42. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

284/2024 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoan Datuen Analisiko OLko teknikari izateko lanpostu bat (A maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko.

Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 27an hartutako erabaki baten bidez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 144 zk., 2023ko uztailaren 11koa) onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2023ko lan publikoaren eskaintza, eta han, besteak beste, Datuen Analisiko OLko teknikari izateko lanpostu bat jaso zen, funtzionarioen araubidekoa (A maila).

Estatuko 2023. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2022ko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritakoa aplikatuz onetsi zen lan publikoaren eskaintza hori. Izan ere, lege horrek administrazio eta erakunde publikoen lan publikoaren eskaintzak arautzen ditu, eta aditzera ematen du ezen, unibertsitate publikoei dagokienez, langileen birjarpen tasa hauen bidez artikulatuko dela eskaintza:

–Tasa orokor bat, %120koa, unibertsitate publikoentzat ezarria, lehentasunezko sektoretzat jotzen baitira legearen 20. artikuluaren Bi.3.A) apartatuan ezarritakoaren arabera.

–Tasa espezifiko bat, zeina, aipatutako legearen 20. artikuluaren Bi.4 apartatuan ezarritakoaren arabera, administrazio bakoitzak baimentzen ahalko baitu, salbuespen gisa, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritako helburua betetzeko, alegia, enplegu publikoan behin-behineko lanpostuak egiturazko lanpostuen ehuneko 8 baino gehiago ez izatea bere arloetako bakoitzean, betiere justifikatua baldin badago eduki beharreko urte anitzeko plangintza-tresnaren arabera.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen arabera, 2024ko abenduaren 31rako bete behar dira behin-behinekotasuna murrizteko helburu horiek, eta, beraz, data horretarako gauzatu behar dira aipatutako tasa espezifikoa aplikatzearen ondorioz onetsitako lan publikoaren eskaintzak.

Bestalde, Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabaki baten bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren 9. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, ez da bidezkoa aldez aurretik lekualdatze-lehiaketa bat egitea.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Datuen Analisiko OLko teknikari izateko lanpostu bat oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostu hori II. eranskinean dago zehaztua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan Datuen Analisiko OLko teknikari izateko lanpostu bat (A maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.

Iruñean, 2024ko otsailaren 2an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

DATUEN ANALISIKO OL-KO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan Datuen Analisiko OLko teknikari izateko lanpostu huts bat oposizio bidez betetzea da (funtzionarioen araubidekoa eta A mailakoa). Oinarri hauen II. eranskinean ageri da zein diren lanpostuaren zenbakia, baldintzak eta lantokia.

1.2. Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.3. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera -Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa-, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar diren zereginak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

f) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea edo ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzea.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizioa?languageId=100001

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo 4.2 oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiria.

b) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

c) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizioa?languageId=100001

Horretarako, eta tasaren ordainketatik salbuetsita gelditzeari buruz deialdi honen 4.2.a) oinarrian ezarritakoari begira, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izanen dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta "NUP Oposizioa Datuen teknikaria" identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

5.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, hargatik eragotzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.6. Egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izangaiak baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzailearen kideen izenak.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizioaren garapena.

7.1. Oposizioa 2024ko irailetik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.2. Probak.

7.2.1. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.2.2. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

7.2.3. Proben banaketa.

Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.2.3.1. Lehenbiziko proba.

Gai zerrendako parte orokorreko eta espezifikoko gaiei buruz, test motako galderak erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:

Nota = Erantzun zuzenak - Aktsak / k-1

Non:

k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bi ordu gehienez ere.

7.2.3.2. Bigarren proba:

Jarduera eta/edo galdera teoriko, praktiko edo teoriko-praktiko batzuk ebatzi beharko dira, idatziz, oinarri hauetako I. eranskinean agertzen den gai zerrendako parte espezifikoko gaiei buruzkoak.

Gehienez ere hiru ordu iraunen du probak.

7.2.3.3. Hirugarren proba:

Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako parte espezifikoko C eta D multzoetako gaiei buruzko kasu praktiko eta/edo teoriko-praktiko bat edo gehiago idatziz ebatzi beharko da. Proba hau informatika-gela batean eginen da.

Epaimahaiak ezarriko du, ariketa hasi baino lehen, ariketa egiteko zenbat denbora izanen den; lau ordu gehienez ere.

