37. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

301/2024 Ebazpena, 2024ko otsailaren 6koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitara dadila Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6an hartu zuen erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle iraunkorren lanpostuetara sartzeko erregelamendua onesten duena".

Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle iraunkorren lanpostuetara sartzeko erregelamendua onetsi zen.

"ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE IRAUNKORREN LANPOSTUETARA SARTZEKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA

Gobernu Kontseiluak, 2009ko otsailaren 25ean hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko funtzionarioen irakaskidegoetara sartzeko lehiaketei buruzko arautegia onetsi zuen (Gobernu Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 7ko, 2011ko maiatzaren 26ko, 2019ko apirilaren 9ko eta 2019ko abenduaren 13ko erabakien bidez aldatua). Gobernu Kontseiluak, 2016ko irailaren 7an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuen arautegia onetsi zuen (Gobernu Kontseiluaren 2019ko otsailaren 27ko eta 2019ko abenduaren 13ko erabakien bidez aldatua).

2023ko apirilaren 12an, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoa (LOSU) sartu zen indarrean. Bestalde 678/2023 Errege Dekretua onetsi da, 2023ko uztailaren 18koa, unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko Estatuko akreditazioa eta kidego horietako lanpostuetara sartzeko lehiaketen araubidea ezartzen dituena. Araudi berri horrek nabarmen aldatzen ditu unibertsitateetako irakasle iraunkorrak (funtzionarioak eta lan-kontratudunak) lanpostuetara sartzeko prozedurak.

Horrenbestez, beharrezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren barne araudia Espainiako araudira egokitzea.

Hori horrela, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposatuta, 2024ko otsailaren 6an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle iraunkorren lanpostuetara sartzeko erregelamendua. Erabaki honi erantsita ageri da.

Bigarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sailetako zuzendaritzei.

Hirugarrena.–Araudi honen aurka doan araudi guztia indargabetzea.

Laugarrena.–Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.

Bosgarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erregelamendu honek.

Seigarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea ordena bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita."

Iruñea, 2024ko otsailaren 6ª.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE IRAUNKOR IZATEKO LANPOSTUETARA SARTZEKO ERREGELAMENDUA

2024ko otsailaren 6a

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta araubide juridikoa.

1. Araudi honen xedea da 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 71. eta 82. artikuluetan aipatzen diren irakasle iraunkorren kategorietan irakasle eta ikertzaileen lanpostuak betetzeko sarbide-lehiaketetarako deialdiak arautzea; hauek dira kategoria horiek:

a) Unibertsitateko katedraduna.

b) Unibertsitateko irakasle titularra.

c) Irakasle kontratatu iraunkorra.

Era berean, aipatutako Lege Organikoaren 72. artikuluan irakasleen mugikortasunerako aurreikusten diren lehiaketak arautzen ditu.

2. Lehiaketak dagozkien deialdien oinarrien arabera arautuko dira, erregelamendu honetan, 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoan, 2023ko uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuan eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorretan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. artikulua. Hautaketa-prozesuen kudeaketa.

Giza Baliabideen Zerbitzuak du erregelamendu honetan aurreikusitako hautaketa-prozedurak tramitatzeko eskumena, galarazi gabe arlo horretan beste organo batzuei berariaz esleitutako eskumenak. Giza Baliabideen Zerbitzuak, halaber, erregelamendu honen arabera hautatutako irakasleak sartzeari buruzko prozedurak kudeatuko ditu, bai eta prozesuarekin zerikusia duen beste edozein gorabehera ere.

I. TITULUA.–SARBIDE-LEHIAKETAK

I. KAPITULUA.–DEIALDIA ETA PUBLIZITATEA

3. artikulua. Lanpostuen zehaztapena eta atxikipena.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak erabakiko du, dauden irakaskuntza eta ikerketa beharrei erantzunez, Sailari entzun ondoren eta irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak proposatuta, akreditazioa dutenen artean sarbide-lehiaketaren bidez bete behar diren lanpostuetarako deialdia egitea. Hori guztia Nafarroako Unibertsitate Publikoan indarrean dagoen araudiarekin bat.

2. Arau honek xedatzen duenaren araberako irakasle eta ikertzaileen lanpostuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko esparru unibertsitario bati atxikiko zaizkio.

4. artikulua. Lanpostuen deialdia.

Unibertsitateak errektoreak emandako ebazpenaren bidez eginen ditu lanpostu iraunkorretarako sarbide-lehiaketen deialdiak, betiere lanpostuak diruz hornituak badaude haren aurrekontuko gastuen egoeran, eta gainerako betekizunak betetzen badituzte. Betekizun horiek arau hauetan daude: Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoan, 2023ko uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorretan.

5. artikulua. Deialdien edukia eta publizitatea.

1. Unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuetarako deialdia "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Era berean, unibertsitateen gaietan eskumena duen Ministerioak irakasle eta ikertzaileen lehiaketetarako duen erregistro publikoari emanen zaio aditzera. Langile kontratatu iraunkorren kasuan, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Bi kasuetan, deialdiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Gainera, deialdi guztiak Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) kudeatzen duen Euraxess Jobs plataformaren erregistroari jakinaraziko zaizkio, deialdia egin baino hilabete lehenago gutxienez.

2. Lehiaketetara aurkezteko epeak unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuetarako deialdien kasuan "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta biharamunean hasiko dira zenbatzen, eta irakasle kontratatu iraunkor izateko lanpostuen kasuan, berriz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

3. Deialdiak eta haien oinarriak erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera arautuko dira, eta, modu osagarrian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera.

4. Deialdien edukia prestatu aurretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen ordezkari sindikalei informazioa emanen zaie eta haien iritzia entzunen da.

