41. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

1/2024 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, 2024ko otsailaren 14koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, balio erantsiaren gaineko zergari eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari dagozkion zenbait neurri luzatzen dituena, eta aldatzen duena Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horren barnean, Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis eta 32. artikuluek ezartzen dute ezen, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga (aurrerantzean, EEEBZa) eta balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZa) ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean une oro indarra duten oinarrizko printzipio eta arau substantibo eta formal berberak.

Horren ondorioz, Nafarroak bere tributu-araubidea aldatu behar du zerga horien arau substantibo eta formalei eragiten dien tributu-araubide erkidearen erreformaren bat dagoenean. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordetuta, tributuei buruzko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak ematen ahalko dituela. Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretuaren izena emanen zaie.

Estatuaren esparruan, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazkek eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzen dituen abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege Dekretuaren bidez, 2024ko lehen seihilekorako luzatu da oinarrizko elikagaien BEZari %0ko zerga-tasa aplikatzeko neurria, eta oliba-olioari, hazi-olioei eta janari-pastei %5ekoa aplikatzekoa, elikagai horien azken prezioa txikiagoa izan dadin laguntzeko. Azpiko inflazioaren bilakaera positiboa izaten ari bada ere, luzapen hori egin da elikagaien eta edari alkoholgabeen urteko inflazio-tasa altua delako.

Halaber, prezioei eusteko eta energiaren esparruan kaltetuen izaten ari direnei laguntzeko, errege lege dekretu horrek energia elektrikoaren hornidura jakin batzuei eta gas naturalari zerga-tasa murriztuak aplikatzeko neurria luzatzen du. Zehazki, elektrizitatearen hornidura fakturaren osagai guztiei BEZaren %10eko tasa murriztua aplikatuko zaie 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte, 2023ko abenduaren 31ra arte aplikatzekoa zen %5ekoaren ordez. Gas naturalaren horniduran ere %10eko tasa murriztua aplikatuko da 2024ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitarte.

Zerga murriztuen luzapen hori aplikatuko zaie, orobat, pelletei, briketei, egurrari eta biomasatik datozen eta berokuntza sistemetan gas naturala ordezteko erabiltzen diren beste gai ekologiko batzuei; 2024ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte %10eko tasa murriztuarekin ordainduko dituzte zergak.

EEEBZaren esparruan, elektrizitatearen prezioa nabarmen beheratu denez azken hilabeteotan, aipatu 8/2023 Errege Lege Dekretuak arindu egiten du ekainaren 24ko 12/2021 Errege Lege Dekretuaren bidez hartu zen ohiz kanpoko neurri bat, EEEBZa eten zuena. Hori horrela, 2024ko ekitaldian hauxe izanen da zergaren zerga-oinarria: energia elektrikoa (zentraleko barratan neurtua) ekoitzi eta sisteman sartzeagatik zergadunari dagokion zenbateko osoa, instalazio bakoitzeko eta zergaldi horretan, ken lehen hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsariak, ken bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien laurden bat.

Horrez gain, egun berean, hots, abenduaren 27an, Estatuak 1171/2023 Errege Dekretua onetsi zuen, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua aldatzen duena. Arau horren bidez onetsi ziren aldaketak bat datoz, Foru Komunitatearen esparruan, urriaren 31ko 234/2023 Foru Dekretuak zerga horren erregelamenduan ekarri zituenekin (erregelamendua martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina bi salbuespen daude. Alde batetik, lurralde erkidearen Erregelamenduaren 62 ter artikuluaren idazketa eta Foru komunitateko Erregelamenduaren 53 ter artikuluarena, biak ala biak ordainketa zerbitzuen hornitzaileen erregistroen edukiari buruzkoak. Eta, bestetik, lurralde erkidearen indarreko 81 bis.2 artikuluaren idazketa eta foru arauaren 70 bis.2 artikuluarena, non ordainketa zerbitzuen hornitzaileen erregistroen gaineko aitorpena egiteko epea arautzen baita.

