42. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAUN

2024ko lan egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa

Larraungo alkateak 18/2024 Ebazpena eman zuen 2024ko otsailaren 6an. Hona hemen testu osoa:

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 23ko 250/2023 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2024ko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zen.

Ikusirik 168/2023 Ebazpena, azaroaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiegunak zehazten baitira, 2024rako, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez direnak.

Ikusirik funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan baldintzak ezartzeko akordio kolektiboa eta udal honetako lan-kontratudunen lan hitzarmen kolektiboa.

Horrenbestez, kontuan hartuta espedienteko dokumentazioa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

ERABAKI DUT:

Lehena.–Onartzea Larraungo Udalaren zerbitzuko langileek 2024an izanen duten aste barreneko jaiegunen egutegia. Hona hemen:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 28a: Ostegun Santua.

–Martxoaren 29a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 1a: Pazko bigarrena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Ekainaren 28a: San Pedro egunaren bezpera.

–Uztailaren 25a: Done Jakue eguna.

–Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea

–Irailak 30a: San Migel egunaren hurrengo eguna.

–Urriaren 12a: Espainiaren eguna.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 2a: Zubia.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Larraungo Udaleko administrazioan lanorduen urteko kopurua abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuaren arabera, 1.592 ordukoa izanen da, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera, eguneroko lanaldia izanen da, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa. Nahitaez lan egin beharko da 9:30etik 14:00etara arte, salbu eta jendeari arreta egiten dieten langileak, horiek 9:00etatik 14:30era arte aritu beharko dute eta nahitaez. Gainerako bi orduak eta 30 minutuak langileek nahi dutenean eginen dituzte, malgutasunez, 7:00 eta 16:30 artean, eta jendeari arreta egiten dietenen kasuan, 7:10 eta 16:20 artean.

Zerbitzuaren beharren mendekoa ez den lanaldi murriztua duten langileen kasuan, nahitaez bertan egoteko denbora egokitu eginen da, ahal den neurrian, murrizketaren ebazpenean baimendutako ordutegira, edo, bestela, langilearekin adostuko da zerbitzuaren beharren arabera.

Hirugarrena.–Larraungo Udalaren zerbitzuko langileen lanaldiaren malgutasuna ezarri da, langileek laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea errazago izan dadin. Hona hemen jarraibideak:

1. Langile bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko da hilabete natural bakoitzaren barrenean, egiatan lan egindako ordu guztiak eta hilabete natural bakoitzean egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

2. Nahitaezko lanaldia izanen da 9:30etik 14:00etara arte (9:00etatik 14:30era jendeari arreta egiten dieten langileen kasuan), eta langile bakoitza kanpoan egon daiteke gehienez 25 orduz urtean; nolanahi ere, lantokian egon gabeko ordu horiek konpentsatu beharko ditu urtean zehar lan eginda.

Laugarrena.–Lanera agertzea kontrolatzeko, bertaratu direnen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik ateratzean fitxatu beharko dute nahitaez. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta amaieran, baita lanaldiaren barnean irteten eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Bosgarrena.–Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horri dagokionez, bulegoetako langileek nahitaez fitxatu beharko dute sartu-ateratzeetan.

Seigarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2024. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak.

Zazpigarrena.–Administrazio honen zerbitzuetako premiak direla eta, eta horiek behar bezala jardun ahal izateko, kontabilitate zerbitzuko eta herritarrentzako arretako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldiaren barnean egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Larraundik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio.

Larraun ibarreko eta ondoko herrietan, joan-etorria egiteko kalkulatutako denbora 120 minutukoa izanen da (joan-etorria guztira).

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi osoa bezala kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora kasu honetan baizik ez da lan denboratzat hartuko: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuak bere dituen eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea.

Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko.

Euskara ikastaroak egiteko ordu eta diru konpentsazioak, behar bezala baimenduak, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 1311/2010 Ebazpenean arautzen dira, haren bitartez parekatzen baitira ekainaren 21eko 195/1993 Foru Dekretuan ezarritako euskara ikastaroak egiteko ordu konpentsazioak gaur egungo prestakuntza jardueretara.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita, ediktuen bidez, Larraungo Udalaren iragarki-taulan ere.

Hamargarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek 2024ko ilbeltzaren 1etik hartuko du indarra, atzera egineko on­dorioekin.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita edota gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Mugiron (Larraun), 2024ko otsailaren 6an.–Alkatea, Mikel Huarte Martija.

Iragarkiaren kodea: L2402211