37. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

302/2024 EBAZPENA, 2024ko otsailaren 6koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitara dadila Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6an hartu zuen erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen Arduraldi Akademikoaren Plana aldatzen duena".

Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen Arduraldi Akademikoaren Plana aldatu zen.

ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO
IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN ARDURALDI AKADEMIKOAREN PLANA
ALDATZEN DUENA

Gobernu Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 4an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arduraldi Akademikoaren Plana onetsi zuen.

2023ko apirilaren 12an, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoa (LOSU) sartu zen indarrean. LOSUk, irakasleen arduraldia arautzerakoan, honako hau jasotzen du 75.2 artikuluan: "Lanaldi osoko arduraldian diharduten irakasle funtzionarioek gehienez 240 eta gutxienez 120 irakastordu izanen dituzte esleituta ikasturte bakoitzeko, urteko lanaldiaren barrenean. Unibertsitateak aukera izanen du ikastordu kopuruaren tarte hori aldatzeko, kasu hauetan: a) Mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko arduren ondorioz emakumeen eta gizonen artean dauden desparekotasunak zuzentzeko. b) Bateragarria izan dadin pertsona bakarreko gobernu-karguetan aritzearekin eta unibertsitatearentzat interesgarriak diren proiektuetan erantzukizun-lanak egitearekin, Estatutuek zehazten duten moduan betiere. c) Enplegatu publikoen interesak ordezkatzen dituzten irakasleen zereginak egiteko".

Beharrezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren barne-araudia Espainiako araudira egokitzea, eta ezartzea irakasleei urtean eskatzen ahal zaien gutxieneko irakastordu kopurua 120 izanen dela, hots, 4 ordu astean.

Bestalde, uste da aldatu egin behar dela atzerriko hizkuntza batean irakasteagatik ematen den aitorpena, eta euskaraz irakasteagatik ematen denarekin parekatu.

Horregatik, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposatuta, eta sindikatuetako ordezkariei informazioa eman ondoren, hau da 2024ko otsailaren 6an hartutako,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arduraldi Akademikoaren Planaren aldaketa. Erabaki honi erantsita ageri da.

Bigarrena.–Irakasleen figurak Unibertsitate Sistemari buruzko Legera egokitzea. Zehazki, irakasle kontratatu iraunkorrak sartzen dira, eta irakaskuntzako ordezko irakasleak aitorpenetatik kanpo uzten dira.

Hirugarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, Laguntza eta Programazio Atalari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikastegietako eta sailetako zuzendaritzei.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.

Bosgarrena.–Erregelamendu honek 2024ko irailaren 1ean hartuko du indarra.

Seigarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea ordena bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñea, 2024ko otsailaren 6a.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA.–ARDURALDI AKADEMIKOAREN PLANAREN ALDAKETA

2024ko otsailaren 6a

Lehenbizikoa.–4.2 puntua aldatzea, "Pertsona batek aitorpen multzoa asetzearen printzipioa" izenekoa. Irakasleek eman beharreko gutxieneko irakastordu kopurua aldatuko da, zeina astean 3 ordu izatetik 4 ordu izatera pasatuko baita.

Honela geldituko da idatzita:

AAPan kontuan hartu behar diren alderdiak.

4.2. Pertsona batek aitorpen multzoa asetzearen printzipioa.

4.2 artikulua. Pertsona batek aitorpen multzoa asetzearen printzipioa. Graduetako eta/edo masterretako irakasle orok astean 4 orduz, bederen, irakatsi behar du ikasgelan. Horretatik salbuetsiak egonen dira Irakaskuntza Ahalmena edo Egiazko Irakaskuntza Ahalmena hori baino txikiagoa duten kasuak. Aitorpenak pertsonalak izanen dira, eta erabilera libreko poltsak daudenean soilik transferituko zaizkio beste irakasle bati.

Asetze printzipio horretatik salbuetsiak egonen dira errektoretza-taldeko kideak eta ikastegietako zuzendariak.

Bestalde, gutxieneko ordu kopurua astean 2 ordu izanen da honako hauentzat:

–Jakintza-arloko zuzendariak.

–Idazkariorde nagusia.

–Saileko zuzendariak.

–Ikerketa-institutuetako zuzendariak.

–Ikerketa areagotzeko programetako irakasleak.

–1. eranskineko IKER1 a) eta b) apartatuetako aitorpenak dituzten irakasleak.

Bigarrena.–Atzerriko hizkuntza batean irakastegatik ematen den aitorpena aldatzea. Honela geldituko da idatzita:

D-IRAK3 Aitorpenak.

Aitorpena irakasleei eskola presentzialak atzerriko hizkuntza batean emateagatik: Unibertsitatearen eskaintza akademikoko irakasgai bat atzerriko hizkuntza batean irakasteak astean %25eko balorazio gehigarria izanen du irakasten den lehenbiziko bi ikasturteetan.

Hirugarrena.–Arduraldi Akademikoaren Plana LOSUra egokitzea irakasleen figurei dagokienez.

Laugarrena.–Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko zuzendari izateagatik (E-KUD7) ezarria dagoen aitorpena kentzea, astean 3 ordukoa, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko zuzendariaren figura desagertu delako.

Bosgarrena.–Ikastegiko kalitateko arduradunaren figuraren ordez ikastegiko kalitateko dekanordearen/zuzendariordearen figura jartzea, eta orain arteko aitorpena mantentzea.

Iragarkiaren kodea: F2402118