42. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Alkatearen eskuordetza orokorrak

Iruñeko Udaleko alkateak honako dekretu hau onetsi zuen 2024ko urtarrilaren 22an:

DAL 22-ENE-24 (3/AL).

«Bat etorrita Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 124. artikuluan, eta 2024ko urtarrilaren 22az geroztik indarrean dagoen Udal-antolaketari buruzko (DAL 15-ENE-24 (3/AL) Dekretuan ezarritakoarekin, zeina DAL 22-ENE-24 (2/AL) bidez aldatu baitzen, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehena.–Beste udal-organo batzuei eskumen eta eskudantzia hauek eskuordetzea onestea:

1.–Tokiko gobernu batzarreko kide diren zinegotziei eskuordetzea.

Bakarra.–Nor bere eskumenen esparruan, kontratazio prozeduretako Mahaietako eta dirulaguntzen deialdietako ebaluazio Batzordeetako buru izatea.

2.–Zinegotzi ordezkariei eskuordetzea.

1. Zinegotzi ordezkariei eskuordetzea ondoren zehazten diren eskumenak, indarrean dagoen Udal Antolaketari buruzko Dekretuaren arabera gauzatu ditzaten:

1. Haien eskumenekoak diren helburuak planifikatu eta programatzea.

2. Eskuordetutako eskumenei buruzko erabakiak argitaratu, betearazi eta betetzeko agintzea.

3. Alkatetzari, Tokiko Gobernu Batzarrari eta Udalbatzari ebazpenak eta erabakiak proposatzea, haien eskumenekoak diren aferen gainean.

4. Dirulaguntzak ematea, zinegotziak bere eskumenak zein arlotan erabiltzen dituen kontuan hartuta, bai eta horiek ematearekin lotutako baimenak, xedapenak eta ordaintzeko betebeharraren aitorpenak ere, zenbateko-mugarik gabe.

5. Eskuordetutako beste gastu batzuk baimendu eta erabiltzea, 30.000,00 euroko mugarekin (BEZa kanpo).

6. Gerentziari eta alorretako zuzendariei eskuordetu gabeko betebeharren aitorpena eta kitapena egitea, betiere horiek 30.000,00 euro baino gehiago jotzen ez badute (BEZa kanpo), dirulaguntzen arloan izan ezik, kasu horretan ez baita gehieneko kopururik izanen.

7. Eskuordetutako gaietan emandako administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestea, eta eskuordetzen diren gaietan emandako ebazpenen aurka jartzen diren berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.

8. Legeak alkateari esleitzen dion zehatzeko ahala, bakoitzaren eskuordetze-esparruko gai eta funtzioetako arau-hausteetan.

Aurreko paragrafoan eskuordetutako eskumenaren barruan sartuko da eskumen hori egikarituz emandako ebazpenen aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoak ebazteko ahalmena, bai eta administrazio-espedienteei erantsitako txosten juridikoak onestekoa ere, eskuordetutako eskumen hori egikarituz emandako administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla eta.

Espedienteak hainbat alorrek batera bideratu behar dituzten kasuetan, Zinegotzi Ordezkariek ahala izanen dute, hala zehatzeko nola ebazpenak emateko, eskuordetzaz esleituta dituzten gaietan, hori eskumen nagusia ez bada ere.

9. Haien zinegotzigoaren eskumenak garatu eta gauzatzeko beste administrazio publiko batzuekin eta erakunde publiko eta pribatuekin hitzarmenak egitekoa, betiere: a) dirulaguntzak ematen badituzte, edo b) gasturik eragiten ez badute edo hitzarmenaren guztizko zenbatekoa 30.000,00 eurotik gorakoa ez bada (BEZa kanpo).

Eskuordetutako eskumen horrek berekin ekarriko du, era berean, gastuen baimena eta erabilera eskuordetzea, bai eta ordainketa-betebeharrak aitortu eta likidatzekoa ere, baldin eta hitzarmen horiek egitetik eratorritako konpromiso ekonomikoen ondorio zuzena badira.

Aurreko eskuordetzetik kanpo geratzen dira hirigintza-hitzarmenak, bai eta gaiagatik edo aplikatu beharreko araudia dela-eta Osoko Bilkuraren edo Tokiko Gobernu Batzarraren eskumenekoak diren bestelako hitzarmenak ere.

