37. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira laguntza hauen oinarri arautzaileak eta 2024-2025erako deialdia: "Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izeneko 7132 esku-hartzean ezarritako laguntzak, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) esparruan, Nafarroako Foru Komunitatean. DDBN identifikazioa: 741016.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak arau batzuk ezartzen ditu Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta baitago, eta haren bidez 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira. Erregelamendu horrek helburu orokorrak eta horiek lortzeko esku-hartzeak ezarri zituen; besteak beste, kalitate-araubideen informazio- eta sustapen-ekintzetako lankidetzarako laguntzak.

Era berean, Batzordearen 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatua dago, 2021eko abenduaren 7koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua osatzen duena, 2023-2027 aldirako NPEren plan estrategikoetan estatu kideek zehaztutako esku-hartze mota jakin batzuetarako betekizun gehigarriei dagokienez, eta nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokien (NIBE) 1. arauari buruzko arauei dagokienez. Erregelamendu horrek 47. artikuluan ezartzen ditu aitortutako kalitate-araubide nazionalak.

Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduak nekazaritza-politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko arauak jasotzen ditu, eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du, bereziki IV. titulua, baita aplikatu beharreko kontrol-sistemak eta zehapenak ere.

2023-2027 aldirako NPEren berritasun nagusietako bat da Europar Batasuneko kide guztiek NPEren Plan Estrategiko bat izan behar dutela. Plan horretan adieraziko dira, egoera eta behar espezifikoak oinarri hartuta, zein diren NPEren helburuak eta Europako Itun Berdearen anbizioa lortzeko esku-hartzeak edo neurriak. Hala, Europako araudia betez, Espainiak NPEren Plan Estrategiko bat egin du 2023-2027 aldirako. Plan horren helburua da nekazaritza, elikadura eta landa-eremuak modu jasangarrian garatzea, gizartearen elikadura-segurtasuna bermatzeko, sektore lehiakor baten eta landa-ingurune bizi baten bidez, bai eta hura klima-aldaketara egokitzea eta jasangarriagoa bihurtzea ere. Plan hori Europako Batzordearen 2022ko abuztuaren 31ko Betearazpen Erabakiaren bidez onetsi zen. Plan horrek elementu komunak definitzen eta jasotzen ditu, eta neurri jakin batzuk aplikatzeko baldintzak bateratzen ditu.

Honako hauek hartu behar dira kontuan: abenduaren 23ko 30/2022 Legea, zeinaren bidez arautzen baitira Nekazaritza Politika Erkidearen kudeaketa-sistema eta hari lotutako beste gai batzuk; abenduaren 27ko 1046/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren eta NBEUF eta LGENF nekazaritza funts europarren gobernantza arautzen duena Espainian; abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretua, Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena, eta haren aldaketa posibleak.

Esku-hartze horren helburua da kalitatezko produktuen informazioa eta sustapena sustatzea, kontsumitzaileek kalitate-programen babespeko produktuen ezaugarri bereiziak ezagut ditzaten. Horretarako, informazio- eta sustapen-kanpainak eginen dira, produktu horien merkatu-aukerak hobetzeko eta kontsumitzaileek kalitate-programen existentziari eta ezaugarriei buruz duten ezagutza handitzeko. Aipatutako erregelamenduaren arabera, 2023-2027 aldirako NPEren Plan Estrategiko Nazionalean, zeina Europako Batzordeak onetsi baitzuen 2022ko abuztuaren 31ko C (2022) 6017 Betearazpen Erabakiaren bidez, 7132 esku-hartzea sartu da, "Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izenekoa.

Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.

Ebazpen honek, beraz, esku-hartze hori Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko funtsezko alderdiak ezartzen ditu, eta esku-hartze hori egiteko kreditua ezartzen du. Kreditu hori banakatu da, finantzaketa-iturriaren arabera: Nafarroako Gobernua eta Europar Batasuna. Gastu publikoaren %25 LGENFek finantzatzen du, eta dirulaguntza gisa ezartzen da, benetan egindako eta ordaindutako kostu diruz lagungarriak itzultzeko.

Eskumen horien artean dago nekazaritzako elikagaien kalitate deiturak sustatzea eta, bereziki, haien produkzioak sustatzeko ekintzak bultzatzea, kontsumitzaileak produkzio horien ezaugarri eta balioei buruzko informazioa izan dezan eta haien balio erantsia hobe dadin; horrek operadoreen alde jokatzen du, produktu horiek lehentasuna lortzen dutelako bide komertzialetan.

Laguntza horien helburu espezifikoak dira, besteak beste, hobetzea, batetik, nekazariak balio-katean duen posizioa eta, bestetik, gizarteak elikadura eta osasun gaietan exijitzen duenari Europar Batasuneko nekazaritzak ematen dion erantzuna, batez ere, honako hauei: modu jasangarrian ekoitzitako elikagaiak, kalitate handikoak, seguruak eta nutritiboak; xahutzen diren elikagaien kantitatea murriztea; animalien ongizatea hobetzea, eta mikrobioen aurkako botikekiko erresistentziaren aurka borrokatzea.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateak tradizio handia du nekazaritzako elikagaien kalitate figurak sustatzen eta bere produkzioak defendatzen bertako produktuen berezko balioak bermatzen dituzten ziurtapen agirien bitartez, hala produktuek berez dituzten ezaugarriengatik, nola jatorriari egiten dizkioten erreferentziengatik, hori guztia kalitate estandar altuak dituen nekazaritzako ekoizpena sustatzeko eta haren balioak nabarmentzeko modu bat delakoan.

Kontseilu arauemaileek kalitate-figurak kudeatzen dituzte, eta laguntzen dute kalitate-araubideetako nekazaritza-produktuei eta elikagaiei buruzko informazioa ematen eta horiek sustatzen. Kontseilu arauemaile bakoitzaren erregelamenduak ezartzen du zein den haren osaera, eta osatzen duten sektore guztiak ordezkatuta daude. Horrela, bermatzen da kalitate-figuretan esku hartzen duten sektore guztiak elkarlanean arituko direla, eta guztien artean hartuko dituztela erabakiak.

Berriki, aztertu egin da Europar Batasuneko kalitate-politikaren ebaluazioa, EBn babestutako adierazpen geografikoei eta espezialitate tradizional bermatuei dagokienez. Azterlan horretan adierazten denez, nekazaritzako elikagaien eta mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreetako ekoizleen taldeentzako helburu garrantzitsuenetako bat da kontsumitzaileei informazio argia ematea produktuei balioa eransten dieten propietateei buruz eta kontsumitzaileen interes legitimoak babestea. Gomendatu zen, besteak beste, "kontsumitzaileekin komunikatzea". Kalitate-araubideen helburuak egokitzat jotzen dira baita kontsumitzaileentzat ere. Hala ere, Europar Batasuneko estatu batzuetan sistema horren gaineko kontzientziazioa eta ulermena txikia denez, kontsumitzaileek ez dute nahitaez produktu horien garrantzia hautematen.