5. Deialdietan honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Deialdiko lanpostuen kopurua eta kategoria.

b) Zein jakintza-arlori atxikitzen zaizkion.

c) Lanpostuaren espezialitatea: lehiaketara deitutako lanpostuek jakintza-espezialitate bat izan behar dute esleitua, horretarako ezarritako zerrendako bat. Lanpostuen profila zehazteko atxikipen hori besterik ez da erabiliko.

d) Eskabide eredua.

e) Izangaiek lanpostuan aritzeko bete behar dituzten betekizunak eta baldintzak.

f) Beharrezkoa baldin bada, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna zehaztuko da.

g) Sarbide-lehiaketa ebatziko duen batzordearen osaera.

h) Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko modua eta epea.

i) Eskaerak zein organori zuzendu behar zaizkion.

j) Lehiaketaren epeak, zehaztapenak eta garapen faseak.

k) Balorazio irizpide orokorrak.

l) Zilegi diren errekurtsoak.

Ezin izanen da inolaz ere izangaien prestakuntzari buruzko orientabiderik eman, edo funtzio publikoan sartzeko berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak urratzen dituen beste zeinahi orientabide, edota legeek aitortutako eskubideei mugak ezartzen dizkien edozein.

II. KAPITULUA.–IZANGAIEN BETEKIZUNAK, ESKAERAK ETA ONARPENA

6. artikulua. Parte hartzeko betekizunak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitzen dituen lehiaketetan parte hartzeko, izangaiek oro har honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) 16 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

b) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

c) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea funtzio publikoak garatu ahal izateko ezgaitua; Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, betekizun hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.

d) Lanpostura sartzeko eskatzen den akreditazioa edukitzea, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) emana.

e) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

f) Halaber, Espainiako lurraldean erregulartasunez dauden atzerritarrek irakasle kontratatu iraunkor izateko lanpostuen deialdietan parte hartzeko aukera izanen dute, gaiari buruzko araudi espezifikoan ezarritako baldintzetan, bai eta hirugarren herrialde bateko nazionalitatea dutenek ere baldin eta espainiar baten edo Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea duen pertsona baten familiako kideak badira.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan –hizkuntza nagusia gaztelania duten herrialdeetatik datozenak salbu–, lehiaketa ebazteko ardura duen batzordeak baloratuko du izangaiak gaztelania maila nahikoa ba ote duen irakaslana gauzatzeko, eta maila hori egiaztatzen ez duten izangaiak lehiaketatik kanpo geldituko dira.

2. Lehiaketetan parte hartzeko tasak ordaindu beharko dira, gai horri buruzko araudiak ezartzen duenarekin bat etorriz.

3. Araudi honek arautzen dituen lanpostuetan sartzeko beharrezkoak diren betekizunak deialdi bakoitzean eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta jabetza hartu arte edo kontratuaren ondorio egunera arte mantendu behar dira.

7. artikulua. Parte hartzeko eskaerak.

1. Lehiaketetan parte hartu nahi dutenek eskabidea bete eta NUPen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendua.

2. Eskaerak deialdiko oinarrietan ezarritako moduan aurkeztuko dira, administrazio prozedura erkideari dagozkion gaiei buruzko araudi orokorrak ezarritakoaren arabera. Hogeita hamar egun balioduneko epea izanen da eskaerak aurkezteko, deialdia "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuak badira, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita irakasle kontratatu iraunkor izateko lanpostuak badira.

Eskabidearekin batera hauek aurkeztuko dira:

a) Lehiaketan parte hartzeko betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia.

b) Bankuaren egiaztagiria, deialdian adierazitako tasa ordaindu izanarena.

c) Curriculum vitaea, deialdian adierazitako eredu normalizatuaren araberakoa. CVan, merezimenduez gain, merezimendu horien egiaztagiriak zein diren ere aipatu behar da. Horretarako, egiaztagiri horiek CVan aipatzen diren moduan ordenatu eta zenbakitu behar dira.

d) Sarbide Batzordeak prozesuaren edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei aurkeztutako dokumentuak benetakoak direla egiaztatzeko.

8. artikulua. Izangaien onarpena.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere hamar egun balioduneko epean, irakasleen gaietan eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du, Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan, deialdiko lanpostu bakoitzeko lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, baita baztertzeko arrazoiak ere, halakorik izan bada. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

2. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Lehiaketan parte hartzeko betekizunen egiaztagiriak ez aurkezteagatik izangaia behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak dira eskaera epez kanpo aurkeztea, lehiaketaren bidez lortu nahi den lanposturako bete behar diren baldintzak ez betetzea edo sarbide tasa ez ordaintzea.

3. Eskaerak osatzeko eta zuzentzeko epea bukaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.

Behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuak onartutako pertsonen curriculum vitaea dagokion Hautapen Batzordearen esku jarriko du.

4. Lehiaketako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inolaz ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren betekizun orokorrak edo partikularrak betetzen dituztela. Izendapenerako edo kontrataziorako proposatzen diren izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, egiaztagiriak aurkeztuz erregelamendu honetan adierazten den moduan.

5. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, irakasleen gaietan eskumena duen organoak arrazoi horregatik lanpostua hutsik gelditu dela aldarrikatuko du, eta dagokion Sailari jakinaraziko dio.

III. KAPITULUA.–HAUTAPEN BATZORDEAK

9. artikulua. Batzordeen osaera eta izendapena.

