39. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, 2024ko otsailaren 7koa, Nafarroako Gobernuak hartua, deklaratzen duena presakoa dela "Bizikleta azpiegitura baten proiektua gauzatzea, Lizasoaingo eta Asiaingo herrien artean, Oltza zendean" izeneko proiektuko obra egiteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2022ko maiatzaren 8an eta 9an Asiaingo eta Lizasoaingo kontzejuetako batzarrek, hurrenez hurren, erabaki zuten "Bizikleta azpiegitura baten proiektua gauzatzea, Lizasoaingo eta Asiaingo herrien artean, Oltza zendean" deritzon proiektua egiteko eskumena eskuordetzan ematea Oltza zendeako Udalari; udal horrek 2022ko maiatzaren 26an eginiko osoko bilkuran onartu zuen eskuordetza, eta hiru toki erakundeek proiektu hori egiteko lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuten 2022ko maiatzaren 27an.

Oltza zendeako Udalak 2023ko maiatzaren 25ean eginiko osoko bilkuran honako erabaki hauek hartu zituen: "Bizikleta azpiegitura baten proiektua gauzatzea, Lizasoaingo eta Asiaingo herrien artean, Oltza zendean" deritzon proiektua onestea, desjabetze espedienteari hasiera ematea, proiektuaren onura publikoa eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra (proiektua onesteak berekin dakarrena) onartu eta deklaratzea, ukitutako ondasun eta eskubide horien zerrenda hasiera batean onestea eta kreditu atxikipena onestea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko behar adinakoa; era berean, proiektua jendaurrean jarri zuen hamabost egun balioduneko epean.

Jendaurreko epea iraganik, Oltza zendeako Udalak, 2023ko abuztuaren 22an egindako osoko bilkuran, jasotako alegazioei erantzun zien eta behin betiko onetsi zuen proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar deklaratzea proiektuaren onura publikoa eta ondasun eta eskubideak okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa dela deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Oltza zendeako populazioa sakabanaturik bizi denez, kontzejuen arteko konektibitatea funtsezkoa da interes orokorreko zerbitzuetara jo ahal izateko. Biziguneetako batzuk errepidez baizik ez daude lotuta, Asterain-Irurtzun NA-7010 errepideaz, zehazki, eta horrek zaildu egiten ditu mugikortasun aktiborako baliabideen joan-etorriak eta haientzat segurtasun falta sortzen du. Horrenbestez, oinezko eta bizikletentzat planteatzen den pasabidearen helburua da bide segurtasuna eta zirkulaziokoa ziurtatzea, eguneroko arriskua, bai oinezkoentzat bai errepidean ibiltzen diren ibilgailu motordunentzat, saihestuko duen bide alternatibo batekin. Horrez gain, beste helburu bat da laguntzea joan-etorri gehiago egin daitezen bizikletaz eta oinez, eta ez motordun ibilgailuekin, hau da, erregai fosilak baliatzen ez dituzten ibilgailuen erabilera sustatzea eta, horren ondorioz, laguntzea atmosferako emisio kutsagarriak murrizten, horri esker ingurumena hobetuko baita eta azpiegiturak hobeki integratuko baitira hiri ingurunean. Azkenik, Asiaingo eta Lizasoaingo kontzejuak lotzen dituen errepidea Asterain-Irurtzun NA-7010 da, Lizasoaingo bidegurutzean Lizasoain-Oltza NA-7061 errepidearekin lotzen dena. NA-7010 errepidea Arakil ibaiarekin paralelo doa, uholde arriskua duen eremu batean, azken urte hauetan euriteak gertatu direnean ibaia errepideraino iritsi baita eta ibilgailuentzako zirkulazioa eten baitu. Horrela, Asiain eta Lizasoain landabide batekin lotzeko proiektuak konponbidea emanen lioke arazo horri ere, uholdeengatik NA-7010 errepidean zirkulazioa eteten denerako lotura bat sortuko lukeelako Lizasoaineraino, ibaiaren eremutik kanpo, handik NA-7010 errepidera berriz ateratzeko.

Espedientean dago Oltza zendeako Udaleko idazkariak 2023ko azaroaren 22an eginiko txostena, zeinean esaten baita indarreko aurrekontuan kontsignazioa dagoela, zehazki, "Asiain eta Lizasoain arteko lotura oinezkoentzat" izeneko 1.450.650001 aurrekontu aplikazioan, proiektua egiteko behar adinako funts duena, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justuen ordainketak egitekoak barne.

Nafarroako Gobernuak, Oltza zendeako Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. "Bizikleta azpiegitura baten proiektua gauzatzea, Lizasoaingo eta Asiaingo herrien artean, Oltza zendean" deritzon proiektua egiteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Oltza zendeako Udalari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 7an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2402174