37. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABAURREPEA

Ordenantza, udal hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Abaurrepeko Udalak, 2022ko azaroaren 9an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2022ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 20an. Jendaurreko aldia iragan da inork alegaziorik egin gabe, eta, hala, aipatutako ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Abaurrepean, 2024ko otsailaren 5ean.–Alkatea, María Rosario Salón Arozarena.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA UDAL HILERRIAREN ERABILERA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Abaurrepeko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dituzketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administratzeak, zuzentzeak eta zaintzeak honako ahalmen hauek dakartza berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurrak eta hilobiak antolatzea, banatzea, erabiltzea eta aprobetxatzea.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Udalaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira kopuru egokian, udalerriko biztanleen erroldaren arabera.

5. artikulua. Hilerrian, lur eman dakioke ehorzteko ekartzen den gorpu orori, baldintza hauetako bat betez gero:

5.1. Hiltzen diren unean Abaurrepean erroldatuta eta han bizitzen urtebete, gutxienez, daramaten auzotarren hilotzak, bai eta horretarako eskubidea izanik osasun kontuak direla-eta udalerritik kanpo bizi behar izan dutenen hilotzak ere.

5.2. Abaurrepean gutxienez ere 20 urte (frogaturik) bizi izan direnen hilotzak.

5.3. Goiko baldintzak ez bete arren, aurrekoak, ondorengoak, ezkontidea edo izatezko bikotekidea Abaurrepeko hilerrian lurperatuta dituztenen hilotzak. Kasu honetan, ehorzketa eginen da hildakoaren ahaidea dagoen lekuan.

6. artikulua. Udal hilerrian ehortziko dira Abaurrepeko udal mugapean hiltzen diren lagunak, haien hilotza erreklamatzen ez bada.

Kasu horretarako hobi bat gordea izanen du Udalak.

7. artikulua. Udal hilerrian ehortziko dira ordenantza hau onestean 2. xedapen iragankorra betetzen duten hilotzak, aitzineko bi artikuluetako baldintzak bete gabe ere.

II. KAPITULUA–HILERRIAREN ERABILERA

8. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, atera behar dira jarraikiz osasunaren gainean indarra duten xedapenei, behar diren neurri guztiak hartuta osasunaren aldetik.

Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Alkatetzari horren berri emanen dio aurretik, hark ikuskatu beharko baititu lanak.

9. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen beste hobi batean ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

10. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik izan ez bazekarren, baltsamatu gabeko hilotzak hobitik atera ahal izanen dira, baldintza hauetan:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan. Ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi ateratzen eta lekualdatzen ahal da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da baimenik emanen hilotzik ateratzeko, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik batere aterako, epaile batek manatu ezean.

11. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxaren ordez berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

12. artikulua. Bai lekualdatzeko hobitik ateratzeak, bai berrehorzketak egiten direnean, horien oharra jasoko da behar den liburuetan.

13. artikulua. Hilotza ateratzeko baimena idatziz eskatu beharko diote interesdunek Udalari, zeinak horretarako eguna eta ordua finkatuko baititu.

14. artikulua. Hilerriko lurra ehorzketak egiteko baizik ez da erabiliko.

15. artikulua. Hilobien kokalekua, lur-erauzketaren gastuak zein hilobiak ireki eta ixtekoak eskatzailearen kontura izanen dira.

16. artikulua. Ehorzteko erretzen diren hilotzen errautsek zeramikazko kutxatila edo ontzietan egon beharko dute.

17. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungitzen ahal dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

III. KAPITULUA.–APAINDURA ETA GARBITASUNA

18. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da. Lore arrastoak eta bestelako objektu erabiltezinak ondorio horretarako hautatutako lekuetan utzi beharko dira.

19. artikulua. Hobiak lurrez edo belarrez estalirik egonen dira; debeku da lauzak paratzea eta orobat edozein motatako fabrika-obra. Debeku da 80 cm baino gehiagoko landareak landatzea; ezin izanen da inola ere arbolarik landatu.

20. artikulua. Hobi bakoitzak 2 metroko sakonera izan beharko du, 0,80 metroko zabalera eta 2,30 metroko luzera, eta hobien artean 0,50 metroko tartea, gutxienez, izanen da.

21. artikulua. Udalak, horretarako, komenigarri iruditzen zaizkion ikuskapenak egiten ahalko ditu; laukia baldintza desegokietan egonez gero, haren erabiltzaileei jakinaraziko die, 10 egun naturaleko epean tokia txukun dezaten.

22. artikulua. Konplitzen ez badu Udalak titularra zehatuko du; behar diren garbiketa lanak egin ditzake titularraren bizkar.

IV. KAPITULUA.–TASAK

23. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

a) Ehorzketak baimentzean.

b) Hobitik ateratzea baimentzean.

24. artikulua. Aurreko artikuluko apartatuetako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

25. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean ageri da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

26. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude. Tasak kobratzean, bi ehorzketa edo gehiago balira bezala kontatuko dira.

27. artikulua. Baldin hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak ateratzen badira eta bertako beste batean ehortzi, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

28. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuen tasak autolikidazio bidez ordainduko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuarekin bat.

29. artikulua. Abaurrepeko Udalaren osoko bilkurak tasa horiek eguneratzen ahalko ditu urteko aurrekontuak onestearekin batera.

30. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, alor honetan indarra duen legeriari eta bereziki hilotzen gaineko osasun arauen gainekoari jarraituko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–4. artikulua betetzeko, Udalak, urtebeteko epean, hobi bat esleiturik izanik ehortziak izateko eskubidea galdu duten lagunei aditzera emanen die epe horretan hobian dauden gorpuzkiak atera ditzaten hustu beharreko hobitik; bertze hilerri batera eramaten ahalko dituzte edo hilerri honetako hezurtegira. Ez badute gorpuzkirik eramaten, Udalak eginen du lan hori, eta orduan gorpuzkiak hezurtegira eramanen dira.

Bigarrena.–Egun ehortzirik daudenak errespetatuko dira, harik eta Udalak ordenantzaren 4. artikulua betetzeko beharra ikusten duen arte. Artikulu hori bete behar den aldiro, lehentasuna emanen zaio hobiak libratzeari, erregela honen arabera:

a) Lurperaturik 10 urte baino gehiago dutenak, beren familiek udal katastroan jabetzarik ez badute. Horien artean, lehentasuna izanen dute ehortzirik denbora gehien dutenek.

b) Udal katastroaren arabera etxebizitza bateko jabetza izanik, laukia edo "fuesa" erabili gabe denbora gehien dutenak, izanik azken ehortziak egoera horretan dauden guztien arteko antzinatasunik handiena.

Hirugarrena.–Aurreko hilobiak. Sei hilabeteko epean ordenantza hau onesten denetik, ordenantza honen aitzinetik egindako esleipenetako egoerak erregulatzeko interesa duten guztiek esleipena eskatu beharko dute, udal honek erregistro bat sor dezan emandako esleipenekin. Familia-unitate bakoitzak hobi bat edukitzeko eskubidea du.

TASAK

Lurrean ehorzteko eta hobitik ateratzeko tasak:

1. 5.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten hilotzak: 50 euroko tasa.

2. 5.2 eta 5.3 artikuluetako inguruabarretan sartutako hilotzak: 200 euro.

Hilotzak erraustuz gero, tarfia horiei %50eko hobaria aplikatu zaie.

Iragarkiaren kodea: L2402037