1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
12/2024 FORU DEKRETUA, otsailaren 7koa, Kontratazio Publikorako Batzordea arautzen duen ekainaren 26ko 74/2019 Foru Dekretua aldatzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Kontratazio Publikorako Batzordea Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean sortu zen, organo aholku-emaile gisa, eginkizun nagusi batzuetarako: administrazioaren efizientzia hobetzea eta araua behar bezala garatzea.
Kontratazio Publikorako Batzordea arautzen duen ekainaren 26ko 74/2019 Foru Dekretuaren onetsita zenbait aldaketa egin ziren organo horren osaeran eta eginkizunetan.
Oraingo honetan, berriz, sindikatuek eta Nafarroako korporazio enpresarialak Kontratazio Publikorako Batzordean duten parte-hartzea handitu egiten da. Horrez gain, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren izena eguneratzen da.
Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren ordezkaria izendatzeko ahalmena lehendakaritzaren arloko eskumena duen departamentuak izanen duela ezartzen da, departamentu horrek duen izena edozein dela ere, eta ordezkaritza orekatuaren printzipioa txertatzen da, NABIk egindako iradokizuna aintzat hartuta.
Honen bidez onesten den arauaren aldeko txostena egin du Kontratazio Publikorako Batzordeak, 2023ko martxoaren 27an egindako bilkuran, baita Toki Araubideko Foru Batzordeak ere, 2023ko apirilaren 18an egindako bilkuran.
Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuko titularrak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko otsailaren 7ko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz,
DEKRETATZEN DUT:
1. artikulua. Ekainaren 26ko 74/2019 Foru Dekretuko 4.4 artikulua aldatzea. Foru dekretu horren bidez Kontratazio Publikorako Batzordea arautu zen. Honelaxe geldituko da:
4. Honela osatuko da Kontratazio Publikorako Batzordea:
a) Batzordeburua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloko eskumena duen departamentuko titularra izanen da, edo titular horrek aldi baterako edo betiko horretarako gaitutako pertsona. Pertsona horrek, gutxienez, zuzendari nagusi izan behar du.
b) Batzordeko buruordea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloko eskumena duen departamentuko Ondare Zerbitzuko zuzendaria izanen da.
c) Batzordeko kide bat Nafarroako Parlamentuak bere legelarien artean izendatuko du.
d) Batzordeko kide bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzukoa izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lehendakaritzaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak izendatutakoa.
e) Batzordeko kide bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloko eskumena duen departamentuko Kontu-hartzailetza Ataleko burua izanen da.
f) Batzordeko kide bat toki administrazioaren arloko eskumena duen departamentuak izendatuko du.
g) Batzordeko kide bat hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuak izendatuko du.
h) Batzordeko kide bat osasunaren arloko eskumena duen departamentuak izendatuko du.
i) Batzordeko kide bat eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuak izendatuko du.
j) Batzordeko kide bat herri lanen arloko eskumena duen departamentuak izendatuko du.
k) Batzordeko kide bat Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren ordezkaria izanen da.
l) Batzordeko kide bat Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere funtzionarioen artean izendatuko du.
m) Batzordeko kide bat Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak toki administrazioko funtzionarioen artean izendatuko du.
n) Batzordeko kide bat Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuko du.
ñ) Batzordeko bi kide Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren ordezkariak izanen dira.
o) Batzordeko bi kide ETEen ordezkariak izanen dira, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatuak.
p) Batzordeko kide bat Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartearen ordezkaria izanen da.
q) Batzordeko kide bat Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko burua izanen da.
r) Batzordeko kide bat Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoko burua izanen da.
s) Batzordeko kide bat izendatuko du Nafarroako Foru Komunitatean %10etik gorako ordezkaritza duen sindikatu bakoitzak, eta gehienez ere 4 izanen dira.
t) Idazkaria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloko eskumena duen departamentuko Kontratazio Ataleko burua izanen da.
2. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordea arautzen duen ekainaren 26ko 74/2019 Foru Dekretuko 4. artikuluari apartatu berri bat gehitzea. Honelaxe geldituko da:
7. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako ordezkaritza orekatuaren printzipioarekin bat etorriz, artikulu honen 4. apartatuan aipatzen diren entitateen presentzia, parte-hartzea eta ordezkaritza paritarioak izanen dira, halako moduan non, dagokion pertsona multzoan, sexu bateko pertsonak ez diren izanen %60 baino gehiago, ezta %40 baino gutxiago ere, eta joko den sexu bakoitzeko %50 lortzera.
Azken xedapen bakarra.–Kontratazio Batzordea eratzea.
Kontratazio Publikorako Batzordea osaera berriaren arabera eratzeko saioa batzordearen hurrengo ohiko bilkuran edo aparteko bilkuran eginen da.
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko otsailaren 7an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2402172