1. Sarbide-lehiaketak hautapen batzordeek epaituko dituzte.

2. Hautapen batzordeetako kideek inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak bete behar dituzte.

3. Sarbide-lehiaketak ebatzi behar dituzten batzordeak hiru irakaslek osatuko dituzte –batzordeburua, lehen batzordekidea eta idazkaria–, baita haien ordezkoek ere. Jardunean egon behar dute, eta lehiaketaren xede den lanpostuaren irakaskidego berekoak edo goragoko batekoak izan. Ahal dela, lanpostuaren jakintza-arlo berekoak izanen dira, edo antzeko beste arlo batzuetakoak, halakorik egonez gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoan araututakoarekin bat etorriz.

a) Unibertsitateko katedradun izateko lehiaketen kasuan, batzordekide guztiek gutxienez ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo egiaztatuak eduki behar dituzte (seiurtekoak); haietako azkenak indarrean egon behar du.

b) Unibertsitateko titular eta irakasle kontratatu iraunkor izateko lehiaketen kasuan, batzordeburuak unibertsitateko katedraduna izan beharko du, eta gutxienez ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo egiaztatuak eduki (seiurtekoak); haietako azkenak indarrean egon behar du. Lehen batzordekideak eta idazkariak, berriz, ikerketa-jardueraren bi ebaluazio positibo egiaztatuak eduki beharko dituzte gutxienez (seiurtekoak); haietako azkenak indarrean egon behar du.

c) Apartatu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ikerketa-jardueraren azkeneko ebaluazio positiboa (seiurtekoak) indarrean dagoela ulertuko da, baldin eta ebaluazioa ontzat eman zenetik zortzi urte baino gehiago pasatu ez badira.

4. Hautapen batzordeak hiru kide izanen ditu, eta Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu prozedura honi jarraikiz:

a) Batzordekide bat eta haren bi ordezkoak irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak proposatuko ditu, eta ez dute lotura profesionalik izan behar Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin. Zozketa publikoz aukeratuko dira irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak proposatutako hamar katedradunen zerrenda batetik.

b) Bigarren batzordekidea eta haren bi ordezkoak lanpostua atxikia dagoen Saileko Kontseiluak proposatuko ditu.

c) Hirugarren batzordekidea eta haren bi ordezkoak zozketa publikoz aukeratuko dira, lanpostua eskatu duen Saileko Kontseiluak proposatutako hamar irakasleren zerrenda batetik. Ez dute lotura profesionalik izan behar Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin.

Zozketak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluaren Batzorde Akademikoaren jendaurreko bilkuran eginen dira. Batzordeko kideak, beren mailaren eta antzinatasunaren arabera, batzordeburu, lehen batzordekide edo idazkari arituko dira. Batzordeburua maila eta antzinatasun handienekoa izanen da, eta idazkaria, berriz, maila eta antzinatasun txikienekoa.

5. Hautapen batzordeen osaerak orekatua izan behar du gizon eta emakumeen arteko kide kopuruari dagokionez, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala arrazoitutako zio oinarritu eta objektiboengatik. Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak txosten bat egin beharko du zio horiek egiaztatzeko, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztu.

6. Batzordeko kide guztiak errektoreak izendatuko ditu.

7. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide anitzeko organoei buruzko araudiak arautuko du Hautapen Batzordea, eta, subsidiarioki, administrazio publikoetako kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duen oinarrizko legeriak.

Abstentzioren bat, errekusazioren bat edo batzorde titularreko kideen jarduna eragozten duen beste edozein arrazoi badago, ordezkoek ordezkatuko dituzte titularrak.

Halaber, ordezko kideen artean norbaitek abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiren bat baldin badu, ordezkoen artean maila eta antzinatasun handienekoak ordezkatuko du. Aukera horiek agortu eta gero, ezinezkoa bada batzordea eratzea hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera, batzorde berri bat izendatuko da.

IV. KAPITULUA.–SARBIDE-LEHIAKETEN PROZEDURA TXANDA LIBREKO LANPOSTUETARAKO

10. artikulua. Batzordeak eratzea.

1. Deialdia argitaratu eta gehienez ere hamabost egun balioduneko epean eratu beharko da Hautapen Batzordea. Horretarako, batzordeburuak aldez aurretik jakinarazpen bat bidali, eta adieraziko du zein formatutan eginen den, zeina oro har telematikoa izanen baita.

2. Eraketa-egintzan, lehiakideak baloratzeko probetako bakoitzean erabiliko diren irizpideak eta zenbakizko balorazio globala finkatuko dira, kontuan hartuta deialdian sartutako lanpostuen xehetasunak. Irizpide horiek erregelamendu honen I. eranskinean ezarritako baremoaren araberakoak izanen dira, eta bat etorriko dira 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 71.1 artikuluan adierazitakoarekin. Era berean, batzordeak probetako bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du. Puntuazio hori proba bakoitzaren gehieneko puntuazioaren erdia izanen da gutxienez.

Irizpide hauetan ezin izanen da sartu akreditazioa dutenei lehiaketan parte hartzea eragozten dien irizpiderik.

3. Akta eta batzordeak probak baloratzeko adostutako irizpideak dituen dokumentua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.

4. Batzordea eratzeko, kide guztiek hartu beharko dute parte egintzan. Parte hartzen ez duten kide titularrak kargutik kendu eta berehala ordezkatuko dira. Batzordeburuak batzorde berriari dei eginen dio, eta batzorde horrek gehienez ere bost egun balioduneko epean jardunen du, artikulu honetan ezarritako moduan.

11. artikulu. Aurkezpen ekitaldia.

1. Behin izangaien behin betiko zerrenda argitaratuta, gehienez ere hilabeteko epean, batzordeburuak, batzordeko gainerako kideei kontsulta egin ondoren, aurkezpen ekitaldirako deia eginen du, eta adieraziko du noiz, non eta zer ordutan eginen den eta zein izanen den formatua. Deialdi hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, aurkezpen ekitaldia egin baino hamabost egun natural lehenago beranduenez.

2. Batzordea modu presentzialean bertaratu beharko da aurkezpen ekitaldira. Salbuespenez, formatu erdipresentziala onartuko da (telematikoa). Kasu horretan, nahitaezkoa izanen da izangaiak eta gutxienez batzordekide bat presentzialki egotea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, hala, batzordeko gainerako kideek aukera izanen dute beren lana modu telematikoan egiteko.

