Iragarkia
35. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARINOAIN
Ordenantza fiskala, lurraren kontribuzioaren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena
Garinoaingo Udalak, 2023ko irailaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lurraren kontribuzioaren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 14an, baita Garinoaingo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen, behar diren ondorioak izan ditzan.
Garinoainen, 2024ko urtarrilaren 31n.–Alkatea, Eva Martínez Catalán.
ORDENANTZA FISKALA, LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Izaera.
Lurraren kontribuzioa zuzeneko tributu erreal bat da, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133.etik 158.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
2. artikulua. Zerga-egitatea.
Zerga honen zerga-egitatea da edukitzea jarraian zerrendatzen diren eskubideen titulartasuna, landa- eta hiri-lurreko ondasun higiezinen gainean eta ezaugarri berezidun higiezinen gainean:
a) Kontzesio administratiboa, ondasun higiezinen gainean edo horiei lotutako zerbitzu publikoen gainean.
b) Azalera-eskubide erreal bat.
c) Gozamen eskubide erreal bat.
d) Erabili eta lupertzeko eskubidea, herri-ondasunen kontraprestazioaren bitartez.
e) Jabetza eskubidea.
Aurreko apartatuan ezarritako zerga-egitate bat gertatuz gero, bertan ezarritako ordenan, ondasun higiezina ez zaio lotuko hor jasotako gainerako modalitateetako araubideari.
Zerga honen ondorioetarako, ondasun higiezintzat joko dira Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean horrelakotzat jotzen direnak.
Baldin higiezin bera badago udal-mugarte batean baino gehiagotan, zerga honen ondorioetarako, ulertuko da honako hau dela udal horietako bakoitzari dagokion ordainarazpena: udalerriaz gaindiko balorazio txostena edo udaletako balorazio txostenak aplikatzearen ondorioz ateratzen den balioa.
Jarraikiz azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 34. artikuluari (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa eta katastroak), Nafarroako Gobernuak onets dezake udalerriaz gaindiko balorazio txosten partzial bat, ezartzeko behar diren metodo eta parametroak, balio bat esleitu ahal izateko bi udal-mugarte edo gehiago ukitzen dituzten azpiegiturei.
3. artikulua. Zerga ordaindu behar ez dutenak.
Zerga hau ez ordaintzeko kasuak:
a) Errepideak, bideak, lur gaineko bestelako bideak eta jabari publiko hidraulikoko ondasunak, baldin badute erabilera edo aprobetxamendu publikoa eta doakoa. Zergari lotuta egonen dira itzaleko bidesaria delakoaren menpeko autobiak eta gainerako azpiegiturak.
Honako ondasun higiezin hauek, baldin badira kokatuta dauden lurretako toki-erakundeen jabetzakoak:
a) Jabari publikokoak izanik, erabilera publikoa dutenak.
b) Jabari publikokoak izanik, loturik daudenak Udalak zuzenean kudeatzen duen zerbitzu publiko bati, salbu baldin badira hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkien ondasun higiezinak.
c) Ondare ondasunak eta herri-ondasunak, salbu eta hirugarrenei laga zaizkienak kontraprestazio bidez.
4. artikulua. Salbuespenak.
Ordenantza honen xede den zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira honako hauek, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen bosgarren eta seigarren xedapen gehigarriei eta 136. artikuluari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea):
–Foru-komunitatearen, Estatuaren, autonomia-erkidegoen edo toki-erakundeen jabetzakoak direnak, baldin zuzenean atxikita badaude defentsa nazionalari, herritarren segurtasunari edo hezkuntza, osasun edo espetxe zerbitzuei.
–Unibertsitate ikasketak ematen dituzten zentroetarako eraikinak eta lursailak, bai eta araubide orokorreko irakaskuntza ez-unibertsitarioa ematen duten itunpeko ikastetxeetarako direnak ere.
–Eliza katolikoarenak eta legez onartutako elkarte konfesional ez-katolikoenak, baldin eta elkarte horiekin egina badago Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluak aipagai dituen lankidetza-hitzarmenetako bat, eta, betiere, hitzarmeneko irizpideekin bat.
–Espainiako Gurutze Gorriarenak.
–Atzerriko gobernuenak, erabiltzen dituztenak ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrerako edo erakunde ofizialak paratzeko, elkarrekikotasunik bada edo halaxe ezarrita badago nazioarteko hitzarmenetan.
–Nazioarteko hitzarmenen arabera salbuespena aplikagarri zaien erakunde edo entitateenak.
