35. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena ematen baitzaio Ipeteko parajean (Orreagako udal-mugartea) autokontsumoko instalazio fotovoltaikoa jartzeko INTIA SAk eta Nafarroako ASPACE Enplegurako Fundazioak sustatutako proiektuari.

2020ko abenduaren 16an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimenaren eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan (egungo Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua). Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko i) kategorian (energia-instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru-dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru-dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritakoak. Horrenbestez, ez da ebazten ahal ingurumen-ukipenetarako baimena Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenik gabe.

Proiektatutako jarduketa honetan datza: autokontsumorako bi instalazio fotovoltaiko jartzea Orreagako 1. poligonoko 5. partzelako E azpipartzelan, Ipeteko parajean, sustatzaileek horren ondoan, iparraldera, dituzten esne-behien eta esnetegien ustiategiko nabeak elektrizitatez hornitzeko.

Proiektu fotovoltaikoak 300 m²-ko azalera izanen du, eta 120 modulu izanen ditu, 3 bloke paralelotan antolatuta, ekialde-mendebalde norabidean orientatuta eta 3 m-ko korridoreek bereizita. Panel fotovoltaikoak bloke bakoitzeko bi errenkadatan jarriko dira, metalezko egituren gainean, zeinak hormigoizko lauza baten bidez ainguratuta geldituko baitira; 2,5 m-ko garaiera izanen dute guztira. Horretaz gain, panelen kableak zangan ehortziriko kanalizazio bidez eramanen dira eraikuntzaraino; han inbertsoreekin eta gainerako ekipo elektrikoekin konektatuko dira.

Jarduketa eginen den partzelak 100 ha-tik gorako azalera du; oihan-azalera handia du, eta lehorreko zuhaitzik gabeko eremu ireki bat. Eremu horretan proiektatu da eguzki-instalazioa. Proiektua kokatuko den azpipartzelak ez du malda handirik, ekialderanzko malda txiki bat izan ezik, zeinak korronte ez-iraunkorreko lats batera baitaramana; horrenbestez, instalazioa ezartzeko lur-mugimenduek ez dute ekarriko ezpondarik egitea ekarriko. 60 m³ landare-lur sortuko dira; kaltetutako eremuak leheneratzeko erabiliko dira.

Badago sarbidea jarduketa eginen den azpipartzelarako, 450 metroko pista baten bidez, N-135 errepidetik Orreagako kolegiataren mendebaldera. Ez da proiektatu sarbide berririk sortzea.

Eguzki-proiektuaren kokapena "209. Orreaga-Luzaide paraje historiko pintoreskoa" kultura-intereseko ondasun arkitektonikoren babes-ingurunearen barruan dago. Horregatik, sentikortasun handia izan beharko da proiektua ingurunean integratzearen aldetik.

Lursailaren orografia dela eta, proiektatutako elementu berria ez da ikusgai izanen ez Orreagako kolegiatatik, ez N-135 errepide nazionaletik, ez komunikazio-bide horrekiko paraleloan doan Donejakue bidetik; leku horiek guztiak proiektutik 400 bat metrora daude, ekialdera.

Proiektutik 100 m baino gutxiagora, iparraldean eta mendebaldean, pagoz eta beste hostozabal batzuez osatutako oihan bat dago; jarduketa integratzea erraztuko du. Dena den, proiektua oso ikusgai dago ekialdean, Kalonjeen bidetik; bidezidor hori Orreagako kolegiataren inguruko bide historiko zirkular baten parte da, eta proiektutik 150 metrora iragaten da, kota altuagoan. Berezitasun handiko lizar lepatu handien ilara bat dago bidearen ondoan; elementu berria ezkutatzen dute neurri batean.

Proiektuaren jarduera-eremutik kanpo, 400 metro baino gehiagora, ekialdean, ES0000126 Orreaga-Irati Kontserbazio Bereziko Eremua dago, eta 1,5 km baino gehiagora, mendebaldean, ES 2200019 Aldude mendia Kontserbazio Bereziko Eremua. Beraz, proiektu hau gauzatzeak ez du eraginik izanen Natura 2000 Sareko bi eremu horien osotasunean.

