Iragarkia
36. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
204E/2023 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki-entitateei (udalei eta kontzejuei) dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan obrak egiteko. DDBN identifikazioa: 740636.
Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen, oro har, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra. Lege horren xedea zen prozeduraren kontrol eta gardentasun handiagoa lortzea, publizitate, lehiakortasun eta objektibotasun printzipioak betez.
Toki-entitateek aukera izan dezaten 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeak eraiki, handitu eta egokitzeko laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, dirulaguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako toki-entitateei (udalei eta kontzejuei) dirulaguntzak emateko deialdia onestea 2024ko ekitaldian, obrak egin ditzaten 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Dirulaguntzak partida honen kargura ordainduko dira: 2024rako gastu aurrekontuan gaitzen den "Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001-41800-7609-325106 partidaren baliokidearen kargura. 250.000,00 euro emanen dira, gehienez ere, baldin kreditu nahikoa eta egokia badago.
2. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea. Oinarriok betetzen dute azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa, eta ebazpen honen eranskinean ageri dira
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalera, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Obren Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
5. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute administrazio publiko interesdunek, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2023ko abenduaren 29an.–Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, Eneko Ardaiz Ganuza (bat etorrita Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 1eko 128/2023 Foru Aginduan xedatutakoarekin, zeinaren bidez izendatzen baitira Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak).
ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO UDALENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK. DIRULAGUNTZEN XEDEA DA 0TIK 3 URTERA BITARTEKO HAUR HEZKUNTZAKO IKASTETXE BERRIAK ERAIKITZEKO OBRAK, HANDITZEKO OBRAK ETA BERRITZEKO INBERTSIOAK ETA OBRA TXIKIAK EGITEA 2024AN
1. Helburua.
Deialdi honetan aipatutako dirulaguntzekin beherago zehazten diren obrak finantzatuko dira 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan (ikastetxeak berriak edo aurretik sortuak izanen dira, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuari jarraikiz, haren bidez arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa):
–0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, eskola berriak sortzeari begira, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.
–Jada sortuta dauden ikastetxeak handitzeko obrak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.
–Berritzeko obrak kanpoko eta barneko eremuetan, erabiltzaileen segurtasunean eragin zuzena dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Beharra egoki arrazoituko da.
Atal honetan sartzen dira, besteak beste, irisgarritasuna hobetzen duten obrak eta erabiltzeko segurtasuna nahiz osasungarritasun-baldintzak bermatzen dituzten neurriak.
–Berritzeko obrak kanpoko (patioak) eta barneko eremuetan, ikastetxearen funtzionamendua hobetzea bermatuko dutenak, eta erabiltzaileen ongizatean zuzeneko eragina izanen dutenak.
Atal honetan sartzen dira, besteak beste, ikuspena hobetzeko berritze lanak, espazioak komunikatzekoak, patioetan pergolak edo estalpeak jartzea eguzkitik eta euritik babesteko, etab.
–Babes pasiboko edo aktiboko sistemak ezartzeko inbertsioak, eraikinen efizientzia energetiko handiagoa lortzera bideratuak.
Atal honetan sartzen dira, besteak beste, eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko berritze lanak, hala nola isolamendu termikoak, eguzkitik babesteko kanpoko sistemak eta abar hobetzea.
–Inbertsioak barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, beharrezkotzat jotzen badira ikastetxearen funtzionamendu egokirako edo hura hobetzeko.
Eraikinaren mantentze-lanei dagozkien obrak ez dira diruz lagungarriak izanen.
Diruz lagundu beharreko obra guztiek martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa).
2. Onuradunak.
Dirulaguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki-entitateek (udalek edo kontzejuek) eskatzen ahal dituzte.
3. Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.
Diruz lagunduko den obra motaren araberakoa izanen da ikastetxe bakoitzeko gehienez emanen den dirulaguntza:
–0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, 50.000 euro gehienez.
–Jada sortutako ikastetxeak handitzeko obrak, 40.000 euro gehienez.
–Kanpoko eta barneko eremuak berritzeko obrak, eta inbertsioak kanpoko eta barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, 30.000 euro gehienez.
Ikastetxe bakoitzeko ez da diruz lagunduko eraikitzeko eta urbanizatzeko inbertsioaren kostuaren %65 baino gehiago, barnean direla obrako proiektuen eta zuzendaritzen zerbitzu-sariak.
