40. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

10/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 5ekoa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Nafarroako Gobernuaren IFZri lotutako ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak, eta horretarako egindako beste izendapen batzuk errebokatzen.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzeak egoera berria ekarri zuen administrazio publiko guztien funtzionamenduan.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, nahitaezkoa baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Egia da urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu behar dutela administrazio publikoek, eta gainerako pertsona juridikoen aldean tratamendu berezia izan behar dutela, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik komeni da, zenbait aplikaziotara sartzeko, departamentu eta menpeko erakunde autonomo bakoitzaren ordezkariaren sinadura elektronikoa izatea, baita Nafarroako Gobernuarena berarena ere, haien kudeaketa haietako bakoitzari esleituta.

Azaldutakoarekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak erabaki bat hartu zuen 2017ko martxoaren 29an, zeinaren bidez baimena eman baitzitzaien kontseilariei foru agindu bidez izenda zitzaten kasuan kasuko departamentuaren eta erakunde autonomoen ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak. Horrekin batera, orduan lehendakaritza arloko eskumenak zituen kontseilariari esleitu zitzaion Nafarroako Gobernuaren IFZari lotutako ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak izendatzeko ahalmena. Erabakiak xedatu zuen ezen hala egindako izendapenak noiznahi ere errebokatzen ahalko direla.

Gaur egun Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala duten pertsonak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren ekainaren 22ko 70/2020 Foru Aginduaren bidez eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko irailaren 12ko 123/2023 Foru Aginduaren bidez izendatu ziren.

Uneotan, bidezkoa da Iñaki Ibor Alduanen eta Ana María Loperena Goñiren izendapenak errebokatzea eta Iruñeko Herritarren Arretarako Bulegoan zerbitzu ematen duten Victoria de África Segura Martínez eta Oksana Kotuzyak Tsepayeva izendatzea Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala edukitzeko.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Victoria de África Segura Martínez eta Oksana Kotuzyak Tsepayeva izendatzea Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala edukitzeko, modua izan dezaten hari formalki zuzendutako jakinarazpen elektronikoetara sartzeko.

2. Betiere, egindako izendapenak noiznahi errebokatzen ahalko dira.

3. Errebokatzea Iñaki Ibor Alduanen eta Ana María Loperena Goñiren izendapenak, Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki zezaten egindakoak.

4. Foru agindu hau igortzea Lehendakaritza eta Berdintasuneko Departamentuko Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Atalera eta Herritarren Arretarako Atalera, eta interesdunei jakinaraztea.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 5ean.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2402095