3. Aurkezpen ekitaldian, lehiakideek honako dokumentazio hau emanen diote batzordeburuari, hiru aletan eta formatu elektronikoan, aurkezpen ekitaldirako deialdian eskatzen den moduan:

a) Lanbide, ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa historiaren egiaztagiriak. Dokumentazio hori curriculum vitaean aipatzen den moduan ordenatu eta zenbakitu behar da, 7.2.c) artikuluan adierazten den bezala. Eskakizun hori ez betetzeak merezimendua ez baloratzea ekar dezake.

b) Irakaskuntza-proiektua, zein lanpostutarako lehiatzen den izangaia, lanpostu horri dagokion irakasgai edo espezialitate baten programaren berri emanen duena, eta ikerketa-proiektua, lanpostu hori esleitzen bazaio garatuko lukeena.

4. Batzordeburuak ezagutzera emanen ditu ezarritako epea eta tokia, lehiakideek proba hasi baino lehen modua izan dezaten gainerako lehiakideek aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko.

5. Aurkezpen ekitaldian, jendaurrekoa izanen baita, batzordeak zehazki finkatuko du lehenbiziko probaren edukia, eta proba horren gainean lehiakideei eman beharreko jarraibide guztien berri emanen du; halaber, zozketaren bidez zehaztuko du lehiakideen jarduketa-ordena, eta proba noiz, non eta zer ordutan eginen den ezarriko du. Nolanahi ere, proba hamabost egun naturaleko epean hasiko da, aurkezpen ekitaldia egiten denetik kontatzen hasita.

12. artikulua. Probak nola eginen diren.

1. Probak egiteko, batzordea modu presentzialean bertaratu beharko da. Salbuespenez, formatu erdipresentziala onartuko da (telematikoa). Kasu horretan, nahitaezkoa izanen da izangaiak eta gutxienez batzordekide bat presentzialki egotea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, hala, batzordeko gainerako kideek aukera izanen dute beren lana modu telematikoan egiteko.

2. Lehiakideak baloratzeko, ahozko bi proba eginen dira.

2.1. Lehiaketetako lehenbiziko proba jendaurrekoa izanen da. Batzordeak ezarritako moduari jarraikiz, izangaiak gehienez ere bi ordu iraunen duen adierazpena eginen du batzordearen aurrean, eta, gero, gehienez ere bi ordu iraunen duen eztabaida batzordekideekin, izangaiak alegatutako merezimendu hauei buruz:

a) Irakaskuntzako historia akademikoa, non unibertsitateko irakaskuntza-jarduerak agertuko diren, behar bezala frogatuak, eta jarduera horiek baloratzeko txostena, beharrezkoa bada.

b) Ikerketako historia akademikoa, barne hartuta bai ikerketako jarduerak bai jakintza transferitu eta trukatzekoak.

c) Beste merezimendu batzuk, horien artean unibertsitateko kudeaketa.

d) Irakaskuntza-proiektua.

e) Ikerketa-proiektua.

Atal bakoitza batzordeak aldez aurretik onetsi eta argitaratu dituen irizpideekin bat zehaztu eta baloratuko da.

Lehenbiziko proba amaitu ondoren, batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emanen dio izangai bakoitzaren bana-banako balorazioarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.

Proba hau gainditzeko, lehiakideek batzordeko bi kideren txosten positiboa izan beharko dute gutxienez.

Batzordeak berehala jakinaraziko dizkie izangaiei lehenbiziko probaren emaitzak, eta proba egin den aretoko atean jarriko ditu. Emaitza horietan probako ataletako bakoitzaren bana-banako balorazio agertuko da, bai eta haren balorazio globala ere. Halaber, jakinaraziko da bigarren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den. Hori guztia gero Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea galarazi gabe.

2.2. Bigarren proba jendaurrekoa izanen da, eta batzordeak izangaiaren adierazpen gaitasuna, azaldu dituen gaien edukiaren kalitatea eta garrantzia, eta eztabaidatzeko duen gaitasuna baloratu beharko ditu.

Unibertsitateko irakasle titular eta irakasle kontratatu iraunkor izateko lehiaketetako bigarren proban, gehienez ere ordubeteko adierazpena eginen du izangaiak batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubeteko eztabaida izanen du batzordekideekin gero, izangaiak irakaskuntza-proiektuan aurkeztu eta berak aukeratutako programako gai bati buruz.

Unibertsitateko katedradun izateko lehiaketetako bigarren proban, gehienez ere ordubeteko adierazpena eginen du izangaiak batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubeteko eztabaida izanen du batzordekideekin gero, izangaiak egindako ikerketa-lan original bati buruz. Horretarako, lehenbiziko probaren emaitza jakin ondoren, gainditu duten izangaiek lan horren laburpena emanen diete batzordeko kideei, hiru aletan, aurkezpen ekitaldiaren deialdian adierazitako formatu elektronikoan.

Bigarren proba amaitu ondoren, batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emanen dio izangai bakoitzaren bana-banako balorazioarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.

Batzordeak bigarren probaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko ditu.

Proba hau gainditzeko, lehiakideek batzordeko bi kideren txosten positiboa izan beharko dute gutxienez.

Batzordeak, aho batez, adituei txostenak eskatzen ahalko dizkie izangaiek alegatutako merezimenduei buruz. Txosten horiek ez dira lotesleak izanen, eta lehiaketaren aktari erantsiko zaizkio.

3. Sarbide-lehiaketa egin eta gero, izangaien behin betiko emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira, haietarako arrazoiak emanez baloratutako alderdi bakoitza bereizirik.

V. KAPITULUA.–BARNE IGOERAKO PROZESUAK

13. artikulua. Barne igoerako prozedurak.

