42. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko otsailaren 14an hartua, deklaratzen duena presakoa dela "Donamariako ur-hartunea Mendaurko soluzioan sartzea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2023ko irailaren 15ean, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak eskatu zion Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari jendaurrean jar zezala "Donamariako ur-hartunea Mendaurko soluzioan sartzea" izeneko proiektua eta, harekin batera, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko 52. artikuluan ezartzen duen desjabetze prozedura ireki aurreko tramitea baita, hori guztia Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatearen onurarako. Proiektu hori Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak 2023ko irailaren 14an onetsi zuen.

Udalaren zerbitzu publikoa izanik, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak berarekin dakar hartzen dituzten ondasunen onura publikoaren deklarazioa eta ondasun horiek okupatu behar izatea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 47.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, udalerriei aitortutako ahalmen eta prerrogatibak mankomunitateei ere aplikatzekoak izanen dira, galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitateak desjabetze ahalmena erabiltzea, nahitaez okupatu beharreko ondasunak udalerri batean baino gehiagotan daudenean, dagokion mankomunitateak eskatuta eta haren onurarako. Hala, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak urriaren 6an emandako 344/2023 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea deklaratu zen desjabetze espedientearen onuradun.

Jendaurreko epea iraganik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abenduaren 27ko 636/2023 Ebazpenaren bidez (Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 3ko 1/2024 Ebazpenaren bidez zuzendua) behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda; onespenak berekin dakartza onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra. Alegazio bat aurkeztu zen eta ebazpen horren azalpen zatian adierazitako moduan ebatzi zen.

Proiektua gauzatzeak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa izateko arrazoiak dira premiazkoa dela ur-hartune berri bat izatea, behar adina emari eta kalitate nahikoa izanen dituena, eta ura, grabitatez, kanalizatuta iristea Doneztebeko banaketa biltegira, ponpaketaren eta tratamendu konplexu eta garestien beharrik gabe. Horrela, ziurtatuko da udalerria kalitatezko urez hornituko dela, kostu apalean. Horrez gain, egungo araztegiari lan karga handia kenduko dio, aukera emanda grabitatez bakarrik hartutako urarekin funtzionatzeko, eta horrek nabarmen jaitsiko du ustiapen kostua.

Nafarroako Gobernuak, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Donamariako ur-hartunea Mendaurko soluzioan sartzea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2402657