39. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

174E/2023 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, gizarte-erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 734149.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S4) onetsi du. S4 estrategia eskualdeko ekonomia eraldatzeko agenda bat da, Nafarroa hazkunde jasangarriaren erreferente izan dadin Europan. Hazkunde jasangarri horren alde egin ditzakeen ekintzetako bat da Nafarroako enpresetan gizarte-erantzukizuna ezartzea.

Nafarroako Gobernua 2008. urtetik garatzen ari den kudeaketa sisteman, besteak beste, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte-erantzukizuna ezartzeko metodologia bat aplikatzen da (InnovaRSE). Ondotik beste metodologia batzuk garatu dira: TAMIRSE (mikroETE eta langile autonomoentzat) eta GOBERNARSE (sektore publikorako).

Era berean, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planean identifikatu diren helburu estrategiko eta jarduketa-arlo nagusi askok lotura zuzena edo zeharkakoa dute InnovaRSE metodologiako enpresek eta entitate publikoek lortu beharreko helburu eta ekintzekin (suspertze ekonomikoa, trantsizio energetikoa, lurralde garapen jasangarria...). Hori horrela izanik, metodologia hori enpresetan aplikatzeak hain beharrezkoa den suspertzea ekartzen lagun dezake.

"InnovaRSE" metodologiak etapa hauek dauzka: diagnostikoaren eta jarduketa-planaren diseinua (aurrerantzean, GE plangintza), jarduketa-plana gauzatzea, jasangarritasun memoria, eta azkenik, hobekuntza zikloa. Aurten, dirulaguntzak helburu izanen du bi metodologiekin egitea GE plangintzaren eta hobekuntza zikloaren etapak.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernua gizarte-erantzukizuna sustatzen eta bultzatzen ari da, eta, horretarako, enpresentzako laguntzen deialdiak onesten ditu haien enpresa estrategietan gizarte-erantzukizuna sar dezaten errazteko.

Nafarroako Gobernuaren 2023ko azaroaren 15eko Erabakiaren bidez, baimena eman zen laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Gizarte-erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 120.000,00 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastuen aurrekontuko "Gizarte-erantzukizuna sustatzeko programa" izeneko 810012 81500 4709 494112 partidaren kargura.

Honela banatuko da baimendutako gastu hori:

JARDUKETA

ETAPAREN KOSTU OSOA

TXOSTEN KOPURUA

1.1. INNOVARSE GE PLANGINTZA (5 langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresak)

88.200 euro

28

1.2. TAMIRSE GE PLANGINTZA (langile autonomoak eta 5 langile baino gutxiagoko mikroETE-ak)

8.415 euro

17

1.3. INNOVARSE HOBEKUNTZA ZIKLOA

20.250 euro

10

1.4. TAMIRSE HOBEKUNTZA ZIKLOA

3.000 euro

10

Jarduketa baten eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketetako bat finantzatzeko erabiltzen ahalko da, horiek aurkeztu diren ordenan.

Horren guztiaren baldintza izanen da 2024ko gastuen partidan aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa egotea.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 7an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresetan gizarte-erantzukizuna (GE) ezartzea sustatzea.

Enpresaren estrategiako kezka sozialak, lanekoak, ingurumenekoak eta giza eskubideekiko errespetuzkoak beren interes-taldeetan nahita txertatzeari esaten zaio gizarte-erantzukizuna; horrela, beren ekintzek sortzen dituzten ondorio eta eraginez arduratzen dira. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko.

InnovaRSE kudeaketa sistemaren metodologiek (InnovaRSE eta TAMIRSE) gizarte-erantzukizunaren oinarrizko printzipioak adierazpen edo esaldi gisa aurkezten dituzte, gogoeta egiteko gai horretan kontuan hartu behar diren alderdi nagusiei buruz.

