44. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2024 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzen 2024ko deialdia onesten duena.

2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2021-2025) onetsi zuen. Planaren 1. erronkak talentua erakartzera eta atxikitzera bideratuko zenbait neurri biltzen ditu, I+G+b-ren oinarria pertsonak direla ulertuta; hortaz, neurriak ikerketarako talentua prestatzera, mantentzera eta erakartzera bideratuta daude. Ildo horretan, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzen deialdia interes handiko tresna bihurtzen da, ikerketa arloko enpresa eta erakundeetan ikertzaileak sartzea bultzatzen eta sustatzen baitu.

Laguntza neurri honek ibilbide luzea du, eta 2014. urtetik 2023.era bitarteko edizioetan 421 pertsona kontratatzea ahalbidetu du, I+G+b zereginetarako.

Edizio honetan ere, 2022an eta 2023an bezala, enpresak dira laguntzen onuradunak. Hortaz, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileak kanpoan geratzen dira, entitate horiek MRR Investigo programaren laguntzen onuradun bakarrak direlako (laguntza horien helburua, orobat, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzea da).

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2022-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2022ko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontu-kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean:

AURREKONTUKO PARTIDA HONEN BALIOKIDEA DEN PARTIDA:

EKITALDIA

ZENBATEKOA (eurotan)

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak, teknologiako langileak eta industria-doktoreak kontratatzea

2025

750.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Sarrigurenen, 2024ko otsailaren 16an.–Zientzia, Teknologiako eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da titulazio akademikoa duten pertsonen prestakuntza hobetzea, enpresek gauzatzen dituzten I+G+b jardueretan ikertzaile eta teknologiako langile gisa parte hartuz eta jarduera horietan lagunduz.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresa pribatu edo publikoak izaten ahal dira entitate onuradun:

a) Nafarroako Foru Komunitatean lantoki bat izatea eta diruz laguntzen den kontratazioaren xedeko pertsonak parte hartzen duen jarduerak zentro horretan egitea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) gauzatzeko akreditatutako eragileak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Entitate eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, 6.3.a) oinarrian adierazitako eskabide telematikoan bertan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

5. Laguntza hauen onuradun izateko betebeharrak eskabidea aurkezten den unean bete beharko dira, eta dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu.

3. oinarria.–Kontratatutako pertsonak egin beharreko jarduerak.

Dirulaguntzaren xedea izanen da pertsona bat kontratatzea enpresak egin beharreko jarduera hauetakoren batean parte har dezan:

1. I+G proiektuak.

2. Berrikuntza-jarduerak.

3. I+G+b jarduerei sostengu emateko lanak, besteak beste: proiektuak kudeatzeko jarduerak; jabetza industrialaren babesa; merkatu edo konkurrentzia azterketak; ziurtapenak (adibidez, EE marka lortzea). Administrazio lanak kanpoan geratzen dira.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko kontratazioa.

1. Kontratatzen den pertsonak baldintza hauek bete beharko ditu kontratazioaren unean:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu zerbitzu publiko batean inskribaturik egotea enplegu eskatzaile gisa.

b) Espainian homologatutako honako titulazio akademiko hauetakoren bat izatea:

i) Unibertsitateko titulazioak: doktoregoa, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, masterra, gradua, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.

ii) Goi mailako lanbide heziketa.

c) Deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte, entitate onuradunarekin kontratu harremanik ez izatea, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

d) Berariaz baztertzen da norberaren kontura lan egiten duten eta Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen duten pertsonak kontratatzeko aukera.