Espedientean Orreagako Udalaren 2021eko urtarrilaren 21eko aldeko txostena jaso da.

Espedientean jasota dago Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emandako ebazpena, zeinak egun proposatutako aukera baimentzen baitu (hasierako planteamendua aldatu da kokapenari eta dimentsionamenduari dagokienez).

2024ko urtarrilaren 17an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen, zenbait determinazio zituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea Ipeteko parajean (Orreagako udal-mugartea) autokontsumoko instalazio fotovoltaikoa jartzeko INTIA SAk eta Nafarroako ASPACE Enplegurako Fundazioak sustatutako proiektuari.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza-arlokoak:

–Baimen hau autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat eraikitzeko baizik ez da, zeina dagoen abeltzaintza-jardueraren osagarri baita eta hari lotuta eta haren zerbitzura baitago; aurkeztutako dokumentazioarekin eta baimen honetan ezartzen diren determinazioekin bat gauzatuko da.

–Espedientearen sustatzaileak instalazioa nabearen estalkiaren gainean kokatzea ezinezkoa dela justifikatu duenez, ezkutatzeko elementuak sartu beharko dira (zuhaiztiak landatzea edo bestelakoak) instalazioa paisaian integratzen dela bermatzeko; batez ere Kalonjeen bidetik eta Girizu mendiko gainetatik ez ikusteko.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondotik, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk horniketa- edo banatze-sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea. Energia elektrikoa ateratzea ere baimenetik kanpo gelditzen da.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal dituen edo hartarako trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru-lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iraganda, baimenaren ondorioak amaituko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara leheneratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

Ingurumen-arlokoak:

–Proiektatutako elementu berria paisaian egoki integra dadin (behatzaile gehien dituzten puntuetatik ikusita, Kalonjeen bidetik batez ere), honako hau proposatzen da:

  • Zuhaitz- eta zuhaixka-landaketa mistoa egitea instalazioa hegoaldeko muturretik igarotzen duen bidearen ondoan, ETRS89 X:636442, Y:4763045 eta X:636629, Y:4763068 UTM koordenatuak dituzten puntuen artean.
  • Horretarako, lizar arrunta (Fraxinus excelsior) —zuhaitza— eta iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna), gorostia (Ilex aquifolium) eta hurritza (Corylus avellana) —zuhaixkak— erabiliko dira. Landaketa lerroan eginen da egun dagoen hesiaren iparraldean. Zuhaitzen kasuan, 1,5 metrotik gorako altuera duten aleak landatuko dira, batetik bestera 5 metroko tartea utzita, eta, zuhaixken kasuan, 3 m utzita. Ongi zurkaiztuta egonen dira, eta behar bezala mantenduko dira, paratu zirenetik lehen hiru urteetan gutxienez.
  • Landaketa soilik zuhaixkaz osatua egoten ahalko da instalazio fotovoltaikoaren okupazio esklusiboari dagokion tartean, haren hegoaldean, itzala ematea saihesteko eta eguzki-efizientzia handiena bermatzeko.
  • Haziendek ale landatuei kalterik ez eragiteko, artzain elektriko bat jarriko da landatutako ilararen iparraldean.

–Aurreko puntuan adierazitako landaketak amaitu ondotik, txosten bat eginen da, eta hartutako pantailatze-neurriei buruzko argazki-erreportaje bat jaso behar du. Txostena Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari igorriko zaio, balora dezan.

–Ingurumen-txosten hau egiten da deusetan ukatu gabe sustatzaileek kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoek eman beharreko baimen guztiak lortu behar izatea.

3.–Baimen honek uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (zeinak onesten baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina) 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezinean egitekoak diren jarduerak baimentzeko prozedura.

4.–Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

5.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6.–Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera, Orreagako Udalera, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldera ("Aezkoa-Kintoko Koordinazio Unitatea") eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 23an.–Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2401780