Epaimahaiak ariketak irakurriko ditu, eta, ondoren, dei eginen die izangaiei ariketa irakurri eta defenda dezaten epaimahaiaren aurrean, jendaurreko bilkuran. Ariketa osoa irakurri ondoren, epaimahaiak beharrezkotzat jotzen dituen galdera guztiak eginen ditu, gehienez ere hogeita hamar minutuan, honako hauek zehazteko: zenbateraino den egokia proposatutako soluzioa, izangaiak zenbateraino dakizkien oinarri hauetako I. eranskinean agertzen den programako gaiak, eta izangaia egokia ote den lanpostuaren eginkizunak betetzeko. Arbel bat edo antzeko elementuren bat erabiltzen ahalko da.

7.2.3.4. Laugarren proba:

Idatzizko itzulpen-ariketa bat egin beharko da, gaztelaniatik ingelesera eta alderantziz. Itzulpena, funtsean, teknikoa izanen da, eta deialdiko lanpostuaren eginkizunekin lotua.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bi ordu gehienez ere.

7.2.3.5. Proba guztiak plika sistemaren bidez eginen dira.

7.2.4. Oposizioko proben balorazioa.

Oposizioko proben balorazioan 100 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

7.2.4.1. Lehenbiziko proba (20 puntu gehienez):

0tik 20ra kalifikatuko da.

Proba hau baztertzailea izanen da. Epaimahaiak, ariketa egiteko zailtasunaren arabera, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko balorazioa ezarriko du. Nolanahi ere, puntuazio hoberenaren %75etik %50era bitartekoa izanen da. Era berean, gutxieneko balorazioa ezin izanen da inola ere gehienekoaren %40tik beherakoa izan. Muga horien barrenean, epaimahaiak, ahal den guztietan, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko balorazioa zehaztuko du, ariketa gainditzen duten izangaien kopurua deialdiko lanpostuen kopurua halako bost izan dadin gutxienez. Zehaztapen hori plikak ireki baino lehen eginen da.

7.2.4.2. Bigarren proba (35 puntu gehienez):

0tik 35era kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.2.4.3. Hirugarren proba (35 puntu gehienez):

0tik 35era kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.2.4.4. Laugarren proba (10 puntu gehienez):

0tik 10era kalifikatuko da.

Proba hau ez da baztertzailea izanen.

7.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena modu telematikoan alegatu dezaten.

7.4. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

8.–Gainditu dutenen zerrenda.

8.1. Azken kalifikazioa probetako puntuazioen batura izanen da.

8.2. Berdinketa oro hirugarren proban puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, bigarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan.

Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean. Zozketaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

8.3. Azken proba bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du bakoitzak lortutako kalifikazioekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio ezagutzera, baldintzak egiaztatzeko tramiteak egin ditzan.

9.–Baldintzak egiaztatzea.

9.1. 10 egun balioduneko epea irekiko da, horretarako ezartzen den bidea erabiliz, honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko:

a) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren jatorrizko dokumentua edo haren kopia erkatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edo haren kopia erkatua.

10.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

10.1. Baldintzak egiaztatu ondoren, epaimahaiak prozesua gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio kudeatzaileari. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

10.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia erkatua.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa.

10.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

10.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen duela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

10.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

10.6. Giza Baliabideen Zerbitzuak bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen beste edozein agiri, ez bada deialdiaren xede den lanposturako betekizun eta baldintzak egiaztatzeko agiri bat, proposatutako izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Funtzionarioa izendatzea, lanpostu hutsa esleitzea eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Datuen Analisiko OLko teknikari izateko lanpostuan aritu dadin, eta lanpostu hutsa ebazpen bidez esleituko dio.

11.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatutako pertsona, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesarekin.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko du izendatuak lanpostuaren jabetza.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, norbaitek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute une horretan beste administrazio publikoren batean ari delako lanean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 10.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

12.1. Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio-araubidearen araberako kontratazioa arautzeko emandako erabakian ezarritakoarekin bat, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrenda.

2) Gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenen baina gutxienez hautaketa-prozesuko probetako bat gainditu duten izangaien zerrenda.

Izangaiek zerrendetan izanen duten ordena zehazteko, kontuan hartuko da nork gainditu dituen proba gehiago, eta, horren barrenean, egindako proba guztiak batuta nork duen puntuaziorik handiena.

Berdinketarik egonez gero, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da.

12.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakian ezarri zuena izanen da, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoa.

12.3. Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, kontratua formalizatzen den unean kopiak aurkeztuta.