Unibertsitateko irakasle titular izatetik unibertsitateko katedradun izatera igarotzeko barne igoerako lehiaketak titulu honetan ezarritakoaren arabera arautuko dira, eta berezitasun hauek izanen dituzte:

1. Betekizun orokorrak betetzeaz gain, izangaiek gutxienez bi urte emanak izan beharko dituzte unibertsitateko titularren lanpostuan, eta unibertsitateko katedradun izateko akreditazioa izan.

2. Sartzeko prozedura merezimendu-lehiaketa izanen da, eta izangaiak ahozko adierazpena egin beharko du merezimendu hauei buruz:

a) Irakaskuntzako historia akademikoa, non unibertsitateko irakaskuntza-jarduerak agertuko diren, behar bezala frogatuak, eta jarduera horiek baloratzeko txostena, beharrezkoa bada.

b) Ikerketako historia akademikoa, barne hartuta bai ikerketako jarduerak bai jakintza transferitu eta trukatzekoak.

c) Beste merezimendu batzuk, horien artean unibertsitateko kudeaketa.

Merezimenduak I. eranskinean jasotako baremoaren arabera baloratuko dira.

Aurkezpena jendaurrekoa izanen da. Izangaiak gehienez ere bi orduko adierazpena eginen du batzordearen aurrean, eta, ondoren, eztabaida izanen du batzordekideekin, zeinek, nahi izanez gero, informazio gehiago eskatuko baitiote azaldutako merezimenduei buruz.

VI. KAPITULUA.–LANPOSTUAK BETETZEKO PROPOSAMENA

14. artikulua. Batzordeen proposamena.

1. Batzordeen txostenekin bat etorriz, lanpostua edo lanpostuak betetzeko proposamena eginen da zazpi laneguneko epean gehienez ere, proba amaitzen den egunetik kontatzen hasita. Horri begira, batzordeak errektoreari proposatuko dio, arrazoiak emanez eta izaera loteslearekin, izangai guztien zerrenda, izendatzeko lehentasun ordenaren arabera sailkatuta. Izangaiak ez dira lehiaketara deitu diren lanpostuak baino gehiago izanen. Halaber, zilegi da batzordeak lanpostua hutsik gelditzeko proposamena egitea, lanpostuaren baremo espezifikoa aplikatu eta izangaietako inork ez duenean lortzen eskatzen den gutxieneko puntuazioa.

2. Batzordeak izendapenerako edo kontrataziorako proposatutako izangaien zerrenda ordenatua jendaurrean jarriko da Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan.

3. Izendapenerako edo kontrataziorako proposamena eginez emanen zaio amaiera batzordearen jarduerari.

4. Izangaien behin betiko zerrenden argitalpenaren eta izendapenerako edo kontrataziorako proposamenaren bitarteko denbora ez da lau hilabete baino luzeagoa izanen, epe hori ez bada luzatzen ezinbesteko kasu batengatik, luzapenezko inpugnazioengatik edo errektoreak onartutako beste bidezko arrazoiren batengatik.

5. Batzordeko kideek eskubidea izanen dute zerbitzu honengatik laguntzak edo kalte-ordainak jasotzeko. Dagozkion bidaia-gastuak eta dietak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kargura ordainduko dira.

6. Idazkariari dagokio batzordearen jarduera administratiboak eta kudeaketa ekonomikoa egitea, Unibertsitateko administrazioko eta zerbitzuetako langileek lagunduta.

7. Berdinketarik badago gizon baten eta emakume baten artean, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak dagokion arloko edo espezialitateko irakaskidegoan edo lanpostuan ordezkari gutxien dituen sexuko pertsona proposatuko du izendapenerako edo kontrataziorako. Horretarako, azken behin betiko IAParen 3. fasetik aterako dira datuak.

8. Batzordearen jarduera amaitu eta hurrengo zazpi laneguneko epean, batzordeko idazkariak lehiaketaren espediente administratiboa aurkeztuko du Unibertsitateko Giza Baliabideen Zerbitzuan; espedienteak honako dokumentu hauek izanen ditu:

a) Batzordearen eraketa-akta eta egindako bilera bakoitzarena. Akta horietan egindako jarduera oinarrizkoak jaso beharko dira.

b) Izangai bakoitzak aurkeztutako dokumentazio guztia.

c) Probak eta haietan lortutako emaitzak baloratzeko erabilitako irizpideak jasotzen dituen dokumentua.

d) Batzordeak bildutako kanpoko txostenak, halakorik badago.

e) Izangai guztien zerrenda, izendatzeko lehentasun-ordenaren arabera.

9. Proposatutako lehiakideek frogatu beharko dute betetzen dituztela lege indardunek eskatutako betekizunak, izendapenak argitaratu eta ondorengo hogei eguneko epean. Proposatutako lehiakideak eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak izendapenerako proposatuko du batzordearen proposamenean ezarritako lehentasun-ordenan hurrengo postuan agertzen den lehiakidea.

10. Aurreko artikuluko b) apartatuan aipatzen diren dokumentuak gordailuan egonen dira bi hilabetez, batzordeak proposamena egindako egunetik aurrera, salbu eta errekurtsoren bat jartzen bada, zeren, kasu horretan, gordailuan egonen baitira behin betiko ebazpena eman arte.

11. Izangaientzat zilegi izanen da Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiari eskatzea batzordeak beren merezimenduei buruz emandako balorazio arrazoituaren ziurtagiria.

VII. KAPITULUA.–ERREKLAMAZIOAK

15. artikulua. Erreklamazio Batzordea.

1. Lehiakideek zilegi izanen dute Hautapen Batzordearen proposamenaren aurkako erreklamazioa aurkeztea, errektoreari zuzendua, gehienez ere hamar egun balioduneko epean. Erreklamazioa tramitera onartuz gero, izendapen guztiak eten eginen dira behin betiko ebazpena eman arte.

