37. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Udalaren auzo baratze ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2023ko azaroaren 7an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Udalaren auzo baratze ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituen ordenantzan. Erabaki hori argitaratu zen 2023ko 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ean.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aldaketaren behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Berriobeitin, 2024ko otsailaren 6an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.

ORDENANTZA, BERRIOBEITIKO UDALAREN AUZO BARATZE EKOLOGIKOEN KONTZESIOA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA 38. ORDENANTZA

Zioen azalpena

Berriobeitiko Udalak bere zenbait lurzati udalerriko bizilagunen eskura jarri nahi ditu, auzo baratze modura erabil ditzaten.

Baratzeetan norberak kontsumitzeko produktuak landatu beharko dira, eta etxeko erabilerarako lagako dira.

Ordenantza honen bidez herritarren eskakizun bat ase nahi da eta aprobetxamenduko honako helburu hauek bete:

–Aisialdia modu praktiko eta aberasgarrian erabiltzea.

–Nekazaritza ekologikoa bultzatzea udalerrian.

–Nekazaritza tradizionalaren eta naturalagoaren zenbait usadio eta ohitura berreskuratzea.

–Elikadura osasuntsua bultzatzea, produktu naturaletan oinarritua.

–Ingurumena hobeto ezagutzea eta errespetatzea eta baliabide naturalen kudeaketa jasangarriagoa bultzatzea.

–Nekazaritzan erabiltzen diren produktu kimikoen ondoriozko kutsadura murrizten laguntzea.

–Lugorriak, lur degradatuak edo mantentzeko zailak direnak berreskuratzea.

–Bide ematea aisia fisikoki nahiz mentalki aberasgarriak diren jardueretan erabil dezaten erretiratuek, langabeek, desgaituek, gazteek eta bizilagunek, oro har.

–Adjudikaziodunen arteko giza harremanak, lankidetza eta laguntza bultzatzea.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea. Erabiltzaileek eta Berriobeitiko Udalak bete egin beharko dituzte xedapen horiek.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Behin-behinean auzo baratze modura erabiliko diren Berriobeitiko Udalaren jabetzako lursail orotan aplikatuko da ordenantza hau.

3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.

Berriobeitiko Udalak eginen ditu ordenantza honek ukitutako udal jabetzako lursailen erabilera zuzenaren zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak.

Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onestea, eta baratzeen eta haiei lotutako azpiegituren kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.

Udal langileek edo Udalak horretarako aukeratutako edo jarritako beste edozein bitarteko arduratuko da araudia betearazteaz. Haren zeregin nagusia izanen da lurzatiak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.

Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak identifikatuko dituzte, baldin eta ezagunak badira.

II. KAPITULUA.–UDAL BARATZEAK ESLEITZEKO ETA ERABILTZEKO BAIMENEN ARAUDIA

4. artikulua. Baratzeen erabileraren kontzesioa.

a) Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek:

–Berriobeitiko Udalean erroldatuta egotea.

–Udalerrian egiazki eta era jarraituan bizitzea, gutxienez ere bederatzi hilabete urtean.

–Aipatu udalerriarekiko zerga-betebehar guztiak eguneraturik izatea.

b) Kontzesioaren titular bakoitzak gehienez ere baratze baten kontzesioa eduki ahal izanen du.

c) Familia-unitate bakoitzak eskaera bakar bat egiten ahalko du.

d) Baratzeen erabilera prekarioan emanen da betiere.

Horren ondorioz, Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako nahikoa izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko.

Hori dela eta, kontzesioaren epea amaitzean edo kontzesioa aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Udalari itzuli beharko dio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Berriobeitiko Udalak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratzen ahal du; era berean, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduko arauen arabera.

5. artikulua. Eskaeren aurkezpena eta kontzesioaren ebazpena.

Alkatetzak eskabideak aurkezteko epea irekiko du, baratzeak lehenbizikoz esleitzeko.