InnovaRSE metodologiak zenbait etapa ditu: GE plangintza bat diseinatzea, hau da, diagnostiko bat eta jarduketa-plan bat egitea, jarduketa-plana gauzatzea, hobekuntza ziklo bat eta jasangarritasunaren memoria bat, zeharkako etapa gisa, egindako jardueren berri emateko. Dirulaguntza GE plangintza eta hobekuntza zikloa finantzatzera bideratuko da.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) Nafarroan lantoki bat izatea eta, langile autonomoen kasuan, alta emanik egotea LAABen edo dagokion mutualitatean eta Nafarroan alta emanik egotea EJZn.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita. Zehapena izan bada, zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatu behar da neurri horiek abian jarri direla eta bete dela neurriak aplikatzeko egutegia.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du, baina horrek ez du eragotziko ofizioz egiaztatu ahal izatea arestian aipatutako baldintza guztiak betetzen direla.

3. Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan sektore publiko instituzionaleko entitateak, Espainiako Gobernuko Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren "Entitate Publikoen Inbentarioa" delakoan ageri direnak (https://www.hacienda.gob.es/es-ES/CDI/Paginas/Inventario/Inventario.aspx), ez eta 5. oinarriaren arabera akreditatuta dauden pertsonen aholkularitza-enpresak ere.

Aurreko paragrafoaren salbuespena izanen da TAMIRSE metodologiaren aplikazioa beren negozioetan ezarri nahi duten aholkularien kasua, izan ere, dirulaguntza eskuratzen ahalko dute, baldin eta akreditatutako beste pertsona batek aplikatzen badu metodologia eta deialdi honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen baditu.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:

1.1. Gizarte-erantzukizunaren plangintza: barnean hartzen du diagnostiko bat egitea eta jarduketa-plan bat diseinatzea. Diagnostiko bat prestatzeak aukera ematen die enpresei identifikatzeko zein den beren gaur egungo egoera gizarte-erantzukizunari dagokionez, "InnovaRSE" metodologiaren hiru dimentsioetako bakoitza aztertzen baita (ingurumena, ekonomia eta gizartea), edo kasua bada, TAMIRSE metodologiarenak. Aurretiazko diagnostikoa oinarri harturik, jarduketa-planak aukera emanen du jarduketa-ildo batzuk planteatzeko, jarraitu beharreko ekintza zehatzekin, enpresaren politikan gizarte-erantzukizunaren printzipioak ezartzeko.

Emakumezkoen eta gizonezkoen artean lan arloko edozein diskriminazio galaraztera zuzendutako jarduketak baloratze aldera, SI-07 adierazpenean ("InnovaRSE" diagnostikoaren kasuan), eta diagnostikoaren berdintasunaren eta kontziliazioaren atalean (TAMIRSE metodologiaren kasuan), aztertuko da genero berdintasunarekin eta kontziliazioarekin lotutako alderdietako bakoitza; gainera, enpresa aplikatzen ari den eta adierazpenean ageri ez den beste edozein gehitzen ahalko da.

1.2. Hobekuntza zikloak: beste diagnostiko bat egiten da, lortutakoa eta egiteko dauden zereginak berrikusten dituena, bai eta beste jarduketa-plan bat ere, non proposatzen baitira hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak.

2. Gainera, diruz lagungarriak diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Gobernuaren "InnovaRSE" edo TAMIRSE metodologiaren araberakoak izan behar dute.

b) Nafarroako Gobernuak 2024rako akreditatutako aholkulariekin eginen dira. Pertsona horien zerrenda laguntza hauen tramiteen fitxan eta Nafarroako Gizarte Erantzukizuna web orrian ageri da (https://innovarsenavarra.es/).

c) Laguntza eskatzen den egunaren eta 2024ko irailaren 23aren artean egin behar dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat jotzen da egun hori baino lehenago fakturatu eta ordaindu dena.

d) Enpresako, jarduketa bakarrerako emanen da dirulaguntza.

e) Aholkularitza enpresak gutxienez 70 orduko lan denbora egiaztatu beharko du InnovaRSE GE plangintza egiteko, eta gutxienez 11 ordukoa TAMIRSEkoa egiteko; hobekuntza zikloaren kasuan, gutxienez 60 orduko lan denbora egiaztatu beharko du InnovaRSEren kasuan eta 9 ordukoa TAMIRSEren kasuan.

f) Diruz lagungarriak izanen dira, soilik, enpresa bakoitzaren gizarte-erantzukizunaren lehen plangintza eta lehenengo hobekuntza zikloa.

4. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzek honako zenbateko hauek izanen dituzte:

JARDUKETA

FASEAREN
KOSTUA

GUTXIENEKO ORDU KOPURUA

DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA

1.1. INNOVARSE GE PLANGINTZA

3.150 euro

70 ordu

3.150 euro

1.2. TAMIRSE GE PLANGINTZA

495 euro

11 ordu

495 euro

1.3. INNOVARSE HOBEKUNTZA ZIKLOA

2.700 euro

60 ordu

2.025 euro

1.4. TAMIRSE HOBEKUNTZA ZIKLOA

405 euro

9 ordu

300 euro

5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. 2024ko martxoaren 1ean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta martxoaren 11n bukatuko.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskaerarekin batera, aurkeztu beharko da enpresako zuzendaritzaren konpromisoa, jarduketa diruz lagungarriak abian jartzekoa, laguntzaren fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak 3. eta 4. oinarrietan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartu ezin diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; bertan adieraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena eskatzaileei, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

7. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, 2024ko irailaren 30era arteko epea izanen dute onuradunek, egun hori barne, 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:

a) Justifikazioko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena. Formulario horrek bisita bakoitzaren sinadura-atala behar bezala beteta eduki beharko du (dagokion sinadura digitala edo zigilua).

b) Diruz lagundutako GE plangintzaren edo hobekuntza zikloaren ale bana, euskarri digitalean. Dokumentu horiek hizkera inklusibo edo ez-sexista erabiliz idatzi beharko dira.

c) GE plangintza egin duten enpresek aurkeztu beharko dute InnovaRSE zigiluen erabilerari buruzko dokumentua, behar bezala beteta.

d) Aholkularitza enpresaren faktura eta ordainketa frogatzen duen dokumentua. Bi dokumentuak dirulaguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.

Onartutako dirulaguntzaren %100 kobratzeko, zenbateko hau izanen du, gutxienez, fakturak: 4 oinarrian adierazitako "Fasearen kostuaren" guztirako zenbatekoa gehi egoki den BEZa. Fakturaren zenbatekoa "Fasearen kostua" baino txikiagoa baldin bada, proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

2. Lan Zerbitzuak frogagiriak aztertuko ditu eta, behin egiaztaturik diruz lagundutako jarduerak bat datozela kasuan kasuko metodologiarekin, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izatea.

3. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduerak "InnovaRSE" edo "TAMIRSE" metodologiaren arabera egitea, dagokionaren arabera, eta aurreko oinarrian adierazitako moduan justifikatzea.

c) Jasotako laguntzaren publizitatea egitea enpresaren web orrian, iragarki-taulan edo antzeko toki batean, gutxienez ere urtebetez laguntza ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita, esaldi hau txertatuta: "Gizarte-erantzukizuna sustatzeko 2024ko dirulaguntzaren enpresa onuraduna", ondoan Nafarroako Gobernuaren logotipoa duela, zeina esteka honen bidez jaisten ahal baita, eta erabiltzeko arauen berri izan: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

d) Behar izatera, Lan Zerbitzuari komunikatzea dirulaguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea, eta laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzea. Horretarako, jarduketa horien ondorioz eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskabidean jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352. EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horren arabera, enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntza ezin izanen da 200.000 eurotik gorakoa izan (edo 2024an aplikatzekoa den araudian adierazitako zenbatekotik gorakoa) hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2400319