37. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

348/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izateko bost lanpostu, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021ko abenduaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Estatuko 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Bertan sartu ziren Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen hiru lanpostu.

Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko abenduaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Bertan sartu ziren Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen bi lanpostu.

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretuak 24. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideak eta idazkaria, bai eta bertako gainerako langileak ere, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren mende egonen dira.

Bestetik, aipatu foru dekretu horren 25. artikuluan ezartzen da auzitegiko kideen lanpostuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioek beteko dituztela; funtzionario horiek A mailako lanpostu batean jardun beharko dute, zeinerako Zuzenbide lizentziadun titulua eskatu baitzen. Orobat, foru dekretu horren 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, auzitegiko kideen lanpostuak kategoriaz igotzeko merezimendu lehiaketa bidez beteko dira, bat etorriz lanpostuak betetzeko erregelamenduarekin.

Aurrekoa kontuan izanik, eta bat etorriz Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretuaren 26. artikuluan xedatuarekin, bidezko da Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izateko bost lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak onestea.

Probak gainditzen dituztenak A mailan sartuko dira, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostuan, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari atxikirik.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izateko bost lanpostu, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 29an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

DEIALDIA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIKO KIDEEN BOST LANPOSTU KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETAREN BIDEZ BETETZEKO

Hauek dira:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen bost lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzea; lanpostuek 136, 138, 4045, 4822 eta 7427 zenbakiak dituzte plantillan, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak dira, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari atxikirik daude.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau garatzeko, men eginen zaio arlo horri buruz honako hauetan xedatutakoari: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Lehendakaritza eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa; Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretua; azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako Administrazio Publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

3.–Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartuko duten pertsonek ondoko betebeharrak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

b) A maila edo taldekoa izatea.

c) Lanpostu baterako izendatua izatea, zeinerako unibertsitateko Zuzenbideko gradudun edo lizentziadun titulua eskatu baitzen.

4.–Eskaerak eta dokumentazioa.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, deialdi honen "Langile publikoentzako informazioa: barne igoerak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk" aipamenean sartuta.

4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek bide telematikotik aurkeztu beharko dituzte, aurreko atalean adierazitako helbidearen bidez, deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoari jarraikiz alegatzen dituzten merezimenduei buruzko dokumentazio eskaneatua, alegatzen dituzten merezimenduen zerrendarekin batera.

Hala ere, lehiatzaileek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Orobat, izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Joseba Asiain Albisu jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia.

Epaimahaiburu ordezkoa: María Belén López Carballo andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Gobernuaren Idazkaritzako, Erakundeekiko Harremanetako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: María Jesús Balana Asurmendi andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Bigarren Ataleko burua.

Epaimahaikide ordezkoa: Itziar Ayerdi Fernández de Barrena andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Luis Ibarrola Berasain jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridikoa.

Epaimahaikide ordezkoa: Javier Asun Esparza jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridikoa.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

–Idazkaria: María Jesús Moreno Garrido andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua.

Idazkari ordezkoa: Sandra Oroz Santesteban, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Afera Penalen Ataleko burua.

6.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin kalifikazio epaimahaia eratua denean, baldin epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badaude edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Kategoriaz igotzeko lehiaketako elementuak.

7.1. Epaimahaiak ondoko elementuak baloratuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketan:

a) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere hamabost (15) puntu.

c) Merezimenduak:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma berrogeita hamar (26,50) puntu.

7.2. Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz.

Hau eginen da lehenbizi, eta 2024ko irailetik aurrera izanen da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

Proba teoriko-praktikoa izanen da: izangaiek gora jotzeko errekurtsoen ebazpenen bi proiektu edo zirriborro prestatu beharko dituzte, idatziz, epaimahaiak planteatutako kasu praktikoen gainean. Kasu praktikoek zerikusia izanen dute ebazpen honen II. eranskinean bildutako gaien edukiekin eta lanpostuaren berezko eginkizunak garatzeko behar diren ezagupenekin, eta haien bidez izangaien gaitasuna baloratuko da, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostuaren eduki eta eginkizunei dagokienez.

Proba hau egiteko bost ordu izanen dira gehienez.

Proba honi dagokion puntuazioa 25 puntukoa izanen da gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 12,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, kasuetako batean 3 puntuko edo gutxiagoko kalifikazioa lortzen dutenak.

Idatzizko proba egin bitartean, izangaiek zilegi izanen dute egoki jotzen dituzten lege-testuak kontsultatzea, paperezko euskarrian, baldin eta haietan ez bada doktrinazko edo jurisprudentziazko iruzkinik. Izangai bakoitzak eramanen du material hori, epaimahaiak probaren unean ezartzen dituen mugekin. Ezin izanen da beste edozein testu edo dokumentazio kontsultatu, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabili ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Izangaiek idazten dituzten gora jotzeko errekurtsoen ebazpenen proiektu edo zirriborroak jendaurrean irakurriko dituzte ondoren, epaimahaiaren aurrean. Jendaurreko ekitaldi horretan, epaimahaiak galderak egiten ahalko ditu kasu praktikoei loturiko edozein alderdiri buruz, eta, agerraldi horretan ere, zilegi izanen da hizpide hartzea izangaiaren egokitasuna lehiaketaren xedeko lanpostuaren ezaugarriekiko. Izangaiak ahoz erantzunen die galderei, hamar minutuan gehienez ere. Izangaiei dei eginen zaie beren ariketaren irakurketa publikoa egiteko epaimahaiaren aurrean. Eguna, ordua eta tokia adieraziko zaizkie.

