39. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

13/2024 FORU DEKRETUA, otsailaren 7koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.

Apirilaren 28ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa sortu zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenean zeuden enplegu arloko zerbitzuak ematea helburu nagusiarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen.

Abuztuaren 30eko 71/2023 Foru Dekretuaren bidez, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, eta, hala, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua departamentu horri atxiki zitzaion.

Nafarroako Gobernu progresista eta pluralerako akordio programatikoak (2023-2027) oinarrizko printzipiotzat ezartzen du beren artean behar bezala harmonizatutako politika ekonomiko eta sozialak lehenestea, hazkunde jasangarria sortzen dutenak eta herritar guztiei erabateko aukera-berdintasuna eta ongizatea eta enplegu betea bermatzen dietenak, bereziki kalteberak diren kolektiboei arreta berezia eskainiz, hala nola emakumeei, gazteei edo migratzaileei.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezinbesteko eta lehentasunezko zeregina du politika horiek garatzeko. Erakundea azken urteotan izandako aldaketa guztietara egokitu da, programak eta zerbitzuak birbideratuz eta enpresentzako zerbitzuak eta langileentzako banakako arreta sustatuz, baita politiken ebaluazioa eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen enplegurako sarbidea ere. Garatutako neurriak Enplegu Politika Aktiboen Planari (2021-2024) erantzuten zioten, zeina Enplegu Planean txertatua baitago.

Datozen urteetan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak enplegu politika aktiboak finkatu behar ditu, funtsezko tresna izan daitezen pertsonen enplegagarritasuna areagotzeko –bereziki kolektibo kalteberena–, gazteen enplegua sustatzeko, langileen prestakuntza bultzatzeko –betiere ekoizpen merkatuaren beharretara egokituta– eta enpresentzako zerbitzuak indartu eta sustatzeko.

Estatutu hauek helburu horiek sustatzen dituzte, eta, helburuak bete daitezen lortzeko, funtsezkoa da enpleguaren arloko erakunde laguntzaileekin eta, bereziki, eragile ekonomiko eta sozialekin parte hartzea eta koordinatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko otsailaren zazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onestea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira. Jarraian jasotzen da horien testua.

Xedapen gehigarria.–Izendapenen berrespena.

Berretsi egiten da, gertatu zen baldintza berberetan, Enplegu Programa Integralen Ataleko buruaren izendapena, baina aurrerantzean Enpleguko Inklusioaren Ataleko buru izena hartu du.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak eta, zehazki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretua.

Azken xedapenetako lehena.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio ekonomia eta ogasunaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egin ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio eskubide sozialen, ekonomia sozialaren eta enpleguaren arloetan eskumena duen departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko otsailaren 7an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

NAFAR LANSARE-NAFARROAKO ENPLEGU ZERBITZUAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Izaera juridikoa eta atxikipena.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa da eta berezko nortasun juridikoa du, baita kudeatzeko autonomia ere bere xedeak betetzeko.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari atxikitzen zaio. Horrek izanen du kontrola haren eraginkortasunaren eta efizientziaren gainean, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko beste organo batzuei dagokien kontrola galarazi gabe.

2. artikulua. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari arlo hauetan esleitutako eskumenak erabiltzea: gizarte eragileekin adostutako enplegu politikak planifikatzea, gauzatzea eta kontrolatzea, enplegurako prestakuntzaren gainean ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz; lanbide orientazioa; enpresekin bitartekari eta aholkulari lanak egitea; lana aurkitzea; enplegua sustatzea; nork bere lana sortzeko eta ekintzailetzarako aholku ematea; lan sustapena; aukera berdintasuna eta laneratzea; eta enpleguaren egoeraren eta enplegu politiken azterketa Nafarroan.

2. Bereziki, aurreko paragrafoan deskribatu den eskumenen esparrua gauzatzeko, honako eginkizun hauek betetzea dagokio:

a) Enplegua lagundu eta bultzatuko duten programak prestatzea eta proposatzea.

b) Foru Komunitatean enplegurako prestakuntza programatzea, kudeatzea eta koordinatzea, Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuekin lankidetzan.

c) Lanbide kualifikazioa sustatzea enplegurako lanbide prestakuntzako programen bitartez.

d) Lan merkatuaren eskaintzaren eta eskaeraren arteko bitartekari lanetan aktiboki parte hartzea.

e) Lanbide orientaziorako zerbitzuak indartzea, lan munduan sartu ahal izateko.

f) Enplegurako lanbide heziketako programen koordinazioa bultzatzea, baita lanbide orientazioa ere, sistema integratu bat lortzeko.

g) Enplegu politika aktiboak planifikatzea eta kudeatzea.

h) Toki entitateekin eta Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuekin koordinatzea, enplegua eskualde guztietan sustatzeko.

i) Entitate pribatu eta publikoen ekimena bultzatzea, enplegua bultzatuko duten neurriak hartzeko.

j) Egoera ahulenean dauden edo baztertuak izateko arriskuan dauden taldeen enplegua sustatzea.

k) Lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna errazten duten politika aktiboak bultzatzea, enpleguan eta laneratzean tratu berdintasunerako esparru orokor bat ezartzeari buruzko Europako araudia betetzeko.

l) Enplegu politika aktiboetan genero-zeharkakotasuna sustatzea.

m) Zehapen ahalmena erabiltzea, Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gorde ez dituen lan arloko arau-hausteetan.

3. artikulua. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren antolaketa orokorra.

1. Hauek dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendaritza organoak:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Kudeaketako Zuzendaritza.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, bere zuzendaritza organoen goi zuzendaritzapean, unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzua.

b) Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzua.

c) Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua.

d) Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzua.

3. Honako lan batzorde sektorial iraunkor hauek eratuko dira:

a) Enplegu politiken jarraipena egiteko Batzordea.

b) Enplegurako orientazio, ekintzailetza, laguntza eta berrikuntza Zentroko Gizarte Kontseilua.

c) Betetzeko zailak diren lanbideen Katalogoko Batzordea.

d) Orientaziorako, enplegua sustatzeko eta enpresentzako zerbitzuetarako Batzordea.

e) Lanbide gaitasunak garatzeko Batzordea.

4. artikulua. Enplegurako zerbitzuen Nafarroako sistema publikoaren eraketa.

