44. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

44/2024 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2024ko kanpainarako zenbait ekoerregimenetan malgutasunak ezartzekoa, Nafarroako Foru Komunitateko eskualde jakin batzuetan 2023ko azken lauhilekoan izandako gehiegizko prezipitazioengatik.

1048/2022 Errege Dekretuak, abenduaren 27koak, 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko zuzeneko ordainketen aplikazioa eta baldintza komunen ezarpena arautzen ditu, baita kudeaketa eta kontrol sistema integratuko eskaera bakarra ere.

Errege Dekretu horren 4. atalak klimaren eta ingurumenaren aldeko araubideak garatzen ditu. 3. azpiatalean, laboreak txandakatu eta labore lurretan zuzenean ereiten den kasuetarako karbono nekazaritzaren eta agroekologiaren ekoerregimenen xedapen espezifikoak ezartzen dira.

36. artikuluan, laboreak espezie hobetzaileak erabiliz txandakatzeko jardunbidea deskribatzen du. Honako baldintza hauek ezartzen ditu: urtean behin laboreak txandakatuko dituzten azaleren portzentaje zehatz batzuk, hobetzailetzat jotzen diren labore batzuen atalase zehatz batzuk, eta lugorri gisa erabiliko den gehieneko azaleraren mugak.

37. artikuluan, zuzenean ereiteko praktika deskribatzen du, zeina lurrean bertan lanik egin gabe gauzatu beharko baita.

Eskakizun batzuk malgutu egin daitezke, agintaritza eskudunak justifikatutako egoeretan, baldintza agroklimatiko txarretan oinarrituta; baldintza horiek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinaraziko zaizkio.

Ildo horretan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak Estatuko Meteorologia Agentziari eskatu zion txostenean oinarrituta, ondoriozta daiteke 2023ko iraila Nafarroako Foru Komunitatean izandako hilabete hezeenetako bat izan zela; 1961az geroztik zenbatutako serie historiko osoko bosgarrena, hain zuzen. Euritea ohi baino bat-bost aldiz handiagoa izan zen, eta irailaren 1etik 2ra bitartean muturreko prezipitazioak gertatu ziren; bereziki, II. eskualdean (Pirinioak), III. eskualdean (Iruñerria) eta IV. eskualdean (Estellerria). 24 ordutan 100-200 mm inguruko pilaketak sortu ziren. Estazio meteorologiko askotan aurrekaririk gabeko prezipitazio metaketa izan zen hura; hala, iraileko eguneko gehieneko prezipitazioen marka gainditu zuten.

Hilabete horretan bertan, beste ekaitz gogor batzuk gertatu ziren: irailaren 10ean, oso ekaitz gogorrak Nafarroako hegoaldean, eta irailaren 17an, muturreko beste ekaitz batzuk, VII. eskualdean (Erriberabarrena), VI. eskualdean (Erriberagoiena-Aragoi) eta V. eskualdean (Nafarroako Erdialdea).

Urria ere hilabete hezea izan zen.

Horrenbestez, ezohiko prezipitazio horiek esanguratsuak izan dira. AEMETek berak aitortu duenez, Nafarroan 1961az geroztik hamabigarren udazken euritsuena izan da, eta mende honetako hirugarren euritsuena, 2019. eta 2023. urteetakoen atzetik, baina alde txikiagatik.

Deskribatutako gertakariek nekazaritzako lurzatietan eragin duten gehiegizko hezetasuna dela eta, egun horietan egiten diren nekazaritzako lanek kalte larriak jasan dituzte; batez ere lurrak neguko labore belarkaren ereite estentsiborako prestatzekoek. Ondorioz, kasu askotan, baldintza egokietan ereiteko aukerak baztertu egin behar izan dira eta horrek nabarmen eragotzi ditu ustiategien 2023-2024 kanpainarako programazioak.

Azalera askotan ez ereitea erabaki behar izan da, beraz, zuzeneko ondorioak honako hauek dira: erein gabe utzitako azaleren (lugorria) kopurua handitu ez ezik, aurreko kanpainan lugorri izan ziren eta berriz egoera berean utzi beharko diren lurzatietako txandakatzeak alteratzea. Ustiapen kontuan duen eraginaz gain –horretan ere bai baitu–, klimaren eta ingurumenaren aldeko ordainketak jaso ahal izateko 2024ko kanpainako laguntzen eskaera bakarrean egin behar diren aitorpenetan duen eragina dago –kanpaina otsailaren 1ean hasiko da–.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2116/2021 Erregelamenduak, 2021eko abenduaren 2koak, nekazaritza politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoak eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzekoak, ezartzen duenez, hondamendi natural larri batek edo fenomeno meteorologiko batek eremu jakin batean eragin larria duenean, eremu osoa hondamendiak edo fenomenoak larriki eragindakotzat jotzen ahalko da.

