39. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BORTZIRIETAKO HIRI-HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Lehendakaritzaren otsailaren 2ko 1/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi hau onetsi zen. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

DEIALDIA, BORTZIRIETAKO HIRI-HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEAREN ZERBITZUKO ZERBITZU ANITZETAKO LANGILEAREN LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO, LAN-KONTRATU FINKOAREKIN ETA LANALDI OSOAN, ETA ORDEZKAPENAK, BAJAK EDO ERREFORTZU-BEHARRAK EGITEKO IZANGAIEN ZERRENDA OSATZEKO

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Bortzirietako Hiri-Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen (aurrerantzean, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatea) plantilla organikoko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osoan.

Halaber, deialdi honen bidez izangaien zerrenda bat osatu nahi da lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako kontratatuak izateko, bat etorriz abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin.

Lanpostu honetarako hautapen sistema oposizio-lehiaketa izanen da.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarra duen araudian zehaztutako moduan; era berean, jasoko ditu Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatearen plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak.

1.3. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Mankomunitateak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Mankomunitateari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetan hautatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean afiliatu, eta alta emanen zaio.

1.5. Lanaldiaren araubidea lanaldi osokoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; dena dela, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahal dituzte biak. Bortzirietako garbigunea irekitzeko egungo ordutegiak kontuan hartuta (astean bi arratsalde eta hilean larunbat goiz bat), zerbitzu anitzetako enplegatuak ordutegi horietan eman beharko du zerbitzua; lan egindako orduak dagokion moduan konpentsatuko dira.

1.6. Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, bertzeak bertze:

a) Garbiguneko jarduerak kontrolatzea eta kudeatzea.

–Garbigunean uzten diren hondakinen sarrera-irteeren kontrola.

–Erabiltzaileei arreta ematea irekiera-ordutegian.

–Jasotako hondakinen sailkapena.

–Garbiguneko bigarren eskuko denda mantentzea. Erabiltzaileei arreta ematea eta hitzartutako prezioa kobratzea.

–Datuak hartzea eta horien erregistro informatikoa egitea.

–Garraiolariekin harremanetan jarri edukiontzi beteak lekuz aldatzeko.

–Pala kargatzailea, nabeko garabiak eta garbiguneko gainerako makinak maneiatzea edukiontziak betetzeko, kamioietan kargatzeko...

–Makineria, suteak detektatzeko sistema, zaintza-kamerak eta abar mantentzea.

–Erabiltzaile partikularrei konpostagailuak, birringailuak, kuboak eta bestelako materialak ematea. Sarrerak eta irteerak idaztea eta erregistratzea.

–Instalazioak garbitzea eta desinfektatzea.

b) Zerbitzuen arduradunarekin eta hondakinen teknikariarekin lankidetzan aritzea zabortegia kontrolatzeko eta mantentzeko.

–Astero bisita ponpak eta lixibiatuak zaintzeko.

–Instalazioen mantentze-lanak.

–Arekak eta kutxetak garbitzea.

–Adarrak eta sastrakak kentzea.

–Zabortegiaren sarreran kontrolik gabeko isurketak kontrolatzea.

c) Koordinazio-lanak zerbitzuen arduradunarekin eta hondakinen teknikariarekin, honako jarduketa hauetan:

–Bilketa-maiztasunak betetzen direla zaintzea.

–Edukiontziak eusteko itxituren eta hesien egoera ikuskatzea.

–Edukiontzien egoera ikuskatzea.

–Hala badagokio, egoera txarrean dauden edukiontziak ordeztea.

–Edukiontziak konpontzea eta ixtea.

–Gorabeherei erantzutea eta neurriak eta konponbideak proposatzea.

d) Eta, oro har, lehen deskribatutakoen antzekoak diren eta lanpostuari dagozkion zeregin guztiak egitea, zerbitzuagatik agintzen zaizkionak.

1.7. B1 hizkuntza eskakizuna eskatuko da proba idatzirako eta B2, ahozko probarako, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren baremoaren arabera, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazio bat, edo izangaiak behar den hizkuntza maila duen zehazteko proba bat gainditu beharko da, bat etorriz 55/2009 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez arautzen da euskararen ezagutza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoetan).