Behin eskabideak lehen esleipenean jaso ondoren, Udal Zerbitzu Juridikoak txostena egin eta kontzesio-hartzaileen behin-behineko zerrenda eginen du. Zerrenda hori Alkatetzaren ebazpen baten bidez argitaratuko da.

Baratzeak baino eskabide gehiago aurkeztuz gero, baratzeak zozketa bidez emanen dira, eta aukera egonen da irizpide sozialak eta/edo hurbiltasunari dagozkionak (ingurumenekoak) erabiltzeko.

Baratzeak jartzen diren lurra kontzeju bateko herri-lurra denean, aukera egonen da baratzeen portzentaje bat gordetzeko bertan erroldatuta daudenendako.

Lehen esleipen horretatik aurrera, Udalak erreserba-zerrendan izena emateko aldi bat irekiko du zerrenda hori agortzen denean.

6. artikulua. Titulartasunen transferentziak.

a) Lursailen erabilera ezin zaio inolaz ere beste inori laga, alokatu edo besterendu. Halaber, debeku da lursailak, osorik edo zati bat, beste pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Betebehar horiek ez badira betetzen, kontzesioa besterik gabe amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du.

Erabiltzaileak ez badu jarraitu nahi baratzea aprobetxatzen edo ez badu horretarako interesik, udalaren esku utzi beharko du, eta horren berri eman, eskabide baten bidez.

b) Udalak baratze horietakoren bat okupatu beharra badauka, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko garaian.

7. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.

Lursailen aprobetxamenduak gehienez 7 urterako emanen dira. Urte sail hori iragandakoan, inork aprobetxamenduarekin jarraitzeko borondateari eusten badio, honela jokatuko da:

–Titularrak, nahi izanez gero, baratzeak esleitzeko lehiaketa berrian parte hartzen ahalko du. Horretarako, 4. artikuluan baratzeak eskatzeko ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

–Okupatu gabeko baratzerik bada, erreserba-zerrendako ordenaren arabera esleituko dira aprobetxamenduaren aldian zehar.

–Interesdunik ez bada erreserba-zerrendan, ezarritako epea luzatzen ahalko da, baldintza berberetan.

–Udalak ezarriko du zer egunetan eginen den lehiaketa ordenantza honetako baldintzak betetzen dituzten eskaerekin.

Alderdietako inork aurretik gaztigurik egiten ez badu, luzapenak erabakitzat joko dira kontzesioa edo haren hurrenez hurrengo luzapenak bukatu baino hilabete lehenago.

Baratzea lagatzeko epea bukaturik, esleipen-hartzaile bakoitzak hutsik eta garbi utziko du bere baratzea.

III. KAPITULUA–UDAL BARATZEEN ERABILERA

8. artikulua. 6.–Baratzeen erabilera.

a) Erabiltzaileak urte osoan landu behar du lurzatia, ongarri berdea zabalduta gutxienez.

Baratze bat abandonatutzat hartuko da, ezarritako laboreak ez direla zaintzen garbi ikusten denean edo azaleraren %50 basabelarrek hartzen dutenean edo izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen dutenean.

Baratze bat abandonatua dagoenean erabiltzaileak, abisua jaso, eta zazpi egun natural izanen ditu behar bezala lantzeko. Bestela, sastrakak garbituko dira eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen erreklamatzeko.

12 hilabeteren barruan bi aldiz abandonatzen bada, lagapena bertan behera utziko da. Era berean, justifikatu gabe (edo arduradunen ustez arrazoi eskasak emanda) bi hilabete baino gehiagoan baratzea abandonatzeak baratzea galtzea ekarriko du.

b) Galarazia dago faunarendako tranpak edo hautapenik gabeko harrapatze metodoak erabiltzea, baita amu pozoituak ere.

c) Galarazia dago baratzean zuhaitz espezieak lantzea.

d) Galarazia dago animaliak baratzeetara eramatea edo bertan edukitzea, horretarako prestatutako lekuetan izan ezik.

e) Egindako laboreak norberaren kontsumorako izanen dira. Beraz, galarazia dago haien salmenta.

