41. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

14/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi eta horiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri zituena. Eredu horiek erabili behar dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluak ezartzen duenez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordainarazteko orduan, Estatuak unean-unean ezarrita dituen arauekin alderatuta, funtsez eta formaz eduki bera duten arauak aplikatuko ditu Foru Komunitateak. Era berean, artikulu horrek Foru Komunitateari esleitzen dio zergaren aitorpen eta sarrera ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzerako sarrera epeak ezartzeko eskumena. Eredu horiek, gutxienez, lurralde erkideko datu berak izan behar dituzte, eta sarrera egiteko epeak ez dira nabarmen aldatu behar Estatuko Administrazioak adierazitakoetatik.

Eskumen hori baliatuz, ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduak 210 eta 211 aitorpen ereduak onetsi zituen, hau da, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errenten autolikidazioa eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik egindako atxikipenaren autolikidazioa egiteko erabili behar direnak.

210 eredua berariaz arautzean, foru agindu horrek zenbait errenta elkartuta aitortzeko aukera aurreikusi zuen, horrela establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunen betebeharrak sinplifikatzeko. Errentak elkartzeko, hiru hilean behingo maiztasuna ezarri da, diru-sarrera egiteko emaitza duten autolikidazioen kasuan.

Zergadunen zerga-betebeharrak sinplifikatzeko helburu horretan aurrera egiteko, foru agindu honen xedea da bidea ematea errentak urteka elkartzeko, zergadunak jasotzen dituen errentak higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondoriozkoak direnean.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Halaber, ordenamendu juridikoak ematen dituen gaikuntzen babespean dago. Hori horrela, martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren azken xedapenetako bigarrenak 2. zenbakian ezartzen duenez, zerga honen aitorpena eta haren konturako ordainketak egiteko ereduak Ogasuneko ministroak onetsiko ditu, eta hark ezarriko ditu, halaber, aurkezteko modua, tokia eta epeak, bai eta modu telematikoan aurkezteko kasuak eta baldintzak ere. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluari jarraikiz, ulertu behar da gaikuntza hori ematen zaiola Nafarroako Gobernuan zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi ziren, eta haiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri. Eredu horiek erabili behar dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.

Ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduaren manu hauek aldatu eta honako testu hau izanen dute:

Bat.–2.1.b) artikulua, azken paragrafoa.

"Elkartzeko epea hiru hilean behingoa izanen da diru-sarrera egiteko emaitza duten autolikidazioak badira, edo urterokoa, zero kuota edo itzultzeko emaitza duten autolikidazioak badira. Hala ere, elkartzeko epea urtekoa izanen da errentak higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondoriozkoak direnean".

Bi.–4.3.a) artikulua.

"a) Diru-sarrera egiteko emaitza duten autolikidazioak: hiruhileko bakoitza bukatu ondoko lehen hogei egun naturalekoa izanen da aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea, hiruhileko horretan sorrarazitako errentei dagokienez, bigarren eta laugarren hiruhilekoetako aitorpenen kasuan izan ezik, horien epeak abuztuaren 5ean eta urtarrilaren 31n bukatuko baitira, hurrenez hurren.

Urteroko elkartzeen kasuan, autolikidazioa aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea sortzapenaren hurrengo urteko urtarrila izanen da".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta ondorioak izanen ditu 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondorioz sorrarazitako errenten urteroko elkartzeetarako.

Iruñean, 2024ko otsailaren 7an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2402210