12.4. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte sarbide deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak, alde batera utzi gabe eskaeran datu faltsuak emateagatik izan dezaketen erantzukizuna.

12.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei lanpostuan eskatzen diren baldintzak aitortzen zaizkienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Aplikatzekoa den araudiaren arabera eginen da tratamendu hori, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduaren (EB) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

Parte orokorra

1. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. 2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.

2. gaia.–8/87 Foru Legea, 1987ko apirilaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzeari buruzkoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko kideen arartekoa.

3. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Irakasle eta ikertzaileak: motak eta araubide juridikoa. Plantilla antolatzeko jarraibideak. Unibertsitateko irakasleen ebaluazioa. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa (sarbidea, administrazio-egoerak, arduraldia eta ordainsariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko prozesua.

4. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak: araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutua: funtzionarioen hautaketa; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzeko prozesua; ordainsariak; ordezkaritza-organoak, negoziazio kolektiboa eta lan-baldintzak zehazteko parte-hartzea.

5. gaia.–Ikertzaileen kontratazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Arau-esparrua eta kontratatzeko politikak.

6. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: Xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura erkidea. Administrazio-bideko egintzen berrikuspena.

7. gaia.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio Publikoen arteko harreman elektronikoak.

8. gaia.–Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Xedapen orokorrak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura. Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitateko ikasketa ofizialak. Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

9. gaia.–Irakaskuntza mota desberdinak, irakaslana eta ikasketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzko Foru Agindua. Bekak, dirulaguntzak eta salbuespenak. Irakaskuntza berekiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

10. gaia.–15/2018 Foru Legea, 2018ko ekainaren 27koa, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa.

11. gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2021-2023ko Estatu Plana: lerro estrategikoak, helburuak, egitura eta kudeaketa- eta finantzaketa-eragileak. Estatu Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.

12. gaia.–I+G+b-ko jarduerak finantzatzeko europar baliabideak. Europako esparru-programak eta eskualdeko lankidetzako INTERREG programa. Europar Batasunaren Horizon Europe programa: edukiak, egitura, tresnak eta parte hartzeko modalitateak.

13. gaia.–Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Foru Legea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak: botere adjudikatzaileak, kontratistak, kontratu motak eta araubide juridikoa, kontratazio publikoa kudeatzeko printzipio eta arauak, publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak, kontratuen exekuzioa. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk.

14. gaia.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legea. Legearen aurrekariak eta aplikazio-eremua. Dirulaguntza publikoak kudeatzeari buruzko printzipio orokorrak. Dirulaguntzak esleitzeko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzen segimendua eta kontrola. Dirulaguntzen itzulketa. Espainian dirulaguntza publikoak arautzen dituen legeari buruzko aipamena,

15. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

16. gaia.–Kalitatea LOSUn eta NUPeko Estatutuetan.

17. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

18. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren II. Berdintasun Plana.

19. gaia.–UNITA universitas montium.

20. gaia.–3/2022 Legea, 2022ko otsailaren 24koa, unibertsitateko bizikidetzari buruzkoa.

Parte espezifikoa

A multzoa: Araudi espezifikoa.

21. gaia.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. Gardentasuna jarduera publikoan. Informazio publikoaren berrerabilera eta publizitate aktiboa.

22. gaia.–Informazio publikorako sarbidea izateko eskubidea. Interes taldeak.

23. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.

24. gaia.–Unibertsitateei buruzko estatistika: Unibertsitateko Informazio Sistema Integratua (SIIU).

25. gaia.–Espainiako eta nazioarteko unibertsitateen rankingak. Ikerketaren arloko rankingak. Irakaskuntzaren arloko rankingak. Ranking konbinatuak.

26. gaia.–Plangintza estrategikoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Aurreko plan estrategikoak. V. Plan Estrategikoa. Emaitzen adierazleak: Unibertsitatearen V. Plan Estrategikoaren aginte koadroa.

27. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Plan Estrategikoaren hedapen eta jarraipen prozesuak. Planaren hedapenerako metodologia.

28. gaia.–Unibertsitate publikoek gardentasunaren arloan dituzten legezko betebeharrak.

29. gaia.–Unibertsitatearen gardentasun ataria. Gardentasun atariaren egitura eta edukiak.

30. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketei buruzko arauak.

31. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate masterreko ikasketei buruzko arauak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretzari buruzko arauak.

32. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko kredituen balioa aitortzeko eta transferitzeko araudia.

33. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketetan jarraitzeko arauak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunerako araudia.

34. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa amaierako lanen arautegia.

35. gaia.–Datu pertsonalen babesa. General Data Protection Regulation (GDPR). 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

36. gaia.–Datuak Babesteko Espainiako Agentzia.

37. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren datu pertsonalak babesteko politika eta arauak. Datuen babeserako delegatua.

38. gaia.–Administrazio elektronikoa. Espainiako araudia.

39. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko egoitza elektronikoaren arautegia. Dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika.

40. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko informazioaren segurtasunari buruzko araudia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko informazioaren segurtasunari buruzko politika.

41. gaia.–37/2007 Legea, 2007ko azaroaren 16koa, sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeari buruzkoa. Balio handiko datuak irekitzea. Informazioaren ardura duten unitateak.

B multzoa: Antolaketa eta erabakiak hartzea unibertsitate sisteman.

42. gaia.–Zuzendaritza Estrategikoaren izaera. Erabaki estrategikoak. Zuzendaritza estrategikoaren prozesua. Arrazionaltasuna zuzendaritza estrategikoaren prozesuan. Estrategia deliberatuak eta emergenteak. Misioa, ikuspegia, balioak eta helburu estrategikoak.

43. gaia.–Analisi estrategikoa. Ingurune orokorraren eta espezifikoaren analisia. Lehia-ingurunea mugatzea. Bost indarren eredua. Segmentazioa eta talde estrategikoak.

44. gaia.–Barne diagnostikoa. Baliabideak eta gaitasunak. Balio katea. Lehiarako abantaila eta balioa sortzea. AMIA analisia.

45. gaia.–Plangintza estrategikoa, Plangintza estrategikoaren prozesua. Plangintza estrategikoaren inplementazioa eta kontrola. Antolaketa-unitateen barne kontrola.

46. gaia.–Dibertsitatea erakundeetan. Jarrerak. Lanarekiko poztasuna. Lanarekiko poztasunaren neurketa.

47. gaia.–Nortasuna. Myers-Briggs tipologia-adierazlea. Bost faktoreko nortasun eredua. Balioak. Pertsonaren eta lanaren bateragarritasuna. Pertsonaren eta antolaketaren bateragarritasuna.

48. gaia.–Motibazioaren definizioa. Motibazioari buruzko teoriak. Lanaren ezaugarrien eredua. Sari intrintsekoak eta estrintsekoak. Ordainsari finkoa eta aldakorra. Prestazioak.

49. gaia.–Talde baten garapenaren etapak. Talde baten ezaugarriak. Erabakiak taldean hartzea. Lantaldeak. Talde motak.

50. gaia.–Komunikazioa erakundeetan. Komunikaziorako oztopoak. Komunikatzeko kanala aukeratzea. Lidergoa: kontzeptua. Lidergoari buruzko teoriak. Lidergo estiloak. Liderrak hautatzea.

51. gaia.–Boterearen definizioa. Boterearen oinarriak erakundeetan. Gatazka: definizioa eta prozesua. Negoziazioa erakundeetan.

52. gaia.–Antolaketa-egituraren oinarriak. Antolaketa-egituren motak. Antolaketaren kultura. Antolaketaren aldaketa.

53. gaia.–Sormena. Antolaketaren arloko sormena. Sormena berrikuntza bihurtzea. Berrikuntzaren kontzeptua. Berrikuntza motak. Berrikuntzarako ideien iturriak.

54. gaia.–Berrikuntza-prozesua. Egin ala erosi. Lankidetza-prozesuak: lankidetza-akordioak. Berrikuntza lankidetzaren arloan: berrikuntza irekia. Berrikuntzaren babesa.

55. gaia.–Erantzukizun soziala eta gobernamendu ona. Interes taldeak. Gobernamendu onaren kodeak. Erantzukizun sozial korporatiboa. Gizarte- eta ingurumen-jarduna neurtzea eta horren berri ematea.

56. gaia.–2030 Agendako garapen jasangarrirako helburuak. 2030 Agenda unibertsitateetan.

C multzoa: Informazio sistemak.

57. gaia.–Informazio sistemak kudeaketan: informazio sistemen kontzeptua, eginkizunak eta helburuak.

58. gaia.–Informazio sistema motak. Informazio sistema baten oinarrizko osagaiak.

59. gaia.–Informazio sistemen segurtasuna. Segurtasunaren kontzeptua. Informazio sistema baten segurtasunaren osagaiak.