Azterlan horretan adierazten da, halaber, kalitate-figurak tresna garrantzitsua direla eskualde-nortasuna eta ondare gastronomikoa sustatzeko, bereziki adierazpen geografikoak urte luzez babesten ari diren herrialdeetan. Nolanahi ere, komunitate zientifikoak, zeinak arrakasta-kasu asko identifikatu baititu, adierazi du ezen tokiko kultura-ondare bizia zaintzearekin eta sustatzearekin lotutako dimentsio geografiko hori are gehiago gara daitekeela.

Europar Batasuneko edo estatuko nekazaritza- eta elikadura-produktuen kalitate-programek kontsumitzaileei bermeak ematen dizkiete produktuaren jatorriari, kalitateari, ezaugarriei eta ekoizpen-prozesuari buruz, nekazariek programa horietan parte hartzen dutelako.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Jatorri Deitura Babestuen (JDB) eta Adierazpen Geografiko Babestuen (AGB) kontseilu arauemaileek eta Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (CPAEN-NNPEK), babesten dituzten produktuen kalitatea eta jatorria bermatzeaz eta haien ospea zaintzeaz gain, babestutako ekoizpenak sustatu, haien balioa nabarmendu eta haiei buruzko informazioa emateko eginkizunak dituzte. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da erakunde horiei laguntza instituzionala ematea, finantza ahalmen handiagoa izan dezaten eta, hala, gauza izan daitezen beren helburuak betetzeko beharrezkoak eta osagarriak diren ekintzak burutzeko. Sustapen hori gabe, segur aski, ez dira oso eraginkorrak izanen ekoizpen sistemak, kalitate kontrola eta produktuaren ziurtapena hobetzeko ahaleginak.

Laguntza horiek funtsezkotzat jotzen dira Nafarroako nekazaritzaren sektorerako; izan ere, sektore horrek kalitate figurek babestutako nekazaritzako elikagai ugari ekoitzi eta prestatzen ditu, eta merkatuan jarri behar ditu kontsumitzaileak behar adina ezagutu eta baloratzeko moduan. Gainera, merkaturatze sistema eta erronka berriei erantzuten die, hala banaketa handiaren esparruan, nola nitxo espezializatuen eta zirkuitu laburren esparruan, elikagai kate osoa barne hartuta, bereziki sektore ekoizlea eta eraldatzailea; eta, aldi berean, lanerako aukerak mantentzen ditu, eta aukera berriak sortzen ditu landaguneetan.

Aipatu helburuak bilatzen ditu esku-hartze honek, pizgarriak emanez kalitate figuren bidez babestuta dauden nekazaritzako elikagaiak sustatzeko, figura horiek kudeatzen dituzten entitateek bultzatuta (Nafarroako Foru Komunitatean, hamasei kontseilu arauemaile daude gaur egun). Nafarroako Txistorra AGBaren kasuan, AGB hori kalitate-figura gisa aitortu du Nafarroako Foru Komunitateak otsailaren 2ko 4E/2023 Ebazpenaren bidez, eta Europar Batasunean erregistratzeko jakinarazi da, 2023ko ekainaren 1eko inskripzio-eskaeraren bidez. 2023ko uztailaren 6an (2023ko abuztuaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), babes nazional iragankorra eman zitzaion.

Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna, eta sektorean diharduten emakumeen tasa txikia dela, aintzat hartu da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat.

Kontuan izanik ezen, 2023ko abenduaren 5ean, Nafarroan gauzatzen diren LGENF arloko esku-hartzeen Jarraipen Batzordeak onetsi zituela deialdi honetako oinarri arautzaileetan aplikatzen diren 7132 esku-hartzerako Eragiketak Hautatzeko Irizpideak.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean ematen da, foru dekretu horren bidez arautzen baita Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren gobernantza sistema, haren antolakuntza eta funtzionamendua. Aipatu xedapen horren bidez, ahalmena ematen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titularrari foru dekretu hori garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko, bere eskumenen esparruan betiere, eta, bereziki, osorik edo partez Europako nekazaritzako funtsen bidez finantzatzen diren dirulaguntzen arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Nafarroako Gobernuaren 2023ko irailaren 6ko Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion 2025eko ekitaldirako 1.100.000 euroko urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) esparruan "Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izeneko 7132 esku-hartzearen laguntza emateko, 2024-2025erako deialdiari dagokionez, bai eta deialdi horretarako baimendutako kreditua handitzeko ere, nekazaritza-ustiategietan inbertitzeko laguntzen partidaren kargura, gehienez 200.000 euro.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea "Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izeneko 7132 esku-hartzearen oinarri arautzaileak eta 2024-2025erako deialdia, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) esparruan, ebazpen honen I. eranskinean jaso den moduan, baita II. eranskinetik IV. eranskinera bitartekoak ere.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta 18. oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

3. Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 1.100.000 euroko gastua baimentzen da 2025eko ekitaldirako, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, 2025eko ekitaldian horretarako gaituko den partida baten kargura, zeina izanen baita 2024ra luzatutako 2023ko gastu aurrekontuan dagoen partida honen baliokidea: 720003 72200 4459 413107 aurrekontuko partida "NPEPE LGENF 2023-2027. Nekazaritzako Produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza" izenekoa. Aipatutako gastuaren %25 LGENFek finantzatzen du.

Partidan baimendutako kreditua 200.000 euro handitu ahal izanen da gehienez, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin, eta baldin eta aurrekontu-baliabiderik badago. Handitze hori ordainduko da, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, 2025eko ekitaldian horretarako gaituko den partida baten kargura, zeina izanen baita 2024ra luzatutako 2023ko gastu aurrekontuan dagoen partida honen baliokidea: 720004 72200 7700 412113 aurrekontuko partida "NPEPE LGENF 2023-2027. Nekazaritzako Ustiategietan inbertitzeko laguntzak" izenekoa.

4. Laguntza-eskabideak Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, 45 eguneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5. Muga natural nabarmenak dituzten mendialdeak, goi-mendiak eta mendialde ez direnak Nafarroako NPEren Plan Estrategikoaren NPEPE 6613 esku-hartze fitxan jasotzen dira "Muga naturalak edo beste mugaketa espezifiko batzuk dituzten eskualdeetarako laguntzak" izenekoan.

6. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistratzea.

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 24an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

I. ERANSKINA.–"NEKAZARITZAKO PRODUKTUAK ETA ELIKAGAIAK KALITATE-ARAUBIDEETAN SUSTATZEKO LANKIDETZA" IZENEKO 7132 ESKU-HARTZEAN EZARRITAKO LAGUNTZAK, NEKAZARITZA POLITIKA ERKIDEAREN PLAN ESTRATEGIKOAREN (NPEPE) ESPARRUAN, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN. 2024-2025ERAKO DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Esku-hartze honen xedea, eremua eta aplikatzeko baldintza orokorrak.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da arautzea, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, esku-hartze honetako laguntzak: 7132 "Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza", Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) esparruan. Laguntza horiek erregelamendu honen 77. artikuluan jaso dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arau batzuk ezarri baitziren Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta.

