42. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2024 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena ukatzen baitzaie energia elektrikoa ekoizteko "Orcoyen FF2" izeneko instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio-azpiegiturei, Orkoiengo udal-mugartean.

1.–2023ko otsailaren 23ko eskaera.

2023ko otsailaren 23an, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Mundo Energía 2021 SLk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen energia elektrikoa ekoizteko "Orcoyen FF2" izeneko 3,7 MW-eko instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako, Orkoiengo udal-mugartean.

2.–Jendaurreko informazioa eta kontsulten tramitea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Mundo Energía 2021 SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2023ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 23koan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean. Era berean, iragarkia bidali zen ukitutako udaletako ediktu-taulan argitaratzeko.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

Kontrako txostenak jaso dira Orkoiengo Udaletik, energia instalazio guztien inpaktu metagarri edo sinergikoan oinarritzen dena, eta Iruñerriko Mankomunitatetik, haren titulartasuneko ur hornidura eta saneamendu azpiegituren gaineko ukipenengatik.

3.–Berme ekonomikoa itzultzeko eskaera.

2023ko urriaren 3an, Mundo Energía 2021 SLk eskatu zuen espedientea bertan behera uzteko eta sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko.

4.–Aurretiazko administrazio-baimena ukatzeko eta bermea itzultzeko proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren eta bermea itzultzeko sustatzailearen eskaera azterturik, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatu du aurretiazko administrazio-baimena ukatuz ebaztea espedientea.

Dagoeneko tramitatu da sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermearen itzulketa, 160.000 eurokoa, Mundo Energía 2021 SLk 2022ko martxoaren 4an gordailutua, eta 5020000045 CFNA 2022 (Av-NAV-0498) erregistro zenbakia duena.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1.–Mundo Energía 2021 SLk eskatutako aurretiazko administrazio-baimena ukatzea energia elektrikoa ekoizteko "Orcoyen FF2" izeneko instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio-azpiegiturei, Orkoiengo udal-mugartean.

2.–Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurralde Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Basoen eta Ehizaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4.–Ebazpen hau jakinaraztea Mundo Energía 2021 SLri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Enagasi, Telefónica de España SAri, Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentuari eta Ekologistak Martxan eta SEO BirdLife taldeei, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daitekeela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, espediente zenbakia adierazita.

5.–Ebazpen hau jakinaraztea Orkoiengo Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioari, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko otsailaren 5ean.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2402081