1. Enplegurako zerbitzuen sistema publikoaren barrenean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak arlo hauen gainean zuzenean gauzatzen dituen edo zeharka sustatzen dituen ekintza guztiak sartzen dira: enplegurako prestakuntza; lanbide orientazioa; enpresekin bitartekari eta aholkulari lanak egitea; lana aurkitzea; enplegua sustatzea; nork bere lana sortzeko eta ekintzailetzarako aholku ematea; lanbidean aurrera egitea; aukera berdintasuna eta laneratzea; eta enpleguaren egoeraren eta enplegu politiken azterketa Nafarroan.

2. Enplegurako zerbitzuen sare publikoak titulartasun eta kudeaketa publikoa izanen du, eta enplegurako zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko eta funtsezko ardatza izanen da.

3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren jarduketak eginen ditu arlo horretan erakunde eta organismo publikoetatik sustatzen diren ekintza guztiak sistema integratu batean progresiboki biltzeko, eta haiekin guztiekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko baliabideak sustatuko dira.

4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bere jarduketak osatzen ahalko ditu beste erakunde pribatu batzuen parte-hartzearen bidez (deialdi publikoen bitartez aukeratuko dira) eta, orobat, berariazko hitzarmenak sinatuz, indarreko legediari jarraikiz.

II. KAPITULUA.–EGITURA ORGANIKOA

1. ATALA.–GOBERNU KONTSEILUA

5. artikulua. Osaera.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Gobernu Kontseilua, batez ere, erabakiak hartzeko organoa da, hiru alderdiren ordezkaritza bilduko du eta lau urtean behin berrituko da. Kide hauek izanen ditu:

a) Administrazioaren ordezkariak (5 boto):

a.1) Kontseiluburua: enplegu arloko eskumena esleitua duen departamentuko titularra.

a.2) Kontseiluburuordea: lan arloko eskumena esleitua duen zuzendaritza nagusiko titularra.

a.3) Kontseilukidea: berdintasunaren arloko eskumena esleitua duen zuzendaritza nagusiko titularra.

a.4) Kontseilukidea: lanbide heziketaren arloko eskumena esleitua duen zuzendaritza nagusiko titularra.

a.5) Kontseilukidea: aurrekontuen arloko eskumena esleitua duen zuzendaritza nagusiko titularra.

b) Sindikatuen ordezkariak (5 boto):

b.1) Nafarroako Foru Komunitatean %10etik gorako ordezkaritza dutela frogatzen duten sindikatuek kontseilukide bana izanen dute, betiere enpleguaren arloko eskumena esleitua duen departamentuak egiten dion berariazko gonbidapena onartzen baldin badu.

b.2) Sindikatu horietatik ordezkaritza handiena dutenek kontseilukide gehiago izaten ahal dituzte, 5 gehienez, daukaten ordezkaritzaren arabera.

c) Enpresaburuen elkarteen ordezkariak (5 boto): lau kontseilukide CEN-Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatuak, eta beste bat CEPES-Nafarroako Ekonomia Sozialerako Entitateen Konfederazioak izendatua.

2. Norberak erabakita, sindikaturen batek edo enpresaburuen elkarte batek uko egiten badio karguari agintaldia bukatu baino lehen, eta horrek erakunde autonomoaren ohiko funtzionamenduari kalte egiten badio, Kontseiluko buruak, gainerako kideekin kontsultatu ondoren, prozedura bat hasiko du, ofizioz, gertatu diren hutsuneak gainerako sindikatuen edo enpresaburuen elkarteen ordezkariekin betetzeko, kasuan-kasuan, haietako bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, eta hurrengo agintaldia hasi arte arituko dira.

3. Gobernu kontseiluaren bilkuretara joanen da, orobat, kudeaketa zuzendaritzako titularra, hizpidea izanik baina botorik ez. Idazkari lanetan, Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria arituko da.

6. artikulua. Eskudantziak.

Gobernu kontseiluari honako eskudantzia hauek dagozkio:

a) Enplegurako politika aktiboak zehazten dituzten ekintza, plan edo programak onestea, eta lehentasunak eta programen orientazioa finkatzea.

b) Erakundearen aurrekontuei buruzko nahitaezko txostenak egitea. Aurrekontuak, ahal dela, urte anitzekoak izanen dira.

c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa eta zuzendaritza lana kontrolatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea.

d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen aldaketa proposatzea kontseiluburuari, Nafarroako Gobernuak onets dezan, salbu eta estatutuen aldaketa horrek erakundearen egitura organikoari baizik ez badio eragiten; izan ere, kasu horretan gobernu kontseiluari aholku eskatu beharko zaio.

e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaile titularraren izendapenaren gainean kontsultatua izatea.

f) Erabakiak kontseiluburuaren esku uztea, tramite kontuak direnean edo presakoak.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako ondarea administratzea.

7. artikulua. Bilkuren araubidea eta erabakiak hartzea.

1. Kontseiluburuak deituta, gobernu kontseiluak lau hilabetean behin eginen du bilera arrunta; bilera berezia, aldiz, kontseiluburuak deituta, bere ekimenez edo hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdietako batek proposatuta.

2. Hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdiek aho batez hartuko dituzte gobernu kontseiluaren erabakiak. Hartzen diren erabakiak baliozkoak izateko, ordezkaritza bakoitzaren barrenean eskatuko da alderdi horretako kideen hiru bosten aldeko botoa, eta sindikatu bat edo enpresaburuen elkarte bat baino gehiago ez egotea erabakiaren aurka.

3. Bilkura batean eztabaida-gai baten gainean ahobatezkotasuna lortzen ez bada aurreko puntuan adierazi bezala, hiruko lan batzorde bat eratuko da, gobernu kontseiluari beste proposamen bat egiteko agindua jasoko duena. Proposamen hori 7 egun naturaleko epearen barrenean bozkatu beharko da. Batzordeak beste proposamen bat egiterik lortzen ez badu edo gobernu kontseiluaren bigarren bilkuran ere ahobatezkotasuna lortzen ez bada, Administrazioaren ordezkaritzak hartutako erabakia onetsi dela ulertuko da.

4. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen ezer, salbu eta gobernu kontseiluko kide guztiak bertaratu badira edo ordezkatuta badaude eta gaia presakoa dela deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

2. ATALA.–LAN BATZORDEAK

8. artikulua. Enplegu politiken jarraipena egiteko Batzordea.