2. Diruz lagundu daitezkeen ekintzak egiteko aldia 2024ko otsailaren 1etik 2025eko urtarrilaren 31ra bitartekoa izanen da.

2. oinarria.–Esku-hartzearen helburua.

Esku-hartze honen xedea honako helburu hauek betetzen laguntzea da:

a) Nekazariak balio-katean duen posizioa hobetzea.

b) Gizarteak elikadura eta osasun gaietan exijitzen duenari Europar Batasuneko nekazaritzak ematen dion erantzuna, batez ere, honako hauei: modu jasangarrian ekoitzitako elikagaiak, kalitate handikoak, seguruak eta nutritiboak; xahutzen diren elikagaien kantitatea murriztea; animalien ongizatea hobetzea, eta mikrobioen aurkako botikekiko erresistentziaren aurka borrokatzea.

3. oinarria.–Laguntzen onuradun izan ahal izateko irizpideak.

1. Laguntza hauek jaso ahal izanen dituzte nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarte edo erakundeek, kontseiluek, irabazi-asmorik gabeko elkarteek, administrazioek edo erakunde instrumentalek, baldin eta eratu badira kalitate-figura hauetakoren baten kudeaketa-organo gisa:

–"Lodosako pikillo piperra" JDB.

–"Erronkari gazta" JDB.

–"Idiazabal gazta" JDB.

–"Nafarroako olioa" JDB.

–"Nafarroa" JDB.

–"Errioxa" JDK.

–"Cava" JDK.

–"Hiru Erribera" AG.

–"Queilesko Erribera" AG.

–"Nafarroako patxarana" AGB.

–"Nafarroako zainzuria" AGB.

–"Tuterako orburua" AGB.

–"Nafarroako aratxea" AGB.

–"Nafarroako bildotsa" AGB.

–"Nafarroako txistorra" AGB.

–Nekazaritza ekologikoaren ekoizpena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduan jasoa; erregelamendu hori produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzkoa da, eta Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

2. Entitate horiek ekintza plan bat aurkeztu beharko dute, eta hartan jasoko dituzte kalitate figura horiek babesten dituzten nekazaritzako elikagaien gaineko informazioaren eta sustapenaren esparruan garatu beharreko jarduketak.

4. oinarria.–Laguntzen onuradun izateko betekizunak.

Onuradunek, onartuak izateko, irizpide hauek bete beharko dituzte eskaera egiten den egunean:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

5. oinarria.–Ekintza plana.

1. Eskaerarekin batera, ekintza plana aurkeztu beharko da, horrek sortuko baitu laguntzarako eskubidea. Ekintza plan horretan honako hauek jaso beharko dira: proiektuko partaideak eta abiapuntu-egoera; zein izanen diren informazio- eta sustapen-jarduerak garatzeko faseak eta helburuak, eta jarduketen zehaztasunak, hala nola, informazioarekin eta sustapenarekin lotutako gastuak eta inbertsioak, eta bideragarritasun teknikoaren, ekonomikoaren eta finantzarioaren egiaztapena.

2. Esku-hartze horren ondorioetarako, ekintza-plantzat hartzen da 1. oinarrian ezarritako aldian garatzen diren informazio- eta sustapen-ekintzen multzoa, baldin kalitate-figurek babestutako produktuen kontsumoa igotzen laguntzen badute, produktu horiei buruzko informazio gehiago emanda, produktu horiek aintzat hartuta eta merkatuak produktuok lehenetsita. Ekintza horiek behar bezala deskribatuta eta denboran programatuta egon beharko dute, aurrekontu eta guzti.

3. Hurrengo taulan jaso eta xehakatzen diren informazio eta sustapen neurrietako edozein hartzen ahal dira ekintzatzat.

–Sustapen ekintzak:

EKINTZAK

JARDUERAK

Azoka eta erakusketetan parte-hartzea

Nazio barreneko edo nazioarteko azokak EBn, berariazkoak sektorean edo orokorrak.

Erakusketa eta ekitaldiak produktua erakusteko eta aintzat hartua izan dadin.

Misio komertzialak.

Produktuaren aurkezpena.

Sustapeneko produktuak.

Informazioa eta sustapena, hainbat komunikabide baliatuz

Askotariko sustapen kanpainak (TB, irratia, prentsa, ekitaldien antolaketa, babesletzak, etab.).

Web atariak, kalitate figurak eta babestutako produktuak sustatu eta zabaltzeko.

Argitalpenak: liburuak, liburuxkak, kartelak, etab., formatu fisikoan edo digitalean.

Sustapeneko produktuak.

Informazio eta sustapenerako harreman publikoak, aditzera emateko produktuen kalitatea, segurtasuna, ingurumenarekiko errespetua eta horiek bermatzen dituen ziurtapena

Sustapena saltokian.

Produktuaren aurkezpenak.

Sustapeneko produktuak.

Alderantzizko misioak eta misio komertzialak.

Lehiaketak.

Produktuen erakustaldi eta dastaketak.

Jardunaldi eta mintegi teknikoak, kalitate figurei eta haien produktuei buruz.

Merkatu azterketak eta analisiak

Merkatu analisiak egitea, kanpainen eragina ebaluatzea, etab.

4. Ekintza planak II. eranskinean zehaztutako informazioa eduki beharko du, gutxienez ere.

5. Ekintza planean aipatutako ekintzek honako hau beharko dute bete:

a) Ziurtatzea betetzen direla informazio- eta sustapen-jarduerak Europar Batasuneko zer estatutan gauzatuko diren, estatu horretan aplikatu beharreko legeak.

b) Merkataritza marken izenak aipatzen diren informazio eta sustapen jarduerak bazter uztea.

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Ez dira diruz lagunduko, horretarako laguntzarik ez baita emanen, agintaritza eskudunari laguntza-eskaera aurkeztu aurretik fisikoki burutu edo guztiz gauzatu diren eragiketak, berdin dio dagozkion ordainketa guztiak egin diren ala ez; halaxe xedatu baita bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 86. artikuluaren 4. puntuarekin. Erregelamendu horrek arau batzuk ezartzen ditu Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta baitago, eta haren bidez 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira.