2. Erreklamazio Batzorde batek baloratuko du erreklamazioa. Batzorde hori unibertsitateko zazpi katedradunek osatuko dute, zeinek unibertsitateko jakintza-arlo desberdinetakoak izan behar baitute, eta eskarmentu handia izan irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa lanetan. Estatutuek ezarritako moduan izendatuko dira. Antzinatasun handiena duena izanen da batzordeburua, eta antzinatasun txikiena duena, berriz, idazkaria.

3. Erreklamazio Batzorde titularreko kideak izendatzen dituen organoak ordezko kideak ere izendatuko ditu prozedura bera erabiliz.

4. Ezin zaio uko egin Erreklamazio Batzordeko kide izateari.

5. Kideren bat ez badago edo parte hartzea galarazten dion bidezko arrazoiren bat alegatzen badu, ordezko kideak ordezkatuko du.

16. artikulua. Prozedura.

1. Hautapen Batzordearen proposamenaren aurkako erreklamaziorik jasoz gero, eta betiere Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen duela irizten bazaio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpen bat emanen du erreklamazioa tramitera onartzeko eta izendapenaren edo kontratazioaren prozesua erreklamazioa behin betiko ebazten den arte eteteko. Aitzitik, Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen ez badu, erreklamazioa ez da onartuko.

2. Erreklamazioren bat tramitera onartuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitera onartu diren erreklamazioak helaraziko dizkie lehiakde guztiei, eta hamar egun balioduneko epea emanen die lehiakideek nahi dutena alega dezaten erreklamazioak jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Hautapen Batzordeari ere bidaliko dizkio tramitera onartu diren erreklamazioak, haiei buruzko txostena egin dezan.

3. Erreklamazio Batzordeak erreklamazioaren bidez aurkaratutako proposamena egin zuten batzordekideei eta lehiaketan parte hartu zuten izangaiei entzunen die, eta lehiaketari buruzko espedientea aztertuko du, ezarritako bermeak betetzen direla zaintzeko. Lehiaketaren prozedurari lotutako alderdiak baino ez ditu baloratuko, eta izangaien aukera-berdintasuna eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua une oro bermatzen direla zainduko du.

4. Erreklamazio Batzordeak ezin izanen du inola ere ordezkatu Hautapen Batzordeak izangaien egokitasunari buruz egindako balorazio teknikoa.

5. Erreklamazio Batzordeak, Hautapen Batzordeko kideei entzun eta dokumentazio guztia aztertu ondoren, erabaki hauetako bat har lezake, gehienez ere hiru hilabeteko epean erreklamazioa aurkeztu den egunetik kontatzen hasita.

a) Baldin eta uste badu baremoko puntuazioen baturan kalkulu-akats ageriko eta nabarmenen bat egin dela, atzemandako akatsa zuzentzea Hautapen Batzordearen proposamenean. Horrek ondorioak izanen ditu Hautapen Batzordearen proposamenean, aldatu eginen baitu izangaien hurrenkera.

b) Baldin eta uste badu prozedura-akatsen bat izan dela eta horrek babesik gabe utzi duela erreklamazioa jarri duen alderdia, hautaketa-prozedura formazko akatsa egin den unera eramatea atzera.

c) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipioren bat urratu dela, Erreklamazio Batzordeak ez du berretsiko Hautapen Batzordearen proposamena, salbu eta bidezkoa bada 5.2 apartatuan jasotakoa.

d) Baldin eta uste badu aurreko kasu bat ere ez dela betetzen, Erreklamazio Batzordeak Hautapen Batzordearen proposamena berretsiko du.

6. Erreklamazio Batzordeak uste badu eskaeraren batek aurrera egin dezakeela, aukera izanen du, gaiaren mamian sartu gabe, erreklamazioa partzialki baiesteko eta jarduketetan atzera egin eta alegatutako akatsa gertatu zen unera eraman dadin agintzeko, bai eta, beharrezkoa bada, aurkaratu ez diren edo ustez deialdiaren oinarriak errespetatzen dituzten merezimenduen balorazioak gorde daitezela xedatzeko ere. Halaber, bidezkotzat jotzen badu, ahozko probak gordetzea erabaki dezake, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. eta 51. artikuluetan ezarritakoaren babesean.

7. Erreklamazio Batzordeak bere kideen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, bozketan berdinketarik badago, erabakigarria izanen da batzordeburuaren botoa. Erabakiak hartzeko, Erreklamazio Batzordeak aukera izanen du Unibertsitatearen Zerbitzu Juridikoaren txosten juridikoa eskatzeko.

8. Erreklamazio Batzordeak erreklamazioari buruz hartzen duen erabakia loteslea izanen da errektorearentzat. Errektoreak ebazpen bat emanen du Erreklamazio Batzordearen proposamenarekin bat etorriz. Zilegi da lanpostua hutsik gelditu dela deklaratzea.

9. Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea bi hilabeteko epean Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

10. Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

VIII. KAPITULUA.–HAUTAKETA-PROZESUAREN AMAIERA

17. artikulua. Unibertsitateko irakaskidegoetako izendapenak.

1. Lehiaketa eta, halakorik badago, erreklamazioak ebatzi ondoren, errektoreak izendapenak eginen ditu egindako proposamenarekin bat etorriz. Izendapen horiek behar den erregistroari jakinaraziko zaizkio –Langileen Erregistro zenbakia emateko eta dagokien kidegoan inskripzioa egiteko–, "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Unibertsitateen Kontseiluari aditzera emanen zaizkio.

2. Gehienez ere hogei eguneko epean, izendapena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, izangaiak lanpostuaren jabetza hartu beharko du, eta une horretan dagokion unibertsitateko irakaskidegoko funtzionario bihurtuko da, horrek dakartzan eskubide eta betebeharrekin.