f) Udalak zozketa bidez izendatuko ditu, esleipen-hartzaileen artean, konpostajerako gune komunitarioa kudeatzeaz ardurako diren hiru lagunak. Kargu horiek txandaka beteko dira, urtebetez, eta haien ardura izanen da konpostaje-ontziak eta -prozesuak kudeatzeaz eta gorabeherak Udalari jakinarazteaz.

g) Udalak zozketa bidez izendatuko ditu, esleipen-hartzaileen artean, auzolaneko hiru arduradunak. Kargu horiek txandaka beteko dira, urtebetez, eta haien ardura izanen da auzolanean parte hartzen dutenak eta haien zereginak koordinatzea eta parte-hartzaileen zerrenda kontrolatzea.

9. artikulua. Mugen eta sarbideen mantentze-lanak.

a) Lurzatiaren esleipen-hartzaileak ezin dio egitura aldatu, ezta mugak ere horma, zur, plastiko eta abarrekin. Ezin du, halaber, esleitu zaion lurretik edo lurzatitik haratagoko deus landu edo okupatu.

b) Galarazia dago lurzatian elementu arrotzik jartzea, hala nola etxolak, eserlekuak, barbakoak, zoladurak, tresnak edo paletak gordetzeko kutxak eta abar. Galarazia dago, orobat, tokiko estetika aldatzen duen edozein material pilatzea edo uztea.

c) Galarazia dago landare igokariak paratzea, edo ondoko lurzatietan sartu edo bertan itzala egin dezaketen elementuak.

10. artikulua. Instalazioen erabilera eta mantentze-lanak.

a) Esleipen-hartzaileek bete egin beharko dute instalazioak ireki eta ixteko udalak ezarritako ordutegia.

b) Gaizki erabiltzeagatik kaltetu, matxuratu, desegin edo galdutako ondasun edo tresnak konpontzeko edo berriz jartzeko konpromisoa hartzen dute esleipen-hartzaileek.

c) Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartzen dute antolaketa-arduradunek ematen dizkieten jarraibideak betetzeko, baratzeen ordena eta funtzionamendu egokia ziurtatze aldera.

d) Zentro kudeatzaileak emandako egiaztagiria eraman beharko dute erabiltzaileek. Baratze bakoitzean zenbait lagun egon daitezke, baldin lurzatiaren titularrak identifikatuak badauzka.

e) Erabiltzaileek lanabesetarako kutxa bat jartzen ahalko dute, gehienez ere neurri hauek dituena: 1,20 x 0,55 x 0,55. Bertan soil-soilik gordetzen ahalko dira baratzea lantzeko balio duten norberaren erremintak edo elementuak. Udalak beretzat gordetzen du kutxak ikuskatzeko eskubidea, beharrezkoa denean.

f) Debeku da lau gurpileko ibilgailuak aparkatzea instalazioen barnean (baratzeak, bide publikoak, zerbitzuguneak, etab.).

g) Makinak (motokultoreak eta motoaitzurrak) erabiltzen ahal dira, baratzeak prestatzeko, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara astelehenetik ostiralera, lanegunetan, eta 10:00etatik 13:00etara, larunbatetan. Debeku da horiek erabiltzea larunbat arratsaldeetan, igandeetan eta jaiegunetan. Hori ez bada betetzen, dagokion zehapena ezarriko da.

11. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera.

a) Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartzen dute urari eta ematen zaien beste edozein elementu erabiltzeari buruz arduradunek ezartzen dituzten arauak betetzekoa (tantaz tantako ureztapena erabiliko da, lehentasunez).

b) Ezin izanen da putzurik ireki ez eta ubidetik ura mekanikoki hartu ere. Nolanahi ere, ureztatzeko ura eskuzko bitartekoen bidez baizik ez da lortuko.

c) Ura hartzeko sarera lotuz gero, erabiltzaileek zati berdinetan ordainduko dute gastua ez bada banakako kontagailurik paratzen.