Beraz, ezinbesteko arrazoia argudiatzen ahalko da, jakinarazpena bete beharrik gabe, ukitutako nekazari guztientzat inguruabar berberak gertatzen direnean, eta erakunde ordaintzaileek inguruabar horien berri dutenean.

Irailetik azarora bitarteko hiruhilekoko gehiegizko prezipitazioen anomalia klimatiko horrek –AEMETek deskribatu eta kuantifikatua– Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremu zabal batean izan ditu eragin negatiboak, nekazaritzako 7 eskualdeetatik 6 ukitu baititu. Hori dela eta, bidezkotzat jotzen da administrazioak berak adieraztea ezinbesteko kasu bat gertatu dela, txandakatzeen ekoerregimeneko laguntzak eskuratzeko zenbait baldintza malgutzea, eta, era berean, kaltetua banakako justifikaziotik salbuestea.

Ildo horretan, laboreak espezie hobetzaileak erabiliz txandakatzeko jardunean, urtero dagokion laborantza lurraren azaleraren % 50ek, gutxienez, aurreko urtean ez bezalako labore bat izateko baldintza % 25era jaitsi daiteke, agintaritza eskudunak justifikatutako inguruabarretan, baldintza agroklimatiko txarretan oinarrituta. Halaber, dagokion ekoerregimena betetzeko lugorria aitortutako laborantza lurraren azaleraren % 20 baino gehiago ez izatearen baldintza –autonomia erkidegoko agintaritza eskudunak egiaztatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik– malgutu eta gehienez ere % 40ekoa izatera pasatu daiteke.

Zuzeneko ereintzaren jardunbidean, aipatutako ebazpenak ezartzen duenez, salbuespenez, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, agintaritza eskudunak nolabaiteko lur-lantze bertikala baimentzen ahalko du, 2023-2027 aldirako NPEaren plan estrategikoko 6. NIBEan definitzen denaren arabera, betiere uztondoa lurraren gainean mantentzeko betebeharra betetzen bada, urte osoan estalita egon dadin.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baldintza klimatologiko txarrak ezinbesteko kasutzat jotzea, eta, zehazki, Nafarroako Foru Komunitatean, irail eta urrian, eskualde hauetan gertatu ziren gehiegizko prezipitazioak:

–II. eskualdea (Pirinioak).

–III. eskualdea (Iruñerria).

–IV. eskualdea (Lizarrerria).

–V. eskualdea (Nafarroako Erdialdea).

–VI. eskualdea (Erriberagoiena-Aragoi).

–VII. eskualdea (Erriberabarrena).

2. Ebazpen honen 1. puntuan zehaztutako lurralde eremuan, klimaren eta ingurumenaren aldeko araubideen barruan dagoen txandakatzearen ekoerregimenean honako malgutasun hauek ezartzea:

2.1.–Laboreak espezie hobetzaileak erabiliz txandakatzeko jardunbidean ezartzen denez, urtero aurreko urtean izandako laborea ez bezalako bat erein behar den laborantza lurraren azalera neurriari atxikitako azaleraren % 25a da.

2.2.–Lugorria neurriari atxikitako azaleraren % 40 izaten ahal da, gehienez ere.

3. Ebazpen honen 1. puntuan zehaztutako lurralde eremuan, klimaren eta ingurumenaren aldeko araubideen barruan sartzen den zuzeneko ereitearen ekoerregimenean honako malgutasun hauek ezartzea:

3.1.–Zuzenean ereiteko jardunbidean, lur-lantze bertikalak egiten ahalko dira muturreko trinkotzea dagoen lekuetan, hala nola ezarritako laboreetan esku hartzeko (ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioak) makinak pasatzen diren lekuetan, eta lurzatien burualdeetan, gehienez ere 8 metroko zabalerako zerrenda batean.

4. Zurezko laboreetako landare estalkien ekoerregimenean, estalkiak bizirik iraun behar duen nahitaezko aldia abendutik martxora bitartekoa izanen da.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

6. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

7. Ebazpen hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinaraztea.

Iruñean, 2024ko otsailaren 6an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2402143