2. Kontratuak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Laguntzaren onuraduna den entitateak eta kontratatzen den pertsonak sinatuko dute.

b) Kontratua lanaldi osokoa izatea, eta gutxienez 12 hilabetekoa.

c) Kontratazioaren hasiera-data ezin da izan 6.1 oinarrian eskaerak aurkezteko adierazitako epearen bukaera-data baino lehenagokoa, eta:

i) Oro har, 2024ko ekainaren 30a baino lehenagokoa izanen da.

ii) Laguntza geroago ematen bada, emakida jakinarazi eta gehienez ere 2 hilabeteko epean hasi beharko da kontratazioa.

d) Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:

i) Kontratatutako pertsonaren titulazio espezifikoa, bat etorriko dena 6.3.a) oinarrian aipatutako eskabide telematikoan eta emakida-ebazpenean adierazitakoekin.

ii) Hasierako eguna eta bukaerako eguna (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.

iii) Beteko den lanpostua.

iv) Urteko soldata gordina, eurotan adierazia; ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.

v) Deialdi honetako dirulaguntzaren aipamena.

e) Kontratatzen den pertsonak Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan jardunen du, eta 6.3.a) oinarrian aipatutako eskabide telematikoan zehaztutako titulazio akademikoarekin bat datorren lanpostu batean arituko da.

f) Kontratatua sartuta egonen da, Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, entitate onuradunak Nafarroako Foru Komunitatean duen lantoki batean.

g) Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak honako hauek izanen dira, kontratatutako pertsonaren titulazioaren arabera:

i) 1. edo 2. taldea, unibertsitateko tituluen kasuan.

ii) 1. taldetik 5.era bitartekoak, goi mailako lanbide heziketako tituluen kasuan.

h) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 20.000 eurokoa izanen da gutxienez.

i) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko da.

3. Eskaera bakoitza pertsona bakar baten kontratazioari dagokio. Eskatzaile bakoitzak kontratazio baterako edo gehiagotarako laguntza eskatzen ahalko du, baina entitate onuradun bakoitzari gehienez kontratazio bat diruz lagunduko zaio. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz laguntzen ahal diren kontratuen kopurua handitzen ahalko da: gehienez ere hiru kontratu entitate onuradun bakoitzeko.

4. Kontrataziorako dirulaguntzarik ez da emanen baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza edo odol ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitatearen kontrola bere gain daukaten pertsonak, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kide direnak.

Alderdi hori 10.2.f) oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasoko da, zeina kontratazioari buruzko dokumentazioarekin batera aurkeztuko baita.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Kontrataziorako emanen diren dirulaguntzak horien bidez kontratatzen diren pertsonen lan eta soldata kostuak finantzatzeko erabiliko dira, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio gastuak barne.

2. Dirulaguntzak moduluen araubidearen bidez eman eta justifikatuko dira, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin.

3. Lan eta soldata kostuak konpentsatzeko laguntza moduluak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio gastuak barne, honako hauek izanen dira:

a) A modulua: modulua 16.000 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko eta kontratazio urte bakoitzeko, Gizarte Segurantzako 1. eta 2. kotizazio taldeetako kontratazioen kasuan.

b) B modulua: modulua 13.000 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko eta kontratazio urte bakoitzeko, Gizarte Segurantzako 3. kotizazio taldetik 5.era bitarteko kontratazioen kasuan.

Aurrekoari jarraikiz, eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da kontratatua Gizarte Segurantzako zein kotizazio taldetan inskribatzen den, talde horri dagokion moduluaren balioa.

4. Entitate eskatzaileek laguntza osagarri bat jasotzen ahalko du baldintza hauetakoren bat betetzen dutenean, eta halakoetan aurreko ataleko diru kopuruak gainditzen ahalko dira:

a) 1.000 euroko laguntza osagarria, baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen bada:

i) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 50 langile baino gutxiago dituztenean.

ii) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarri ofiziala edo NEEZEren "Reconcilia zigilua").

b) 1.000 euroko laguntza osagarria, baldin eta entitate onuradunaren guztizko plantillan 50 langile edo gehiago badaude eta horietatik %4k baino gehiagok desgaitasunen bat baldin badute. Eta gainerako entitateen kasuan, portzentaje hori plantillako langile guztien %2koa edo hortik gorakoa bada.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira bakar-bakarrik, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoari dagokion webgunearen bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).