Aurrekoaz gain, alkateak beretzat gordetzen du, eta, beraz, ez dira eskuordetze honen parte izanen, honako hitzarmen hauek egitea:

–Estatuko administrazioarekin onesten direnak eta ministroek sinatzen dituztenak;

–Nafarroako Foru Komunitatearekin edo, kasua bada, beste autonomia-erkidego batzuekin onesten direnak eta haietako lehendakariek sinatzen dituztenak;

–Beste udal batzuekin onesten direnak eta haietako alkateek sinatzen dituztenak;

–Garrantzi instituzional berezia dutenak, sustatzen duen zinegotzi ordezkariak edo alkateak berak hala iritzita.

10. Jarduketa-protokolo Orokorrak edo gisa bereko tresnak onetsi eta sinatzea, eduki orokorreko asmoen adierazpen hutsak baino ez badakartzate edo Udalaren eta alderdi sinatzaileen helburu komun batekin jarduteko borondatea adierazten badute, baldin eta ez badakarte konpromiso juridiko zehatzak eta eskagarriak formalizatzea, eta, betiere, gaiaren edo aplikatu beharreko araudiaren arabera, beste organo baten eskumenekoak ez badira.

Alkatetzak beretzat gordeko ditu, eta, beraz, ez dira eskuordetze honetan sartuko ondoko Jarduketa-protokolo Orokorrak edo antzeko tresnak:

–Estatuko administrazioarekin onesten direnak eta ministroek sinatzen dituztenak;

–Nafarroako Foru Komunitatearekin edo, kasua bada, beste autonomia-erkidego batzuekin onesten direnak eta haietako lehendakariek sinatzen dituztenak;

–Beste udal batzuekin onesten direnak eta haietako alkateek sinatzen dituztenak;

–Garrantzi instituzional berezia dutenak, sustatzen duen zinegotzi ordezkariak edo alkateak berak hala iritzita.

2. Ogasuneko, Kontratazio Publiko Arduratsuko eta Giza Baliabideetako Zinegotzi Ordezkariari eskuordetzan esleitzea honako eskumen hau:

–Kutxa Finkoko aurrerakinak kudeatzeko banku-kontuak irekitzea eta ixtea, eta kontu horietako ahaldunak izendatzea eta indargabetzea. Alderdi horiek kutxa finkoko aurrerakinak eratzeko, ezeztatzeko eta justifikatzeko egintzekin batera onartuko dira.

3.–Gerentziari eta zuzendaritzei eskuordetzea.

3.1. Gerenteari, Aholkularitza Juridikoko zuzendariari, Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko Zuzendariari, Giza Baliabideetako zuzendariari, Alkatetza Kabineteko Zuzendariari, Komunikazio Instituzionaleko eta Gardentasuneko Zuzendariari eta Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Zuzendariari, oro har, honako eskumen hauek eskuordetzea:

  • 30.000 euro (BEZa kanpo) edo gutxiagoko obligazioak aitortzea eta likidatzea, indarrean dagoen Udal antolaketari buruzko Dekretuak dagokion unitate organikoari eskuordetuta dituen arloetan.

–Udal-organo eskudunari bere eskumeneko gaietan hartu beharreko ebazpenak edo erabakiak proposatzea.

3.2. Gerentearengan honako eskumen hauek eskuordetzea:

–Udal-memoriak onestea.

–Nafarroako Arartekoarekiko eta Kontu Ganberarekiko harremanak, eta horien ondoriozko espedienteen gaineko txostenak eta ebazpenak onestea.

–Publizitate pasiboaren arloko berariazko ebazpenak eta Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren informazio publikoa eta izapidetzen ari diren espedienteak eskuratzeko prozedurari buruzko jarraibidean (DAL 23-MAY-17k (1/GT) Dekretuaren bidez onetsi zen) xedatutakoa garatzeko eta abian jartzeko beharrezkoak diren Jarraibideak edo Zirkularrak emateko ahalmena, bai eta informazio publikoa eskuratzeko prozeduran erabiltzeko ezartzen diren ereduak edo formularioak onestea ere.

–Erroldaren, ezkontza zibilen, izatezko bikoteen erregistroaren, Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren eta Udal Artxiboaren arloko espedienteak tramitatu eta ebaztea, horien gaineko eskumena beste organo batzuei ez badagokie.

–Eskuordetutako gaiei dagokienez, administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestea, eta berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.