2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira honako talde hauetakoren batean sartzen direnak:

a) Zerbitzuak kontratatzea komunikazioko agentzia eta aholkularitza enpresekin, prentsa bulegoekin eta informazio eta sustapen kanpainak edo ekitaldiak sortzea, garatzea, gauzatzea eta baloratzea bultzatzen duten beste entitate edo enpresa batzuekin.

b) Azoka eta erakusketetan inskribatzea eta parte hartzea. Ekoizleen parte-hartze indibiduala aurreikusten duten azoka eta erakusketetan, ekoizle guztiek izanen dute parte hartzeko aukera, baldintza berdinetan.

c) Ekipamenduaren, espazioen eta arreta emateko zerbitzuen alokairuak, sustapenak egiteko azoka, erakusketa, lehiaketa edo ekitaldiak antolatzen direnean.

d) Argitalpenak editatu, inprimatu eta banatzea edozein diseinutan (kartela, liburuxka, liburua, etab.) eta formatutan (fisikoa edo digitala).

e) Bistaratzeko materialak, euskarriko materialak eta aurkezpenetarako erakustokiak.

f) Entitatearen web-orriak sortu eta egokitzea, informazioa eta sustapena egiteko bai kalitate figurei eta produktuen ezaugarriei buruz, bai planaren barreneko sustapen jarduerei buruz.

g) Sustapena komunikabideetan (TB, irratia eta prentsa, fisikoa edo digitala). Ekintza horiek ezin izanen dute inoiz aipatu merkataritza markarik.

h) Sustapen ekitaldietako adituak eta profesionalak (ikertzaileak, teknikariak, sukaldariak, blogariak, etab.) kontratatzea.

i) Kabineteak edo adituak kontratatzea, merkatu azterketak egiteko edo sustapen ekintzen eragina ebaluatzeko.

j) Sustapen jardueretarako produktuak.

k) Sustapeneko materiala.

l) Lehiaketetako sariak eta babesak.

m) Entitate onuraduneko langileen dietak eta joan-etorriak, sustapen jarduerei ezinbestean lotuak.

n) Langile berekien gastuak, zuzenean informazioarekin eta sustapenarekin lotuak; ekintza planeko guztirako kostuaren %15, gehienez ere. Beti aurkeztu beharko da pertsona horiek ekintza planeko jarduera hauetan izan duten dedikazioaren egiaztagiri bat, emandako denbora edo zereginak adierazteko.

3. Honako zenbateko hauek ezartzen dira pertsonako eta eguneko, ostatu, mantenu eta kilometrajerako, "Diruz lagun daitezkeen gastuen mugak" IV. eranskinaren arabera. Muga hauek entitateko langileek edo haren bazkideek egindako gastuei aplikatuko zaizkie. Eranskin berean sari sinbolikoetarako gehieneko muga ezartzen da.

4. Jatetxe zerbitzu bat kontratatzeko ekintza planean sartutako ekitaldietarako, menu eta jankide bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa ezartzen da, IV. eranskinaren arabera (Diruz lagun daitezkeen gastuen mugak).

5. Ez dira diruz lagungarriak izanen 5.000 euro baino gutxiagoko gastua duten ekintza planak, eta 800.000 eurotik gorako gastuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

6. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, ekintza planaren gastu diruz lagungarria, aurreko puntuaren arabera ezarri dena, gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

7. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza-eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzaren xedeko jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Laguntza gisa, zuzeneko dirulaguntza bat emanen da, entitate onuradunek benetan egin eta ordaindutako kostu diruz lagungarriak itzultzeko.

2. Ekintza planaren gastu diruz lagungarrien %60 adinakoak izanen dira laguntzak.

3. Laguntzaren intentsitatea eta kostu diruz lagungarriak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Kostu diruz lagungarriak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.

4. Deialdi honetako laguntzak baterako finantzaketa duten laguntzak dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 77. artikuluan eta Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 47. artikuluan ezarritakoaren arabera.

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko modua eta lehenespen irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2 Eskabideen lehentasuna kalkulatzeko, batuko dira Jarraipen Batzordeak 2023ko abenduaren 5ean onetsitako balorazio-irizpide hauen arabera emandako puntuak (100 puntu gehienez):

a) Oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean, kalitate figurari atxikitako ustiategi ekoizleek Nafarroaren barruan duten lurralde-eremuaren arabera, 10 puntu gehienez.

  • Baldin ekoizleen %75 baino gehiago badira ustiategia Nafarroako mendialdean edo goi-mendialdean dutenak: 10 puntu.
  • Baldin ekoizleen %50 baino gehiago eta %75 edo gutxiago badira ustiategia Nafarroako mendialdean edo goi-mendialdean dutenak: 5 puntu.
  • Baldin ekoizleen %25 edo gehiago badira ustiategia Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean dutenak: 2 puntu.

b) Proiektuaren balorazioaren arabera. Koherentzia eta koordinazioa, 5 puntu gehienez.

  • Urte anitzeko kanpaina edo programa baten parte diren ekintza planeko jarduerak, beste kalitate figura batzuetako jarduerekin konbinatuak: 5 puntu.
  • Urte anitzeko kanpaina edo programa baten parte diren ekintza planeko jarduerak: 4 puntu.
  • Ekintza planeko jarduerak, deialdi honetan sartzen ahal diren beste kalitate figura batzuetako jarduerekin batera: 3 puntu.

c) Proiektuaren balorazioaren arabera, merkatu-hobi berriak. Ekintza planaren aurrekontutik zenbateko portzentajea aurreikusi den jarduerak kasuan kasuko autonomia erkidegoen lurralde eremutik kanpo garatzeko (horretarako, kalitate figuraren baldintza-agirian zehaztutakoak hartuko dira aintzat), 20 puntu gehienez:

  • > %30: 20 puntu.
  • ≥ %20 eta ≤ %30: 15 puntu.
  • ≥ %10 eta < %20: 10 puntu.
  • ≥ %2 eta < %10: 5 puntu.

d) Proiektuaren balorazioaren, estalduraren, ebaluazioaren eta baliabideen arabera, 40 puntu gehienez, atal hauen arabera:

i) Programaren jarduerak: 5 puntu arte.

  • Ekintza planak lau jarduera edo gehiago baditu: 5 puntu.
  • Ekintza planak hiru jarduera baditu: 3 puntu.
  • Ekintza planak bi jarduera baditu: 2 puntu.
  • Ekintza planak jarduera bakarra badu: 1 puntu.

ii) Ekintza planaren estaldura (sustapenaren hartzaile nagusia den taldea): 15 puntu gehienez.

  • Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzaileak preskriptoreak, komertzialak, banatzaileak eta antzekoak badira, 15 puntu.
  • Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzailea publiko orokorra bada: 10 puntu.
  • Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzaileak adituak, prestatzaileak edo berariazko taldeak badira: 6 puntu.
  • Planaren aurrekontuaren zatirik handiena bakar-bakarrik sare sozialetara, online hedabideetara (Internet) edo tokiko komunikabideetan iragarki soilak jartzera bideratuta badago, azken hartzailea zehaztu gabe: 3 puntu.

iii) Merkatuaren eta eraginaren ebaluazioa: 5 puntu gehienez.

  • Ekintza planean aurreikusten bada –diruz lagungarriak diren jardueren artean– emaitzen adierazleak dituen ebaluazio metodo bat edo merkatu azterketak edo analisiak egitea: 5 puntu.

iv) Ekintza planean aurreikusitako gastuaren portzentajea, entitate onuradunak onetsi duen azken urteko aurrekontuarekin alderatuta, gehienez 15 puntu:

  • > %30: 15 puntu.
  • > %20 eta ≤ %30: 12 puntu.
  • > %10 eta ≤ %20: 8 puntu.
  • > %5 eta ≤ %10: 5 puntu.
  • > %2 eta ≤ %5: 2 puntu.

e) Bazkideen kopurua, Nafarroan eta bukatutako azken kanpainan erregistratuta zegoen operadore-kopuruaren arabera, 15 puntura arte:

  • > 500 operadore Nafarroan: 15 puntu.
  • 200 eta ≤ 500 operadore Nafarroan: 12 puntu.
  • 50 eta ≤ 200 operadore Nafarroan: 8 puntu.
  • ≥ 10 eta ≤ 50 operadore Nafarroan: 5 puntu.

f) Generoa: emakume hautetsien kopurua, kalitate bereiziko figuren kontseilu arauemaileetan:

  • Kideen ≥ %10 eta < %50 emakumeak: 5 puntu.
  • Kideen %50 emakumeak: 10 puntu.