2. oinarria.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Eskola-Graduatuaren titulua, lehen mailako Lanbide Heziketaren titulua edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko egoeran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

d) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

g) Euskaraz jakitea eta hori frogatzea idatzizko probarako B1 titulua eta ahozkorako B2 titulua aurkeztuta, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta NAPIren arabera egun indarra duen baremoarekin bat; edo maila horiei dagokien bertze titulazio bat, ofizialki baliokidetzat onartua dagoena. Izangaiak maila horiek badituela frogatzen ahalko du, orobat, behar adinako hizkuntza maila –deialdi honetako 1.2 oinarrian adierazia– ote duen erakusten duen berariazko proba gaindituta. Nafarroako Gobernuko Euskarabideako teknikariek eginen dute proba hori.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta bete beharko dira kontratazioak iraun bitartean.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko idazkaritzan (Andutzeta kalea, 15, 3. solairua, Etxalar), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/15 Legean ezarritako edozein baliabideren bidez.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari jar diezazkioten data eta zigilua, ziurtatu aurretik.

Proposamenak postaz bidaltzen direnean, interesdunak bidalketaren data eta ordua justifikatu beharko ditu, eta kontratazio-organoari jakinarazi beharko dio posta elektronikoz (bulegoa@bhm.eus), aurkezteko ezarritako egunean.

Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da proposamena onartuko, iragarki honetan adierazitako epearen ondoren jasotzen bada.

Eskabideak aurkeztu beharko dira jarraikiz deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatutako tituluaren fotokopia.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Esperientzia baloratzeari begira, ezinbertzekoa izanen da entitate kontratatzaileen ziurtagiriak aurkeztea, non agertuko baita, zehazki, egindako lan mota, esleitutako maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta zer zerbitzutarako kontratatu den, kontratu horien iraupena.

3.2. Desgaitasunen bat duten izangaiek egoera horren egiaztagiria aurkeztu beharko dute parte hartzeko eskabidearekin batera, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eska ditzakete, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Orobat, aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer zer desgaitasun mota duten, eta zer egokitzapen eskatzen.

4. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, aurkezteko epea hurrengo egun baliodunean amaituko da.

5. oinarria.–Behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko lehendakaritzak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatearen iragarki-taulan, baita bere webgunean ere (www.bhm.eus).

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egin ditzakete edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

6. oinarria.–Behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta horiek ebatzita, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko lehendakaritzaren ebazpenaren bidez. Zerrenda hori Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta bere webgunean (www.bhm.eus) argitaratuko da, baita noiz eta non eginen diren ere deialdi honen zortzigarren oinarrian aurreikusitako hautaprobak.

7. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Patxi Castillo Graciarnea, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko lehendakaria.

Ordezkoa: Juan Carlos Unanua Navarro, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko lehendakariordea.

1. epaimahaikidea: Txomin Elgorriaga Astondoa, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko hondakinen teknikaria.

Ordezkoa: Cristina Miguel Narro, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko teknikaria.

2. epaimahaikidea: Miren Meoki Plaza, Baztango Udaleko hondakinen teknikaria.

Ordezkoa: Joseba Sánchez Arizmendiarreta, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko hondakinen teknikaria.

Idazkari kontu-hartzailea: Izaskun Gortari Sein, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko idazkari kontu-hartzailea.

Ordezkoa: M.ª Jose Larrayoz Ariztegui, Lesakako Udaleko idazkaria.

7.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin badaude urriaren 2ko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabeherak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

8.1. Oposizio-lehiaketa hiru fasetan eginen da. Lehenengo euskara proba eginen da; bigarrenik, lehiaketa fasea, eta, ondotik, oposizio fasea, oinarri hauetan adieraztitako moduan.

8.2. Oposizioaldia hasi aurretik, euskara proba eginen dute agiri bidez egiaztatu ez dutenek deialdi honetako 1.7 oinarrian eskatzen den ezagutza.

Idatzizko proba eta ahozkoa eginen dira, jakiteko pertsona hori gai den ala ez deialdi honen 1.7 oinarrian adierazitako hizkuntza eskakizunaren mailari dagokionez. Kanpoan geratuko dira gai kalifikazioa lortzen ez duten pertsonak.

