39. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, 2024ko ekainaren 12tik 14ra Parisera –Rungisko merkatura– joateko enpresa-misioan parte hartzeko, elikagaien sektoreari zuzenduta.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana bultzatzen du (http://www.planinternacionaldenavarra.es/), Nafarroako enpresen presentzia kanpoan sustatzeko tresna gisa. Plan horren arabera, Frantzia da kanpo sustapeneko jarduerak egiteko lehentasunezko herrialdeetako bat, eta bereziki garrantzitsuak dira nekazaritzako elikagaien sektorerako eskaintzen dituen aukerak.

Frantzia Europar Batasuneko herrialde garrantzitsuenetako bat da merkatuari dagokionez, Espainiako elikagaien esportaziorako lehen merkatua baita. Portugalekin, Italiarekin, Alemaniarekin eta Erresuma Batuarekin batera, esportazioen %60 baino gehiago biltzen dute bost herrialde horiek.

Rungis zer den.

1.200 enpresa dituen merkatu bat.

Rungisko merkatuak 234 hektareako azalera du eta munduko produktu freskoen merkatu handiena da. Zentro logistiko eta komertzial horretan 1.200 enpresa baino gehiago daude, eta 13.000 langile ditu. 2022an, 4.341 erosle berrik eman zituzten lehen urratsak nazioarteko merkatu horretan. Era berean, 2022an, Rungisko merkatuak 3 milioi tona salgai mugitu zituen, eta horietatik 1,78 tona elikagaienak ziren. 10.000 milioi euroko fakturazioa egin zuen.

Nahiz eta Rungisen erosten dutenen %65 Île-de-France eskualdekoak izan, merkatuak Europako eta mundu osoko enpresak eta jatetxeak hornitzen ditu eta, horregatik, Rungiskoa munduko produktu freskoen merkatu handiena bihurtu da.

Ekintzaren xedeak.

–"Nafarroa" marka ezagutaraztea eta Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen irudi taldekatu, profesional eta erakargarria eskaintzea.

–Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, Frantziako nekazaritzako elikagaien banaketa-sektorearen egoera ezagutzeko.

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresei nazioartekotzeko laguntza instituzionala ematea.

–Negozio aukerak identifikatzea eta Nafarroako enpresei laguntzea balizko bezeroekin harremanetan jartzen.

Ekintzaren edukia.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu parte-hartzen duten enpresentzat:

–Enpresei harrera egitea.

–Nafarroako produktuak dastatzea, Frantziako banatzaileekin eta inportatzaileekin B2B topaketak egitea eta networking afaria.

–Rungisko merkatu osoaren bisita.

Arrainen Merkatua, Fruta eta Barazkien Merkatua, Haragien, Hegaztien eta Ehizaren Merkatua, Gazten eta Urdaitegiaren Pabiloia eta Landareen eta Loreen Pabiloia.

–Rungisko merkatuan bezero potentzialekin enpresa-topaketak egitea.

–Parisko azalera handiko saltokiak edo denda espezializatuak bisitatzea, merkatuarekin ohitzeko.

–Frantziako nekazaritzako elikagaien merkatuari buruzko prestakuntza-saioa, Michel Budai Espainiako Ekonomia eta Merkataritzarako Parisko Bulegoko alboko departamentuko buru albokoaren eskutik.

–Azokara joan aurretik, enpresa parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera ematea (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion), parte hartzen duen enpresa bakoitzak nazioartekotzeko duen prestakuntza baloratzeko.

–Sustapenerako katalogo bat egitea.

–Barneko joan-etorriak taldean.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ditu agendak egiteko, ekitaldiak antolatzeko, enpresa topaketak egiteko eta bisitak egiteko gastuak.

Hegaldiak, otorduak, ostatua edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

–Elikagaien sektoreko enpresa izatea. Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

–Egoitza, egoitza sozial edo ekoizpen-zentro bat izatea Nafarroan.

–Frantsesez dagoen web orri bat izatea, eguneratua eta produktuen eskaintza behar beste azaltzen duena.

–Harremanetarako komertzial bat izatea, frantsesez dakiena, misioaren aurretik, misioa bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

Eskaera aurkezteko epea.

Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2024ko martxoaren 22ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-la-mision-empresarial-en-rungis-francia-dirigida-al-sector-agroalimentario.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Gehienez parte hartzen ahal duten entitateen kopurua.

Gehienez ere 12 entitatek parte hartuko dute eta 6 entitate beharko dira gutxienez misioa gauzatzeko.

Inskripzioaren ordenaren arabera hautatuko dira enpresa parte-hartzaileak. Produktu-tipologia bererako, taldea hiru enpresak osatuko dute gehienez.

Enpresek lehentasuna izanen dute baldin eta parte hartu ez badute misio honetako sektorerako Nafarroako Nazioarteko Planak antolatutako beste azoka edo misio komertzial batean 2024an.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie misioa prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, ez parte hartzea erabakiz gero, azoka hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez aurkeztu beharko da uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko da.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetako bat ez denean, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Entitate parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskabidean zehazten direnak.

–Merkataritza-misioa egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 8an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2402365