Proba praktikoaren balorazioa bateratua izanen da, hau da, idatzizko zatia eta epaimahaiak egindako galderei ahoz emandako erantzuna osotara baloratuko dira.

Proba praktikoaren ahozko defentsara ez agertzeak berekin ekarriko du izangaia lehiaketatik zuzenean baztertzea.

7.3. Proba psikoteknikoa.

Galdetegi batzuk bete beharko dira izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak ezagutzeko, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak eginen dira; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko talde berberak eginen die proba hori izangai guztiei. Talde horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba ez da baztergarria izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

7.4. Merezimenduak.

Lanpostuaren eginkizunei eta edukiei buruzko proba praktikoa gainditzen duten lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak baizik ez ditu baloratuko epaimahaiak.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimendu horiek frogatzeko agiriak telematika bidez aurkeztuko dira online eskaeran, 4.2 oinarrian adierazitako helbidearen bitartez, eta, horiekin batera, zerrenda bat aurkeztuko da, adieraziz zer merezimendu alegatzen diren.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduez.

8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Lehiaketako elementuen balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak izangaiek lortutako puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web orrian, izangai bakoitzak guztira lortu duen puntuazioa ezartzeko, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklama dezaten balorazio horri buruz.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, epaimahaiak lehiaketako elementuen gaineko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web orrian.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, lehenik eta behin, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena aitorturik dutenen alde joko da. Bigarrenik, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.

8.2. Lanpostu hutsak hautatzea.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako epea adieraziko; hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda argitaratuko du, bai eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda ere, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek komunikatuko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zer lanpostu huts nahiago dituzten Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izateko.

8.3. Kalifikazio epaimahaiak izangai gaindituen zerrenda onetsiko du, hautapen prozesuan osotara lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio izendapen proposamena.

9.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duten izangaiak Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide izendatuko ditu, ebazpen baten bidez, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Jabetza hartzea.

Izendatutako pertsonek izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturalean jabetu beharko dute dagozkien lanpostuez.

Behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuez jabetzen ez direnek Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideen lanpostuan aritzeko eskubidea galduko dute.

Izendapenak funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapen aplikagarrietan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak emanen dizkie.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak diren lehiatzaileek parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez direnek, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuan jarduteko eskubide guztiak galduko dituzte. Halakoetan, deialdiko 8.3 oinarriak aipatzen duen gaindituen zerrendan sarturiko hurrengo izangaiek beteko dituzte hutsuneak.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei eta balorazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, helbide honetan argitaratuko da: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Langile publikoentzako informazioa: barne igoerak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk" atalean, deialdi honi dagokion fitxan.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

1) Edozein administrazio publikotan A mailako lanpostuetan egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostu horietarako Zuzenbideko gradudun edo lizentziadun titulua –ez beste bat– eskatu bazen; urte bakoitzeko: 1,50 puntu.

2) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak; urte bakoitzeko: 0,37 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

3. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa, eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (1) balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei hamabi (12) kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea, nahiz eta erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifikoak edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez. Kalifikazio epaimahaiak baloratuko du kontuan hartuta lana edo jarduera bakarrik edo taldeka egin den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: 2 puntu gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 4 puntu gehienez ere.

5) Doktore titulua, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez 2 puntu.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

Oharrak B) apartatu osorako:

1. Apartatu honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Gehienez ere 25 puntu emanen dira B) apartatu honetan.

C) Hizkuntzak jakiteagatik: gehienez ere 26,50 puntu.

Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez.

Euskara jakiteagatik eta plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez bada, 11,50 puntu bitarte emanen dira destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak C) atal osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5 (edo baliokideak).

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zer dakien baloratzeko, Nafarroako Gobernuak antolatutako azterketak egiten ahal dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1.–Espainiako Konstituzioa.

2.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa. 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

5.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena.

6.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

7.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

8.–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia).

9.–Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

10.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

11.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia). Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina (urriaren 30eko Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.

13.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia).

14.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

15.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

16.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa, eta 103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako Administrazio Publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

17.–Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra. 177/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua onesten duena.

18.–Nafarroako Administrazio Auzitegia. 279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea hein batean garatzen duena, Nafarroako toki-erakundeen egintza eta erabakien inpugnazioari dagokionez. Nafarroako Administrazio Auzitegiko Erregelamendu Organikoa.

19.–Herritarren segurtasuna. 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

20.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

21.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

22.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.

23.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

24.–4/2020 Foru Legea, otsailaren 27koa, Nafarroako Sinboloei buruzkoa.

25.–1954ko abenduaren 16ko Legea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzkoa.

26.–Aurreko arauen erregelamenduzko garapena.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen araudiaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2402031