3. Entitate onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer baremazio irizpideren arabera nahi duen aplikatzea aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat hartuko da ekintza planean aurreikusitako jarduerei dagokienez.

4. Baremazio puntuak justifikatzeko, ekintza planeko informazioan edo justifikazioetan oinarrituko da kudeaketa unitatea. Informazio hori edo aurkeztutako informazioa ez bada aski, eskatutako puntuak ez dira aintzat hartuko.

5. Babes nazional iragankorraren aitorpena duten kalitate-figuren kasuan, laguntzak emanen dira baldin eta babes hori mantentzen bada, gutxienez ere, ordaintzeko eskaera aurkezteko azken egunera arte (17. oinarria). Baldin egun hori baino lehen babesa galtzen bada, erakunde onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hau norgehiagokako araubidean tramitatzeko, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean, aurreko 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie dirulaguntza, betiere deialdian finkatutako mugarekin eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Baldin espediente batzuk puntutan berdinduta badaude, lehentasuna emanen zaio lehenengo lehentasun-irizpidean puntuaziorik handiena duenari. Hori aplikatuta ere berdinketak bere horretan jarraitzen badu, lehentasuna emanen zaio lehen eta bigarren irizpideak batuta puntu gehien dituenari, eta horrela, hurrenez hurren. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, espediente honi emanen zaio laguntza: ekintza planean aurreikusitako gastuaren ehuneko handiena duenari, entitatean onetsitako urteko azken aurrekontuaren aldean.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1. Laguntza hauen entitate onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Ekintza plana gauzatzea 1. oinarrian adierazitako aldian.

b) Egindako gastuak eta ordainketak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan justifikatzea, baita jasotako funtsak dirulaguntza emateko arrazoi izan zen helbururako erabili direla ere, ezarritako moduan eta epeetan.

c) Laguntza behar bezala eman dela, jarduerak behar bezala gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

d) Entitatearen alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta sozialei buruz behar diren argibideak ematea, baita esku-hartze honen esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

e) Diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azkeneko ordainketan frogatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

h) Ekintza plana gauzatzean, eta burutzen diren informazio eta komunikazio ekintza guztietan, LGENFek eta Nafarroako Gobernuak ekintzari emandako laguntza aitortu beharko du onuradunak, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren ikurrak agertuz eta LGENFen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzari buruzko aipamena eginez honako honen arabera:

–Onuradunak erabilera profesionalerako webgunerik badu, hartan ekintzaren deskripzio labur bat aurkeztuz, loturarik ezartzen ahal bada webgunearen xedearen eta ekintzari emandako laguntzaren artean; zenbaterainoko laguntza den eta helburuak eta emaitzak adieraziko dira, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza finantzarioa nabarmenduta.

–LGENFek kofinantzatutako neurri eta jarduerei buruzko argitalpenetan (liburuxkak, eskuorriak eta buletinak), argi adieraziko da Europar Batasunaren parte-hartzea azaleko orrialdean, eta haren ikurra agertuko da Nafarroako Gobernuarenarekin batera. Argitalpenek edukiaren arduraduna den erakundeari eta Nafarroako Gobernuari aipamen eginen diete.

Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da Agenda 2030eko logoa txertatua duen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Europar Batasunaren ikurra honako orrian aurkezten diren arau grafikoen arabera agertuko da: http://europa.eu/abc/symbols/emblem/download_en.htm. Leman deklarazio hau eginen da: «Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du».

i) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

j) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean jasotzen diren diru-itzulketak ekarriko ditu.

k) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, ebazpen honetako 18. oinarrian eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Adierazpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

2. 7132 esku-hartzerako (Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza) laguntza-eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

11. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Ebazpen honetan jasotako laguntza eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.

2. Laguntza eskabideak horretarako ezarritako eredu normalizatuetan aurkeztu beharko dira, eta eredu horiek Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko dira.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia.

b) Ekintza plana, 5. oinarrian eta II. eranskinean xedatutakoari jarraikiz.

c) Entitatearen ziurtagiri bat, oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean erregistratutako operadore kopurua adieraziko duena, Nafarroan erregistratuak eta beste autonomia erkidegoetan erregistratuak bereizita.

d) Baldin puntuak eskatzen badira ustiategi ekoizleak mendialdean daudelako, zerrenda bat, oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren datan eguneratuta, JDB/AGBan izena emanda dauden nekazaritza ekoizle operadoreekin, haiek identifikatzeko NANa edo IFK adierazita. Ustiategia gure komunitatean dutenak sartuko dira zerrendan, ez besterik.

e) Entitate onuradunak onetsi duen urteko azken aurrekontua.

f) Nafarroako Foru Komunitatearena baino eremu handiagoko elikagai-kalitateko figuren kasuan, Nafarroako Foru Komunitateari dagokion ekoizpen-ehunekoaren ziurtagiria.

g) III. eranskinaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, bertan jasotzen diren betebeharrak betetzen direla bermatzeko.

h) Ebazpen honen 6. oinarriko 6. puntuan ezarritako salbuespenari heldu nahi izanez gero, BEZaren subjektu pasibo ez izatearen ziurtagiria, edo, izatekotan, entitateak jasandako BEZa ezin duela berreskuratu egiaztatzen duen agiria.

i) Hala badagokio, 12.2.a) oinarrian aurreikusitako dokumentuak, kostuak moderazioa bermatzeko.

j) Kontseilu arauemaileko / erakundeko kide hautetsiak.

12. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Bat etorrita abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 82. artikuluan xedatutakoarekin. Errege dekretu horren bidez Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautu zen.

2. Laguntza- edo, hala badagokio, ordainketa-eskabidean jasotako kostu guztiak kontrolatuko dira. Kontrol hori izanen da laguntzen kontrol administratiboetako bat. Egiaztapenak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketa nabarmenen bat eskatzen badu jarduera bati dagokion ordainketa egin aurretik.

Horretarako, eta onuradunak proposatzen duen ekintza planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, sistema hauek erabiliko dira:

a) Eskaintzak alderatzea:

1. Oro har, laguntzaren onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez ere.

2. Gutxienez ere, honako hauek ebaluatu beharko dira: eskaintzak eta eskaintzaileak independenteak izatea, hots, loturarik ez izatea ez elkarren artean ez eta onuradunarekin ere; eskaintzen elementuak alderatu ahal izatea, eta eskaintzak argi eta xeheki deskribatzea. Zerbitzuak kontratatu nahi badira, baldintzen agiri bat prestatu beharko da eskaintzak alderagarriak izan daitezen ziurtatzeko, betiere 6.2 oinarriaren a) letran ezarritakoarekin bat. Proposamenak baldintzen agiri horri lotu beharko zaizkio, eta garatu beharreko jardueren deskribapen zehatza eginen da bertan.

3. Eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera aukeratuko da eskaintzetako bat. Proposamen merkeena aukeratzen ez denean, onuradunaren justifikazioa ebaluatu beharko da.

4. Baldin behar direnak baino eskaintza gutxiago aurkezten baditu, onuradunak behar bezala justifikatu beharko du.

b) Ebaluazio batzordea:

Ebaluazio-batzorde batek ebaluatuko ditu kostuak. Batzorde horretako kide izanen dira kudeaketa-ataleko arduraduna eta ataleko bi teknikari, gaian adituak. Aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena emanen dute edo, bestela ere, aurrekontu alternatibo bat. Merkatu-azterketa bat egitea ere izanen da. Batzordearen lana behar bezala dokumentatu beharko da.

3. Bi hauen arteko txikiena izanen da diruz lagungarria: onuradunak aurkeztutakoa, batetik, eta kostuen moderazioa aplikatzearen ondoriozkoa, bestetik.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu (proformako fakturak, fakturak, aurrekontuak, baldintzen agiriak, etab.), legez eskatzen ahal den informazio guztiarekin eta agiria luzatu beharra duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, gauzatu beharreko jardueraren ezaugarri teknikoak zehatz-mehatz azalduta.

5. Azkenean onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien jarduerak ez dira diruz lagungarritzat joko.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Esku-hartze honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa dagokio Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalari; atal hori atxikia dago Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari.

14. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jaso ondoren, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaerak aurkezteko epearen bukaeran dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aurrekontu diruz lagungarria hartuko da kontuan, ebazpen honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako mugak gainditu gabe.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza ematearen gaineko espedientean jaso beharko da onuradunek dirulaguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

15. oinarria.–Laguntza emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, 9. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak eta onargarritasun irizpideak betetzen ez dituztenak, 3. oinarriaren arabera.

Dena dela, norgehiagoka prozeduraren eteteko puntuan gelditzen den eskatzaileak, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik jasotzen ez badu, dagoen aurrekontuaren araberako laguntza eskatzen ahalko du, ebazpena jakinarazi eta 10 eguneko epean. Halakoetan, proposatutako ekintzen artean zein mantentzen diren identifikatu beharko du. Eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, baldintzak eta, orobat, onuradunak bete behar dituen konpromisoak.

5. Gainera, laguntza emateko ebazpena jakinaraztean onuradunei jakinaraziko zaie esku-hartzea diruz lagunduko dela Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsarekin (LGENF) kofinantzatutako (%25) NPEPEren arabera, 7132 esku-hartzearen arabera (Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kalitate-araubideetan sustatzeko lankidetza).

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, onuradunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, berariazkoa bada, eta egintza berariazkoa ez bada, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da edozein unetan, araudi espezifikoaren arabera administrazio-isiltasunak ondorioak sortu eta hurrengo egunetik aurrera.

16. araua.–Ekintza plana aldatzea.

1. Arrazoi justifikatuak direla-eta onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketa nabarmenak egitea hasieran onetsitako ekintza planean, aldaketarako eskaera aurkeztu beharko du gastu edo jarduera zaharrak ezabatu edo ordeztu eta berriak hasi aurretik, eta beranduenez ekintza plana gauzatzeko epea bukatu baino bi hilabete lehenago.

2. Honako hauek joko dira aldaketa nabarmentzat:

–Onetsitako planean aurreikusitako ekintzak kentzea, edo ekintza berriak sartzea.

–Planeko ekintzen artean gehikuntza edo murrizketa dakarten aldaketak, baldin eta balio absolutuan planaren aurrekontu onartuaren %20 gainditzen badute eta gutxienez 5.000 euro badira.

–Ekintza baten barnean, planean onartutako jardueren aurrekontua handitzea edo murriztea dakarten aldaketak, baldin eta balio absolutuan ekintzarako onartutako aurrekontuaren %40 gainditzen badute, eta gutxienez 5.000 euro badira.

3. Proposatzen diren aldaketek behar adina arrazoituta egon beharko dute. Gainera, eskaeren hurrenkera ezartzeko aplikatu ziren balorazio irizpideak urratzen ez direla bermatu beharko da, eta dirulaguntza eskuratzeko baldintzak betetzen direla.

4. Hasierako planeko irizpide tekniko-ekonomiko eta kostuen moderazio irizpide berei jarraituz onetsi beharko dira ekintza planeko aldaketak, eta, behar izanez gero, laguntza doituko da. Doituta ere, hasiera batean onartutako laguntzak ez dira handituko.

17. oinarria.–Ordaintzeko eskaera.

1. Laguntzak jasotzeko, onuradunak, ekintza plana bukatuta dela, ordaintzeko eskaera bat aurkeztu beharko du 2025eko otsailaren 10a baino lehen.

2. Ordaintzeko eskaera hori horretarako prestatu den inprimakiaren bidez aurkeztu beharko da; inprimaki hori laguntza honi dagokion tramiteen katalogoan dago, Nafarroako Gobernuaren Internet atarian (www.nafarroa.eus).

3. Ordainketa eskaerari agiri hauek erantsi behar zaizkio:

a) Ekintzen gaineko laburpen txostena, jardueratan xehakatuta, zeinek bere aurrekontua eta azken kostua adierazita dituela, eta lortutako emaitzen balorazioa, garatzen den ekimenarentzat ekintza planean ezarritako adierazleen arabera. Txosten hori Nafarroako Gobernuaren Internet atariko tramiteen katalogoan dagoen ereduari jarraikiz eginen da (www.nafarroa.eus).

b) Fakturak edo froga gisa balio bera duten dokumentuak, eta gastu diruz lagungarri guztiak ordaindu izanaren frogagiriak. Ekintzak gauzatzeko azpikontratazioa egiten denean zerbitzu hornitzaileekin, hornitzaile horren faktura eta ordainketaren frogagiria aurkeztu beharko dira.

4. Orobat, sustapen ekintzak egin izana egiaztatzen duten frogabideak aurkezteko eskatzen ahalko zaio onuradunari.

18. oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/9498732/Declaracion+transparencia_eus.pdf/223c2481-a0e1-4f9e-b34e-f3ded3a69fb0?t=1652089688241

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako zenbatekoa konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

19. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Dirulaguntzak ordainduko dira horiek ematea eragin zuen jarduera burutu dela egiaztatu ondoren, eta laguntzaren onuradunak aurreko oinarrian ezarritako gardentasunaren gaineko informazio betebeharra bete duenean.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzearren ekintza plana gauzatu dela aurkeztutako proiektuaren arabera. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egin daitezke ekintza planean jasotako jardueretara, behar bezala gauzatu direla edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko. Orobat, gauzatze-memoria osatzeko argazkiak, itzulpenak, gauzatzearen gaineko txostenak eta abar aurkezteko eskatzen ahalko da.

4. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordaintzeko eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian (20.ean) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

20. oinarria.–Murrizketak eta bazterketak ordainketetan.

1. Ekintza plana gauzatu ondoren gastu diruz lagungarria onetsitakoa baino txikiagoa bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituta, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu garatu den planak teknikoki eta ekonomikoki baliozkoa izaten segitzen duela.

Ordaintzeko eskaerari lotuta, honako murrizketa hau aplikatuko da: ez dute dirulaguntzarik jasotzeko eskubiderik sortuko hasierako eskabidean edo eskatutako aldaketetan aurreikusi ez diren jarduera berriei dagozkien gastuek. Gainera, aldaketa nabarmenak eginez gero, eta horien berri ematen ez bada 16. oinarriko 2. puntuko bigarren eta hirugarren ataletan ezarritakoaren arabera, ekintza edo jardueretan egindako soberako gastuak ez du laguntza eskubiderik sortuko, dirulaguntza ematean aurreikusitako gastuarekin alderatua.

2. Zigorrak kalkulatuko dira ordaintzeko eskaera bakoitzaren administrazio-kontrolen ondoren diruz laguntzekoak ez diren zenbatekoen arabera.

Ondorio horietarako, onuradunak aurkeztutako ordaintzeko eskaera aztertuko du agintaritza eskudunak, eta zehaztuko du zein zenbateko lagun daitezkeen diruz eta zein ez. Orobat, honako hau zehaztuko du:

a) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, ordaintzeko eskaeraren arabera eta hura emateko erabakiaren arabera. Baldin lehenengoa bigarrena baino handiagoa bada, eskatutako zenbatekoa emandakoaren mugara egokituko da.

b) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, behin azterturik ordaintzeko eskaeran jasotzen den gastua noraino den diruz lagungarri.

3. Baldin 2. apartatuko a) letraren arabera finkatutako zenbatekoa 2. apartatuko b) letraren arabera finkatutakoa baino %10 baino handiagoa bada, penalizazio bat ezarriko zaio bigarren apartatuko b) letraren arabera finkatutako zenbatekoari. Zigorraren zenbatekoa izanen da bi zenbateko horien arteko aldea bezain bestekoa, baina ez du eskatutako zenbatekoa gaindituko. Hala ere, ez da batere murrizketarik eginen onuradunak frogatzen badu ez dela diruz lagungarri ez den zenbateko hori sartu izanaren erantzulea.

4. Aurreko zenbakian aipatutako zigorra mutatis mutandis aplikatuko zaie lekuan bertan egindako kontroletan detektatu diren eta diruz lagungarriak ez diren gastuei.

5. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu, unitate kudeatzaileak onartzeko moduan, ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

6. Ordainketa ziurtatzean egiaztatzen bada laguntzak emateko prozeduraren barruan eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioan aintzat hartutako baldintzak edo betebeharrak aldatu direla eta frogatzen bada puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, ez zela onuradun aterako, onuradunak laguntza guztia galduko du.

7. Egiaztatzen bada entitate onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, emandako laguntza bertan behera utziko da eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, neurri horretarako laguntzetatik kanpo geratuko da irregulartasuna detektatu zen deialdi naturalean eta hurrengo bietan, 147/2023 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, alde batera utzi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo adierazpen hori aurkezteko unean indarrean zeuden iruzurraren aurkako borrokaren ondoriozkoak.

8. 147/2023 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren arabera (errege dekretu horren bidez ezarri ziren Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak), ukitutako laguntzaren zatia kanpoan utziko da, baldin eta detektatzen bada onuradun batek artifizialki sortu dituela laguntza lortzeko eskatzen diren baldintzak, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat.

21. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauen bateragarritasun-araubidea izanen da aplikatu beharreko arauetan ezarritako hura eta, zehazki, LGENFi buruz Europar Batasuneko araudian ezarritakoa. Horren arabera:

a) Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira egiturazko funtsen, kohesio-funtsaren edo Europar Batasuneko beste edozein finantza-tresnaren bidez finantzatutako eta xede bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin, bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 36. artikuluan ezarritakoarekin. Erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du. Gainera, bateraezinak izanen dira ekintza hauekin:

–Europar Batasuneko ardoei buruz Espainian egiten diren informazio-ekintzekin, helburu dutenean ardoaren kontsumo arduratsua sustatzea edo kalitate-araubideak bultzatzea Ardoaren Merkatuaren Antolakunde Bateratuko jatorri-deiturak eta adierazpen geografikoak arautzeko.

–Sustapen-, komunikazio- eta merkaturatze-ekintzekin, barnean direla, bereziki, kontsumitzaileak kalitate-araubideez sentsibilizatzeko ekintzak eta jarduerak.

b) Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako beste batzuekin, baldin a) letran sartuta ez dauden funtsekin ematen badituzte.

c) Esku-hartze honekin diruz lagundutako ekintzek ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso fruten eta barazkien programa operatiboen barruan.

d) Hala ere, emandako dirulaguntzen zenbateko osoak ezin izanen du gainditu, ez bakarka ez beste batzuekin batera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 2ko 2021/2115 Erregelamenduaren 77. artikuluan ezarritako muga.

2. Entitate onuradunak beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarik eskatu badu edo eman edo ordaindu badiote xede bererako, edozein dela haren jatorria, behartuta dago organo emaileari berehala horren berri ematera.

3. Baldin bateragarritasun-araubide hori urratuta dirulaguntzarik lortzen bada, eta interesdunari entzun ondoren, beharrezkoa baita, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da. Baliteke, horren ondorioz, behar bezala jaso diren zenbatekoak itzuli behar izatea, gehi dagozkion interesak; eta baliteke, era berean, zehapen-prozedura bat abiatzea, martxoaren 25eko 5/2015 Legearen 74. artikuluaren arabera.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen informazio-, publizitate- eta ikusgarritasun-betekizunak.

1. Laguntza hauen onuradunen datuak argitara emanen dira Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 98. artikuluari jarraikiz.

2. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek tratatzen ahalko dituzte, baldin zerikusirik badute administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin, bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 2ko 2116/2021 (EB) Erregelamenduaren 101. artikuluan ezarritakoarekin.

3. Ondorio horietarako, onuradunek honako arau hauetan ezarritako eskubideak dituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzko arauak ezartzen dituena; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/1725 (EB) Erregelamendua, 2018ko urriaren 23koa, Batasuneko instituzio, organo eta organismoek datu pertsonalak tratatzeari eta datu horiek aske zirkulatzeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

4. Gainera, onuradunek NPEren plan estrategikoaren laguntzaren berri eman beharko dute, honela:

a) Onuradunaren webgunean, halakorik badute, eta hedabide sozialetako beren kontu ofizialetan, eragiketaren deskribapen laburra jarri beharko dute, laguntzaren mailaren neurrikoa. Helburuak eta emaitzak zein diren adieraziko dute, eta Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko dute.

b) Europar Batasunaren laguntza modu ikusgarrian nabarmentzen duen adierazpena emanen dute, eragiketa gauzatzearekin zerikusia duten eta publikoarentzat edo parte-hartzaileentzat diren dokumentuetan eta komunikazio-materialetan, eta Europar Batasunaren ikurra ere agertuko dute, bat etorrita Batzordearen 2021eko abenduaren 21eko 2022/129 Betearazpen Erregelamenduaren II. eranskinean agertzen diren ezaugarri teknikoekin. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren laguntzarekin eta NPEren plan estrategikoekin lotutako informazioaren, publizitatearen eta ikusgarritasunaren arloko betekizunak ezartzen ditu.