Pirinioak Garatzeko Plan Estrategikoari lotuta dauden toki-entitateek inbertsioaren %95 arteko dirulaguntza eskuratzen ahalko dute.
Aurrekontu-kontsignazioa izanen da dirulaguntzetarako muga.
Toki-entitate onuradunak bere gain hartuko ditu dirulaguntza jasoko duen inbertsioaren gaineko kostu-gehikuntzak.
Baldin obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da proportzioan.
4. Xedea.
Diruz lagungarriak izanen dira eranskin honen 1. oinarrian (Helburua) azaldutako obrak egiteko jarduketak.
Dagokion obra edo obraren fasea 2024ko ekitaldi ekonomikoan hasi eta gauzatu beharko da.
Salbuespen gisa, ikastetxe berri bat eraikitzeko obra bat baldin bada diruz lagunduko dena, eta aurreko ekitaldietan diruz lagundu ez bada, 2023ko ekitaldi ekonomikoan gauzatutako obra zatia kontuan hartzen ahalko da.
Obra edo dagokion obra fasea bukatzean, eskolak partzialki edo osoki funtzionatzen ahalko du.
Ez da diruz lagunduko beste urte batzuetan helburu bererako diruz lagundutako jarduerarik.
Ez dira diruz lagunduko sortu ez diren (baina aurretik funtzionatu duten) ikastetxeetako jarduketak, helburu dutenak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretura egokitzea (foru dekretu horren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa).
Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria. Proiektua eta obren zuzendaritza gauzatzeko aholkularitza teknikoaren ordainsariek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Instalazioen eguneroko mantentze eta konponketa lanei dagozkien ohiko gastuak ez dira deialdi honen xede.
Deialdi honen ondorioetarako balio erantsiaren gaineko zerga bai da gastu diruz lagungarria, Udalak konpentsatu edo berreskuratu ezin duen kasuetan.
Ez da dirulaguntza honen xede izanen ekipamendua erostea, ezta eraikina eta bertako instalazioak mantentzeko obrak ere.
Ez dira diruz lagungarriak izanen patioko ekipamendua (kanpoko altzariak; adibidez, jostatzeko elementuak), ezta behin-behineko elementuen instalazioa ere.
Hezkuntza Departamentuko teknikariek gainbegiratu beharko dituzte proiektuak.
Jarduketek beste administrazio edo entitate batzuen dirulaguntza jaso badute, edo jaso dezaketela aurreikusten bada, eskabidean horren berri eman beharko da, eta jasotako diru kopurua edo jasotzeko dutena jakinarazi. Halaber, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri eman beharko dute, egoera hori jakin bezain laster eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
5. Dirulaguntzak emateko eskaeren aurkezpena, epea eta ekarri beharreko agiriak.
Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Toki-entitateen legezko ordezkariek aurkeztu behar dituzte eskaerak. Toki-entitate bakoitzak eskaera bat edo gehiago aurkezten ahalko du.
Eskaera bat aurkeztuko da jarduketa bakoitzeko, 6. oinarrian aipatzen diren esku-hartze moten arabera.
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoko fitxa erabiliz.
https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on?tramiteId=72214
Tramitazio elektronikoa nahitaezkoa da prozeduraren fase guztietan.
Hala xedatzen baitu 16.8 eta 66.6 artikuluetan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere.
Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio. Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:
1. Proiektu teknikoaren, memoria baloratuaren edo eskatutako dirulaguntzaren xede diren obren aurrekontuaren ale bat, aurrekontua partidaka xehatuta eta, jarduketarako beharrezkoak badira, baita lansari teknikoen aurrekontua ere.
Eskaera arrazoitu eginen da, obra egiteko arrazoiak eta dirulaguntzaren xede diren konponbideak adierazita.
Hartan sartuko dira gaur egungo egoeraren planoak eta berritze proposamenarenak, eta zer elementutan esku hartuko den, horien egungo egoeraren argazkiak.
Baldin diruz lagun daitezkeen jarduketa bat baino gehiagorentzako eskaerak egiten badira, eskabide, proiektu, memoria edo aurrekontu bat aurkeztu beharko da jarduketa bakoitzeko.