12. artikulua. Baratzezaintza ekologikoa.

a) Lurzatia baratzeko laboreak edo loreak izateko soilik izanen da, modu ekologikoan landuz, eta espresuki debekatuta dago hazi transgenikoak eta nekazaritza ekologikoaren arloan indarrean dagoen legediak baimendu gabeko belar-hiltzaileak, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzea. Erakunde ziurtatzaileak edo Udalak egindako kontrolek lurzatiren batean aipatu produkturik antzematen badute, haren esleipena gal daiteke.

b) Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartuko dute lurzatian sortutako hondakin organikoak kudeatzeko. Baratzeen eremuan jarriko den konpostajerako gune komunitario batera eramanen dituzte. Gune horietan sortzen den konpost edo ongarri organikoa nahi duten esleipen-hartzaileei emanen zaie.

c) Konpost egiteko erabiltzen ez diren zaborrak eta hondakin organikoak eramanen dira Mankomunitatearen edukiontzietara edo baratzeen adjudikazioa dutenek berek prestaturiko bilketa-guneetara. Debeku izanen da edonolako zaborrak biltzea baratzeen barnean, haien inguruan edo haietarako sarbideetan.

13. artikulua. Guztionak diren eremuen ikuskaritza.

a) Udalak izendaturiko langileek aldian-aldian ikuskatuko ditu lurzatiak eta ez dute zertan erabiltzaileak aldez aurretik ohartarazi.

b) Aurreko arauak edo horietatik eratorritakoak ez direla bete ikusten bada, araua bete behar dela adieraziko zaio erabiltzaileari. Adierazpen horiek bi aldiz eginen dira gehienez. Horiek iraganik, arau-hausteak jarraitzen badu, Udalak bukatutzat joko du baratzearen esleipena.

IV. KAPITULUA.–ERANTZUKIZUNAK

14. artikulua. Kanona.

Kontzesioaren esleipen-hartzaileei Udalak eskatuko die 66,06 euroko kanona ordaintzeko 2023. urtean; kanon hori urtero eguneratuko da Nafarroako KPIaren arabera.

Norbaitek egoera ekonomiko larrian dagoela esaten badu eta gizarte-zerbitzuek egoera halakoa dela berresten badute txosten baten bidez, kanon apalago bat kobratzeko aukera ere aztertuko da, eta are kanonik ez kobratzea ere.

15. artikulua. Guztiendako eremuak.

Esleipen-hartzaileak behartuta daude Udalak deitzen dituen auzolanetan parte hartzera guztiendako eremuak mantendu eta zaintzeko. Parte hartzetik salbuetsita egonen diren bakarrak izanen dira auzolana egiten den unean gorabeherak jakinarazteaz edo konposta kudeatzeaz arduratzen direnak. Era berean, kontzesioaren titularrak erantzule solidarioak izanen dira eta instalazioen mantentze-lanari, funtzionamenduari, txukuntasunari eta segurtasun zuzenari begira.

16. artikulua. Urteko bilera.

Udalak konpromisoa hartzen du bere gain urteko bilera batera deitzeko esleipen-hartzaile guztiak. Bilera horretan guztien intereseko gaiak landuko dira. Bilera horien helburua da, hain zuzen, talde-kontzientzia sortzea eta erabakietan parte hartzeko aukera ematea.

IV. KAPITULUA.–ZEHAPENAK

17. artikulua. Arau-hausteak.

1. Egitate hauek kontzesioa baliogabetzeko ohartarazpena ekarriko dute:

a) Baratzearen instalazioak eta bere sarbideak ez mantentzea.

b) Parte ez hartzea, aldez aurreko eta behar bezalako justifikaziorik gabe, guztiendako eremuak egokitu eta mantentzeko antolatzen diren auzolanetan.

c) Baratzea ixtea.

d) Baimendu gabeko tokietan ibilgailuak aparkatzea.

e) Ur hartze mekanikoak egitea ureztatzeko.

f) Ez betetzea Udalak baratzezaintza jasangarrirako ezarritako baldintzak.

