39. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, 2024ko azaroaren 11tik 14ra Düsseldorfen eginen den osasun arloko teknologiaren Medica 2024 azokan parte hartzeko.

Nafarroako Gobernua Nafarroako Nazioarteko Plana sustatzen du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroaren nazioartekotze-prozesuaren diagnostikoan, zeina oinarri hartu baita aipatu plana egiteko, Alemania lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Osasunaren arloa da herrialde horretako sektore estrategikoetako bat.

Urtero egiten den Medica azoka (https://www.medica-tradefair.com) munduko garrantzitsuena da osasun arloko teknologiaren sektorean, eta aurten azaroaren 11tik 14ra eginen da Düsseldorfen. Azken edizioan, 2023koan, Medica azokak 5.400 erakusketari eta 83.000 bisitari baino gehiago izan zituen, 166 herrialdetakoak.

Nafarroako Gobernuaren ustez, azoka honek aukera handiak eskain ditzake medikuntzaren sektoreko Nafarroako enpresentzat, eta batez ere, teknologia diseinatzen eta ekoizten duten enpresentzat, bai eta osasunaren arloko eta laborategietako ekipamendua diseinatzen eta ekoizten dutenentzat ere.

Ekintzaren xedeak.

–"Nafarroa" marka ezagutaraztea eta Nafarroako osasun arloko teknologiaren sektorearen irudi taldekatu, profesional eta erakargarria eskaintzea azokan.

–Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, osasunaren arloko teknologiaren eta gailu medikoen sektorearen nazioarteko egoera ezagutzeko.

–Osasunaren sektoreko eta, zehazki, osasunaren arloko teknologiaren sektoreko Nafarroako enpresei laguntza instituzionala ematea, nazioarteko garapenean.

–Negozio aukerak identifikatzea eta Nafarroako enpresei laguntzea balizko bezeroekin harremanetan jartzen.

Sektorea.

–Osasun arloko teknologia.

Ekintzaren edukia.

–"Navarra Health" erakustoki instituzionala eskuragarri jartzea, parte hartzen duten enpresek bilerak egiteko topalekua izan dadin. Erakustoki hori pabilioi bateratuan jarriko da (15. hallean), zeina Fenin-Osasun arloko Teknologia Enpresen Espainiako Federazioak antolatzen baitu. Parte hartzen duten enpresek neurrizko dimentsioak dituen produkturen bat erakusteko aukera aztertuko da, dagoen espazioaren arabera.

–Enpresen eta balizko bezeroen arteko topaketak antolatuko dira "Healthcare Brokerage Event" delakoaren baitan, Nafarroako Unibertsitateko Enterprise Europe Network sarearekin lankidetzan. Topaketa horien helburua da enpresei, unibertsitateei eta ikerketa zentroei laguntzea entitate bazkideak identifikatzen, teknologia trukatzeko eta produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, lizentzietarako, banaketa-akordioetarako, joint ventures motako kontratuetarako edo beste zeinahi lankidetza motatarako.

–Nafarroako Gobernuarentzat lehentasunezkoak diren herrialdeetako enpresa eta erakundeekin enpresa-topaketak antolatzea.

–Azokara joan aurretik, enpresa parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera ematea (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion), parte hartzen duen enpresa bakoitzak nazioartekotzeko duen prestakuntza baloratzeko.

–Nafarroako entitateen sustapen katalogo bat prestatzea, azokan banatzeko.

–Entitate parte-hartzaileen sustapena eta zabalkundea eginen da, MEDICA azokan jarriko den "Navarra Health" erakustokian.

–Azokan sartzeko txartelak ematea (txartel bat enpresa bakoitzeko).

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

–Osasun arloko teknologiaren sektoreko entitatea izatea (zentro teknologikoak, osasun arloko teknologiako produktuak fabrikatzen dituzten enpresak eta abar). Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

–Egoitza soziala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.

–Web-orria ingelesez izatea.

–Harremanetarako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, Medica azokaren aurretik, azoka bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

Eskaera aurkezteko epea.

Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2024ko martxoaren 15eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-stand-de-navarra-en-feria-medica-2024.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

Medica azokako ekintza honetan gehienez ere 10 enpresak eta gutxienez ere 6 enpresak parte hartzen ahalko dute. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

Medica azokan banaka parte hartzen duten erakusketa-enpresek Navarra Health erakustokian ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta lekurik geratzen bada.

Enpresek lehentasuna izanen dute baldin eta parte hartu ez badute misio honetako sektorerako Nafarroako Nazioarteko Planak antolatutako beste azoka edo misio komertzial batean 2024an.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, ez parte hartzea erabakiz gero, azoka hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez aurkeztu beharko da uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko da.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetako bat ez denean, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Erakustokian arreta ematen egotea azokako egun guztietan eta azoka irekita dagoen ordutegian.

–Ekintza egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 9an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2402520