3. Sarbide-lehiaketaren ondoren lortutako lanpostua bi urtez bete beharko da gutxienez, beste unibertsitate batean beste lanpostu bat lortzeko lehiaketa batean parte hartu baino lehen.

4. Araudi honen ondoriozko izendapenak arau hauetan ezarritakoaren mende egonen dira: Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa, aplikatzekoa den funtzio publikoari buruzko legeria orokorra eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak.

18. artikulua. Irakasle kontratatu iraunkorren kontratazioa.

1. Lehiaketa eta, halakorik badago, erreklamazioak ebatzi ondoren, errektoreak ebazpen bat eginen du behin betiko kontratazio proposamena onesteko. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Bost egun balioduneko epean, behin betiko proposamena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, esleipendunek Giza Baliabideen Zerbitzuan aurkeztu beharko dute deialdian adierazitako dokumentazioa.

Ezinbesteko arrazoirik egon ezean dokumentazioa ezarritako epean aurkezten ez dutenek edo, dokumentazioa azterturik, lanpostua betetzeko eskatzen den betekizunen bat betetzen ez dutenek kontratatuak izateko eskubidea galduko dute.

3. Behin betiko kontratazio proposamena argitaratu eta biharamunetik kontatzen zenbatzen hasita 10 egun naturaleko epean, eta lortutako lanpostua betetzen hasi baino lehen, dagokion kontratua sinatuko da. Kontratua idatziz formalizatuko da, eta Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 77. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari lotuko zaio. Kontratua sinatzearen ardura norberarena eta besterenezina da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuan eginen da.

4. Kontratatuak dagokion saileko zuzendariaren aurrean aurkeztu beharko du, eta kontratuan adierazitako egunean hasi beharko du lanean. Ez bada lanean hasten kontratuan adierazitako egunean eta ez badago Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iritziz hori justifikatzen duen arrazoirik, kontratua ondoriorik gabe geldituko da, eta jarduera guztiak baliogabetuko dira.

5. Interesdunak lanpostuari uko egiten diola ulertuko da aurreko paragrafoetan adierazitako epeetan ez badu kontratua sinatzen edo ez bada lanean hasten, ezinbesteko kasuetan salbu. Bi kasu horietan, Hautapen Batzordeak lanpostu horretarako proposatutako ordezkoen zerrendako hurrengo izangaiari deituko zaio, eta izangai horrek epe bera izanen du kontratua formalizatzeko.

6. Araudi honen ondoriozko izendapenak arau hauetan ezarritakoaren mende egonen dira: Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 82. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateak bere eskumenekin bat etorriz ematen dituen xedapenak eta, modu osagarrian, Langileen Estatutua eta hura garatzeko araudia, bai eta aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa ere eta, hala badagokio, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua.

IV. KAPITULUA.–BERMEAK

19. artikulua. Bermeak.

1. Sarbide-lehiaketetan beti bermatuko dira izangaien aukera-berdintasuna, merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua, gizon eta emakumeen arteko tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa eta diskriminaziorik eza zeinahi arrazoi sozial dela medio.

Era berean, dibertsitate funtzionala duten pertsonen aukera-berdintasuna bermatuko da, eta sarbide-lehiaketetan jarraitu beharreko prozeduran neurri egokiak hartuko dira haien beharretara egokitzeko.

2. Sarbide-lehiaketak ebatziko dituzten batzordeetako kideen izendapenean gardentasuna eta objektibotasuna bermatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jendaurrean jarriko du haien osaera, eta haien kide titularren curriculumen edukia.

3. Hautatutako batzordekideek interes-gatazkaren bat edukiz gero, hura deklaratu, eta batzordeko kide izateari uko egin beharko diote. Interes-gatazkak batzordekidearen uko egitea ekarriko du izangairen bati buruzko inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

–Azken sei urteetan batzordekidea eta izangaia argitalpenen edo patenteren bateko egilekideak izan badira.

–Batzordekideak eta izangaiak kontratu bidezko harremana izan badute edo ikerketa-proiektu edo -kontratu bateko ikerketa-talde berean aritu badira.

–Batzordekidea izangaiaren doktoretza-tesiaren zuzendaria izan bada, betiere doktoretza-tesi hori azken sei urteetan defendatu bada.

Nolanahi ere, batzordekideek kide izateari uko egin beharko diote 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean.

II. TITULUA.–MUGIKORTASUN LEHIAKETAK

20. artikulua. Mugikortasun lehiaketak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi du mugikortasun-lehiaketetarako deialdiak egitea bere aurrekontuetako gastuen egoeran diru hornidura duten irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko.

Deialdi horiek "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

2. Mugikortasun lehiaketak erregelamendu honen I. tituluan ezarritakoaren arabera arautuko dira, eta berezitasun hauek izanen dituzte:

a) Deialdi horietan parte hartzeko aukera izanen dute jatorrizko lanpostuan gutxienez bi urtez aritu eta unibertsitateko irakasle funtzionario titular direnek unibertsitateko irakasle titularren lanpostuetarako eta katedradun funtzionario direnek katedradunen lanpostuetarako, bai eta Ikerketako Erakunde Publikoetako ikertzaileek ere baldin eta deialdietan zehazten diren kategorietakoak badira eta dagokion akreditazioa badute.

b) Sartzeko prozedura merezimendu-lehiaketa izanen da, eta izangaiak ahozko adierazpena egin beharko du merezimendu hauei buruz:

a. Irakaskuntzako historia akademikoa, non unibertsitateko irakaskuntza-jarduerak agertuko diren, behar bezala frogatuak, eta jarduera horiek baloratzeko txostena, beharrezkoa bada.

b. Ikerketako historia akademikoa, barne hartuta bai ikerketako jarduerak bai jakintza transferitu eta trukatzekoak.

c. Beste merezimendu batzuk, horien artean unibertsitateko kudeaketa.