2. Udal erabakia honakoetarako:
a) Obra gauzatzeari buruzko konpromisoa, diruz laguntzeko eskatu den inbertsioaren zenbateko osoa adierazita.
b) Oinarri hauek betetzea.
c) Adieraziko da ezen azpiegiturak sortu edo egokitzeari buruz aurrerantzean eginen diren jarduketek beteko dituztela martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak (foru dekretu horren bidez arautzen da Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa).
3. Udaleko idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek jasoko dituena:
a) Udalaren edo kontzejuaren konpromisoa, aurrekontuetan behar adina diruz hornitzekoa dirulaguntza jasoko duen obraren guztizko kostua ordaintzeko, eskatzen den dirulaguntzaren adjudikaziodun izanez gero. Nahikoa krediturik ez baldin badu, dirulaguntzari uko egiten diola jakinarazi beharko dio Hezkuntza Departamentuari, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean.
b) Kasua bada, udaleko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4. Adierazpena, hauei buruzkoa (I. eranskineko ereduaren arabera):
a) Deialdi honen helburua finantzatzeko eskatu edo lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, adierazita zer zenbateko eskatu, jaso edo jasoko diren.
b) Zenbat haur dagoen matrikulatuta eskolan 2024ko urtarrilaren 1ean edo, eskola sortu berrien kasuan, zenbat ikaspostu sortzea aurreikusten den.
5. Lurren jabetzari buruzko frogagiria (soilik finantzaketa eskaera 0tik 3ra bitartekoen ikastetxe berri bat eraikitzeko edo egun dagoen ikastetxe bat handitzeko bada) edo 0tik 3ra bitartekoen ikastetxeak dauden eraikinen jabetzari buruzko frogagiria.
6. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.
Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio. Halaber, eskatutako zuzenketa aurkeztu ondoren zuzena ez bada, ez onartutzat joko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
Bai proiektuek bai obrek indarra duen araudiari jarraituko diote, eta Hezkuntza Departamentuko teknikarien jarraibideak betez egin beharko dira.
Laguntza jasotzen duen toki-entitateak deialdi honetan ezarritako xederako erabili beharko du dirulaguntza, eta obraren aurreikusitako zatia egin eta gastua justifikatuko du ezarritako epeetan; halaber, aipatu xederako mantendu beharko du azpiegitura, haren bizitza baliagarriak iraun bitartean.
6. Lehentasun-ordena.
Deialdia lehentasun-ordena honi jarraituz ebatziko da:
–Lehenik: 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, eskola berriak sortzeari begira, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat (foru dekretu horren bidez arautzen da Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa).
–Bigarrenik: jada sortuta dauden ikastetxeak handitzeko obrak, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat (foru dekretu horren bidez arautzen da Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa).
–Hirugarrenik: berritzeko obrak kanpoko eta barneko eremuetan, erabiltzaileen segurtasunean eragin zuzena dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan.
–Laugarrenik: berritzeko obrak kanpoko eta barneko eremuetan, ikastetxearen funtzionamendua hobetzen dela bermatuko dutenak, eta erabiltzaileen ongizatean eragin zuzena izanen dutenak.
–Bosgarrenik: babes pasibo edo aktiboko sistemak ezartzeko inbertsioak, eraikinen efizientzia energetiko handiagoa lortzera bideratuak.
–Seigarrenik: inbertsioak barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, beharrezkotzat jotzen badira ikastetxearen funtzionamendu egokirako edo hura hobetzeko.
Aurrekontuko kreditua nahikoa ez bada lehentasun-ordenan (1.tik 6.era) ezarritako taldeetako bateko onuradun guztiei erantzuteko, ordena kronologikoa jarraikiz erantzunen zaie, haur eskolaren sorrera-dataren arabera (zeina jasota baitago haur eskola sortzeko hitzarmenean), aurrekontuko diru erabilgarria agortu arte (datu hau ematea ez da beharrezkoa, Hezkuntza Departamentuak badaukalako).
Lehentasun-ordena bereko bi eskaera badaude, ikastetxea sortzeko hitzarmenari begiratuko zaio, eta zaharrena lehenetsiko da. Egun berekoak badira, 2024ko urtarrilaren 1ean matrikulatutako haur kopuru handiena duten eskolak lehenetsiko dira.
