44. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

67E/2024 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, BIOGASVAL SL enpresak Valtierran sustatutako "Digestio anaerobikoko eta biometanoa sortzeko instalazioa"ren proiektuak ingurumenean eragin esanguratsurik ez duela ebazten duena, ingurumen eraginari buruzko txosten honetan adierazitakoaren arabera.

BIOGASVAL SL enpresak Valtierran sustatutako "Digestio anaerobikoko eta biometanoa sortzeko instalazioa" proiektuaren ingurumen eraginaren txostena egiteko dena.

2022ko urriaren 26an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) multzoan sartuta dago.

Txerrien eginkarietarako eta nekazaritzako elikagaien industriako azpiproduktu eta/edo hondakinetarako digestio anaerobikoko instalazio bat proiektatu da Valtierrako 10. poligonoko 48. lurzatian, biometanoa sortzeko helburuarekin. Biometano hori eremuan dagoen banaketa sarera hornituko da. Prozesuak sortzen duen hondakin erdilikidoa, digestatoa, nekazaritzako ongarri gisa balorizatuko da, instalaziorako kudeaketa plan propio baten arabera.

Txosten honen I. eranskinean, proiektuaren funtsezko datuak eta aurkeztutako ingurumen dokumentuaren alderdi nabarmenenak laburbiltzen dira. Dokumentu hori nahikoa da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean zehaztutakoari jarraituz.

Ingurumen baimen integratuaren espedientea izapidetzean, txostenak eskatu zaizkie proiektuak ukitutako hainbat administrazio unitateri (Valtierrako Udala, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala, Abere Ekoizpenaren Atala, Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Atala eta Lurraldearen Antolamenduaren Atala). Jasotako txostenak kontuan hartu dira txosten hau egiteko, izapideen metatzea aintzat hartuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Izapidetze horretan, sustatzaileak espedientearen dokumentazio teknikoa eta ingurumenekoa hobetu eta zabaldu du. 2023ko abenduaren 19an, instalazio berriak sortuko duen digestatoa banatzeko planaren azken bertsioa entregatu zuen.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen-organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean zehaztutako irizpideen arabera:

Proposamenak eragin positiboa izanen du ingurumenean, ekonomia zirkularra, hondakinak balorizatzea eta iturri berriztagarrietatik etorritako erregaia sortzea bultzatzen baititu. Ingurumen kalitatearekin lotutako eraginak minimizatu, ezabatu edo kontrolatu eginen dira jardueraren ingurumen baimen integratuaren betetzean.

Instalazioa nekazaritza eremu batean dagoen arren –"Errege Bardea" kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) hegoaldean eta Valtierra herriaren iparraldean–, ez da aurreikusten jardueraren kokalekua izanen den eremuko natura ingurunearen balioetan eragin nabarmenik izanen duenik. Bereziki, jarduerako elementuak estalita egonen direnez, jarduerak ez luke inguruan hegazti harraparien eta sarraskijaleen presentzia bultzatu behar, eta, horren ondorioz, handik gertu dagoen CAVAR haize-parkeko haize-sorgailuekin talka egiteko arrisku egoerak areagotzea.

Sortutako digestatoak nekazaritzako ongarri gisa banatzeko planean, 10 udalerritako lehorreko lurretan eta lur ureztatuetan dauden 327 lurzati sartzen dira –Galipentzutik Tutera ingurura–. Beraz, ekintza horretatik eratorritako eraginen lurralde eremua instalazioaren ingurune hurbila baino handiagoa izanen da.

Alde batetik, banaketa planean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduan inbentariatutako nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuaren barruan dauden lurzatiak edo mugakideak sartzen dira ("Lodosa eta Tutera arteko Ebro-Aragoiko alubioiaren lurpeko ur masa (049) eta Tutera eta Alagón arteko Ebro-Aragoiko alubioiaren lurpeko ur masa (052)"). Alubioi horien barruko planeko lurzatiak instalazioa hornituko duten abeltzaintzako ustiategietako mindak banatzeko planen barruan sartzen dira, beraz, eremu kaltebera horietan ez dira nitrato ekarpenak handituko.