Eskaera horretan adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektronikoa izatea (hemendik aitzina, GHE), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskabide telematikoa, 2.4. oinarrian aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Jarduketen memoria, 7. oinarrian adierazitako balorazioaren xede izanen diren atalen arabera. Gainera, behar beste informazio aurkeztu beharko da I+G+b Zerbitzuak –aurrerantzean organo kudeatzaileak– egiaztatu ahal izan dezan kontratatuko den pertsonak eginen dituen jarduerak 3. oinarrian azaldutakoen artean daudela.

c) Enpresak, laguntzaren xedeko jarduera egin behar den lantokian, 2024. urtean izan duen batez besteko langile kopurua frogatzen duen agiria.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak artxibo bereizitan aurkeztu beharko dira, bakoitza behar bezala identifikatua bere izenarekin.

4. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo eskudunak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. Oinarri honetako 3.b) atalean aipatutako jarduketen memoria aurkeztu ez izana ezin izanen da zuzendu.

7. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, oinarri honen 2. ataleko irizpideen arabera baloratutako eskaerak elkarrekin konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

2. Organo kudeatzaileak irizpide hauen arabera baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO
PUNTUAZIOA

A) Lan eta prestakuntza plana

25

15

a.1. Zereginen deskribapena eta horietarako profilaren egokitasuna

15

-

a.2. Aurreikusitako prestakuntza plana

10

-

B) Jardueren balorazioa enpresaren ikuspuntutik

20

10

b.1. Berritasun eta erronka maila

10

-

b.2. Enpresarentzat aurreikusitako eragina eta merkatuko aukera

10

-

C) Jarduerek gizartearen helburuak eta ongizate kolektiboa lortzeko egiten duten ekarpena

55

-

c.1. Helburu sozialak

10

-

c.2. Lurralde kohesioa

10

-

c.3. Batez besteko langile kopurua

10

-

c.4. Aurreko deialdietako langileak plantillan sartu izana

10

-

c.5. Onuradun berria

15

-

GUZTIRA

100

25

A) Lan eta prestakuntza plana. 25 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

a.1. Kontratatutako pertsonak egin beharreko zereginen deskribapena eta 3. oinarrian adierazitako jarduerekin bat etortzea. Eskatutako profila zenbatean egokitzen den jardueren helburuetara eta eginkizunetara. 15 puntu gehienez.

a.2. Prestakuntza plana, prestakuntza arautua; aurreikusitako beste prestakuntzaren bat. 10 puntu gehienez.

B) Jarduketaren balorazioa enpresaren ikuspuntutik. 20 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

b.1. Jardueren berritasun eta erronka maila, bai entitate eskatzailearentzat, bai aplikatuko diren sektorearentzat. Jardueren erronka teknologikoa baloratuko da jarduera teknologikoak badira, edo erronka soziala edo merkatukoa, gizarte berrikuntzako edo merkatuko jarduerak badira. 10 puntu gehienez.

b.2. Gauzatu beharreko jarduerek merkatuan duten aukera eta jarduera horiek entitate eskatzailearentzat duten eragina; haren helburu estrategikoetan laguntzea, etab. 10 puntu gehienez.

C) Jarduerek gizartearen helburuak lortzeko eta guztien onerako egiten duten ekarpena. 55 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

c.1. Helburu sozialak. Baloratuko da jardueren helburu nagusien artean helburu sozialak edo hobekuntza soziala lortzea aurreikustea, baita laneko segurtasunaren arloko berrikuntza ere. 10 puntu gehienez.

c.2. Lurralde kohesioa. 10 puntu bitarte, irizpide hauei jarraikiz:

–Enpresa gehienez 1.500 biztanleko udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 10 puntu.

–Enpresa 1.500 biztanletik gorako udalerri batean egotea, Iruñerritik kanpo: 5 puntu.

Irizpide hau Nafarroako Estatistika Institutuaren (Nastat) webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

c.3. Enpresak dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten diren lantokian duen batez besteko plantilla 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean. 10 puntu bitarte, irizpide hauei jarraikiz:

–10 langile baino gutxiago: 10 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 7 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 4 puntu.

–249 langile baino gehiago: 0 puntu.

c.4. Plantillan mantentzea deialdi honen 2020ko, 2021eko eta 2022ko edizioetako dirulaguntzen babesean kontratatu ziren pertsonak. 10 puntu bitarte, ehuneko hauen arabera:

–Gutxienez %50: 10 puntu.

