37. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinen hornidura elektrikoa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2023ko abenduaren 1ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinen hornidura elektrikoa arautzen duen ordenantzan. Erabaki hori argitaratu zen 2023ko 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ean.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aldaketaren behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Berriobeitin, 2024ko otsailaren 6an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.

ORDENANTZA, IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO BERRIOBEITIKO UDALAREN ZUTOINEN HORNIDURA ELEKTRIKOA ARAUTZEN DUENA

Oinarria eta araubidea

1. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11.etik 15.era eta 28.etik 35.era bitarteko artikuluek emandako eskudantziak erabiliz, udal honek arautu egin du udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua, eta erabiltzaileek hargatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezarri.

Zerbitzua ematea

2. artikulua.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua horretarako prestatutako instalazioaren bidez eskainiko da. Instalazioak honako aparkaleku publiko hauetan egonen dira:

–Garbikundearen Andre Mariaren kalea 1, Berriobeiti.

–Andrelopa kalea, 19 zenbakiaren aurrean, Berriobeiti.

–Larragetako errepidea z.g., Añezkar.

–Ezkaba Mendia kalea 1, Aitzoain.

–Auzalor kalea, Artika.

–Leonor Akitaniakoaren kalea 4, Artika.

–Monkamier kalea, Artika.

–Plaza de Mayoko amen kalea 7, Artika.

–Plaza de Mayoko amen kalea 25, Artika.

Berriobeitiko Udalak etorkizunean beste instalazio batzuk ezartzen ahalko ditu Berriobeitin.

Ordaindu beharraren sorrera

3. artikulua.

Baldin pertsona fisiko eta/edo juridikoek ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua erabiltzen badute, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko diote Berriobeitiko Udalari.

Prezio publikoa ordaintzeko beharra sortzen da zerbitzuaren prestazioa edo jarduera hasten denean; Berriobeitiko Udalak, ordea, eska dezake aldez aurretik ordaintzea haren zenbateko osoa edo zati bat, jarraikiz martxoaren 20ko 2/1995 Foru Legearen 34. artikuluko 1. apartatuari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ordaintzera behartuak

4. artikulua.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik prezio publikoa ordaintzera behartuak daude pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan.

Karga bateko muga ezartzen da eguneko eta ibilgailuko, 8:00etatik 22:00ak arte, eta karga hori ez da izanen, gainera, 4 ordu baino luzeagoa; ez da mugarik izanen 22:00etatik 8:00ak arte. Aipatu denbora-muga igarotzen denean, agintaritza eskudunak zehapena ezarriko du, kargatzeko postua okupatzeagatik, tarifen eranskinean jasotzen den taularekin bat.

Zenbatekoa

5. artikulua.

Prezio publikoagatik jaso beharreko eskubideen zenbatekoa izanen da ordenantza honen tarifen eranskinean ezarritakoa.

Berriobeitiko Udalak eranskin hori eguneratzen ahalko du, gainerako prezio publiko eta tasekin batera edo modu partikularrean, horretarako legezko prozedura betez.

Ordenantza honetan araututako prezio publikoen zenbatekoek kargatua dute aplikatu beharreko BEZa.

Kobrantza

6. artikulua.

Zerbitzua ematen hasten den une berean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

Zerbitzua ematen ez bada, prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko edo juridikoari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik, ordaindutako zenbatekoa itzuli eginen da.

Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez.

7. artikulua. Kobratzeko prozedura.

Udalak kobratzeko lehentasunezko sistema bat ezarriko du, berariazko aplikazio informatiko baten edo batzuen bidez, eraginkortzat jotzen baditu; aplikazioak izaten ahalko dira Udalarenak berarenak edo hirugarren agente batzuek emandakoak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honen indarraldia hasiko da behin betiko onetsitakoan eta testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta Berriobeitiko Udalak erabaki arte indargabetzea edo berariaz aldatzea.

TARIFEN ERANSKINA.–IBILGAILU ELEKTRIKOEN KARGA ERDILASTERRAREN ZERBITZUA EMATEKO TASAK

Ibilgailu elektrikoen karga lasterraren zerbitzuaren zenbatekoa ezartzen da oinarri harturik kargatze puntutik zerbitzua jasotzen duen ibilgailu elektrikora benetan igarotako energia elektrikoaren unitateko prezioa.

Unitateko prezioa (BEZa barne), ibilgailu elektrikoen bide publikoko karga "erdilasterraren" zerbitzurako:

Karga "erdilasterreko" zerbitzua (potentzia ≤ 22 kW): 0,30 euro/kWh, %50eko hobariarekin erroldatuentzat, aldez aurretik eskatzen badute.

KARGATZEKO ZUTOINAK OKUPATZEA

DENBORA-TARTEA

TARIFA (euroak minutuko)

Karga amaitu ondoren

1 eta 15 minutu bitartean

0,00

Karga amaitu ondoren

16 eta 30 minutu bitartean

0,15

Karga amaitu ondoren

31 eta 60 minutu bitartean

0,20

Karga amaitu ondoren

60 minutu baino gehiago

0,30

Iragarkiaren kodea: L2402101