Beste alde batetik, honako hauek barne hartzen ditu: baso eremuen edo ibilguen ondoko lurzatiak, Natura 2000 Sarearen barrukoak edo mugakideak ("Aragoi ibaiaren erdiko tartea", "Aragoi eta Argaren beheko zatiak" eta "Errege Bardea" KBEak) eta Natura 2000 Saretik kanpoko estepako hegaztiak daudelako ingurumen balio handia duten lursail batzuk. Zehazki, lursail horietako batzuetan, ganga azpibeltza (Pterocles orientalis) eta mirotzak (Circus sp.) daudela egiaztatu da. Ganga azpibeltza "kaltebera" gisa katalogatuta dago Babes Bereziko Araubidean dauden Basa Espezieen Zerrendan eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan (139/2011 Errege Dekretua, otsailaren 4koa), eta mirotz zuria ere (Circus pygargus) "kaltebera" gisa katalogatuta dago aipatutako zerrendan.

Digestatoak banatzeko planak ez du eragin esanguratsurik izanen ingurumen balio horietan, baldin eta banaketa planean kontrol neurri egokiak ezartzen badira, nola estepako hegaztien gaineko eraginak saihesteko, hala KBEen barruko edo inguruko lurzatietan ondoko habitat naturalen gaineko (ibarbasoak, larreak, gatz-lurrak, etab.) jariatze edo infiltrazio bidezko eraginak saihesteko.

Instalaziora sartzeko inguruko bideren bat hobetzeko beharrari eta ur, elektrizitate eta sortutako gaserako eroanbideak egiteari dagokienez, jarduketa horiek inguruko bideen mugetako larreak eta zuhaixkak okupatu edo kaltetu eta beste inpaktu batzuk eragin ditzakete. Kontuan izan behar da bide horietako zati batzuek 4. iraganbidea abelbidea gurutzatzen edo zeharkatzen dutela eta abelbide horri lotutako larreak proiektuaren eremuko baliotsuenak direla. Eroanbide elektriko berriaren aireko tartearen deribazioko eta lurpeko bihurtzeko euskarrian 1 m-ko isolagailuak jartzea proposatzen da. Horrez gain, ez da beharrezko beste neurririk ezartzen gurutzetetan pausatu daitezkeen hegaztien elektrokuzio arriskua prebenitzeko.

Azkenik, sortutako gaserako eroanbidea igeltsuzko mendi hegal bateko lur erauzketa altu batetik jaitsiko da, Valtierrako EUTEtik herri horretako erdigunerako tartean. Hori egiteak mendi hegalaren gehiegizko okupazioa eraginen du, leheneratzeko zaila, eta horrek, ikusizko inpaktu handiaz gain, desegonkortzeko arriskua ekarriko du. Inpaktuak minimizatzeko, lanerako kalea ahalik eta gehien murriztuko da, bide horien ondoan dauden larreak, sastrakak edo zuhaixka sakabanatuak okupatzea saihestuz.

Beraz, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bitartez, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, eta, horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea, ingurumen eraginari buruzko txosten honetan jasotako determinazioak betetzen badira, eta horiez gain, hondakinen kudeatzailearen baimena emateko ebazpenean zehazten ahal direnak, hor jasoko baitira funtzionamenduak behar dituen baldintza guztiak, eta integratuko dira proiektuak behar duen baimenean. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. "Digestio anaerobikoko eta biometanoa sortzeko instalazioa" proiektuak, BIOGASVAL SL enpresak sustatzen duenak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan ezarritako moduan, eta beraz, ez du behar abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezartzen den ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Funtzionamendu fasean, jarduerak instalazioetan eta haien ingurune hurbilean basa fauna egotea (ugaztunak, paseriformeak, etab.) ahalbidetzen duen kontrolatuko da, presentzia hori saihesteko neurri gehigarriak ezarri ahal izateko berehala; izan ere, presentzia horrek hegaztiak erakar ditzake (harrapariak, nekrofagoak eta beste batzuk) eta espezie horiek inguruko haize-parkean talka egiteko arriskua areagotu dezake.

–Hartutako neurriak gorabehera, jarduerak arrisku hori areagotzen duela egiaztatzen bada, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak eragin hori saihesteko neurri egokiak ezartzen ahalko ditu.

–Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak idatzitako "Abeltzaintzako ustiategietako mindak, digestatoa eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko protokoloa" (txosten honen II. eranskina) beteko da, digestatoak banatzeko planak Natura 2000 Sarean eta hegazti katalogatuen populazioak dauden eremuetan ahalik eta eragin txikiena izateko. Zehazki, "Aragoi ibaiaren erdiko tartea", "Aragoi eta Argaren beheko zatiak" eta "Errege Bardea" KBEetan sartutako edo mugakide diren planeko lurzatiak digestato bidez ongarritzean beteko da protokoloa. Honako lurzati hauetan, hain zuzen: Galipentzuko 7., 8. eta 9. poligonoak, Mélidako 1., 4. eta 5. poligonoak, Arguedasko 10. eta 11. poligonoak eta Tuterako 13. poligonoa, eta estepako abifaunaren presentziagatik kritikoak diren eremuen barrukoetan (Valtierrako 11. poligonoa, Arguedasko 7. poligonoa eta Tuterako 13. eta 14. poligonoak). Ablitasko 5. poligonoko 1860 lursailean ere protokoloa beteko da, inguruan ganga azpibeltza dagoela egiaztatuta baitago.

–Instalazioko elementuen kromatismoak proiektuaren eremuko eszenatoki naturalean ez nabarmentzeko modukoa izan behar du. Zelaitze-lanetako goiko aldean ez da bermarik sortuko, ezta 4H:1V baino malda handiagoko lur erauzketako ezpondarik ere. Trantsizio eremu horiek lur emankorrez estaliko dira, ereiteko edo landareztatze naturala egiteko.

–Proposatutako landareztatze plana aldatuko da, landaketa artifizialak eta altzifre arrunteko heskai perimetrala saihestuz: lurzatiaren behealdean (sarbidearen ondoko hego-mendebaldeko zerrenda) milazka lerro batekin landatuko da (Tamarix africana edo Tamarix canariensis), epe laburrean tamaina ertainera irits daitezkeen beste zuhaixka autoktono batzuekin batera, hala nola isatsa (Retama sphaerocarpa); lurzatiaren barruko instalazioko bazterreko eremuetan, bereziki ekialdean, almendrondoak edo olibondoak jarriko dira, edo basoberritze txikiak eginen dira, zuhaizti modukoak, espezie autoktonoz osatuak, hala nola Aleppo pinua (Pinus halepensis), arteak (Quercus ilex rotundifolia), abaritzak (Quercus coccifera), erromeroa (Rosmarinus officinalis) edo isatsa. Nolanahi ere, zuhaitz-sailek tantakako ureztapena izanen dute jardueraren balio bizitzan.

–Jarduera "Errege Bardea" KBEtik gertu eginen denez, kanpoko argiztapen instalazioetako eraginkortasun energetikoari buruzko erregelamendua onartzen duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretua betetzeko, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina saihestearren, E1 gisa sailkatutako proiektuko eremua aintzat hartu beharko da.

–Aurkeztutako azterketa arkeologikoan instalazioaren lurzatiko obrei eta eroanbide elektrikoari dagokienez jasotako neurriak ezarriko dira. Azterlan horretan ez dira berrikusi ur eroanbidea eta gas hustuketako eroanbidea; beraz, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena lortu beharko da.

–Eroanbideak berriz diseinatu beharko dira eta soro landuetan edo landabideen barnealdean egin. Nolanahi ere, 4. iraganbidea abelbidean dauden eremu horretako ingurumen balio handieneko larreak kaltetzea saihestu beharko da.

–Azkenean eroanbideen zatiren batek landabideak zeharkatzea proposatzen bada, 4. iraganbideko bidearen aurrean dagoen Bornasko bazkalekuko bidea lehenetsiko da.

–Era berean, instalaziorako sarbidea 4. iraganbidea zeharkatzen ez duten bideetatik egiteko ahalegina eginen da.

–Instalaziora sartzeko inguruko bideak zabaldu eta hobetu behar badira, ez da aldameneko larre lurzatirik okupatuko, eta horien ertzetan dauden sastrakadiei eta zuhaixkei eragitea saihestuko da, ez da 5 metroko plataforma zabalera gaindituko, eta, berariazko justifikaziorik ezean, hobetutako tarteetan ez da arekarik eginen.

–Makinak ez dira larrez estalitako lurretan ibiliko, eta pilaketak beti soro landuetan eginen dira.

–Malda handiko igeltsuzko hegalean gas eroanbidearen zatia (Valtierrako EUTEtik Valtierrako herrigunera) aldatu eginen da; jaitsiera hori EUTEko bidetik edo inguruko beste bide batzuetatik proiektatuko da.