–Trenbideek okupatutako lursailak eta lursail horietan dauden eraikinak. Eraikin horiek izan behar dute geltokiak, biltegiak edo trenbideak ustiatzeko nahitaezkoak diren bestelako zerbitzuak. Hortaz, ez dira ordaintzetik salbuetsita egonen ostalaritza, ikuskizun, merkataritza eta aisialdirako establezimenduak, enplegatuen etxebizitzak, zuzendaritzaren bulegoak eta industria instalazioak.
–Urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean, berariaz eta banan-banan kultura-intereseko ondasun deklaratutakoak, edo kultura-intereseko monumentu edo lorategi historiko deklaratutakoak, errege-dekretu bidez, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 9. artikuluan ezarritako moduan, eta Espainiako ondare historikoaren osagai gisa inskribaturik daudenak 12. artikuluan jasotako Erregistro Orokorrean; bai eta lege horren lehenbiziko, bigarren eta bosgarren xedapen gehigarrietan jasotakoak ere.
Salbuespen horrek ez ditu barnean hartuko eremu arkeologiko, leku eta multzo historikoak mugatzen dituen perimetroaren barnean kokatutako hiri-ondasun guztiak, baizik eta, soil-soilik, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:
- Arkeologia guneetan, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 20. artikuluan aipatutako hirigintza-plangintzako tresnan babes bereziko objektu gisa sartutakoak.
- Gune edo multzo historikoetatik, berrogeita hamar urtekoak edo gehiagokoak direnak eta Hirigintza Plangintzako Erregelamenduaren 86. artikuluan ezarritako katalogoan babes integraleko objektu gisa jasota daudenak, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan.
–Subjektu pasibo bakoitzak udal-mugarte batean dituen ondasun guztiak, baldin katastro-balioen batura 1.202,02 eurotik beherakoa bada. Zenbateko hori eguneratzen ahalko da Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan.
–Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak eta bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoek ez dute zergarik ordainduko erabilera edo zerbitzu publikoko ondasunengatik.
–Salbuetsita egonen dira lurraren kontribuzioa ordaintzetik Plangintza orokorrerako mankomunitateak, eskualdeak eta mankomunitateak, bai eta haiek beren helburuak betetzeko sortutako entitate juridikoak ere, Udala haien parte denean.
–Foru lege bidez ezarritako beste guztiak.
5. artikulua. Subjektu pasiboak.
Subjektu pasiboak dira, zergadun gisara, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko eta juridikoak eta entitateak, zerga honen ondorioetarako direnak zerga-egitate bat sortzen duen eskubidearen titularrak.
Subjektu pasiboa izanen da, betiere, zerga sortzen den egunean eskubidearen titularra dena. Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz titular aldaketa eginez gero, ez da kontuan hartuko horren ondoriozko aldaketa juridikoa zer unetan sartzen den katastroan.
Ondasun higiezin baten gainean kontzesiodun bat baino gehiago baldin badira, kanonik handiena ordaindu behar duena izanen da zergadunaren ordezkoa.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da deusetan galarazi gabe subjektu pasiboek duten ahalmena jasandako tributu-karga jasanarazteko zuzenbide komuneko arauei jarraikiz.
Era berean, zergadunaren ordezkoak ahalmena izanen du kuota likidoaren zatia beste kontzesiodunei jasanarazteko, bakoitzak ordaindu beharreko kanonen arabera dagokien neurrian.
Udalak zergaren kuota likido osoa jasanaraziko die honako hauei: zergaren subjektu pasibo izan gabe Udalaren jabari publikoko ondasunak edo ondare ondasunak erabiltzen dituztenei kontraprestazio bat tartean dela.
6. artikulua. Zerga-oinarria.
Zerga honen zerga-oinarria izanen da ondasun higiezinen katastro-balioa. Balio hori kalkulatzeko, aditzera emateko eta aurkaratzeko, jarraikiko zaio Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legeari, deusetan galarazi gabe martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 143.5 artikuluan xedatua (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Katastro-balioak legez ezarritako kasuetan eta moduan berrikusten, aldatzen eta eguneratzen ahal dira.
7. artikulua. Likidazio-oinarria.
Zerga honen likidazio-oinarria izanen da honako honen emaitza: zerga-oinarrian legez ezarritako murriztapenak egitea –eta, bereziki, ordenantza fiskal honen 8. artikuluan aipatzen den murriztapena–.
8. artikulua. Zerga-oinarriaren murriztapenak.