3.3. Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zuzendariari eskuordetzea ondoren aipatzen diren eskumenak. Horrek Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko eta Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariari, eta alkateari eman beharko die bere ekintzen berri, eta haiekin koordinatu beharko ditu ekintza horiek:

a) Ondare-erantzukizunari dagokionez:

–Ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea, baldin eta zenbatekoa 30.000,00 eurotik gorakoa ez bada (BEZa kanpo), eta espediente horietatik eratorritako gastuak baimentzea eta xedatzea, baldin eta zenbateko hori gainditzen ez badute.

b) Udalaren jabetzari eragindako kalteengatiko erantzukizunari dagokionez:

–Kalte horien erantzukizuna eskatzeko espedienteak hastea, bai eta kalte horiek ordaintzeko errekerimendua egitea ere, betiere kalte horien zenbatekoa 30.000,00 eurotik gorakoa ez bada (BEZa kanpo).

–Udalaren jabetzari eragindako kalteengatik erantzukizun zibila eskatzeko jarri beharreko ekintza judizialak gauzatzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunari eginiko PFEZaren eta BEZaren atxikipenen gaineko ordaintze-manamenduak eta -aginduak onestea.

d) Eskuordetzaren xede diren gaiei dagokienez, administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestea, eta berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.

3.4. Giza Baliabideetako Alorreko zuzendariari eskuordetzea ondoren aipatzen diren eskumenak. Horrek Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko eta Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariari eta alkateari eman beharko die bere ekintzen berri, eta haiekin koordinatu beharko ditu ekintza horiek:

–Langileen nomina onartzeari dagozkion obligazioen aitorpena eta likidazioa; horietarako ez da diru-mugarik izanen.

–Hileko nominarekin, nomina-aurrerakinekin eta Gizarte Segurantzarekin lotutako ordaintze-manamenduak eta -aginduak onestea.

–Lan-kontratudunen eta bitarteko langileen kontratuak sinatzea.

–Eskuordetutako gaiei dagokienez, administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestea, eta berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.

3.5. Zuzendaria ez badago, haren kargua hutsik badago edo gaixorik badago, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritako abstentzio-arrazoiren bat gertatzen bada edo eskuordetutako gaietan aritzeko errekusazioa onetsi bada, honela ordeztuko dute elkar:

–Ogasun eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zuzendaria eta Giza Baliabideetako zuzendaria.

–Alkatetza Kabineteko Zuzendaria eta Komunikazio Instituzionaleko eta Gardentasuneko Zuzendaria.

4.–Hirigintzako gerentziaren eta haur-eskolen egintzak aurretiaz esku-hartzeko funtzioak eskuordetzea.

–Hirigintza Gerentziaren egintzetan eta Hirigintzako Gerentziak eskatuta udal-organoek onesten dituztenetan -salbu eta Udaleko Osoko Bilkurak onetsi edo baimendu behar dituen haietan- aldez aurreko esku-hartze lanak Hirigintza Gerentziako Plantilla Organikoan ekonomiako Administrazio Publikoko teknikari gisa definitutako lanpostuari eskuordetzeko baimena ematen da.

–Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren plantilla organikoan Kontu-hartzaile Ordezkari gisa definitutako lanpostuari eskuordetzea baimentzen da haur-eskolek eskatuta udal-organoek onesten dituzten egintzen aldez aurreko kontu-hartzailetzako lanak, Udalaren Osoko Bilkurak onartu edo baimendu behar dituen egintzetan izan ezik.

5.–Iruñeko udalaren alde emandako dirulaguntzen espedienteetan datuak, dokumentazioa, memoriak eta garatutako jarduerak eta antzekoak ziurtatzeko funtzioak eskuordetzea.

–Baimentzen da Iruñeko Udalaren alde dirulaguntzak ematen dituzten administrazio publikoek Iruñeko Udalari eskatzen dizkioten mota guztietako datuak, dokumentazioa, memoriak, garatutako jarduerak eta antzekoak ziurtatzeko eginkizunak Udalaren alorretako idazkari teknikoei eskuordetzea.

Bigarrena.–Alkatetzaren Dekretu honek indarrik gabe utziko ditu 2023ko uztailaren 3ko (1/AL) eta 2023ko abenduaren 28ko (10/AL) Alkatetza Dekretuen bidez xedatutako eskuordetzeak, eta 2024ko urtarrilaren 22an hartuko du indarra.

Hirugarrena.–Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, bai eta Osoko Bilkuran horren berri ematea ere.»

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 30ean.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2402553