–Eroanbide elektriko berriaren aireko tartean hegaztiak elektrokutatzeko arriskua saihesteko, isolamendurako 1 metroko luzerako lotzeko isolagailuak erabiltzeaz gain, deribazioan eta airekoa izatetik lurpekoa izatera pasatzeko euskarrian jarriko diren tentsiodun elementu guztiak (zubiak, konexioak, balbulak, ebakigailuak, etab.) gainazalen, aurrez formatutako elementuen, oihalen, estalkien eta abarren bidez babestuko dira.

–Proiektua baimendu ondoren, zuzkiduren eta gasaren hustuketaren trazadura proposamenean aldaketa esanguratsuak egin behar badira, edo orain aurkeztutako dokumentazioan sartuta ez dauden sarbideak hobetzeko edo sortzeko jarduketak egin behar badira, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan aurkeztu beharko dira, aldaketa horiek egiteko izapidetze berri bat egin behar den erabaki dezan.

–Irekitzeko lizentziaren eskaerarekin batera, memoria, argazkiak eta planoak biltzen dituen txosten bat aurkeztuko da. Txosten horretan, bai biometanizazio instalazioan bai eroanbide eta sarbideetan proiektatu eta gauzatu diren ikusizko integrazioko eta landareztatzeko neurriak jasoko dira. Txosten horretan, eroanbide elektrikoaren aireko tartean elektrokuzio arriskua saihesteko gauzatutako neurriak jasoko dira.

Txosten horrekin batera, instalazioaren funtzionamendu fasean ingurumena zaintzeko proposamen bat ere aurkeztuko da, oro har basa animaliak eta, bereziki, hegazti harrapariak erakartzea prebenitzearekin lotua.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Valtierrako Udalari, Basozaintzari (11. barrutia, "Tutera") eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN ETA AURKEZTUTAKO INGURUMEN AGIRIAREN LABURPENA

Instalazioa Valtierrako 10. poligonoko 48. lurzatian kokatuko da; hau da, udalerri horretako Común Alto bazkalekuan dagoen lehorreko laborantza lur batean. Sarbide bat, zabalgune bat eta hondakinen digestiorako eta sortzen den biogasa hobetzeko, tratatzeko eta husteko elementuak izanen ditu.

Hondakin likidoak eta erdilikidoak jasotzeko, hiru biltegi edo putzu izanen dira, 73, 165 eta 114 m³-ko edukierakoak, zilindrikoak, itxiak, erdilurperatuak eta estaliak. Hondakin solidoak estalpe laukizuzen zabal batean jasoko dira. Nahastutako materialak putzuen hegoaldean paraleloan kokatutako digestoreetara igaroko dira. Digestore bakoitzak 5.301,5 m³-ko edukiera izanen du (8 m-ko kanpoko altuera eta 30 m-ko diametroa) eta olanazko estalki estankoa. Biogasa upgrading gunera eramanen da, garbitu, lehortu, tratatu eta hobetzeko. Sortutako digestatoak bigarren eta hirugarren mailako digestoreetan eta digestoreekiko paraleloan egonen den 5.513,5 m³-ko edukierako putzu batean biltegiratuko dira. Biltegiratze putzua digestoreekiko paraleloan paratuko da.

Urtean 45.428 tona hondakin organiko kudeatuko dira. Urteko 365 egunetan funtzionatuko du, egunean 24 orduz, istripuen edo geldialdi teknikoen kasuan izan ezik. Prozesuan 3.582 t/urte gas natural sortuko dira, eta 41.845 t/urte digestato, zeintzuk nekazaritzako ongarri gisa balorizatuko baitira.

Instalazioak 2 metroko altuerako sare itxitura bat izanen du, bihurdura bakunekoa. Lurzatiaren barruan, instalaziorik gabeko eremuetan, altzifrez (Cupressus sempervirens) eta landaketa autoktonoz (haritzak eta arteak) osatutako landare pantaila perimetral bat paratzea proposatzen da. Instalazioko langileek, arduradunek, mantentze lanetako azpikontratek, eta abarrek N-121-A ondoko bideetatik izanen dute sarbidea.