Baldin ikastetxe berri bat sortzeko eskaera bat baino gehiago badaude, lehentasun hurrenkeran ordenatuko dira, ikaspostu gehien sortzea aurreikusia duenetik gutxien sortzea aurreikusia duenera. Baldin bi ikastetxek edo gehiagok ikaspostu kopuru bera sortzea aurreikusi badute, lehentasun hurrenkeran ordenatuko dira, herritar gehien dituen udalerritik hasita gutxien dituenera. Horretarako, dokumentazioa berrikustean Estatistikako Institutu Nazionalean argitaratutako azken datuak hartuko dira oinarri.
6. oinarrian ezartzen den bezala, hainbat dirulaguntza eska daitezke, esku-hartze moten arabera, eta, kasu horretan, eskaera, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu bat aurkeztuko da eskaera bakoitzeko.
Toki-entitateek kasuan kasuko dirulaguntza eskatuko dute, 2024an gauzatzen ahal duten obra kantitatearen arabera, betiere gastua aurkezteko azken eguna baino lehen.
7. Ebaluazio batzordea.
Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lana eginen duena, Obren Ataleko burua, eta Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.
8. Deialdiaren ebazpena.
Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 6. oinarrian ("Lehentasun-ordena") ezarritako taldeen arabera eta aurrekontu-kontsignazioa agortu arte.
Laguntzak eman eta jakinarazi ondoren, uko egiten bazaie edo frogatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen da lehenik, behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio.
Bigarrenik, erreserban dauden onuradunen eskaerak erantzunen dira, 6. oinarrian ezarritako lehentasun-ordenarekin bat. Kasu horretan, beharrezkoa da eskaera onetsita duten udal guztiek (erreserban daudenek barne) aurkeztea obrak justifikatzen dituen dokumentazioa, egindako gastuaren frogagiriak eta 9. oinarrian ("Dirulaguntzen ordainketa") ezarritako gainerako dokumentazioa, 2024ko urriaren 18ra bitarte (egun hori barne).
Dirulaguntza toki-entitate eskatzaile guztiei eman eta esleitu gabeko diru soberakinik badago, zenbateko lagungarriak handitzen ahalko dira, interesdunen artean hasiera batean emandako kopuruaren proportzioan, eta aurrekontuko dirua agortu arte.
Dirulaguntzak emateko eta eskaerak ezesteko ebazpena Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emanen du, aurrez ebaluazio batzordeak proposaturik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean. Emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
9. Dirulaguntzen ordainketa.
Dirulaguntza hauek ordainduko dira 2024ko gastu aurrekontuan gaitzen den "Obrak udal jabetzako 0-3 ikastetxeetan" izeneko 410001-41800-7609-325106 partidaren baliokidearen kargura. Ordainketa bakarra eginen da, obrak bukatzean edo dirulaguntza jasoko duen zatia bukatzean.
Ematen diren kopuru horiek guztiak jasotzeko nahitaezkoa izanen da obrak bukatuta egotea eta frogagiriak aurkeztea 2024ko urriaren 18a baino lehen (egun hori barne).
Dokumentazioa Nafarroako Gobernuko Justifikazio Erregistroan aurkeztu beharko da, esteka honen bitartez
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2003247
Dirulaguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:
1. Egindako esku-hartzearen faktura edo fakturak eta obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak izenpetua.
2. Egindako ordainketaren frogagiria.
3. Esku-hartzearen argazkiak, jarduketa egin baino lehen, eta jarduketa egin eta gero.
4. Udalaren idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena:
a) Obrak funts berekien bidez (edo bestelako dirulaguntzen edo baliabideen bidez) finantzatu direla; hartan agertuko dira zenbatekoak eta funtsen jatorria eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari eta horiek kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko ondorioa (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).
b) Betetzen direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, edo emandako aholkularitza 12.000 eurotik gorakoa bada (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluak).
c) Obrak bukatu direla, edo bestela, diruz lagundu den zatia bukatu dela (aurreikusita zegoena). Horren ordez, harrera-akta ere aurkezten ahalko da, honako hauek sinatua: zuzendaritza fakultatiboa, halakorik balego, jabea (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikazioduna.