1. Batzorde horrek hiruko ordezkaritza izanen du. Gobernu kontseiluan dauden erakundeek izendatzen dituzten ordezkariek osatuko dute. Batzordeburu lanetan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea arituko da.

2. Batzordeburuak deituta, batzordea bi hilabetean behin bilduko da; bilera bereziak, berriz, batzordeburuak deituta eginen dira, bere ekimenez edo hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdietako batek proposatuta. Batzordeburuak prestatu eta onetsiko du eguneko gai-zerrenda, bere ekimenez edo hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdietako batek proposatuta.

3. Batzordeak eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Enplegu politiken planifikazioan eta programazioan parte hartzea.

b) Bere eskumenen esparruan garatzen diren araudien gaineko aldeko txostenak egitea.

c) Gobernu kontseiluari igortzeko proposamenak prestatzea.

d) Gobernu kontseiluak bere esparruan ezarritako politiken jarraipena egitea.

e) Nafarroako lan kontratazioari buruzko informazioaren azterketa eta jarraipena egitea.

9. artikulua. Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroko Gizarte Kontseilua.

1. Gizarte kontseilu hori sortzen da lankidetza organoa izan dadin Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren funtzionamenduaren eta han garatzen diren jardueren azterketan, plangintzan, parte-hartzean, aholkularitzan eta jarraipenean.

2. Organo horren osaera honako hau da:

a) Erakunde autonomoaren zuzendari kudeatzailea.

b) Zentro horretako zuzendaritza-eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaria.

c) Zentro horretako jarduerak gauzatzeko eginkizunak esleituak dituen pertsona.

d) Ordezkari bat erakundearen gobernu kontseilua osatzen duten erakundeetako bakoitzeko, ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundearen aldetik izan ezik, horrek bi ordezkari izanen baititu.

Karguagatik izendatuak ez dauden ordezkarien kasuan, edo horiek eskuordetzen dituztenen kasuan, ahalegina eginen da emakumeen eta gizonen arteko oreka bermatzeko.

3. Kontseiluko burua erakundeko zuzendari kudeatzailea izanen da, eta, kargua hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago edo beste arrazoiren bat gertatzen bada, zentro horretako zuzendaritza-eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaria izanen da haren ordezkoa. Zentroaren jarduerak gauzatzeko eginkizunak esleituak dituen pertsona izanen da kontseiluko idazkaria. b) eta d) letretan aipatutako pertsonek kontseilukide izaera izanen dute.

4. Kontseiluko kide beren karguagatik diren pertsonen agintaldiak kargu horretan dauden bitartean iraunen du. Kontseiluko kide beren karguagatik ez diren pertsonen agintaldiak lau urte iraunen du, eta pertsona horien agintaldi kopurua ez da mugatuko. Kontseiluko kide beren karguagatik ez diren pertsonek betetzen duten posturen bat hutsik geratzen bada, ordezko kidearen agintaldiak iraunen du hutsune hori eragin duen kidearen agintaldia bukatzeko falta den denbora bete arte.

5. Kontseilu horretako kideak kargutik kentzen ahalko dira honako arrazoi hauengatik:

a) Kontseiluko kide izatea dakarren kargua uztea.

b) Haren izendapena egin zuen entitateak proposatzea.

c) Gerora etorritako ezgaitasuna, legez aitortua.

d) Agintaldiaren bukaera.

e) Uko egitea.

f) Kargu publikoetan aritzeko gaitasunik gabe uztea epai judizial irmoaren bidez.

Kontseilu horretako kideek karguan jarraituko dute ordezkatu behar dituztenek kargua hartu arte.

6. Kontseiluko osoko bilkura honako hauek osatzen dute: kontseiluburua, idazkaria eta kontseilukideak. Osoko bilkura urtean bitan bilduko da, gutxienez, ohiko bilkuran, eta bilkura berezian, aldiz, osoko bilkurako kideren batek eskatzen duenean. Bilkuren deialdia egiteko, gai-zerrenda eta beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa bidaliko zaie kontseiluko kideei. Osoko bilkura lehen deialdian modu baliozkoan eratzeko, beharrezkoa izanen da kontseiluburua, idazkaria (edo horiek modu baliozkoan ordezten dituztenak) eta gutxienez kontseilukideen erdia bertaratzea. Bigarren deialdian, baldin badago, eta kontseilukideei dagokienez, nahikoa izanen da heren bat egotea. Osoko bilkuraren erabakiak kideen gehiengo osoz hartuko dira.

7. Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroko Gizarte Kontseiluak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren jardueren plangintzan eta programazioan parte hartzea.

b) Zentro horrek aurrera eramaten dituen ekintzak edo programak prestatzea, ebaluatzea eta haien jarraipena egitea.

c) Zentroaren funtzionamendua hobetzeko proposamenean parte hartzea.

10. artikulua. Betetzeko zailak diren lanbideen Katalogoko Batzordea.

1. Batzorde horren xedea izanen da Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako informazioa aztertzea, bai eta lan merkatuari buruzko informazioa ere, gero proposamenak egiteko Betetzeko zailak diren lanbideen Katalogoan sar litezkeen lanbideei buruz, bat etorriz Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei eta Atzerritar horiek Gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onesten duen apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren 65. artikuluan ezarritako prozedurarekin.

2. Batzorde horrek hiruko ordezkaritza dauka, eta Gobernu Kontseiluan dauden erakundeek izendatutako ordezkariek osatzen dute, Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuko zuzendaria buru dela.

3. Batzordea hiru hilean behin bilduko da, batzordeburuak deituta, bai eta beharrezkoa denean ere, hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdietatik edozeinek proposatuta.

4. Batzordearen eskudantziak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2005eko azaroaren 14ko Ebazpenean finkatuak daude, bai eta apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren 65. artikuluan ere.

11. artikulua. Beste lan batzorde batzuk.

1. Beste bi lan batzorde sektorial iraunkor eratuko dira: bata lanbide gaitasunen garapenaren arloa jorratzeko, eta bestea, orientazioaren, enplegu sustapenaren eta enpresentzako zerbitzuen arloa.

Gobernu kontseiluaren esku dago, aurrekoez gainera, beste lan batzorde batzuk eratzea.

2. Batzorde horietan hiruko ordezkaritza izanen da, eta gobernu kontseiluan parte hartzen duten erakundeek izendatzen dituzten ordezkariek osatuko dituzte. Batzordeburua zuzendari kudeatzailea izanen da, edo hark eskuordetzen duena.