Proposamenean proiektuaren eremuko landabideei jarraituko dieten hiru eroanbide jasotzen dira: instalaziorako ur hornidura (Ø 63 mm eta 1.400 m inguruko luzera); aireko-lurpeko linea elektriko bat, 13,2 kv-koa, 1.800 m-ko luzerakoa (aireko lehen baoak 50 m-ko luzera izanen du, Valtierrako 11. poligonoko 98. lurzatian kokatutako beste linea baten euskarri batetik hasita), eta, azkenik, sortutako gaserako eroanbide bat, 5 km ingurukoa, Valtierraren eta Arguedasen arteko mugako industrialdean lehendik dagoen sarearekiko loturaraino. Gas eroanbide horrek, Valtierratik gertu, 40 metro baino gehiagoko desnibela eta % 40-50eko malda izanen ditu –bertan Aleppo pinuaren terraza-basoberritze bat zegoen, baina 2022ko suteetan erre zen–.

Digestatoak Galipentzu, Melida, Murillo El Cuende, Cadreita, Arguedas, Valtierra, Barillas, Ablitas, Tutera eta Fustiñanako lehorreko lurretan eta lur ureztatuetan banatuko dira, nekazaritzako ongarri gisa. Plan horren zati bat mindak jasoko diren ustiategiek gaur egun duten minden banaketaren planean sartzen diren lurzatiekin bat dator.

Ingurumen eraginaren azterketan, jarduerari ingurumen baimen integratua lortzeko aukera emanen dioten neurriak jasotzen dira, baita natura ingurunearen gaineko beste eragin batzuk kontrolatzeko eta zuzentzeko ingurumen neurri batzuk ere. Ingurumen neurrien artean, instalazioko elementu guztiak estalita egotea proposatu du sustatzaileak, jarduerak hegazti harrapariak eta sarraskijaleak erakar ez ditzan eta, horren ondorioz, 1.000 metro baino gutxiagoko distantziara dagoen CAVAR haize-parkeko haize-sorgailuekin talka egiteko arriskua areagotu ez dadin. Beste alde batetik, adierazi duenez, proiektatutako linea elektrikoaren aireko baoaren euskarriek 1 m-ko isolamenduko U70YB20 AL motako lotzeko isolagailuak izanen dituzte, euskarrietako gurutzetetan pausatzen diren hegaztiak elektrokutatzeko arriskua prebenitzeko, eta, horrez gain, argi kutsadura saihesteko eta ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko, kanpoko argiztapenak azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretua beteko du (1890/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, kanpoko argiztapen-instalazioetako eraginkortasun energetikoari buruzko erregelamendua eta EA-01etik EA-07ra bitarteko jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena).

Aurkeztutako planaren arabera digestatoekin ongarritzekoak diren lurzatiak, nekazaritzako nitratoz kutsatzeko arriskua duten eremuen barruan kokatuak, instalazioak zerbitzua emanen dien abeltzaintzako ustiategiei dagozkien mindak banatzeko planen barruan daude gaur egun. Planean Errege Bardearen barruan dauden lurzatiak –Errege Bardeako Batzarraren titulartasunekoak– sartzeko aukera baztertu da.

II. ERANSKINA.–ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETAKO MINDAK, DIGESTATOA
ETA/EDO SIMAURRAK BEHAR BEZALA KUDEATZEKO PROTOKOLOA

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 sarearen barruko lekuak eta Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko eremu kritikoak), nekazaritza jarduerak eta lehorreko laborantza txandakatzeak faunaren kontserbazioari mesede egiten diola bermatu beharko da, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsa ditzaketen edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra-hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Lehorreko zereal alorretan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, lugorriak estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko garrantzitsuak direla ikusirik, simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea saihestu behar da.

–Debeku da presio baxuko aspertsiozko ureztapen lokalizatuko banaketa sistema (fertirrigazioa). Leku horietan hodi esekiak dituzten tangen bidezko.

banaketa lokalizatua baimentzen da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta egiten bada: dosifikazioak estepako hegaztien babes egutegia errespetatu beharko du, eta intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen ur putzurik edo isuririk ez dela sortuko bermatu beharko du.

–Otalur edo alfer lur iraunkorrez okupatutako lursailetan ez da simaur, minda edo horietatik eratorritako produkturik aplikatzen ahalko nekazaritzarako (bat etorriz Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko 8.5 artikuluarekin). Gainera, alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira –KBEaren barrukoak zein kanpokoak–, ez zaie zeharkako ukipenik ere eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira Estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi batekoak izan edo etengabeak. Erreka zuloak eta horien adarrak ur ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatz-lurrak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuta egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Erreka zuloen eta hezegune gazien arro hidrografikoan kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokien Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

Iragarkiaren kodea: F2402119