gertu dagoen elkartze puntuan, 110 metro lurperatuko dira, N-121 errepide nazionala gurutzatzeko.

Proiektatutako linea, gehienbat, soro landuetatik igaroko da, eta, zati txiki bat, zuhaitzik gabeko baso lurretatik. Hala ere, orain dauden 2 lineekiko paraleloan proiektatu da berria. Linea horiek desmuntatu eginen dira, eragin berririk sortu gabe, eta orain daudenak minimizatuko dira, bi linea izatetik bakarra izatera pasatuko baita.

Zirkuitu sinpleko bi linea izatetik zirkuitu bikoitzeko bat izatera igarotzeak abifaunaren eta paisaiaren gaineko eragina minimizatuko du. Trazaduran, linea berriak "Aragoi eta Argaren beheko zatiak" KBEa gurutzatuko du Caparroso inguruan, egungo lineari itsatsita. Trazadura osoan bezala, ibaian bi gurutzaketa izatetik bakarrera pasatuko da, eta, horrez gain, talken aurkako balizak jarriko direnez, linearen eragina nabarmen gutxituko da.

Azkenik, nabarmentzekoa da trazadura "Erriberriko Merindadeko zereal estepak" deituriko eremutik igarotzen dela oso modu puntualean. Hala ere, N-121 errepideari itsatsita gurutzatzen du, beraz, eragin txikieneko eremutik.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Hala, "Tafalla-Caparrosoko poligonoa", "Tafalla-La Pedrera" eta "Caparrosoko poligonoa-Caparroso" artean 66 kV-ko linea elektriko berria paratzeko proiektuaren aldeko txostena egiten da, bertan jasotako baldintzak betetzeko eskakizuna ezarriz, eta ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin beharrik ez dagoela adierazten da. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Caparroso, Murillo el Cuende, Erriberri, Pitillas eta Tafalla udal-mugarteetan (Nafarroa) "Tafalla-Caparrosoko poligonoa", "Tafalla-La Pedrera" eta "Caparrosoko poligonoa-Caparroso" arteko 66 kV-ko linea elektriko berria paratzeko proiektuak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Caparroso, Murillo el Cuende, Erriberri, Pitillas eta Tafalla udalerrietan sustatuak, ez du eragin nabarmenik izanen ingurumenaren gainean ingurumen eraginaren txosten honetan ezarritako moduan, beraz, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. sekzioan aurreikusitako ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta. Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:

–Elektrokuzio arriskua minimizatzeko. Lotzeko euskarrietan gutxienez 1 m-ko distantzia gorde beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean. Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita. Nolanahi ere, tentsiodun elementuen arteko lotura zubiak isolatu eginen dira, baita ebakigailuak, autobalbulak eta konexio botilak ere. Isolatzeko erabiliko den materialak egokia izan beharko du goi tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Debeku da silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Aragoi ibaiaren gurutzaketako lanek trazaduratik kanpo dagoen ibaiertzeko landaredia autoktonoa erabat errespetatu beharko dute eta, ukipen zehatzen bat egin behar izanez gero, leku horiek lehen zeuden moduan utzi beharko dira garbiketa bukatutakoan.

–Linea elektrikoaren ibilguen gurutzaketek Arroko Erakundeak (CHE) ezarritako gutxieneko altuerak eta babesak bete beharko dituzte.

–Lanek dirauten bitartean, ibaiaren inguruan solido asko mugituko dira, beraz, ibaia gertu dagoenez, solidoak atxikitzea bermatzeko neurriak hartu beharko dira.

–Lanak agorraldian eginen dira, hartara saihesteko, uholdeak gertatuz gero, urak ibilgutik ateratzea obrek ukitzen duten eremuan.

–Makina astunak erabili behar badira, ertzetatik lan egin beharko dute, ibilgura sartu gabe.

–Jarduketa eremua bisoi europarraren ohiko habitata denez, espeziearen ugalketa aldian eragozpenik ez sortzeko, Aragoi ibaiaren inguruko lanak irailaren 1etik martxoaren 31ra arte eginen dira.

–Arrain faunaren garrantzia dela eta, ahal dela, lan guztiak makinek ibai ohea inbaditu gabe eginen dira. Beharrezkoa izanez gero, Ingurumena Zaintzeko Atala jakinaren gainean jarri beharko da, neurri egokiak hartzeko (arrantza elektrikoa).

–Espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia. Ibilguan hormigoi freskoa botaz gero, arrain fauna berehala hilko da.

–Proiektuan markatutako tarteetan, hiru eroaleak hegaztiak babesteko balizekin seinalatuko dira. Fase bereko elkarren segidako bi balizaren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik. Ez dago baimendurik ingurumenaren aldetik sentikorrak diren tokietan (Natura 2000 Sareko espazioak, landaredi naturala duten eremuak, ibai bazterrak, eta abar) obrako materialak pilatzea, ezta makinak bertan kokatzea ere.

–Ur ibilguen inguruetan, espresuki debekatuta dago edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.

–Erreka zulo edo erretenetako gurutzaketak, ahal dela, urik ez daramatenean eginen dira. Lehorrean lan egin beharko da beti, urak uhertzea eta/edo kutsatzea saihestuz.

–Bidetik kanpoko zangak irekitzeko lanetan eta euskarri berriak zimendatzeko zuloak egitean, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Sarbide berriak, ahal den guztietan, lehendik dauden azpiegituretan edo soro landuetan zehar eginen dira, landaredi naturalari ahalik eta kalte txikiena eragiteko, bereziki Batasunaren intereseko habitatak badira, adibidez: X611.587 Y4.694.747 puntuaren inguruan daudenak. Eragin puntualik sortuz gero, lurra jatorrizko egoerara lehengoratu beharko da obrak amaitu ondoren.

–Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak kendu beharko dira, euskarri zaharrak barne.

–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, behar bezala lehengoratuko dira lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Lehengoratze lanak egitean, makinak igarotzean zanpatutako laborantza lurrak harrotu beharko dira.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

–Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa abisatu beharko da (seguimiento.ambiental@navarra.es), espedientearen kodea aipatuz eta linearen zein euskarrien geoerreferentzia jasotzen duen artxibo bat erantsiz.

–Lanak hasi baino aste bat lehenago, Tafalla-Zangozako barrutiko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari gaztigatuko zaio (gmatafalla@navarra.es eta/edo 948703671), obrak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Azpiegitura Energetikoen Atalari, Ibai Ingurunearen Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangozako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2402577