Balorazio txosten oso bat onesteagatik, katastro-balioen aldaketa kolektiboa egiten bada eta, horren ondorioz, balio guztien batez bestekoa aurreko balioen batez bestekotik %25 baino gehiago igotzen bada, Udaleko osoko bilkurak ahalmena izanen du zergaren zerga-oinarrian murriztapenak onesteko, bat etorriz 2/1995 Foru Legearen 138. artikuluan ezarritakoarekin, (martxoaren 10eko Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa).
9. artikulua. Karga-tasa.
Karga-tasa %0,25en eta %0,50en artekoa izanen da. Udalaren osoko bilkurak erabakiko du tasa zehatza urtero, tarte horren barnean.
Hori dena, deusetan galarazi gabe ezarririk dagoena otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen bederatzigarren xedapen iragankorrean eta azken xedapenetako bigarrenean (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legea).
10. artikulua. Tributu-kuota.
Zerga honen kuota osoa izanen da zerga-oinarriari hurrengo apartatuan aipatzen den karga-tasa aplikatuz irteten dena.
11. artikulua. Kuotarako hobariak.
1. Urbanizazioa, eraikuntza eta higiezinen sustapena.
Zergaren kuotan %90eko hobaria izanen dute urbanizazioko, eraikuntzako eta higiezinen sustapeneko enpresen jardueraren xede diren higiezinek, baldin ez badaude ibilgetuko ondasunen artean.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako onurei buruzko erabakiak hartuko dira alderdi batek eskatuta.
Hobariaz gozatzeko epeak barnean hartuko dute urbanizazio- edo eraikuntza-denbora, eta urtebete gehiago obrak bukatzen direnetik aurrera; epe hori ezin izanen da hiru urtetik gorakoa izan, urbanizazio- eta eraikuntza-obrak hasten direnetik aurrera.
2. Familia ugarien, guraso bakarreko familien edo gurasobakartasun egoeran daudenen ohiko etxebizitza/bizilekua, baita pentsio ez-kontributiboak dituzten subjektu pasiboen zein errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen duten pertsonen ohiko etxebizitzak ere.
Hobaria %70ekoa izanen da zergaren kuotan, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza denean ohiko bizilekua familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren subjektu pasiboentzat edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboentzat, bai eta pentsio ez-kontributiboak dituzten subjektu pasiboen zein errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen duten pertsonenentzat ere.
Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa.
ERRENTA TARTEA | HOBARIA (%) |
5.500 eurotik beherako per capita errenta | %70 |
5.500,01 - 8.000 euro bitarteko per capita errenta | %50 |
8.000,01 - 15.000 euro bitarteko per capita errenta | %30 |
15.000 eurotik gorako per capita errenta, eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 4tik beherakoa, edo horren parekoa | %10 |
Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira familiaren diru-sarrera gordinak (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruarekin zatituko da. Guraso bakarreko familien kasuan, aurreko taula aplikatzeko, kide bat gehiago zenbatuko da per capita errenta zehazteko.
Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:
a) Eskaera sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko hiri-unitatea, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa.
b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, guraso bakarreko familia baten titularra edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularra.
c) Hala badagokio, errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen duela ziurtatzen duen agiri ofiziala.
d) Familia-unitateko kide guztien PFEZaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia (PFEZa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.
3. Hobaria ondasun higiezinetarako, baldin ezarri badituzte eguzki-energiaren bidezko edo beste energia berriztagarri batzuen bidezko aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak.
Hobaria %30ekoa izanen da zergaren kuotan, adierazitako errenta-tarteen arabera, subjektu pasiboen ohiko bizilekua den etxebizitzan baldin badaude eguzki-energiaren bidezko edo beste energia berriztagarri batzuen bidezko aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak.
Hobari hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan egotea administrazio eskudunak homologatutako kolektoreak.
Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa.
ADIBIDEA. ERRENTA-TARTEAK | HOBARIA (%) |
Per capita errenta < 10.000 euro | %30 |
10.000,01 - 15.000,00 euro bitarteko per capita errenta | %20 |
15.000.01 eurotik gorako per capita errenta, eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 4tik beherakoa, edo horren parekoa | %10 |
Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira familiaren diru-sarrera gordinak (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruarekin zatituko da.
Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:
a) Eskabidea, non jasoko baitira katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea adierazirik, eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea.
b) Administrazio eskudunaren homologazioa, beroa sortzeko instalazioetako kolektoreena.
c) Instalazioaren fakturak eta ordainketaren frogagiriak.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren edo aitorpenen kopiak, familia-unitateko kide guztienak, edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiri bat, adierazten duena ez dutela aitorpena egin ez zeudelako horretara beharturik. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du zinpeko deklarazio bat, familiak lortutako diru-sarrera gordinena, agiri bidez frogatuta.