3. Batzordeburuak deituta, batzorde horiek beharrezkoa denean bilduko dira, hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdietako edozeinek proposatuta.

4. Bileretarako gai-zerrenda batzordeburuak prestatu eta onetsiko du, kideen proposamenak kontuan harturik.

5. Eskudantzia hauek dagozkie batzorde horiei:

a) Enplegurako politiken programazioan parte hartzea, beren eskumenen esparruan.

b) Enplegurako politika aktiboak zehaztuko dituzten ekintzak, planak edo programak prestatzea eta horien jarraipena egitea, beren eskumenen esparruan.

3. ATALA.–ZUZENDARI KUDEATZAILEA

12. artikulua. Izendapena.

1. Nafarroako Gobernuari dagokio, foru dekretu baten bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaile titularra izendatzea eta kargutik kentzea, erakunde hori zein departamenturi dagoen atxikita, hango titularrak proposatuta, eta gobernu kontseiluko kideei kontsulta egin ondoren.

2. Kargua hutsik dagoenean eta zuzendari kudeatzailea izendatu bitarte, gobernu kontseiluko buruordeak hartuko ditu haren eginkizunak aldi baterako.

13. artikulua. Ordezkoa.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea kanpoan edo eri denean edo karguan aritzeko aldi baterako ezindua dagoenean, erakunde autonomoaren barruan horretarako izendatzen den zerbitzuko zuzendariak ordeztuko du.

14. artikulua. Zuzendari kudeatzailearen eskudantziak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak honako eginkizun hauek izanen ditu erakunde honi esleitutako eskumenei dagokienez:

a) Erakundearen ordezkari gorena izatea.

b) Erakundearen mendeko administrazio unitateak zuzentzea eta antolatzea.

c) Erakundeari, bere helburuak betetzeko, agintzen zaizkion programa eta jarduketak zuzentzea, antolatzea eta kudeatzea.

d) Indarreko araudiak erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien kontratazio administratiborako ahalmenak erabiltzea.

e) Erakundearen administrazio ebazpenak onestea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

f) Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak eta bide judizialaren zein lanekoaren aurreko erreklamazioak (langileriaren arlokoak izan ezik) ebaztea, baita gainerako espediente administratiboak ere, horiek ebaztea erakundeari badagokio.

g) Erakundearen funtzionamendurako eta transferentzietako gastu eta ordainketak baimentzea, indarra duen araudian ezarritakoarekin bat.

h) Lan sistemen hobekuntzaz arduratzea, haien berrikuntza bultzatuz, gizartean lan merkatuari dagokionez antzematen diren beharren arabera.

i) Erakundeari esleitutako baliabide tekniko eta ekonomikoak optimizatzeaz arduratzea.

j) Langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, lanak eta eginkizunak banatzekoak barne.

k) Atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakundeari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena egin ondoren.

l) Erakundearen dirulaguntzen deialdiak onestea.

m) Bere karguarekin lotura izanik, enpleguaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak eta erakundearen gobernu kontseiluak agintzen dizkioten eginkizun guztiak betetzea.

4. ATALA.–LAGUNTZA ETA KUDEAKETA ADMINISTRATIBOAREN ZERBITZUA

15. artikulua. Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.

Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzua unitate organiko horizontal bat da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin koordinaturik honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Xedapen orokorrak aztertzea eta prestatzea.

b) Erakundearen administrazio unitateei aholku eta laguntza juridikoa ematea.

c) Erakundearen programen kontrol juridiko eta ekonomikoa egitea.

d) Administrazio prozeduraren arloan jarduteko irizpide uniformeak ezartzea eginkizunen esparru bakoitzean.

e) Erakundeak kudeatzen dituen programak, dirulaguntzak eta laguntzak koordinatzea, kontrolatzea eta haien jarraipena egitea, bereziki Europar Batasuneko Egitura Funtsekin batera finantzatzen diren programa eragileak.

f) Kudeaketa ekonomiko administratiboa.

g) Erakundearen administrazio unitateei aholku eta laguntza ekonomikoa ematea.

h) Langileei dagokienez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak idazkaritza tekniko nagusiei esleitzen dizkien eskudantziak.

i) Erakundearen ebaluazio plana egiteko eta gauzatzeko lanak koordinatzea.

j) Erakundeko langileen prestakuntza plana egiteko eta gauzatzeko lanak koordinatzea.

k) Enplegu politika aktiboetan genero-ikuspegia txertatzeko lanak koordinatzea.

l) Erakundeko unitate guztien arteko barne komunikazioa eta kanpo komunikazioa koordinatzea, eta parte-hartzearekin, antolaketarekin eta informazio sistemekin zerikusia duen beste edozein eginkizun.

m) Zuzendari kudeatzailearen ebazpenen fede ematea eta behar diren ziurtagiriak egitea, baita erakundean dauden bestelako dokumentu eta datuen gainekoak ere.

n) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

16. artikulua. Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuaren egitura.

Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atala.

b) Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

c) Programen Jarraipenerako Atala.

d) Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Atala.

17. artikulua. Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nahitaezko txosten juridikoak egitea beharrezko duten espedienteetan, bai eta agintzen zaizkion bestelako txostenak ere.

b) Erakundearen zehapen prozedurak tramitatzea.

c) Erakundearen ondare-erantzukizunaren gaineko prozedurak tramitatzea.

d) Kontratazio administratiborako espedienteak kudeatzea eta kontrolatzea.

e) Langileriaren arloan aholku teknikoak ematea erakundeko administrazio unitateei.

f) Langileak kudeatzea eta kontrolatzea, bai eta lan baldintzak betetzen diren ere.

g) Erakundeko langileen prestakuntza plana egitea, gauzatzea eta haren jarraipena egitea.

h) Dokumentazioa erregistratzeko prozesuak koordinatzea, kudeatzea eta kontrolatzea.

i) Erakunde autonomoaren jardueran genero-ikuspegiaren, irisgarritasunaren eta datuen babesaren zeharkakotasuna aplikatzeko aholku ematea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin koordinatuta.

j) Erabiltzaileek aurkezten dituzten kexa eta iradokizunak kudeatzea eta tramitatzea.

k) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

18. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Atalaren esparru material eta funtzionala.

Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gastu eta diru-sarreren aurrekontuen programak kudeatzea eta haien exekuzioa kontrolatzea.

b) Erakundearen jarduera ekonomikoen kontabilitate orokorra eta aurrekontuen kontabilitatea.

c) Txosten ekonomikoak prestatzea kontratazio administratiboen espedienteei buruz eta beharrezko duten beste espediente batzuei buruz.

d) Ohiko erabilerako ondasun arrunten hornidura kudeatzea.

e) Azpiegiturak eta ondasun inbentariagarriak kudeatzea.

f) Agintzen zaizkion dirulaguntzak, laguntzak eta kontratazio espedienteak kudeatzea eta horien kontrol ekonomikoa egitea.

g) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

19. artikulua. Programen Jarraipenerako Atalaren esparru material eta funtzionala.

Programen Jarraipenerako Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundeak gauzatzen dituen programen kontrolerako eta jarraipenerako planak prestatzea.

b) Erakundeak kudeatutako programen, dirulaguntzen eta laguntzen exekuzioaren kontrola eta segimendua, erakundearen gainerako administrazio unitateekin lankidetzan, batez ere, Europar Batasunaren Egitura Funtsekin batera finantzatzen direnena.

c) Erakundearen administrazio unitateek egiten dituzten jarraipen lan guztiak koordinatzea.

d) Enpleguaren arloan zerbitzuak ematen dituzten zentro eta entitateak egiaztatzea eta inskribatzea.

e) Erakundearen ebaluazio plana diseinatzea eta gauzatzea.

f) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

20. artikulua. Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Atalaren esparru material eta funtzionala.

Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Berrikuntzako eta zerbitzuak hobetzeko plan edo jarduketak prestatzea, sustatzea, kudeatzea eta haien jarraipena egitea, erakundeko administrazio unitate guztiekin koordinatuta.

b) Erakundeko agintari-taldeak diseinatzea, horien jarraipena egitea eta aipatu erakundeak garatzen dituen politika publikoen jarraipena egitea.

c) Programen Jarraipenerako Atalari laguntzea ebaluazio plana gauzatzean.

d) Erakundearen kanpoko eta barruko komunikazioa diseinatzea eta koordinatzea.

e) Koordinatzea Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuarekin eta komunikazioaren, publizitatearen, sare sozialen, parte-hartzearen, antolaketaren eta informazio sistemen inguruko gaietan eskudantziak dituzten Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuekin.

f) Erakundeak egiten dituen herritarrentzako eta enpresentzako arretarako eginkizunetan laguntzea, aurrez aurre, telefonoz edo bitarteko telematikoen bidez.

g) Erakundearen informazio sistemak eta aplikazio informatikoak koordinatzea, sustatzea eta garatzea.

h) Erakundeak dituen informatika-tresnen beharrak hautematea.

i) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

5. ATALA.–LANBIDE GAITASUNAK GARATZEKO ZERBITZUA

21. artikulua. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren esparru funtzional eta materiala.

Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Laneko prestakuntza garatzen laguntzea, langile landunen eta langabeen bizitza osoko prestakuntza bultzatuz, langileen lanbide gaitasunak hobetzeko eta enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

b) Aktiboki parte hartzea enplegura bideratutako lanbide prestakuntza ezartzen.

c) Langileen lanbide kualifikazioa hobetzera bideratutako prestakuntzaren lehentasunak eta beharrak aztertzea, horren gaineko prospekzio eta diagnostikoak egitea eta prestakuntza programak sistema produktiboaren beharretara egokitzea.

d) Lanbide gaitasunak garatzeko programen, prestakuntza- eta enplegu-programa integratuen eta prestakuntza- eta enplegu-programa mistoen laguntzak eta dirulaguntzak prestatzea, koordinatzea, kudeatzea eta sustatzea.

e) Laneko lanbide heziketako programak eta ekimenak prestatzea, koordinatzea, kudeatzea eta sustatzea, Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuekin lankidetzan.

f) Enpresek programatutako prestakuntza bultzatzea, prestakuntza-premia espezifikoei erantzuteko bide arin eta malgua den aldetik.

g) Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea ebaluazio plana gauzatzeko, lanerako prestakuntzaren esparruari dagokionez.

h) Beste administrazio, erakunde publiko, antolakunde, entitate eta enpresa batzuekin batera aritzea eta haiekin koordinatzea lantokiko lanbide prestakuntzaren esparruan.

i) Europar Batasuneko edo nazioarteko ekintza eta proiektuetan parte hartzea, bere kudeaketaren esparruko gaiei lotuak direnetan.

j) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

22. artikulua. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren egitura.

Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atala.

b) Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atala.

c) Prestakuntza Programazio Propioaren Atala.

23. artikulua. Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalaren esparru material eta funtzionala.

Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lantokiko prestakuntzaren beharrak eta aukerak aztertzea eta horiei buruzko lehentasun proposamenak egitea.

b) Prestakuntza-espezialitateak diseinatzea eta eguneratzea, hautemandako beharretatik abiatuta.

c) Lantokiko prestakuntzaren eskaintza diseinatzea eta proposatzea.

d) Prestakuntza arloko jardunbide egokiak identifikatzea eta aztertzea.

e) Lantokiko prestakuntzarako programa berritzaileak identifikatzea, diseinatzea, sustatzea eta ebaluatzea, zehazki, profil berrietarako aukerak eskaintzen dituztenak eta espezialitate berriak sortzen edo berriz diseinatzen dituztenak, eta Prestakuntza Programazio Propioaren Atalean egiten den esperimentazioan eta exekuzioan laguntzea.

f) Prestakuntza plan berritzaileak diseinatzea eta kudeatzea, sektoreekin lankidetzan.

g) Irakasleentzako prestakuntza planak kudeatzea eta metodologia hobetzeko ekimenak bultzatzea lantokiko prestakuntza programen jardueretan, haien kalitatea hobetzeko.

h) Lantokiko prestakuntzaren garapenean parte hartzen duten entitate eta erakundeekiko koordinazio teknikoa.

i) Eskaeren araberako prestakuntza sustatzea ETEentzat.

j) Irakasleen eta espezialitateen fitxategia kudeatzea eta eguneratzea.

k) Ikas-ekinezko prestakuntzarako kontratuei lotutako proiektuak eta kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza programak diseinatzea eta kudeatzea.

l) Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuak aurrera eramaten duen ebaluazio plana gauzatzen laguntzea, batez ere prestakuntzaren diseinuari dagokionez, bai lanbide gaitasunak garatzeko programei dagokienez, bai ikas-ekinezko prestakuntza programei eta prestakuntza- eta enplegu-programa mistoei dagokienez.

m) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

24. artikulua. Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atalaren esparru material eta fun­tzionala.

Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lanbide gaitasunak garatzeko programen, ikas-ekinezko prestakuntza programen eta enplegu prestakuntzako programa mistoen laguntzak eta dirulaguntzak arautzeko oinarri teknikoak lantzea eta proposatzea.

b) Lantokiko lanbide prestakuntzako programetarako, ikas-ekinezko prestakuntza programetarako, prestakuntza- eta enplegu-programa mistoetarako, enpresa planetarako eta langileen lanbide gaitasunak garatzeko beste neurri batzuetarako laguntzen eta dirulaguntzen espedienteak kudeatzea, kontrolatzea eta tramitatzea.

c) Lantokiko prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako beka eta laguntzen espedienteak kudeatzea, kontrolatzea eta tramitatzea.

d) Lanbide gaitasunak garatzeko programetan kudeatutako laguntzen eta dirulaguntzen exekuzioaren, trazabilitatearen eta eraginaren jarraipena egitea.

e) Lanbide gaitasunak garatzearen arloko programei buruzko adierazleak eta estatistikak prestatzea.

f) Garatzen diren ekintzen eta parte hartzen duten zentroen eta entitateen jarraipen teknikoa, koordinazioa eta ebaluazioa, Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalarekin koordinatuta.

g) Lantokiko prestakuntza eta prestakuntza ez-formala hedatzeko bidea definitzea eta bultzatzea.

h) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

25. artikulua. Prestakuntza Programazio Propioaren Atalaren esparru material eta funtzionala.

Prestakuntza Programazio Propioaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundeak, zuzenean edo lankidetza publiko-pribatuen esparruan, egindako prestakuntza programazioa sustatzea, gauzatzea eta haren jarraipena egitea.

b) Prestakuntza-programa eta -baliabide berritzaileak ezartzea eta arlo horretan esperimentatzea, bai eta lanbide profilen prestakuntzan ere, Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalarekin koordinatuta eta erakundearen plangintza estrategikoarekin bat etorriz.

c) Politika publikoak ezartzean sortzen diren beharren ondoriozko prestakuntza ekintzak garatzea, bereziki toki entitateekiko elkarlanaren esparruan.

d) Prestakuntza plan berritzaileen ondoriozko kudeaketa lanak egitea, sektoreko elkarteekin lankidetzan, Prestakuntza Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalarekin koordinatuta.

e) Prestakuntza propioan parte hartzen duten irakasleen gaitasunak garatzeko eta eguneratzeko sustapen lana egitea, lantokiko prestakuntzako irakasleen garapen planarekin koordinaturik.

f) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

6. ATALA.–ENPLEGUA SUSTATZEKO ETA ENPRESENTZAKO ZERBITZUETARAKO ZERBITZUA

26. artikulua. Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.

Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Enplegua sustatzeko berariazko programak prestatzea eta kudeatzea, lan merkatuaren eskakizunei erantzuna emanez.

b) Autoenplegua eta ekintzailetza bultzatzeko programak prestatzea eta kudeatzea.

c) Ekonomia sozialean kalitatezko enplegua sortzeko programak prestatzea eta kudeatzea.

d) Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten berariazko taldeentzat enplegua sustatzeko programak prestatzea eta kudeatzea.

e) Lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna eta bazterkeria eza bultzatzeko neurriak prestatzea eta kudeatzea.

f) Lan bitartekaritzaren sistema kudeatzea eta koordinatzea.

g) Enplegu zentro berezien beharrak atzematea eta aztertzea, eta horretarako laguntzak kudeatzea.

h) Laneratzeko enpresen beharrak atzematea eta aztertzea, eta horretarako laguntzak kudeatzea.

i) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

27. artikulua. Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren egitura.

Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Enpleguko Inklusioaren Atala.

b) Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Atala.

c) Enpresentzako Zerbitzuen Atala.

d) Desgaitasuna duten Pertsonentzako Enplegu Programen Atala.

e) Ekintzailetzaren eta Lan Autonomoaren Atala.

28. artikulua. Enpleguko Inklusioaren Atalaren esparru material eta funtzionala.

Enpleguko Inklusioaren Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Laneratzeko zailtasunak dituzten taldeak laneratzen laguntzeko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

b) Laneratzeko enpresekin egiteko diren programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

c) Laneratzeko enpresei kalifikazioa ematea eta kentzea.

d) Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako enplegu programak koordinatzea Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuarekin.

e) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

29. artikulua. Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Atalaren esparru material eta funtzionala.

Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Laneratzeko zailtasun handienak dituzten berariazko taldeen kontratazioa sustatzeko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea, arreta berezia emanez genero arrakala murrizteari. Talde horiek dira, esaterako, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak, gazteak eta errenta bermatua jasotzen dutenak.

b) Sektore estrategikoetako programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

c) Toki entitateekin egiteko diren enplegua sustatzeko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

d) Lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna eta bazterkeria eza bultzatzeko neurriak kudeatzea.

e) Lan merkatuaren beharrei erantzuten dieten programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

f) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

30. artikulua. Enpresentzako Zerbitzuen Atalaren esparru material eta funtzionala.

Enpresentzako Zerbitzuen Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Esparru publikoari eta pribatuari dagozkien enplegu eskaintzak koordinatzea eta kudeatzea.

b) Enplegu eskatzaileen historia profesionalak erregistratzea eta eguneratzea.

c) Lanpostuetarako hautagaien hasierako hautaketa eta/edo hautaketa teknikoa egitea.

d) Enplegurako politika aktiboen arloan informazioa eta aholku ematea, erakundearen gainerako administrazio unitateekin koordinatuta.

e) Kontratu motei, pizgarriei eta enplegua sustatzeko neurriei buruzko informazioa eta orientazioa ematea.

f) Laneko kontratazioa eta komunikazioa kudeatzea, eta laguntza teknikoa ematea contrat@ izeneko aplikazioari buruz.

g) Lanekoak ez diren praktiketako programa kudeatzea.

h) Autoenplegua sustatzeko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

i) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

31. artikulua. Desgaitasuna duten Pertsonentzako Enplegu Programen Atalaren esparru material eta funtzionala.