–Gutxienez %30, eta %50 baino gutxiago: 5 puntu.

c.5. Deialdi honen 2021eko, 2022ko edo 2023ko edizioetan dirulaguntzarik jaso ez duten enpresak baloratuko dira: 15 puntu.

3. A) eta B) ataletan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten eskaerak ezetsiko dira.

4. Eskaerei emandako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, honako atal hauetan lortutako puntuak kontuan hartuta ebatziko da berdinketa, hurrenkera honi jarraikiz: c.5, a.1, a.2, b.1, b.2, c.1, c.2, c.3 eta c.4.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Organo kudeatzaileak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena aurkeztuko dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari (aurrerantzean, organo eskuduna). Proposamen horretan, adieraziko du onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Organo eskudunak baterako ebazpen baten bidez ebatziko du dirulaguntzak ematearen gainean. Ebazpen hori gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematikoki, entitate onuradunen gaitutako helbide elektronikoan (aurrerantzean GHEa), eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onetsi edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

3. Onuradunen batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen bada, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio. Laguntza berri horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, organo kudeatzaileak epe berriak ezartzen ahalko ditu kontrataziorako eta laguntzaren justifikaziorako.

9. oinarria.–Kontratatu beharreko pertsonak hautatzeko prozedura.

1. Entitate onuradunek lan eskaintza bat eginen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (aurrerantzean NL-NEZ), eta bertan nahi luketen profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa zehaztuko dute, eskabide telematikoan ezarritakoaren arabera.

NL-NEZek hasierako hautaketa bat eginen du, zehaztutako profila betetzen duten eta lan eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonen artean.

NL-NEZen inskribaturik ez dauden pertsonak kontratatzea onartuko da, baldin eta pertsona hori agertzen bada NL-NEZek egindako hasierako hautaketan. Horretarako, entitate onuradunak aurrez hautaturiko pertsonen datuak jakinarazi beharko dizkio NL-NEZi, egiaztatzearren betetzen dituztela lan eskaintzaren betebeharrak, enplegu zerbitzu publiko batean inskribatua egoteari dagokionez eta haien profil akademikoari, prestakuntzakoari eta lanekoari dagokionez.

2. Entitate onuradunek, betiere Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurretik egindako hasierako hautaketatik abiatuta, hautatuko dute horien artetik nor kontratatu, kasua bada, lanpostura nola egokitzen den neurtzeko proba egokiak egin ondoren. Ez da onartuko aipatutako hasierako hautaketa horretatik ez datozen pertsonak kontratatzea.

3. Kontratazioak bat egin behar du eskabide telematikoan zehaztutako tituluarekin eta kotizazio taldearekin. Eskatutakoa nola edo hala aldatuz gero, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko zaio, aldaketa onets dezan kontratua sinatu baino lehenago.

10. oinarria.–Laguntza eman ondoren dokumentazioa aurkezteko modua eta epeak.

1. Entitate onuraduna pribatua bada, laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du laguntzen webgunearen bidez, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluari jarraikiz.

2. Kontratua sinatu ondoren, entitate onuradunak, laguntzen webgunearen bidez, kontratazioarekin lotutako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Sinaturiko kontratuaren kopia.

b) Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa.

c) Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren konturako langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

d) Behar diren egiaztagiriak, edo entitatearen arduradun batek sinatutako adierazpen bat, egiaztatzeko ezen, deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte, kontratatu den pertsonak ez duela kontratu harremanik izan entitate onuradunarekin, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

e) Behar diren egiaztagiriak, edo entitatearen arduradun batek sinatutako adierazpen bat, egiaztatzeko ezen kontratazioaren xedeko lanpostuan ez dela enplegurik deuseztatu, deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte.

f) Sinatutako aitorpen bat, egiaztatzeko kontratatzen den pertsonak ez duela hauetako harremanen bat enpresaburuarekin, entitatea kontrolatzen duten pertsonekin, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenekin edo haren administrazio organoetako kide direnekin: ezkontidea izatea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza- edo odol-ahaidea (ahaidetasun maila hori barne).