Horregatik guztiagatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, BEZari eta EEEBZari dagokienez, Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berberak aplika daitezen Foru Komunitatean.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko otsailaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Tributu neurri batzuen indarraldia luzatzea.

Bat.–Elikagaien entrega, inportazio eta eskurapen jakin batzuetan, Europar Batasunaren barrukoetan, aldi baterako aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-tasa, bai eta baliokidetasun-errekarguaren ondorioetarako ere.

Ondorioak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera eta indarra 2024ko ekainaren 30era bitarte izateko:

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren %5eko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Oliba-olioa eta hazi-olioak.

b) Janari-pastak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa %0,62koa izanen da.

2. Balio erantsiaren gaineko zergaren %0ko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Ogi arrunta, bai eta ogi arruntaren ore izoztua eta ogi arrunt izoztua ere, soil-soilik ogi arrunta egiteko erabiltzen direnak.

b) Ogia egiteko irinak.

c) Edozein animaliak emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua eta hautsa.

d) Gaztak.

e) Arrautzak.

f) Fruta, barazkiak, ortuariak, lekariak, tuberkuluak eta laboreak, Elikadura Kodearen eta hori garatzeko emaniko xedapenen arabera produktu naturalen izaera dutenak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa %0koa izanen da.

3. Zerga-tasaren murrizketaren onura osoa kontsumitzaileak jasoko du eta, beraz, murrizketaren zenbatekoa ezin izanen da erabili, ez osorik, ez partez, enpresen mozkin-marjina handitzeko, produktuen ekoizpen, banaketa edo kontsumo katean prezioak igota, deusetan galarazi gabe ukitutako sektoreek, erantzukizun soziala dela eta, konpromiso gehigarriak beren gain hartzea eta publizitatzea.

Neurri honen eraginkortasuna egiaztatuko da prezioen bilakaeraren jarraipena egiteko sistema batekin, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak bere eskumenen esparruan egin beharreko jarduketez gain betiere.

Bi.–Produktu energetikoen entrega, inportazio eta eskurapen jakin batzuetan, Europar Batasunaren barrukoetan, aldi baterako aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-tasa.

1. Ondorioak izanik 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta indarra, berriz, 2024ko abenduaren 31ra arte, balio erantsiaren gaineko zergan %10eko zerga-tasa aplikatuko zaie Europar Batasunaren barruan honakoen alde egiten diren energia elektrikoaren entrega, inportazio eta eskurapenei:

–Elektrizitatez hornitzeko kontratuen titularrak, potentzia kontratatua (potentzia-termino finkoa) 10 kW-ekoa edo txikiagoa denean, edozein dela ere horniduraren tentsio maila eta kontratazio mota, baldin eta eguneroko merkatuko batez besteko prezio aritmetikoa, fakturazio epeko azken egunaren aurreko azken hilabete naturalari dagokiona, 45 eurotik gorakoa izan bada MWh-ko.

–Elektrizitatez hornitzeko kontratuen titularrak, elektrizitatearen bono soziala jasotzen badute eta kaltebera larriaren edo gizarte-bazterketa arriskuan dagoen kaltebera larriaren izaera aitortua badute, Kontsumitzaile kalteberaren figura, bono soziala eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituen urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2. Ondorioak izanik 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta indarra, berriz, 2024ko martxoaren 31ra arte, balio erantsiaren gaineko zergan %10eko zerga-tasa aplikatuko zaie Europar Batasunaren barruan egiten diren gas naturalaren entrega, inportazio eta eskurapenei.

3. Ondorioak izanik 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta indarra, berriz, 2024ko ekainaren 30era arte, balio erantsiaren gaineko zergan %10eko zerga-tasa aplikatuko zaie biomasatik datozen briketen eta pelleten eta egurren entrega, inportazio eta eskurapenei, Europar Batasunaren barruan egiten direnei.