60. gaia.–Segurtasun arriskuen analisia eta kudeaketa. Segurtasun politika. Informazio sistemen kontu-ikuskaritzak.

61. gaia.–Informazio sistemen proiektuak garatzea. Nork hartzen duen parte prozesu horretan. Informazio sistemen bizi zikloa. Prototipoak.

62. gaia.–Informazio sistemak garatzeko prozesuaren kudeaketa ekonomikoa: kostu/irabazi analisia eta arriskuen analisia.

63. gaia.–Informazio sistemak garatzeko metodologia arinak. Software Garapen Arinaren aldeko Manifestua. Metodo arinak: Scrum eta Kanban.

64. gaia.–Antolaketa-prozesuaren definizioa. Prozesuak irudikatzea: nomenklatura. Prozesuen mapa.

65. gaia.–Prozesuen bidezko kudeaketa. Prozesuen bidezko kudeaketaren indarguneak eta ahulguneak.

66. gaia.–Negozio adimena. Definizioa. Negozio adimeneko sistema baten osagaiak. Negozio analitika motak.

67. gaia.–Gobernantza eta datuen gobernantza. Definizioa. Datuen gobernantzak erakundean duen zeregina. Datuen kalitatea.

68. gaia.–Datu irekien politika. Datu irekiak administrazio publikoetan. Datu irekietan argitaratzeko formatuak. Herritarren parte-hartzea eta politika publikoen baterako sorkuntza.

D multzoa: Informazio sistemetarako metodologia eta teknikak.

69. gaia.–Estatistikaren oinarriak. Aldagai bakarreko eta aldagai biko analisi deskriptiboa. Probabilitatea eta zorizko aldagaiak.

70. gaia.–Inferentzia estatistikoa, konfiantza-tarteak eta hipotesien kontrasteak. Banaketa normala. Laginketa.

71. gaia.–Oinarrizko informatika: hardwareari eta softwareari buruzko oinarrizko kontzeptuak. Datuak biltegiratzeko sistemak. Sistema eragileak.

72. gaia.–Datu-baseen oinarriak. Datu-baseen kontzeptua. Datu-base motak. Datu-baseak diseinatzeko prozesua. Datu-base baten kalitate kontrola.

73. gaia.–Datu-base erlazionalak. SQL lengoaia eta nola aplikatzen den datu-baseak kudeatzeko. Oinarrizko kontzeptuak, kontsulta-egiturak eta datuak manipulatzeko eta kontsultatzeko funtsezko eragiketak.

74. gaia.–Excel kalkulu-orriak. Funtzio eta erabilera nagusiak. Liburuak, orriak eta gelaxkak. Konfigurazioa. Datuak sartzea eta editatzea. Formulak eta funtzioak. Datuen kudeaketa. Taula dinamikoak sortzea.

75. gaia.–Exceleko grafikoak. Datu kualitatiboetarako irudikapenak. Datu kuantitatiboetarako irudikapenak. Aldagai biko irudikapenak.

76. gaia.–Microsoft Power Query. Zer den Power Query. Datuak lortzea Power Queryn. Datuak eraldatzea Power Queryn.

77. gaia.–Microsoft Power BI datuen analisirako. Power BIren gaitasunak. Datu iturriak kontsultatu eta integratzea. Panel interaktiboak sortzea. Irudikapen grafikoak.

78. gaia.–Microstrategy. Ezaugarri nagusiak. Dosierrak. Oinarrizko txostenaren objektuak. Datu iturrietarako sarbidea. Bistaratzeak.

79. gaia.–Webean datuak atzitzeko metodoak eta teknikak. Webscrapping zer den. API zer den. CSV eta JSON datu-artxiboak. Legezko alderdiak.

80. gaia.–Web analitikaren oinarrizko kontzeptuak. Web datuen jarraipena, analisia eta interpretazioa egiteko tresnak eta teknikak. Funtsezko adierazleak.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin. Gai batzuetarako epaimahaiak bibliografia gomendatua argitaratuko du.

II. ERANSKINA.–DATUEN ANALISIKO OLKO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTUA (A MAILA)

LANPOSTUAREN IDENTIFIKAZIOA

ATXIKIMENDU EREMUA

HERRIA

LANALDIA

861

KUDEATZAILETZA / EKONOMIA GAIETARAKO ZERBITZUA / ANALISIRAKO ETA PROGRAMAZIORAKO ATALA

IRUÑEA

GOIZEZ

Iragarkiaren kodea: F2402540