36. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, aurretiazko administrazio baimena ematen duena Nafarroako Foru Komunitateko zenbait udalerri eta hirigunetan petrolio-gas likidotu kanalizatuaren sareak hedatzeko 2024an.

2023ko azaroaren 6an, Gas Natural Redes GLP SA enpresak, Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoaren ITC-ICG 01eko 2. artikuluan ezarritakoa betez (uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), urteko baimen bateratua eskatu zuen petrolio-gas likidotu kanalizatuaren sareak hedatzeko 2024. urtean, Nafarroako Foru Komunitateko honako udalerri eta hirigune hauetan:

Abaurregaina, Añorbe, Arakil, Arantza, Artzibar, Auritz, Basaburua, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Oltza zendea, Zirauki, Zizur, Donamaria, Erro, Esteribar, Etxalar, Galipentzu, Garralda, Goizueta, Gorza, Hiriberri Aezkoa, Imotz, Ituren, Lapoblacion, Mañeru, Mendigorria, Muruzabal, Orotz-Betelu, Otsagabia, Pitillas, San Martin Unx, Sartze, Sunbilla, Aranguren eta Esa.

Hauek dira jarduketaren oinarrizko datuak:

Eskaeran aurreikusitako instalazioak egungo petrolio-gas likidotuaren sareen hedapen eta aldaketak dira. Sare hauen jardueraren gehieneko presioa 5 bar edo gutxiagokoa da, eta ez dira sartu berariazko proiektua izan duten edo izanen duten sareak. Sare horiek 1.223 metroko luzera izanen dute guztira, eta 66 hargune izanen dira. Aurrekontua 81.579,03 eurokoa da.

Gas Natural Redes GLP SA enpresaren eskaera jendaurrean jarri zen iragarkia paratuz 2023ko 261. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 19koan, eta Diario de Navarra nahiz Diario de Noticias egunkarietan, 2023ko abenduaren 22an eta 2023ko abenduaren 20an, hurrenez hurren.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik jaso.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betetzeko,

EBAZTEN DUT:

1. Gas Natural Redes GLP SA enpresari baimena ematea aipatu diren udalerri eta hiriguneetan petrolio-gas likidotu kanalizatuaren sareak hedatzeko instalazioak eraikitzeko 2024. urtean.

2. Meatzeetako ingeniari Carlos Alvaro Pereirak sinatutako agiria onestea, eta hamabi hilabete ematea obrak burutzeko.

3. Baimen hau ematen da beharrezkoak diren emakidak eta baimenak galarazi gabe, aplikatzekoak diren bestelako xedapenen, sektoreko legeriaren eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera, ukitutako ondasun eta zerbitzuen jabe diren erakunde guztienak barne.

4. Bi hilabeteko epean, eta betiere instalazioen exekuzioa hasi baino lehen, aurkeztutako aurrekontuaren ehuneko bi adinako bermea jarri beharko du Gas Natural Redes GLP SAk. Berme hori Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuan jarri beharko da, eta instalazioak zerbitzuan jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

5. Instalazio berriek eta horien muntaketak indarreko araudian ezarritakoa beteko dute.

6. Gas Natural Redes GLP SAk urriaren 7ko 34/1998 Legearen 74. artikuluan ezarritako betebeharrak beteko ditu, zehazki, artikulu horren 1.d) apartatuan ezarritakoa.

7. Behin proiektua eginik, instalazioak zerbitzuan jarri eta hogeita hamar egun igaro baino lehen, Gas Natural Redes GLP SAk uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren 5.7 artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan.

8. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Gas Natural Redes GLP SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

11. Ebazpen hau ukitutako udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 26an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2401506