5. 2., 3. eta 4. apartatuetan definitutako hobarietarako arau komunak.
Adierazitako hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da interesdunak berariazko eskaera egitea; Alkatetzaren ebazpen bidez erabakiko da dagokion hobaria.
Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin Udalari lehendik eman badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskaeran jaso beharko da, eta adierazi beharko da zer prozeduratan aurkeztu ziren.
Zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak betetzen badira, eta eskaera egiten bada ondorioak izan behar dituen zergaldiaren urteko apirilaren 1a baino lehen. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.
Hobaria eskatzen duenak, bai eta familia-unitateko kideek ere, Garinoainen erroldatuta egon behar dute eskaera egiten duten unean, zerga sortzen denean eta hobaria onesteko ebazpena ematen den unean. Hain zuzen, ohiko bizilekua den etxebizitzan egon behar dute erroldatuta, etxebizitza hori dela-eta jasoko baitute hobaria zergan.
Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.
Hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko balorazio txosten osoaren onespena edo azken berrikuspena izatea aurreko bost urteko epean egina, gehienez ere.
Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak). (SMI 2022- 1000 euros/mes 12.000 euros/año).
Hobari hauek izan ahal izateko errenta-muga zehazterakoan, kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da indarrean zegoena hobariaren portzentajea frogatzeko aurkeztu behar diren errenta aitorpenei dagokien urtearen abenduaren 31n.
Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari.
Hobariak ez dira metagarriak euren artean eta etxebizitza batek lor dezakeen gehieneko hobaria kuotaren %70 da.
Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatu beharko da ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen. Eskaera aurkeztu beharko da uneko urteko abenduaren 31 baino lehen, ondorioak izan ditzan aurkeztu den urtearen ondoko ekitaldietan.
Udalak aukeran izanen du edo kontribuzioaren ordainagiriak hobaria aplikaturik igortzea, edo, bestela, kontribuzio osoaren ordainagiriak igorri, eta gero hobariaren zenbatekoa itzultzea subjektu pasiboari, ekitaldi bakoitzeko bigarren seihilekoan.
Hobari fiskala eman ondoren, etorkizuneko aldietan aplikatzeko, aurkeztu beharko da familia-unitatea osatzen duten kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia; edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta, uneko urteko uztailaren 1a baino lehen. Halakorik ezean, eskatzaileak aurkeztuko du familiaren diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena, agiri bidez justifikatuta, uneko urteko uztailaren 1a baino lehen.
Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu aldaketa honen ondorioetarako.
12. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.
Zergaldia urte naturalari dagokio. Dena dela, kuota epe laburragoetan zatikatzen ahalko da.
Zerga sortuko da zergaldiaren lehen egunean.
Kargaturiko ondasunetan gertatzen diren aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoak eraginkorrak izanen dira deklaratu beharra sortu eta hurrengo zergaldian. Deklaratu beharra adierazten da Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean.
Balorazio txosten bat onesten bada edo ondasun bat ondasun berezi gisa kalifikatzen bada edo deskalifikatzen bada, aldaketa juridiko horren ondoriozko balioak eraginkorrak izanen dira Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.
13. artikulua. Eragina kuotaren ordainketan.
Edozein arrazoirengatik 2/1995 Foru Legearen 134. eta 137. artikuluetan jasotzen diren eskubideen titulartasuna aldatzen den kasuetan, titular berriak bere gain hartuko ditu zerga-zor eta errekargu guztiak, ordaintzeke gelditu direnak eskubide horien xede diren ondasun higiezinengatik.
Zerga-akzioa lotutako ondasunen aurka deribatzeko, beharko da erregelamenduz jakinarazitako administrazio-egintza bat. Eskuratzaileak ordainketa egiten ahal du, uzten ahal du jarduketak aurrera jarrai dezala, edo erreklamazioa aurkezten ahal du, egindako likidazioaren aurka edo deribazio horren bidezkotasunaren aurka.
Deribazioaren muga izanen dira zerga honengatik ordaintzeke dauden zerga-zor eta errekargu guztiak, titulartasunean aldaketa izan duten ondasunei dagokienez.
14. artikulua. Zerga kudeatzea eta berrikustea.
Zerga udalak kudeatuko du, katastroko datuetatik abiatuta. Katastroa Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legearen 9. eta 21. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz eratuko da, eta bertan ondasun higiezinei buruzko ondoko informazioa bilduko da:
ondasunaren identifikazioa eta kokalekua, titularraren identifikazioa eta helbide fiskala, katastroko balioa eta zerga ordainarazteko behar diren gainerako datuak.