g) Baimendu gabeko elementuak paratzea, besteak beste, txabolak, berotegiak, txapak, bidoiak, gordailuak, parrillak etab.

h) Baimendutakoa baino pisu handiagoa duten ibilgailuekin ibiltzea.

i) Baratzeak prestatzeko makinak erabiltzea ordenantza honetako 10.g) artikuluan ezarritako ordutegi eta denboralditik kanpo, eta esleitu gabeko espazioak okupatzea.

j) Emandako erantzukizun-karguari dagozkion zereginak ez betetzea (komunikazioa, konpostaren kudeaketa edo auzolanen koordinazioa).

k) Ez parte hartzea 12 hilabetez, nahiz eta justifikatuta egon, nahitaezko jardueretan.

2. Egitate hauek, berriz, kontzesioa baliogabetzea ekarriko dute baita, halakorik bada, egindako kaltea zuzentzea ere:

a) Baratzekoak ez diren landaketak egitea, edo landareak landatu eta/edo mantentzea baimendu gabeko lekuetan.

b) Baratze bakoitzari jarritako mugak aldatzea.

c) Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.

d) Baratzearen erabilera besterendu edo lagatzea, Udalaren baimenik gabe.

e) Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea udal langileei edo Udalak baimendutakoei.

f) Udal ondasunak lapurtzea edo guztionak diren instalazioetan kalteak edo hondaketak eragitea.

g) Kontzesioak irauten duen bitartean kontrako bi ikuskapen-txosten izatea.

h) Baratzean lortutako produktuak merkaturatzea.

i) Laga zaion lurzatia epearen barrenean ez itzultzea edo ez hustea, baldin eta Udalak kontzesioa baliogabetzea erabaki badu.

j) Ohartarazpena egiteko arrazoi den egitateren bat berriz egitea.

k) a) apartatuan bildutako edozein errekerimendu adierazitako epean betetzeari uko egitea.

18. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a) 1. puntuan bildutako zehapenei ohartarazpena egin eta diru-zehapen bat ezarriko zaie; egindako kaltearen balioaren halako bost eta halako hamar artean ordainduko beharko da, hain zuzen. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

b) 2. puntuan bildutako arau-hausteek kontzesioa baliogabetzea ekarriko dute eta, halakorik bada, eragindako kaltea zuzendu beharko da.

c) Kontzesioa baliogabetu zaien pertsonek ez dute zilegi izanen berriz ere eskabidea egitea, baliogabetu zenetik 4 urte iragan arte.

19. artikulua. Administrazio prozedura.

a) Udal organo eskudunei dagokie halako kontzesio bat erreboka daitekeela, edo hala badagokio, kontzesioa behin betiko baliogabetuko dela ohartarazteko prozedura hastea, instruitzea eta erabakitzea.

b) Udaltzainek edo zeregin horretarako izendatutako zaindari-ikuskatzaileek egiaztatzen dituzten ekintzek froga balioa izanen dute, baldin eta salaketa-agirietan edo bestelako agiri publikoren batean formalizatzen badira bidezko lege betekizunak betez, deusetan ukatu gabe administratuek beren eskubide eta interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.

V. KAPITULUA–KONTZESIOAREN SUNTSIPENA

19. artikulua. Kontzesioa suntsiarazteko arrazoiak.

Aitzineko artikuluetan adierazitako kasuak goiti-beheiti, kontzesioa suntsiarazteko arrazoi garbiak izanen dira honako hauek:

a) Kontzesioaren beraren edo ondorengo luzapenen epea bukatzea.

b) Erabiltzaileak berak borondatezko baja eskatzea.

c) Titularraren heriotza edo baliaezintasuna.

d) Berriobeitiko biztanleen udal erroldan baja ematea.

e) Udal jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako Udalak lurra behar izatea.

f) Honako ordenantza honetan ezarritako ezein baldintza eta/edo beharkizun ez betetzea, zehapenen kapituluan ezarri bezala.

AZKEN XEDAPENA.–INDARREAN JARTZEA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2402137