Euskara proba egin ondotik, oposizioaren berariazko probak eginen dira.

8.3. Oposizio-lehiaketan, gehienez, 100 puntu eskuratzen ahalko dira osotara; haietarik, 20 puntu lehiaketaldiari dagozkio eta 80 puntu oposizioaldiari.

Oposizio-lehiaketa hasiko da onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen lehendakariaren ebazpenarekin, bertan iragartzen den egunean, tokian eta orduan.

Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala, gidabaimena edo pasaportea aldean dutela agertuko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Ariketa bakoitza amaitu ondoren, epaimahaiak Mankomunitateko web orrian eta iragarki-taulan argitaratuko ditu lortutako behin-behineko kalifikazioak, eta bi egun balioduneko epea emanen du alegazioak aurkezteko; horiek ebatzi ondoren, egonez gero, web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira behin betiko kalifikazioak, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua adierazita.

Epaimahaiak aukeran erabaki dezake ariketa bat baino gehiago edo guztiak egun berean egitea.

Hautaprobak egiten diren bitartean, desgaitasun aitortua duten eta eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, horiek egiteko behar diren denbora eta baliabideen egokitzapen posible eta beharrezkoak ezarriko dira.

Probak egitean, ezinen da testurik kontsultatu, ezta kalkulagailurik, telefono mugikorrik eta bestelako material teknologikorik erabili ere, tinta urdineko edo beltzeko boligrafoa izan ezik.

Izangairen batek kopiatzen badu edo ez baditu betetzen azterketa egiteko ezarritako arauak, zuzenean baztertuko da oposizio-lehiaketatik, eta ez du izanen lanpostura aurkezterik.

8.3.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen eta gehienez ere 20 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

A.–Laneko esperientzia (10 puntu gehienez):

A.1. Toki entitateetan instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa (D maila) edo maila bereko edo goragoko antzeko lanpostuetan emandako zerbitzuak, urte bakoitzeko: 2 puntu eta, gehienez ere, 10 puntu.

A.2. Entitate pribatuetan, instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa edo antzeko lanpostuetan emandako zerbitzuak, urte bakoitzeko: 1,5 puntu eta, gehienez ere, 10 puntu.

B.–Prestakuntza osagarria (10 puntu):

B.1. Deialdi honen xede den lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten gaiei buruz ofizialki lotuta dagoen prestakuntza, 30 ordu edo gehiagokoa: puntu 1 prestakuntza-ikastaro bakoitzeko, gehienez ere 4 puntu.

B.2. Tresna eta/edo makina hauek erabiltzeko karneta edukitzeagatik (gehienez 6 puntu):

–Orga jasotzailea erabiltzeko karneta: 2 puntu.

–Garabi-zubia erabiltzeko karneta: 2 puntu.

–Motozerra erabiltzeko karneta: 2 puntu.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

Aurreko apartatuetako merezimenduak frogatzeko, aurkeztuko dira lehiatzaileak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, aintzat hartuko dira egindako zerbitzuak bai lan araubidean, finko nahiz aldi bateko gisa, bai administrazio araubidean, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik. Ziurtagiri horiek aurkezten ez badira, alegatutako merezimenduak ez dira kontuan hartuko.

Frogaturiko esperientzia-aldiak ez badu urte osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hilabete osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, gutxienez hilabete batekoa, osorik, izan beharko du.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere kalkulatuko da kasuan kasuko proportzioaren arabera.

Merezimendu horiek frogatzeko, entitate kontratatzaile publiko nahiz pribatuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, non agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta kontratu horren iraupena.

Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izanen ditu lehiakideek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Lehiaketaldia bururatutakoan, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatearen iragarki-taulan argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

Merezimenduen balorazioaren kalifikazioen aurka alegazioak aurkeztu ahal izanen dituzte izangaiek, bi egun balioduneko epean.

8.3.2. Oposizioaldia.

Oposizioak bi proba izanen ditu: bat teorikoa eta bertzea, berriz, praktikoa. Plika-sistema erabiliko da.