Udalak, 1. apartatuan agertzen diren datuetan oinarrituta, urtero, martxoaren 31 baino lehen, behar diren likidazioak egin eta, tributu-zorrak zein diren zehaztuta, kobrantza-agiriak igorriko ditu, espresuki adieraziz zerga-tasa aplikatu zaion ondasunaren katastro-balioa. Ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritakoaren arabera murriztapenik aplikatu behar bada zerga-oinarrian, inguruabar hori aipatu eginen da, bai eta murriztapen horiek noiz arte aplikatuko diren ere. Kobrantza-agirietan adierazko da, halaber, tributu-zorra non, zer epetan eta zer modutan ordaindu behar den, bai eta aurkaratze bideak zein diren ere.
Katastroan alta eman ondorengo likidazioek ez dute jakinarazpen indibidualik beharko, eta kolektiboki jakinarazten ahalko dira horren berri emanen duten ediktuen bidez, baldin eta aurreko zergaldikoen berdin-berdinak badira edo izan diren aldaketak orokorrak badira. Ediktuetan adierazita egon beharko du zer egunetan bukatzen den aldizkako ordainagiria ordaintzeko epea eta zer errekurtso jar daitezkeen likidazioen aurka.
Kasuren batean frogatzen bada, kobrantza-agiriak igorri ondoren, subjektu pasiboa ez dela katastroan titular gisa agertzen zena zergaren sortzapeneko egunean, eginiko likidazioak behin-behinekotzat hartuko dira, eta egin behar ez ziren diru-sarrerak itzuli eginen dira.
Subjektu pasiboek ahalmena izanen dute egin zaien likidazioa aurkaratzeko, eta, horretarako, erabiltzen ahalko dute 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan zehazten diren bideetako edozein (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Zerga-oinarriari dagokionez, eta ez bada ondasunaren balioa errekurritu, zeina adierazi edo jakinaraziko baitzen jarraituz Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 21. artikuluari, likidazioaren aurkako errekurtsoan ere aurkaratzen ahalko da katastro-balioa, baina soilik aldaketaren bat izan bada alderatuta aurre-aurreko zergaldiko lurraren kontribuzioaren zerga-oinarri gisa hartu zen katastro-balioarekin, eta balio-aldaketa hori ez bada izan aldaketa orokorren ondorio.
Apartatu honetan ezarritako errekurtsoren bat jartzeak ez du etenen aurkaratutako egintzaren betearazpena.
Udalean zerga-oinarriaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jartzen bada, Udalak Nafarroako Zerga Ogasunari eskatuko dio ondasunaren katastro-balioari buruzko txosten loteslea, eta eten eginen da errekurtsoa ebazteko epea, harik eta txosten hori toki-erakundeari igorri arte. Txostena jasotzen denean berriz irekiko da epea eta, errekurtsoarekin batera, prozeduran sortzen diren auzi guztiak ebatzi beharko dira.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du eskumenik ebazteko toki-erakundeek lurraren kontribuzioaren zergaren gainean emaniko egintzen aurka jartzen diren gora jotzeko errekurtsoak, baldin zerga-oinarria aurkaratzearen xedea bada Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin horri ezarritako balioa.
Zergadunek ez baldin badute betetzen katastroko aldaketaren aitorpena egin beharra, aurreikusia dagoena Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean, egindako aldaketa katastroan jasota, ordainaraziko da preskribatu gabe dauden aurreko zergaldiei dagokien zerga.
Aurreko paragrafoan ezarritako kasuan, itzuli eginen dira subjektu pasibotzat hartu behar ez zenak oker egindako diru-sarrerak, baina, betiere, preskripzio epea errespetatuko da diru-itzulketa hori egiteko.
Auzirik baldin badago ondasunaren inguruan edo kargapean jarritako eskubidearen titularraren inguruan, zerga-administrazioak titulartzat hartzen ahal ditu katastroetan agertzen direnak, eta behin-behineko likidazioak igortzen ahalko dira. Gero, epaileek epai irmoa emandakoan edo beste edozein moduren bidez auzia bukatutzat jotakoan, behin-behineko likidazio horiek zuzenduko dira edo behin betiko bihurtuko.
Ondasunak udalerri berean baldin badaude, Udalak agiri bakar batean biltzen ahal ditu subjektu pasibo bakar bati dagozkion kuota guztiak, zerga honen pean daudenak, kobratzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea.
Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.
Iragarkiaren kodea: L2401754
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