5. Honako hauei buruzko adierazpena (II. eranskineko ereduaren arabera):
a) Onuradunak azpikontratazioa egin duen edo ez, deialdiaren 10.1 oinarriaren 1. puntuaren arabera, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluak ezartzen duenarekin bat.
b) Publizitate betebeharrak bete izana, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 10. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.
c) Gardentasun betebeharra betetzeari buruzkoa, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez; jasoko da Interneteko zer helbidetan argitaratu den emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa.
10. Onuradunen betebeharrak.
10.1. Obrak gauzatzea.
Obren finantzaketaren berri emanen da obretan publizitate kartel bat jarriz. Kartelean finantzaketa publikoa dela adierazi beharko da. Kartelean honako hauek zehaztuko dira: zer jarduketak jaso duen dirulaguntza, haren helburua, toki-entitateak gauzatutako inbertsioa eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
Erakunde onuradunek dirulaguntzaren xede diren obrak osorik egiteko azpikontratazioa egin dezakete hirugarrenekin. Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki-entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.
Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.
Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.
10.2. Gardentasun betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.
11. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.
Deialdi honetan arautzen diren laguntzen toki-entitate onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa sartuta.
Deialdi honen kargura jasotako ekarpena, beste organismo publiko edo pribatuetatik datozen laguntzei gehituta, inbertsioaren kostu osoa baino handiagoa bada, lehenbizikoa murriztuko da, kostu horrekin bat etorri arte.
12. Ikuskatzeko bisitak.
Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradun diren toki-entitateak beharturik daude obretan sartzen uztera eta obrei buruz eskatzen zaizkien agiriak ematera.
13. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.
Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo dirulaguntzaren helburua aldatzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.
Formazko alderdiak ez betetzeak ekar dezake dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak ez betetzeak, berriz, ekar dezake dirulaguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.
Nafarroako toki-entitateei ordaindutako dirulaguntzak itzuli behar direnean, itzuli beharreko kopurua banaketa kontuan kargatzen ahalko da.
I. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDUA, ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTEKOA
–0 ETA 3 URTE ARTEKOENTZAKO IKASTETXEA–
................................................................................................................................................... jaunak/andreak, NAN/IFZ ...................................... duenak, ................................................................... denez, eta .............................................................ko Udaleko edo Kontzejuko (Nafarroa) ordezkaria den aldetik (ezabatu behar ez dena).
Jarduketa honi dagokionez:
.........................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
BERE ERANTZUKIZUNPEAN HONAKO HAU ADIERAZTEN DU:
a) Toki-entitateak eskatu edo lortu dituela deialdi honen xedea finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk.
BAI EZ
Baiezkoan, aipatu behar da zer erakunderi eskatu edo zer erakundetatik lortu diren deialdi honen xedea finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak, baita haien zenbatekoa ere.
....................................................................................................................................................................
...................................................................................................................................................................
b) Zenbat haur dagoen matrikulatuta eskolan 2024ko urtarrilaren 1ean edo, eskola sortzekoa bada, zenbat ikaspostu sortzea aurreikusten den.
IKASLEAK OSOTARA ..........
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
ESKATZAILEAREN SINADURA
OBREN ATALA-HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA
II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDUA, DIRULAGUNTZA ORDAINTZEKO AURKEZTEKOA
–0 ETA 3 URTE ARTEKOENTZAKO IKASTETXEA–
................................................................................................................................................... jaunak/andreak, NAN/IFZ ...................................... duenak, .............................................. denez, eta .............................................................ko Udaleko edo Kontzejuko (Nafarroa) ordezkaria den aldetik (ezabatu behar ez dena).
Jarduketa honi dagokionez:
.........................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................
BERE ERANTZUKIZUNPEAN HONAKO HAU ADIERAZTEN DU:
a) Onuradunaren azpikontratazioari dagokionez, bete egin dela deialdiaren 10.1 oinarriaren 1. puntuan ezarritakoa eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa.
b) Publizitate betebeharrak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 10. oinarriaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera.
c) Gardentasun betebeharra bete dela, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera publizitate aktiboari dagokionez, zeina arautu baita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan. Interneteko helbide honetan argitaratu dela emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa:
Web esteka: .........................................................................................................................................
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
ESKATZAILEAREN SINADURA
OBREN ATALA-HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA
Iragarkiaren kodea: F2401263
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