Desgaitasuna duten Pertsonentzako Enplegu Programen Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

b) Enplegurako zentro bereziekin egiteko diren programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

c) Enplegurako zentro bereziei kalifikazioa ematea eta kentzea.

d) Desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu programak koordinatzea Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuarekin.

e) Salbuespen-adierazpenak egitea eta neurri alternatiboak onestea desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-kuota betetzearen gainean.

f) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

32. artikulua. Ekintzailetzaren eta Lan Autonomoaren Atalaren esparru material eta funtzionala.

Ekintzailetzaren eta Lan Autonomoaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ekonomia sozialean kalitatezko enplegua sortzeko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

b) Autoenplegua sustatzeko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

c) Ekintzailetza sustatzea eta dinamizatzea, horretarako aholku emanez, prestakuntza planak prestatuz eta ekintzaileentzako laguntzak kudeatuz.

d) Aurrera eramaten diren ekintzailetza-ekintzak Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Atalarekin koordinatzea.

e) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

7. ATALA.–LAN AKTIBAZIORAKO ETA LURRALDE KOORDINAZIORAKO ZERBITZUA

33. artikulua. Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.

Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lan aktibaziorako eredu integratu bat diseinatzea eta ezartzea.

b) Lanbide orientazioko sistema bakar bat koordinatzea, arreta banakakoa eta pertsonalizatua sustatzeko.

c) Kalitaterako eta etengabeko hobekuntzarako irizpideak ezartzea lanbide orientaziorako eta lan aktibaziorako gaietan.

d) Laneratzearekin, laneko orientazioarekin eta entitate guztiekin koordinatzearekin zerikusia duten jarduketak bultzatzea eta kudeatzea.

e) Enplegu agentzien kudeaketa koordinatzea eta kontrolatzea.

f) EURES sarea zuzentzea.

g) Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren zuzendaritza.

h) Enplegu politika aktiboen arloko informazio estatistikoa prestatzea eta koordinatzea.

i) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

34. artikulua. Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuaren egitura.

1. Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Orientazio Atala.

b) Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atala.

c) Lan Aktibaziorako Atala.

d) Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Atala.

2. Orobat, unitate organiko hauek atxikitzen zaizkio Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuari, atal maila dutela:

a) Iruñeko Bigarren Zabalguneko Enplegu Agentzia.

b) Tuterako Enplegu Agentzia.

3. Orobat, Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalari atxikitzen zaizkio Agoizko, Altsasuko, Doneztebeko, Lizarrako, Lodosako eta Tafallako enplegu agentziak, ezarriko diren mailarekin eta eginkizunekin.

35. artikulua. Orientazio Atalaren esparru material eta funtzionala.

Orientazio Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lanbide orientaziorako sistema integral bat planifikatzea eta koordinatzea inplikatutako eragileekin batera.

b) Nafarroan lanbide orientazioa gauzatzeko irizpide eta jarraibide komunak ezartzea.

c) Arlo honetan hobetzeko prozesuak diseinatzea eta ezartzea.

d) Orientaziorako sarbide sistema bakar bat ezartzea, arreta eta zerbitzuaren profesionalizazio maila bat baino gehiago dituena.

e) Orientazioaren arloko programak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

f) Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuarekin koordinatzea, pertsona kalteberei zuzendutako orientazio programak kudeatzeko.

g) EURES sarea kudeatzea eta koordinatzea.

h) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

36. artikulua. Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalaren esparru material eta funtzionala.

Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Eremu geografiko bakoitzean identifikatutako enplegu baliabideak dinamizatzea, horiek koordinatzeko eta hobetzeko.

b) Erakundeak gauzatzen dituen zerbitzu eta programetarako irizpide komunak koordinatzea eta ezartzea.

c) Zerbitzuak lurralde bakoitzean gauzatzeko behar diren baliabide material eta ekonomikoei buruzko azterketak egitea eta baliabide horiek planifikatzea.

d) Lurraldeek parte hartzeko sistema sustatzea, zerbitzuak hobetzeko.

e) Enplegu agentziak koordinatzea.

f) Herritarrei lotutako informatika tresnak kudeatzea, kudeaketa eredua optimizatzeko.

g) Iturrondo zentroko eta erakundearen beste egoitza batzuetako instalazioen eta ekipamenduaren mantentze-lan prebentibo eta zuzentzailea koordinatzea.

h) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

37. artikulua. Lan Aktibaziorako Atalaren esparru material eta funtzionala.

Lan Aktibaziorako Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuak eta aholku ematea enplegu eskatzaileei eta langileei enpleguaren eta prestakuntzaren arloan, bere jarduketa eremuan.

b) Zerbitzu eskaintzen eta enplegu eskaeren kudeaketa administratiboa eramatea, eta informazioa eta laguntza ematea herritarrei.

c) Deszentralizazio administratiboko eta zerbitzuak hobeki emateko prozesuak proposatzea, enplegurako politika aktiboen arloan.

d) Enpleguari zein prestakuntzari loturiko agintariekin, solaskide sozialekin, prestakuntza zentroekin eta entitateekin koordinatzea.

e) Tokian tokiko lan merkatuetako jarduketak proposatzea, gauzatzea eta koordinatzea, haietan atzemandako beharren arabera.

f) Diharduen lurralde eremuan enplegu eta prestakuntza arloan dauden beharrak atzematea eta aztertzea.

g) Erakundearen zerbitzuak, programak eta jarduerak Nafarroako lurralde osora hedatzeko jarduerak proposatzea eta garatzea.

h) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

38. artikulua. Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Atalaren esparru material eta funtzionala.

Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ekintza berritzaileak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea, eta proiektu esperimentalak garatzea lan orientazioaren, prospekzioaren eta bitartekaritzaren arloan.

b) Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren jarduerak planifikatzea, gauzatzea eta horien jarraipena egitea, bai eta horiek garatzen dituzten beste unitate organiko eta/edo eragile batzuekin koordinatzea ere.

c) Prestakuntza plan espezifiko bat diseinatzea eta gauzatzea enplegurako lanbide orientazioko, autoenplegurako laguntzako, enpresa-prospekzioko eta lan bitartekaritzako eginkizunak betetzen dituzten erakundeko langileentzat.

d) Orientazioaren, prospekzioaren eta bitartekaritzaren arloan metodologiak hobetzeko ekimenak bultzatzea.

e) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

39. artikulua. Tuterako Enplegu Agentziaren eremu material eta funtzionala.