5. Baldin entitate onuradunak ez baditu betetzen aurreko puntuan ezarritako zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharrak, dirulaguntza itzuli beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

23. oinarria.–Ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak.

1. Konpromisoak ez dira urratutzat joko Kode Zibilaren 1105. artikuluan aurreikusitako ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen denean, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan aurreikusitako ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen denean. Hala ere, agintaritza eskudunak ezinbesteko beste kausa batzuk eta salbuespenezko beste inguruabar batzuk ezar ditzake.

2. Onuradunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko arrazoiak edo salbuespenezko inguruabarrak, zuzenbidean onartutako bitartekoen arabera egokiak diren frogak erantsita, egitate horiek gertatu eta hurrengo hamabost egunen barruan, edo, haien izaeragatik komunikazioa modu larrian eragotzi edo zaildu bada, onuraduna hori egiteko moduan dagoen egunean.

II. ERANSKINA.–EKINTZA-PLANAREN EDUKIA

I.–Entitate eskatzailea.

Izena, helbidea, posta elektronikoaren helbidea, telefonoa, faxa, programaren arduraduna harremanetarako.

II.–Sustatu beharreko produktuak.

Zehaztu produktuak, baldintza-agiriak uzten dituen aukeren artean.

III.–Xedeko merkatuak.

Zehaztu xedeko herrialde, eskualde, hiri edo herriak, eta adierazi zergatik aukeratu diren eta zer aukera dauden produktuak aukeratutako merkatuetan saltzeko, eskatu den ekintza bakoitzean.

IV.–Helburua.

Helburuak zehaztuta eta, ahal dela, zenbatekoak adierazita.

V.–Estrategia.

Zehaztu zer tresna erabiliko diren marketin eta komunikazio aldetik programaren helburuak lortzeko.

VI.–Ekintzak.

–Ekintza bakoitzaren deskribapen xehatua, bai eta ekintza bakoitzaren barnean garatutako jarduerena ere.

–Aurreikusten diren egutegia eta tokiak.

–Ekintzaren helburu den jendea.

Zehaztu norentzat den: kontsumitzailearentzat, banatzaileentzat (supermerkatuak, handizkariak, txikizkari espezializatuak, hornitzaileak, jatetxeak), inportatzaileentzat, iritzi liderrentzat (kazetariak eta aditu gastronomikoak), gastronomia eskolentzat eta jatetxeentzat, etab.

VII.–Mezuak.

(Jatorria, kalitatea, segurtasuna, osasuna, ingurumena, etab.).

VIII.–Aurreikusten den eragina eta hura neurtzeko modua.

Eskaeraren bilakaerari, produktuaren ospeari eta irudiari edo helburuei lotutako beste edozein alderdiri dagokienez.

Zehaztu emaitzak edo ondorioak neurtzeko erabiliko diren metodoak (kuantitatiboa edo kualitatiboa) eta adierazleak, halakorik bada.

IX.–Aurrekontua.

Prestatu laburpen taula bat ekintza bakoitzeko. Aurrekontua aurkezteko, jardueren deskribapenak duen egitura berari eta ordena berari jarraituko zaie.

X.–Finantzaketa plana.

FINANTZAKETA

EUROTAN

%

Eskatzailea

Guztira

XI.–Entitatearen urteko aurrekontua.

AURREKONTUA

EUROTAN

%

Ekintza planaren aurrekontua, guztira

Entitatearen aurrekontua, guztira

100

XII.–Laburpen taula.

Ekintza planaren laburpen gisa, sartu eskatutako ekintza eta jarduerak laburbiltzen dituen taula bat, 5. oinarriaren 3. puntuko definizioen arabera.

EKINTZA

JARDUERAK

AURREKONTUA

URTE ANITZEKO PROGRAMA

BESTE KALITATE FIGURA BATEKIN KONBINATUA

LURRALDE
EREMUA

XEDEKO TALDEA

ADIERAZLEAK

1

1.1

Bai/Ez

Bai/Ez

Adierazi zein

NFK/Beste batzuk

Adierazi zeintzuk

Adierazi zein edo zeintzuk, modu proportzionalean

Bai/Ez

Adierazi zeintzuk

1.2

...

...

1.n

2

2.1

Bai/Ez

Bai/Ez

Adierazi zein

NFK/Beste batzuk

Adierazi zeintzuk

Adierazi zein edo zeintzuk, modu proportzionalean

Bai/Ez

Adierazi zeintzuk

...

.....

....

2.n

GUZTIRA

III. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Onuradunak erantzukizunpeko adierazpen hau egiten du, alderdi hauei buruz:

1. Finantzaketa bikoitzaren eza.

Ez dela hartzen ari Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko abenduaren 22ko 1144/2014 EB Erregelamenduaren 3. artikuluan jasotako laguntzarik; erregelamendu hori barne merkatuko eta hirugarren herrialdeetako nekazaritzako produktuen informazio eta sustapen ekintzei buruzkoa da.

2. Materialaren egokitasuna.

Europar Batasuneko zer estatutan egiten diren informazio eta sustapen jarduerak, hartan aplikatzen den legeria nazionala errespetatzen dela informazio eta sustapen jardueretarako prestatzen den material guztian.

3. Merkataritza markak baztertzea.

Ekintza planetik baztertu direla merkataritza marken sustapenarekin zerikusia duten jarduerak.

4. Azoka eta erakusketetan inskribatzea eta parte hartzea.

Ekoizleen parte-hartze indibiduala aurreikusten duten azoka eta erakusketetan, ekoizle guztiek izanen dute parte hartzeko aukera, baldintza berdinetan.

IV. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUN DAITEZKEEN GASTUEN MUGAK

1. Honako muga hauek ezartzen dira erakunde onuraduneko langileentzat edo haren bazkideentzat:

a) Ostatua, pertsonako eta eguneko: 90 euro Espainian eta 120 euro Espainiatik kanpo.

b) Mantenua pertsonako eta eguneko: 50 euro Espainian eta 60 euro Espainiatik kanpo.

c) Autoan egindako kilometrajea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileentzat kasuan kasuko ekitaldirako ezartzen dena.

2. Jatetxe zerbitzua kontratatzen den ekitaldietarako, menu eta jankide bakoitzeko gehieneko zenbatekoa: 60 euro menu eta jankide bakoitzeko.

3. Muga hau ezartzen da lehiaketetan ematen diren sari sinbolikoetarako: gehienez 300 euro sari bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F2401409