Oposizioan 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Lanpostuarekin zerikusia duen 80 galderako test bat egin beharko da, II. eranskinean adierazitako gai-zerrendan aipatutako gaiei buruzkoa. Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatearen webgunean gai-zerrendaren gaiak kontsultatu ahal izanen dira (www.bhm.eus).

Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira. Bazterturik geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 0,5 puntuko balioa izanen du. Oker erantzundako galderengatik 0,10 puntu kenduko zaizkio azterketaren guztizko puntuazioari.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira. Bazterturik geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

9. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agiriak aurkeztea.

9.1. Izangaien kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du iragarki-taulan, lortutako puntuazio osoaren arabera, eta gainditu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena eginen du.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizio-faseko bigarren ariketan puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko da. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, deialdi honetako 8. oinarriko lehenengo eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, hurrenkera honetan, eta, azkenik, berdinketa-egoerak jarraitzen badu, zozketa publikoa eginen da.

9.2. Kalifikazio epaimahaiak erreklamazioak ebatzi ondoren, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko iragarki-oholean argitaratuko ditu parte hartzaile guztien behin betiko puntuazioak, eta hautagai-zerrenda lehendakariari bidaliko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta eta espediente osoarekin batera, ebatzi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Gainditu duten gainerako pertsonak zerrenda batean sartuko dira, lortutako puntuazioaren arabera, Mankomunitateak egin ditzakeen kontratazioetarako, Mankomunitateak ematen dituen zerbitzuen esparruan sortzen diren premien arabera.

9.3. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturalen barruan, izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio Mankomunitateari:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen agiri baliokidea.

b) Deialdi honen bidez bete beharreko lanpostua betetzeko behar diren titulazioen fotokopia konpultsatua.

c) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

Desgaitasuna alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiaren xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, balioespen- eta orientazio-talde eskudunek luzatua.

d) Zinpeko aitorpena edo aitorpen solemnea, funtzio publikoak betetzeko ezgaituta edo etenda ez dagoela eta herri-administrazio baten zerbitzutik kenduta ez dagoela adierazten duena.

e) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautua.

f) Nafarroako Foru Erregimena errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo betetzeko zina edo promesa.

Izangaia deialdia egin duena ez den Nafarroako Administrazio Publikoko langile finkoa bada, bere aurreko Administrazioaren espediente pertsonalean jasotako inguruabar eta aurrekari guztiak egiaztatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko du, besteak beste, sartzeari, antzinatasunari, mailari, administrazio-egoerei eta abarri buruzkoak.

9.4. Ezarritako epearen barruan, eta behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, interesdunak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da lan-kontratua formalizatu, eta jarduera guztiak baliogabetuta geratuko dira, hasierako eskabidean egon zitekeen erantzukizunari kalterik egin gabe.

9.5. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Mankomunitateak deialdi honetako 9.2. oinarrian aipatutako zerrendan dauden izangaiekin beteko du baja, hala badagokio.

10. oinarria.–Izendatzea eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Hautaketa-prozesua amaituta, eta gainditu duen izangaiak aurrekoan aipatutako agiriak aurkeztuta, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko lehendakariak ebatziko du Mankomunitate horretako lan-kontratuko langile finko izendatzea, zerbitzu anitzetako langilearen lanpostua betetzeko.

10.2. Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epea izanen du bere lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Adierazitako epean, eta behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez bada, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko lan-kontratuko langile finko izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, deialdi honen 9.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11. oinarria.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzea.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarriarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin. Era berean, oposizioko lehen ariketa gainditu duten pertsonekin (20 puntu edo gehiago), deialdi honen xede den lanpostua aldi baterako kontratatzeko hautagaien bertze zerrenda bat eratuko da, sor daitezkeen balizko beharretarako.

Lortutako azken puntuazioak erabakiko du zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

11.2. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, familia-langileen aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetatik deitzeko, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

12. oinarria.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Bortzirietako Hiri-Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatea da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein xedetarako bildu diren, xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), Bortzirietako Hiri-Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean argitaratzea barne (www.bhm.eus).

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, Bortzirietako Hiri-Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen bulegoetara joaz edo bere egoitza elektronikoaren bitartez. Halaber, eskubidea dute Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (aepd.es) erreklamazio bat aurkezteko, tratamendua indarrean dagoen araudiarekin bat ez datorrela uste badute.

13. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Etxalarren, 2024ko otsailaren 2an.–Lehendakaria, Patxi Castillo Graciarena.

I. ERANSKINA.–ESKAERA/ESKABIDEA

Izen-abizenak

NAN/AIZ

P.K. Herria

Helbidea

Telefono mugikorra

E-maila

Euskararen ezagutza deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den moduan egiaztatzeko (adierazi dagokiona):

Eskabide honekin batera, deialdi honetan eskatutako euskararen ezagutza egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia kautotua aurkeztu du.

Euskararen ezagutza egiaztatzeko proba deialdi honetan eskatutako mailan egitea eskatzen du.

Desgaitasunaren egiaztapena (hala badagokio, soilik).

Desgaitasuna dut, eta eskabidearekin batera egiaztatzen dut.

Nire desgaitasuna dela-eta, honekin batera doan egokitzapena eskatzen duela, adierazitako arrazoiengatik (aparteko folioan, eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak zehaztuko dira).

ADIERAZPENA:

–Ez du karguan aritzeko ezgaitzen duen gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

–Indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezgaitasunen batean ez dago.

–Diziplina-espediente bidez ez da edozein administrazio publikoren zerbitzutik banandu, eta ez dago funtzio publikoak betetzeko ezgaituta edo etenda.

–Deialdian eskatutako titulazioak ditu, eta eskatutako baldintza guztiak betetzen ditu, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari dagokionez.

–Ez du epai irmo baten bidez kondenarik jaso sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketagatik.

ESKAERA:

Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen zerbitzu anitzeko langile plaza bat betetzeko deialdian onartua izatea.

Lekua, data eta sinadura.

Datuen Babesa.–Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko 1999-XIIi-13ko Lege Organikoan ezarritakoa betez, jakinarazten dizugu inprimaki honetan emandako datu pertsonalak hautaketa-prozeduran eskumenak erabiltzeko baino ez direla erabiliko, eta Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen datu-basea osatzen duten fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horretan, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzu, erregistro orokorrera joz.

I. ERANSKINA.–PROBA TEORIKORAKO GAI-ZERRENDA (40 PUNTU)

1.–Bortzirietako hiri-hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitateko estatutuak.

2.–Bortzirietako hiri-hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitateko ordenantzak:

a) Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza, Bortziriak-Bortzirietako Mankomunitatearena, hiri-hondakin solidoak kudeatzeko.

b) Hiri hondakin solidoak kudeatzeko Bortziriak-Bortzirietako Mankomunitateak hiri hondakinak bildu, tratatu, ustiatu edo deuseztatzeagatiko tasak eta zerbitzu horrekin lotutako gainerako jarduerak arautzen dituen ordenantza fiskala.

c) Garbigune finkoaren kudeaketa arautzen duen ordenantza.

3.–Etxeko Hondakinen kudeaketa Bortzirietako Mankomunitatean: bilketa-sistemak eta antolaketa. Baztan eta Malerrekarekin mankomunatutako zerbitzuak.

4.–Nafarroaren Hondakinen Plana 2017-2027: 6.2. puntua (Prebentzio-Plana) eta 6.3. puntua (Hondakinak Kudeatzeko Plana).

5.–14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzkoa.

6.–7/2022 Legea, apirilaren 8koa, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa.

7.–1055/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, ontziei eta ontzi-hondakinei buruzkoa.

8.–Hondakinei buruzko Europako zuzentaraua: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentaraua, 2008ko azaroaren 19koa, hondakinei buruzkoa.

9.–Toki Administrazioa Nafarroan: toki-entitate motak, eskumenak eta funtzionamendu araubidea.

10.–Administrazio-prozedura: hasiera, izapidetzea eta instrukzioa, amaiera.

11.–Bortziriak: eremu geografikoa, datu soziodemografikoak eta biztanleriari buruzkoak, Bortzirietako Udalen ondasun eta instalazioen ezaugarriak eta kokapena.

12.–Laneko segurtasun- eta higiene-arauei buruzko oinarrizko ezagutzak. Segurtasuna makineria eta erremintak erabiltzean.

Iragarkiaren kodea: L2402152