1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, 2024ko otsailaren 7koa, Nafarroako Gobernuak hartua, deklaratzen duena presakoa dela "Iruña eta Zizur Txikia Donejakue bidetik lotzeko oinezkoentzako eta bizikletetarako ibilbidea eraikitzea" izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 5eko 41/2023 Foru Aginduaren bidez behin-behinean onetsi zen proiektu hau: "Iruña eta Zizur Txikia Donejakue bidetik lotzeko oinezkoentzako eta bizikletetarako ibilbidea eraikitzea"; horrekin batera, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zen.
Lurralde Kohesiorako kontseilariaren urriaren 24ko 72/2023 Foru Aginduaren bidez behin betiko onetsi ziren "Iruña eta Zizur Txikia Donejakue bidetik lotzeko oinezkoentzako eta bizikletetarako ibilbidea eraikitzea" izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Proiektuaren xedea da mugikortasuna hobetzea, oinezkoentzat eta bizikletentzat lotura jasangarri bat eginda. Proiektuan zehaztuta daude Iruña eta Zizur Txikia Donejakue bidetik lotzeko oinezkoentzako eta bizikletetarako ibilbidea eraikitzeko beharrezkoak diren obrak. Ibilbidea NA-7027 eta NA-6000 errepideekiko paraleloan joanen da, baita NA-6053rekiko ere, bukaerako tartean, eta hobekuntzak ekarriko ditu, mugikortasunerako ez ezik, bide horien erabiltzaileen bide-segurtasunerako ere, eta, beraz, komeni da obrei ahalik eta lasterren ekitea. Hori dela eta, beharrezkoak diren lursailak eskuratzeko izapideak arintzeko, ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratu behar da, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela "Iruña eta Zizur Txikia Donejakue bidetik lotzeko oinezkoentzako eta bizikletetarako ibilbidea eraikitzea" izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
2. Ukitutako ondasun eta eskubideak erosteko kalkulatu den gastua 327.446,81 eurokoa dela ezartzea, eta 2024rako luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "SEM Mugikortasun jasangarriko jarduketak C1-I1" izeneko 220002-22100-6010-453237 (PEP E-21/000464-10 elementua) partidaren kargura ordainduko dela.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
4. Erabaki hau igortzea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatura.
Iruñean, 2024ko otsailaren 7an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2402175