Laguntzen webgunean eredu bat egonen da eskuragarri d), e) eta f) ataletako dokumentazioa aurkezteko.

3. 2. puntuko dokumentazioa aurkezteko epea honako hau izanen da:

a) 2024ko ekainaren 30a (egun hori barne), dirulaguntzak emateko baterako ebazpenaren bidez diruz laguntzen diren eskaeren kasuan (8.2 oinarrian aipatutako ebazpena).

b) Bi hilabete, kasuko dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita, baldin eta dirulaguntza ematen bada 8.2 oinarrian aipatzen den baterako ebazpen horren ondotik.

4. Goiko 1. eta 2. puntuetako dokumentazioa aurkezten ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Kontratazioaren 12. hilabetea bukatzen denetik hilabeteko epean, entitate onuradunek honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez:

a) Kontratatutako pertsonak zer jardueratan parte hartu duen egiaztatzeko memoria, webguneko laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa. Bereziki, eskaeran aurkeztutako jarduketen memoriaren betetze-maila adierazi behar da.

b) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuen onuraduna ez izatea dioen adierazpena.

Justifikazio agiri horiek aurkezteko epea ez da inola ere 2025eko azaroaren 15etik haratago luzatuko.

12. oinarria.–Hasierako baldintzak aldatzea.

1. Diruz lagundutako kontratazioa oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu beharko da. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen badira, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, laguntzen webgunearen bitartez, eta organoak eskaera onartu edo ezesten ahalko du.

2. Honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

a) Kontratu mota eta soldata, betiere hasierako baldintzak hobetzen badira.

b) Kontratazioa hasteko epeari dagokionez, luzapen bakarra baimenduko da, betiere 4.2.c) oinarrian adierazitako epeak bukatu baino lehen eskatzen bada, data hauek gainditu gabe:

i) Uztailaren 30a, 4.2.c).i) oinarria aplikatuz gero.

ii) Urriaren 15a, 4.2.c).ii) oinarria aplikatuz gero.

c) Kontratatu beharreko pertsonaren profila, salbu eta aldaketa horrek ebaluazioaren emaitza alda badezake 7. oinarriko irizpideen arabera, eta, betiere, hasierako eskaeran adierazitako izaera eta helburuak desitxuratzen ez badira.

d) Kontratatu beharreko pertsonaren kotizazio taldea.

e) Aurreikusitako jarduerak, salbu eta aldaketa horrek ebaluazioaren emaitza alda badezake 7. oinarriko irizpideen arabera, eta, betiere, hasierako eskaeran adierazitako izaera eta helburuak desitxuratzen ez badira.

13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpenararen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

2. Ordaintzeko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 11. oinarrian adierazitako agiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta enpresa onuradunek frogatzen badute diru-funtsak behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, betiere Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

14. oinarria.–Kontratazioa etetea.

1. Deialdi honen babesean sinatzen diren kontratuak arrazoi hauengatik eteten ahalko dira:

a) Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.

b) Amatasunagatik eta aitatasunagatik.

c) Haurdunaldiko arriskuagatik.

d) Bederatzi hilabetetik beherako adingabe baten edoskitzealdi naturalean dagoen arriskuagatik.

e) Adopzioagatik edo harreragatik, prozesuak iraun bitartean.

2. Aurreko puntuan adierazitako kasuetan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen soldata gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.

3. Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

15. oinarria.–Kontratazioa azkentzea.

1. Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta azkentze horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen webgunearen bidez, kontratua azkendu eta hamabost egun naturaleko epean gehienez.

2. Kontratua azkentzen bada, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Kontratazio aldia ez bada sei hilabetera iristen, edo kaleratzea bidegabea izan dela aitortzen edo deklaratzen bada, dirulaguntza osoa kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da.

b) Kontratazio aldia sei hilabetekoa edo luzeagoa eta urtebetetik beherakoa izan bada, lan egin ez den denboraren araberako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

16. oinarria.–Kontratatutako pertsona ordeztea.