Merezimenduak I. eranskinean jasotako baremoaren arabera baloratuko dira.

Aurkezpena jendaurrekoa izanen da. Izangaiak gehienez ere bi orduko adierazpena eginen du batzordearen aurrean, eta, ondoren, eztabaida izanen du batzordekideekin, zeinek, nahi izanez gero, informazio gehiago eskatuko baitiote azaldutako merezimenduei buruz.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–2023ko uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuak aipatzen dituen jakintza-espezialitateen zerrenda indarrean sartu arte, jakintza-espezialitateei buruzko erreferentziak 2007ko urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinean zerrendatutako jakintza-arloei buruzkoak direla ulertuko da. Era berean, jakintza-espezialitateen zerrenda indarrean sartu arte, sarbide-lehiaketetako lanpostuen deskribapena aipatutako Errege Dekretua indarrean sartzen den egunean indarrean dagoen araudiaren arabera zehazten ahalko da.

Bigarrena.–Jakintza-esparruak arautzen dituen erregelamendua onetsi arte, lanpostuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko sail eta jakintza-arloetara atxikiko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Honako hauek indarrik gabe geldituko dira:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoan kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuen arautegia.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen irakaskidegoetara sartzeko lehiaketei buruzko arautegia.

Era berean, indarrik gabe geldituko dira maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak baldin eta arau honetan ezarritakoaren aurkakoak badira, kontraesanean badaude edo bateraezinak badira.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Nafarroako Aldizkari OfizialEAN argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra erregelamendu honek.

I. ERANSKINA.–IRAKASLE IRAUNKORREN LANPOSTUETARA SARTZEKO PROBAK BALORATZEKO BAREMOA

2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 71.1 artikuluan adierazitakoaren arabera garatuko dira irizpideak. Artikulu horren arabera, irakaskuntza-esperientzia eta ikerketa-esperientzia, jakintzaren transferentzia eta trukea barne, analogotzat hartuko dira.

Sarbide Batzordeak eraketa-egintzan zehaztu beharko ditu hemen adierazten den esparru-baremoaren garapenaren ondoriozko irizpide espezifikoak, betiere adierazitako ratioak errespetatuz.

I.A ERANSKINA.–UNIBERTSITATEKO IRAKASLE TITULARREN LANPOSTUAK (UT) ETA IRAKASLE KONTRATATU IRAUNKORREN LANPOSTUAK (IKI)

Puntuak, guztira: 100 puntu.

Batzordeak xehetasunez garatuko ditu jarraian agertzen diren bi apartatuak.

1) Lehenbiziko proba (adierazi puntuazio zehatza):

a. Ikerketako merezimenduen zerrenda (jakintzaren transferentzia eta trukea barne).

b. Irakaskuntzako merezimenduen zerrenda.

c. Beste merezimendu batzuen zerrenda.

d. Irakaskuntza-proiektua.

e. Ikerketa-proiektua.

f. Aurreko atalen azalpena eta eztabaida.

Puntuazioak honela banatuko dira: a. eta e. atalen batura probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez, eta b. eta d. atalen batura probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez. Atal horien baturak ezin izanen du probaren balio osoaren %90 gainditu. Gainerakoa c. eta f. atalen bidez baloratuko da.

2) Bigarren proba: eskola-saio bat ematea (adierazi puntuazio zehatza):

a. Aurkezpena eta eztabaida.

Batzordeak probetako bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du. Puntuazio hori proba bakoitzaren gehieneko puntuazioaren erdia izanen da gutxienez.

I.B ERANSKINA.–UNIBERTSITATEKO KATEDRADUNEN SARBIDE LIBREKO LANPOSTUAK

Puntuak, guztira: 100 puntu.

Batzordeak xehetasunez garatuko ditu jarraian agertzen diren bi apartatuak.

1) Lehenbiziko proba (adierazi puntuazio zehatza):

a. Ikerketako merezimenduen zerrenda (jakintzaren transferentzia eta trukea barne).

b. Irakaskuntzako merezimenduen zerrenda.

c. Beste merezimendu batzuen zerrenda.

d. Irakaskuntza-proiektua.

e. Ikerketa-proiektua.

f. Aurreko atalen azalpena eta eztabaida.

Puntuazioak honela banatuko dira: a. eta e. atalen batura probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez, eta b. eta d. atalen batura probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez. Atal horien baturak ezin izanen du probaren balio osoaren %90 gainditu. Gainerakoa c. eta f. atalen bidez baloratuko da.

2) Bigarren proba: ikerketa-lan bat aurkeztea (adierazi puntuazio zehatza):

a. Aurkezpena eta eztabaida.

Batzordeak probetako bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du. Puntuazio hori proba bakoitzaren gehieneko puntuazioaren erdia izanen da gutxienez.

I.C ERANSKINA.–UNIBERTSITATEKO KATEDRADUNEN BARNE-IGOERAKO LANPOSTUAK ETA MUGIKORTASUNEKO LANPOSTUAK

Puntuak, guztira: 100 puntu.

Batzordeak xehetasunez garatuko ditu jarraian agertzen diren merezimenduak.

a. Ikerketako merezimenduen zerrenda (jakintzaren transferentzia eta trukea barne).

b. Irakaskuntzako merezimenduen zerrenda.

c. Beste merezimendu batzuen zerrenda.

d. Aurreko atalen azalpena eta eztabaida.

Puntuazioak honela banatuko dira: a. atala probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez, eta b. atala probaren balorazio osoaren %50era iristen ahalko da gehienez, eta %40ra gutxienez. Atal horien baturak ezin izanen du probaren balio osoaren %90 gainditu. Gainerakoa c. eta d. atalen bidez baloratuko da.

Batzordeak lehiaketa gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du.

Iragarkiaren kodea: F2402117