Tuterako Enplegu Agentziak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuak eta aholku ematea enplegu eskatzaileei eta langileei enpleguaren eta prestakuntzaren arloan, bere jarduketa eremuan.

b) Zerbitzu eskaintzen eta enplegu eskaeren kudeaketa administratiboa eramatea, eta informazioa eta laguntza ematea herritarrei.

c) Deszentralizazio administratiboko eta zerbitzuak hobeki emateko prozesuak proposatzea, enplegurako politika aktiboen arloan.

d) Enpleguari zein prestakuntzari loturiko agintariekin, solaskide sozialekin, prestakuntza zentroekin eta entitateekin koordinatzea.

e) Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren jarduerak koordinatzea eta gauzatzea Enplegu Agentziaren lurralde eremuan.

f) Tokian tokiko lan merkatuetako jarduketak proposatzea, gauzatzea eta koordinatzea, haietan atzemandako beharren arabera.

g) Diharduen lurralde eremuan enplegu eta prestakuntza arloan dauden beharrak atzematea eta aztertzea.

h) Erakundearen zerbitzuak, programak eta jarduerak Nafarroako lurralde osora hedatzeko jarduerak proposatzea eta garatzea.

i) Lan bitartekaritzaren arloan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera aritzen diren entitateekin koordinatzea.

j) Enplegu agentziako langileak zuzentzea eta antolatzea, esleituak dituzten xedeak bete ditzaten.

k) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

40. artikulua. Iruñeko Bigarren Zabalguneko Enplegu Agentziaren esparru material eta funtzionala.

Iruñeko Bigarren Zabalguneko Enplegu Agentziak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuak eta aholku ematea enplegu eskatzaileei eta langileei enpleguaren eta prestakuntzaren arloan, bere jarduketa eremuan.

b) Zerbitzu eskaintzen eta enplegu eskaeren kudeaketa administratiboa eramatea, eta informazioa eta laguntza ematea herritarrei.

c) Deszentralizazio administratiboko eta zerbitzuak hobeki emateko prozesuak proposatzea, enplegurako politika aktiboen arloan.

d) Diharduen lurralde eremuan enplegu eta prestakuntza arloan dauden beharrak atzematea eta aztertzea.

e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren jarduketa, programa eta zerbitzuak Nafarroa guztira zabaltzeko jarduketak proposatzea eta garatzea.

f) Enplegu agentziako langileak zuzentzea eta antolatzea, esleituak dituzten xedeak bete ditzaten.

g) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.

8. ATALA.–ATALETIK BEHERAKO ADMINISTRAZIO UNITATEAK

41. artikulua. Sortzea, aldatzea edo kentzea.

Bulegoak edo ataletik beherako edo haren pareko administrazio unitateak sortzeko, aldatzeko edo kentzeko, horiek atxikita dituen departamentuaren foru aginduaren bidez egin behar da, aldez aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloko eskumenak dituzten departamentuek txostena eginda.

III. KAPITULUA.–ARAUBIDE JURIDIKOA

42. artikulua. Ondarearen gaineko araubidea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ondarearen gaineko araubidea Nafarroaren ondareari buruzko araudian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa izanen da.

43. artikulua. Langileen araubidea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langileen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileena izanen da.

44. artikulua. Kontratazio araubidea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kontratazio araubidea Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuak erregulatzen dituen araudian erakunde autonomoentzat aurreikusitakoa izanen da.

45. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak honako baliabide hauek izanen ditu finantzabide:

a) Bere esku jartzen diren ondasun eta eskubideak.

b) Ondasun eta eskubide horien produktu eta errentak.

c) Baimena emanda, jasotzen ahal dituen diru-sarrera arrunt eta bereziak.

d) Nafarroako aurrekontu orokorretan esleitzen zaizkion kontsignazioak.

e) Administrazioek edo entitate publikoek ematen dizkioten dirulaguntzak, arruntak zein kapitalekoak.

f) Dohaintzak, legatuak eta entitate pribatuen nahiz partikularren bestelako ekarpenak.

g) Esleitzen zaizkion gainerako baliabideak.

46. artikulua. Araubide ekonomikoa eta finantzarioa.

Aurrekontuei, ekonomia eta finantzei, kontu-hartzailetzari, finantza-kontrolari eta kontabilitateari dagokienez, Nafarroako Foru Ogasuna erregulatzen duen araudiak erakunde autonomoentzat oro har ezarritakoari jarraikiko zaio.

47. artikulua. Egintzen araubide juridikoa.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen gisa emanen ditu bere egintza administratiboak.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ematen dituen egintza administratiboek ez dute bide administratiboa amaitzen, auzibide zibilera eta lanekora jo aurreko erreklamazioak eta ondare-erantzukizunari buruzkoak izan ezik, eta haien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, zein departamenturi dauden atxikita, hango titularrari zuzenduta.

3. Erakunde autonomo hau zein departamenturi atxikita dagoen, hango kontseilariaren esku dago foru agindu baten bidez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen egintza deusezak ofizioz berrikustea, egintza deuseztagarriak kaltegarri deklaratzea eta kargak ezartzen dituztenak edo kalterako direnak errebokatzea.

4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da organo eskuduna auzibide zibilera edo lanekora jo aurreko erreklamazioak ebazteko, langileriaren arloko erreklamazioak izan ezik, horiek funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak ebatziko baititu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak nahitaezko txostena eman ondoren.

Auzibide zibilera edo lanekora jo aurreko erreklamazioak erabakitzen dituzten ebazpenen kontra, demanda jartzen ahal da jurisdikzio eskudunari zuzendua.

5. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da organo eskuduna erakundearen funtzionamenduaren ondoriozkoak diren ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak ebazteko, bai zuzenbide publikoko harremanetan bai zuzenbide pribatukoetan.

Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak erabakitzen dituzten ebazpenen kontra aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzen ahal da, ebazpena eman zuen organoari berari zuzendua.

48. artikulua. Defentsa juridikoa.

Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoari dagokio aholku juridikoa ematea eta erakundea ordezkatzea eta defendatzea epaiketetan, jurisdikzio maila zein den ere, aipatu aholkularitza juridikoa atxikita duen departamentuaren egiturari buruzko foru dekretuan ezarritakoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2402173