Hiru.–Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuak zehaztea 2024ko ekitaldian.

1. 2024ko ekitaldirako, hauxe izanen da energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria: energia elektrikoa (zentraleko barratan neurtua) ekoitzi eta sisteman sartzeagatik zergadunari dagokion zenbateko osoa, instalazio bakoitzeko eta zergaldi horretan, ken lehen hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsariak, ken bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien laurden bat.

Lehen hiruhilekoko ordainketa zatikatua kalkulatzeko, kontuan hartuko da ekoitzitako eta sistema elektrikora sartutako energia elektrikoaren balioaren erdia (energia hori zentraleko barratan neurtua), zergaldiaren hasieratik urteko lehenbiziko hiru hilabeteak amaitu arte, eta aplikatuko da martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen lehenbiziko artikuluaren 8. apartatuan ezarritako zerga-tasa (martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bidez energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dira).

Bigarren hiruhilekoko ordainketa zatikatua kalkulatzeko, kontuan hartuko da ekoitzitako eta sistema elektrikora sartutako energia elektrikoaren balioa (energia hori zentraleko barratan neurtua), zergaldiaren hasieratik urteko lehenbiziko sei hilabeteak amaitu arte, eta horri kenduko zaio, lehenbizi, lehen hiruhileko naturalean sistemara sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien erdia, eta, ondoren, bigarren hiruhileko naturalean sistemara sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien laurden bat; orobat, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen lehenbiziko artikuluaren 8. apartatuan ezarritako zerga-tasa aplikatuko da (martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bidez energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dira), eta dagoeneko 2024ko ekitaldiaren kontura egin diren ordainketa zatikatuen zenbatekoak kenduko dira.

Hirugarren eta laugarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da ekoitzitako eta sistema elektrikora sartutako energia elektrikoaren balioa (energia hori zentraleko barratan neurtua), zergaldiaren hasieratik urteko bederatzi edo hamabi hilabetera bitarte (hurrenez hurren), eta horri kenduko zaio, lehenbizi, lehen hiruhileko naturalean sistemara sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien erdia, eta, ondoren, bigarren hiruhileko naturalean sistemara sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien laurden bat; orobat, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen lehenbiziko artikuluaren 8. apartatuan ezarritako zerga-tasa aplikatuko da (martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bidez energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dira), eta dagoeneko 2024ko ekitaldiaren kontura egin diren ordainketa zatikatuen zenbatekoak kenduko dira.

Bigarren artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren aldaketa.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, honela idatzita geldituko dira martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren manu hauek:

Bat.–53 ter artikulua, 1. apartatuko a) eta f) letrak aldatzen dira, eta 4. apartatua eransten.

"a) BIC kodea edo entitatearen beste edozein kode identifikatzaile, ordainketa zerbitzuen hornitzailea zalantzarik gabe identifikatzen duena, bai eta haren izena edo sozietate izena eta onuradunaren izenean gauzatzen duen eginkizuna ere;"

"f) Onuradunaren helbidea edo helbideak, ordainketa zerbitzuen hornitzaileen erregistroetan agertzen diren bezala, halakorik izanez gero; onuradunaren helbide elektronikoak edo web-orrialdeak izanez gero, horien informazioa ere emanen da;"

"4. Nafarroako Foru Ogasunak bermatuko du emandako informazioa tratatzen dela datuen babeserako Europako ereduaren legezko oinarriekin bat, oinarrizko eskubideak errespetatuz eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean aitortutako printzipioak zainduz, bereziki datu pertsonalak babesteko eskubidearena (datuen babeserako Europako eredua honako hauetan dago bilduta: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/680 (EB) Zuzentaraua; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa)."

Bi.–70 bis artikulua, 2. apartatua.

"2. Aitorpen hori dagokion hiruhileko naturalaren ondorengo hilabetean aurkeztu beharko da."

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2402654