1. Behin kontratua azkenduta eta 15.1 oinarriaren arabera jakinarazita, entitate onuradunak hasieran kontratatutako pertsona ordezteko interesa badu, ordezkapen hori honako irizpide hauen arabera eginen da:

a) Ordezkapena bidezkoa izanen da, baldin eta kontratua arrazoi hauetako batengatik azkentzen bada: ez gainditzea probaldia, lana borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna. Kasu horietan, ez da beharrezkoa izanen organo kudeatzailearen baimena.

b) Aurreko atalean jasota ez dauden kasuetan, organo kudeatzaileak kontratatutako pertsonaren ordezkapena baimendu edo ukatuko du.

2. Aurreko puntuaren arabera ordezkapena egitea bidezkoa denean edo baimentzen denean, kontratazio berriak 9. oinarrian aurreikusitako prozedurari jarraituko dio. Hala ere, lan eskaintza berriz egitetik salbuesten ahal da, baldin eta lehen hautaketa prozesutik ordezkapena egiteko gai den hautagairen bat badago. Nolanahi ere, kontratatuko den pertsonak NL-NEZek eratzen duen kontrataziorako hautagai zerrendan agertu beharko du. Era berean, kontratazioak 4. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu, 2.c) puntuan hasiera-datari dagokionez adierazitakoa izan ezik.

3. 10.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, laguntzen webgunearen bidez.

4. Ordezkapena egiten bada, ez da inola ere handituko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

5. Ordezte-kontratua aurreko kontratua azkentzen den egunetik bi hilabeteko epearen barruan hasiko da. Epe hori gehienekoa da, eta ez da inola ere luzatuko.

6. Diruz laguntzen den kontratu bakoitzeko ordezkapen bakarra onartuko da.

17. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntza hauen onuradun diren entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dauden ereduak erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Kontratatu beharreko pertsona 9. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera hautatzea.

c) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 10. eta 11. oinarrietan adierazten den moduan.

d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.

e) Kontratuaren etetea, azkentzea eta, hala denean, ordezpena egiaztatzea, hurrenez hurren 14., 15. eta 16. oinarrietan adierazitako moduan eta epeetan.

f) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak, laguntza ebaluatzeko asmoz, entitate onuradunari eta kontratatutako pertsonari buruz eskatzen duen informazioa ematea, laguntzen inpaktu-, exekuzio- eta emaitza-adierazleak lortzeko.

g) I+G+b Zerbitzuak egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea; besteak beste, nominen eta ordainketa-egiaztagirien kopia eskatuko zaie zenbait entitate onuraduni, egindako gastu errealaren espedienteen ausazko kontrol baten barruan. Era berean, kasuan-kasuan bidezko diren finantza-kontroleko jarduketen mende jarriko dira.

h) Kontratatzen den pertsonak parte hartzen duen eta diruz lagundutako I+G+b jardueretan eragina izaten ahal duen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Helburuak edo jarduera zehatz batzuk hein batean ez betetzeak berekin ekarriko du jarduera horien irismenaren arabera galtzea dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.

18. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen I+G+b jardueren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute. Aipamen horretan testu hau edo antzekoa sartuko da:

"Nafarroako Gobernuak teknologoaren kontratazioa finantzatu du, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko 2024ko laguntzen" deialdiaren esparruan.

"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logoa erabil daiteke, hemen eskuratu daitekeena: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Era berean, "teknologo" terminoaren ordez, kontratatutako pertsonaren izen-abizenak erabil daitezke.

Betiere, diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haien zabalkundea egiteko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

19. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2023ko L 352. EBAO, abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, entitate onuradunek aitortu beharko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga-ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

20. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikaz aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoan, dagoen laguntzen webgunearen bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere: https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm.

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

21. oinarria.–Bateragarritasun araubidea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) xede bererako ematen duen beste edozein dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.

Entitate onuradunek aditzera eman beharko diote organo kudeatzaileari proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, laguntzen eskaeran berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 11. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

23. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2402903